astekaria 2020/05/29
arrowItzuli

kirola

Eutsi, jausi, altxa eta jauzi

Julen Etxeberria

Eutsi, jausi, altxa eta jauzi

Etxean konbentzituta ginen koronabirusaz kutsatuko ginela», dio Miren Bartolome pertika jauzilariak. Bazituzten horren seguru egoteko arrazoiak. «Amak eta anaiak zahar etxe batean egiten dute lan, eta, koronabirusak inon gogor jo badu, hor jo du. Aitak, berriz, Correosen egiten du lan, eta, hau dena gertatu zen arte, inolako neurririk hartu gabe aritu ziren lanean. Argi genuen berandu baino lehen birusa etxera iritsiko zela».

Eta bete-betean asmatu zuten. «Apirilaren 2an, aita gaixotu zen, eta hurrengo egunean, ni. Sintoma guztiak izan genituen: sukarra, eztarriko eta buruko min handia, dastatzeko eta usaintzeko gaitasuna galdu genuen... Aitak medikuari deitu zion, eta hark baja eman zion. Hiru astez egon zen lanera joan gabe. Nik, ordea, ez nion medikuari deitu. Banekien zer esango zidaten: parazetamola hartzeko. Eta horixe egin nuen». Ez bati, ez besteari ez diote testik egin. Bai, ordea, amari eta anaiari. «Negatibo eman dute PCR testean, baina positibo antigorputzetan. Haiek asintomatikoak izan dira. Azkenean, asmatu egin dugu: etxetik pasatu da koronabirusa».

«Hiru bat aste» behar izan zituzten berak eta aitak osatzeko. Gaur egun, «bitxikeria moduan» gogoratzen dute. «Bitxikeria moduan, dena ondo atera baita, eta inolako momentuan ez baikara larri egon. Baina, noski, une horretan kezkatu egiten zara, are gehiago inguruan gertatzen ari zena kontuan hartuta. Amak eta anaiak, gainera, gertu-gertutik bizi izan dute koronabirusak eragin duen egoera. Une txarrak pasatu dituzte lanean».

Sendatuta bai, baina Bartolomek «hutsetik» hasi behar izan zuen prestaketa. «Birusak oso ahulduta utzi ninduen. Gogoratzen dut direnak eta ez direnak pasatzen nituela ohea egiteko. Sekulako ahalegina eskatzen zidan; bihotza topera jartzen zitzaidan». «Pikutara» konfinamenduan egindako lana. «Ondo eraman nuen. Zelai txiki bat dugu etxean [Iruñeko Mendillorri auzoan bizi da], eta, beraz, aukera izan nuen entrenatzaileak [Francis Hernandez] bidalitako ariketak egiteko. Gaixotu ginen arte, ondo eraman genuen konfinamendua etxean. Laurok egiten genituen ariketak, eta giro polita genuen».

Etxea, parkea eta pista

Hala ere, «irrikaz» itxaron zuen berriro kalera entrenatzera joateko aukera izango zuen eguna. Iritsi zen, eta «goizean goiz» atera zen kalera. Baina «hamar minutu eskas» iraun zuen kalean. «Mundu bat zebilen korrika, eta beldurtu egin nintzen». Plana aldatu zuen. «Arratsaldeko bostetan irtetea erabaki nuen, haurren orduan. Haiek gehiago errespetatzen dituzte arauak». Erripagaina auzoko parke bat bilakatu zuen entrenatzeko gune. «Bertan, korri egin nezakeen, eskailerak igo eta jaitsi, jauzi txikiak egin... Jende gutxi zebilen. Toki aproposa zen». Pertikarekin jauzi egitea bakarrik falta zitzaion, baina, horretarako, Larrabideko kirol instalazioak ireki zain egon behar zuen.

Maiatzaren 11n ireki zituzten, eta hantxe azaldu zen bera egun bat geroago. Bi hilabete luze zeramatzan pertikarekin jauzi egin gabe, eta nabaritu zuen. «Oso trakets ikusi nuen neure burua. Nola egiten zen jakingo ez banu bezala». Ordutik, lauzpabost saio egin ditu, eta «lehen bezala sentitzen» hasia da.

Hala ere, aitortu du «zaila» dela motibazioari eustea, «ziurtasun falta handia» baitago. «Ez dakigu noiz lehiatuko garen berriro. Ziurra da ez dela ohiko Espainiako Txapelketarik jokatuko. Diziplina bakoitzaren Espainiako Txapelketa bat jokatzeko asmoa dago, baina auskalo».

Hain zuzen, berak irabazi ditu jokatu diren azken bi Espainiako Txapelketak: iaz, aire zabalekoa, La Nucian (Herrialde Katalanak), 4,42 metroko jauzia eginda; eta aurten, pista estalikoa, Ourensen (Galizia), 4,32ko langa gaindituta. «Bilakaera ona neraman. Pena da horrek etena izatea». Abuztu amaieran Parisen jokatzekoa zen Europako Txapelketa zuen sasoiko helburu nagusia, baina bertan behera geratu da. «4,45 eskatzen zuten, eta uste dut lortuko nuela». Aurten ziren jokatzekoak Tokioko Olinpiar Jokoak ere, eta horiek ere ez zituen bistatik galduak. Urtebetez atzeratu direnez, «gertuago» ikusten ditu orain. «Larri ikusten nuen neure burua Tokiorako sailkatzeko, baina orain, beste urtebete dut hobetzeko eta han egoten saiatzeko».

BERRIAn argitaratua (2020/05/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA