kirola
Itsasoa zainetan, kresala aurpegian
Aitor Manterola
Horixe du erronka hurrengo hamaika hilabeteetarako, 2021eko apirilean jokatuko baita Amerika Kopako finala, azken garailearen [Zeelanda Berria] eta finalera helduko den taldearen artean. Fernandezen taldeak Italiakoa eta Amerikako Estatu Batuetakoa gainditu beharko ditu martxoan, final handian egon ahal izateko, Aucklanden (Zeelanda Berria). Ezaguna du bela munduko probarik zaharrena [lehen aldiz 1851n jokatu zen], 2013an Italiako taldearekin eta 2017an Ingalaterrakoarekin parte hartu zuelako; baina oraingoa berezia izango da: «Ez naiz itsasoan lehiatuko. Nire posizioa trimmerrarena da, bela nagusiaren arduradunarena, eta horretan ariko den marinelari laguntzen ibiliko naiz, baina lehorretik. Patroiaren aholkulari ere ibiliko naiz, talde osoaren ikuspegia edukitzeko kanpotik». Lehiaketa egunetan ez bada ere nabigazioan ariko, entrenamenduetan aukera izango du ontziratzeko.
«Duela urte batzuk eskaini izan balidate aukera hau, ez nuen onartuko, baina heldu zait ordua gauza hauek guztiak beste modu batean hartzeko», azaldu du, iradokiz buruan izan dezakeela itsasgizon ibilbideari amaiera emateko aukera. Baina hori ezinezkoa da, marinela beti izango delako marinel: «Itsasoa utzi? Ez. Nire lekua munduari buelta emateko probetan dago, eta badut asmoa horrelako lehiaketetan jarraitzeko». Horietan ere aritua baita 2005etik 2018ra artean: sei aldiz eman dio buelta munduari Volvo Ocean Race eta Barcelona World Race probetan. Aurrenekoan, etapaka osatzen da munduaren bira, eta zortzi-hamar marineleko eskifaia joaten da belaontzietan. Bigarrengoan, bina marinel joaten dira, eta ez dago etaparik; hasi eta buka egin behar da. 2011n osatu zuen proba hori, Iker Fernandez lagunarekin batera. «Itsasoan 95 egun pasatu genituen, eta guztietan gozatu nuen».
Iritsi den lekuraino heldu ahal izateko eta erronka horiek guztiak betetzeko, nonbaiten behar du eduki hasiera Fernandezen itsas zeharkaldiak, eta hasiera horrek leku izen bat eta pertsona bat ditu gordeak: «Esako urtegian hasi ginen, umetan, aitarekin. Ni jaio nintzen urtean atera zuen ikastaroa aitak, eta hura izan genuen maisu Eneko anaiak eta biok». Anaia ere belaontzien jardunetik bizi da, eta Brasilgo selekzioko entrenatzailea da. Esatik Euskal Herriko kostaldeko probetara igaro ziren, eta lehen aldiz 1985ean lehiatu zen, Hondarribian. Aurreneko garaipena hiru urte geroago lortu zuen, Donostian.
Geroko eta oraingo ibilbide osoaren mugarria 1998an hasi zen jartzen Ibarrako marinela: «Orduan erabaki genuen Ikerrek eta biok Olinpiar Jokoetan murgiltzea [hirutan aritu da], eta, sekulako lana egin ondoren, 2004an, Atenasen, urrezko domina irabazi genuen. Horrek ireki zizkidan beste ate guztiak». Ate asko izan dira harrezkero: munduari buelta emateko sei aldiak eta Amerika Kopako hiru partaidetzak. Itsasoaren gaziak eta gazitasun horrek sorrarazten dituen gozotasunak eta garraztasunak bidaide izan ditu Fernandezek, eta denetan gozatu duela dio, onartuz modalitate bakoitza berezia dela: «Olinpiar Jokoetan dena zaindu behar duzu doi-doi, norbere pisua dela, prestakuntza dela. Munduari buelta emateko probak Paris-Dakar lasterketaren antzekoak dira; abentura kutsua dute, nahiz eta Volvo Ocean Race izan irabazteko modalitate zailena. Amerika Kopa ezberdina da, itsasontziak irabazten duelako marinelek baino gehiago, eta alde horretatik 1 Formularen antza dauka».
Familia eta lana, oreka bila
Bela munduko ia ate guztiak zeharkatu baditu ere, badu bat ireki gabea: munduari buelta bakarka ematea, Vendee Globe proba entzutetsuan. Oraingoz, ordea, ez dago Fernandezen planen artean: «Ez dit atentziorik ematen. Ez daukat bakar-bakarrik munduari buelta emateko asmorik. Proposatu didate, baina ezezkoa eman izan dut. Hala ere, ez noa esatera ez dudala inoiz egingo». Itsasoan jarraitzekoa denez, batek jakin egingo duen edo ez: «Zorteko gara, belan ez delako lehia adinarekin bukatzen. 43 urte dauzkat orain, eta beste makina bat urte segi dezaket, nabigatzen edo erakusten, egindakoa zabaltzen...». Etorkizunak esango du zertan murgilduko den, eta aukera faltagatik ez da izango, behintzat: «Jules Verne izeneko proba ere badago, trimaran handietan egiten dena. 50 egunetan munduari itzulia ematen zaio, eta hori ere helburu polita da. Baina beti lanean nabil, eta ez naiz hasi oraindik horrekin pentsatzen».
Itsasoan jarraituko duela garbi dauka, baina horrek ez du esan nahi orain arteko guztia ematen segituko duenik. Familiaren aipamena egin du: «Seme bat eta alaba bat dauzkat, eta, umeak zirenean, emaztearekin etortzen ziren ni nenbilen lekuetara, eta egonaldi luzeak egitea tokatzen zitzaidanean tokiren batean, nirekin egoten ziren. Baina orain zailagoa da, eta orain neu joaten naiz, beste hirurak etxean utzita. Oreka aurkitzen ari naiz horretan. Lehen, urtean hogei bat egunez bakarrik egoten nintzen etxean, eta eskerrak etxekoak nirekin etortzen ziren». Oraingo erronkan, adibidez, Amerika Kopan, irail aldera joango da taldea Zeelanda Berrira, eta sei bat hilabetez han egon beharko dute: «Aurreneko aldiz aritu nintzenean Amerika Kopan, urte erdiz nirekin egon ziren etxekoak Zeelanda Berrian, baina, oraingoan, zaila izango da. Itzuliko naiz etxera, baina».
Auskalo nolako emaitza ateratzen duen Britannia ontziak lehiaketa entzutetsu horretan, baina Fernandezek, eskarmentuaren talaiatik begiratuta, irabazteari edo ez irabazteari ere hartua dio neurria: «Irabazi ditut gauza asko, eta beste batzuetan, galdu ere bai; edo irabazi ez. Duela bi urteko Volvo Ocean Race proban, adibidez, bigarren izan ginen, eta azkeneko etapan bertan proba irabazteko aukera izan genuen. Ez ginen garaile izan, baina egindako bidea zoragarria izan zen. Irabazteko gogoz geratu ginela ez dut ukatuko, baina ederra izan zen proiektuaren hasieratik geunden kide guztiak amaierara arte iristea. Ikerrekin ere bigarren egin nuen 2011ko Barcelona World Racen, baina oso proiektu ona izan zen. Azkenean, irabazi batek egiten du».
Itsasoko bizimodua
Proba hauetan guztietan, amaitu ondorengo datuetan sailkapena bakarrik azaltzen da, eta horietan ez da ageri marinel bakoitzak bizi izandakoa. Onetik eta txarretik. «Une onak asko izaten dira, eta egoerak ere bai: elkarbizitza, lehiaketa bera, nabigazioa...», esan du Fernandezek. Horiekin gozatzea ere bada irabaztea, azken batean. Elkarbizitzaren gaiari heldu dio. Munduari buelta emateko etapako proban, zortzi-hamar lagun 28 metro luze dituen belaontzi batean sartuta joatea ere bada abentura bat: «20-22 eguneko etapak izaten dira normalean, eta tarte horretan ez dugu lehorrik zapaltzen. Elkarbizitza ona izaten da ia beti, elkar ezagutzen dugulako gehienok eta, batez ere, benetan nahi duena eta ahal duena ontziratzen delako. Ezagutu izan ditut marinel on askoak moldatu ezinda ibili direnak horrelako probetan. Gustatu egin behar zaizu; azkenean, leku txarragorik ez baita egoteko itsasontzia baino, han bertan egon nahi ez baduzu. Niri asko gustatzen zait, eta sekulako erronka da niretzat». Une txarrak eta haserrealdiak ere izaten dira eskifaiako kideen artean, nola ez: «Denok ez gara berdinak, eta denok ez gaude aldarte onean egunero. Momentu txarretan lo gutxi egiten da, eta errazagoa da liskarrak sortzea, eta, halakoetan, psikologo lanak egitea tokatzen da, egoera horiek inorentzat mesedegarri ez badira». Ba omen da haserreak baretzeko konponbide akatsik gabeko bat: «Patroiari kasu egiten badiote, eta belaontzia azkar joaten bada, beste gauza guztiak ez dira garrantzitsuak».
Naturak eragindako une txarrak ere tokatzen zaizkie parean sarri askotan: «Ekaitz indartsuak ez dira gozoak izaten. Nahiz eta iragarpen onak izan gaur egun, etortzen dira uste baino indartsuagoak, edota zerbait hausten dute ontzian. Halakoetan, erabaki asko hartu behar izaten dira, eta ontzi gainean hiru edo lau marinel egoten gara, besteak barruan lo agian, eta esnatu bai, ez...». Beldur handia zerk eragiten dion kontatu du: «Norbait uretara erortzea da txarrena, eta ontziko arduradun joanez gero beti edukitzen dut beldur hori, eroriz gero ez dagoelako bueltarik. Azkenean, bizpahiru eguneko ekaitzak luze joaten dira».
Une txarren artean, beste bat ere aipatu du: «Aspertzeko momentuak ere badira. Hegoaldera pasatzea kalma ekuatorialetan batere haizerik ez dagoenean eta izugarrizko beroa egiten duenean ez da samurra. Ontzia ez da mugitzen egunez, eta gauez, zerua betetzen denean, lainoak husten dira, euria ekarriz. Haizea pixka bat mugitzen da, baita belaontzia ere. Aliseoetan sartu, eta martxa». Aspertu behar horrek badu, baina, gauza onik: «Atseden hartu eta lo egin behar da, gero segituan etortzen direlako adi egoteko garaiak, lanerako ordua».
Gozatu ere egiten da, baina, itsaso zabalean: «Haizea indartsua baina indartsuegia ez denean, olatuetan, 25 metroko ontzian surfean joatea olatuak bata bestearen atzetik hartuz, 35 itsas korapiloko abiaduran [70 km orduko], potentzia hori sentituz, gauza ederra da. Gure arteko hizketaldi oso onak sortzen dira, eta hor egiten da lagunartea, bizitzen ditugunak oso indartsuak izaten direlako». Naturaren babesean sorturiko une horiek ez dira inoiz aldatuko, nahiz eta teknologiak gero eta eragin handiagoa izan. Fernandezek, ordea, antzinako jakinduria du gustuko: «Marinel sena eduki egin behar da; batez ere, munduari buelta emateko».