mundua
Birusak azaleratu dituen zuloak
Orsola Casagrande
Asteburuak arriskutsutzat hartzen dira, badirudielako jendeak ez diela uko egin nahi «betiko ohiturei», batez ere aperitiboarena iparraldeko hiri askotan. Horregatik, Bergamoko alkatea -ziurrenik, Milanekin batera, hildako gehien izan dituen hiria- sare sozial eta telebista kate guztietan azaldu da etsita, larunbatean zabaldutako irudien ostean, non milaka pertsona agertzen ziren lasai ederrean, segurtasun tarteak ahaztuta.
Giuseppe Conteren gobernu ahula kolokan dago, eskuineko alderdien eta Cofindustriaren, Enpresarien Batasunaren, erasopean. Horiek leporatzen diote fabrika eta enpresa asko zabaldu ez izana. INAIL Lan Istripuen Aseguruen Institutu Nazionalaren datuek badiote ere maiatzaren 15era arte 43.000 kutsatze egon direla lantokietan. 171 izan dira hildakoak; erdiak, osasun arloan.
Luciak (gezurrezko izena da) Lombardian egiten du lan, zehazki, Brescia hiriko erietxe batean. «Otsailaren amaieratik gaur arte, dena aldatu da lanean. Garapena azkarra izan da, ez delako benetako egitasmorik egon pandemiari aurre egiteko. Ez da inoiz eremu gorririk ezarri infekzioari eutsi eta hura orekatzeko, alkate batzuek egin duten moduan. Egoeraren larria gero eta argiago ikusi da, eta, beraz, larrialdiek eta zaintza bereziek berehala egin dute gainezka, baita ohiko alorrek ere, ospitaleratze edo bakartzearen zain zeuden gaixo sintomadunen ondorioz».
Luciak nabarmendu du zaintza berezietan operadoreak eta arnasa hartzeko makinak lehendik ere gutxi zirela: «Larrialdi berriaren aurretik osasun publikoan egindako murrizketen ondorioz».
Zer aldatu da bi hilabete eta erdian? «Batez ere, bi alorretan aldatu da egoera: lanaren antolaketa eta larrialdiari lotutako ezjakintasuna. Baina nire tokitik ikusten ditut orobat egunerokoan izan diren aldaketak; Izan ere, bihotzeko arazoak, minbizia, gaitz kronikoak, traumak edo ebakuntza beharra duten gaixoek oraindik laguntza behar dute. Dialisia, errehabilitazioa edo bizitzak albatzen dituzten tratamenduak ezin dira eten».
Kritikarik gogorrena gobernuarentzat da, zeina enpresarien xantaiaren biktima bilakatu den. «Produkzioa -oinarrizkoak ez diren salgaietan ere- ez da inoiz eten Brescia eta Bergamoko inguruetan. Cofindustriaren aginduen eta gobernuaren gaineko presioen ondorioz, langileek fabrikara joaten jarraitu dute, eta lan egiten duten bitartean banatuta dauden arren, gero elkartu egiten dira aldagela edo jangeletan: agi denez, pertsona hauek infekzioa zabaltzeko tresna bilakatzen dira».
Mina ere modu erabat gizagabean bizi izan dute askok itxialdian. Hala azaltzen du Loredanak, zeinak Venetoko erietxe batean egiten duen lan. «Maiz birusa harrapatu zutenen egoerak bat-batean egin zuen okerrera eta berandu eraman zituzten erietxera. Agurtu egiten ditugu, eta ez dakigu pertsona hori gehiago ikusiko ote dugun. Kasu askotan, hilkutxa batean itzultzen da, eta hura kilometrotara dagoen toki batera eramaten dute, eta jende askok egunak eta hilabeteak itxaron behar ditu erraustea egin ahal izateko, eta negar egin ahal izateko».
Marinak Milanen egiten du lan, adikzioak dituzten pertsonentzako arreta zentro batean. «Adikzioen inguruko zerbitzua 2016an Lombardian egindako azken osasun errefoma eta gero, erietxeko zerbitzu bilakatu da. Itxialdian oinarrizko jo gintuzten, eta, beraz, inoiz ez genuen itxi. Egia esan, gauza asko aldatu dira, ohiko ekintza asko bertan behera geratu direlako. Gaur arte, metadona banaketa bermatu da, eta hura epe luzeetarako eskaintzen da, baina bertan behera geratu dira taldeko terapiak, eta talde bilerak».
Loredanak dio arazo nagusia dela zuzendaritzak ez dizkiela jarraibideak ematen, eta horren ondorioz nahasmena, ezjakintasuna eta paranoia zabaldu direla.
Arrisku toki batean lan egitearen kontzientziak, eta lankideetako asko kutsatuta zeudela edo kasu susmagarriak zirela jakiteak ezinegona eta tentsioa eragin du. Eta ospitaleko administrazioak ez du laguntzen, bere erantzukizunak operadoreen gain utzi dituelako, eta prozedurak behar bezala ez jarraitzea egotzi dielako.
Datu batek ondo azaltzen du egoera, dio Loredanak: «Orain, bi hilabete eta gero, egin dizkiete proba serologikoak eta hisotopoenak osasun langileei».
Hiriburuan, Erroman, ez dute Milanen edo Bergamon adina sufritu, baina zalantza berdinak dituzte etorkizunari buruz, batez ere itxialditik irteteko lehen urratsen ostean. Buruko arazoak eta ezintasun larriak dituzten pertsonekin lan egiten duen kooperatiba sozial batean aritzen da Marco. Familia askorentzat kooperatiba horiek dira gainontzean bakarrik geratuko liratekeen pertsona hauek zaintzeko laguntza bakarra.
«Itxialdiaren ondorioz familia askok bertan behera utzi behar izan zuten zerbitzua, eta zaintzen ditugun pertsonekiko harremana ez galtzeko bestelako arreta mota bat asmatu dugu, adibidez, oinarrizko zerbitzuak lortzeko prozeduretan lagunduz, besteak beste, janaria erosten edota fakturak ordaintzen».
Marcoren esanetan, langile askok jarraitu egin dute etxeetan lan egiten, ezindu askoren kasuan ezinezkoa delako segurtasun tarteari eustea, dituzten arazoengatik. Kooperatibetan ere arazoak izan dituzte oinarrizko ekipamenduak lortzeko, besteak beste, maskarak eta xaboiak: «Gutako askok maskarak egin behar izan ditugu lanean jarraitu ahal izateko, babes ekipamenduak ez zirelako iritsi martxo amaierara arte».
Etorkizun hurbilari buruz Marcok argi du: «Koronabirusak argitara atera ditu azken urteetan salatu ditugun arazo eta hutsuneak. Orain arte kontuan hartu ez diren guztiak kolpetik agertu dira. Langileak gaixotu eta hil dira, baita ezintasunak zituzten pertsonak ere, eta hori guztia segurtasun neurriak aurreikusteko balioko lukeen antolaketa bat ez izateagatik. Gizarte kooperatibek egiten duten lana zerbitzu sozialek egin beharko lukete. Teorikoki zerbitzu publikoak dira, baina egiaz pribatuak balira bezala aritzen dira, langileen eskubideak urratzeko, eta malgutasun eta esplotatze modu berriak asmatzeko laborategi gisa lan egiten dute».