astekaria 2020/05/29
arrowItzuli

kultura

NON GEUNDEN DUELA 20 URTE

Itziar Ugarte Irizar

NON GEUNDEN DUELA 20 URTE

Denboraren joanean oso-oso tarteka aldatzen den zenbaki bat aldatu zen egutegietan: lau zifretan lehena. Esnatu, eta milurteko berria egutegitik begira: 2000. «Maradona, kokaz lepo»; «Sanzen gobernuak gero eta diru gutxiago ematen dio euskarari», «Parisek publiko bilakatzeko proposamena egin dio Seaskari», «Fernando Buesa hil dute atentatuan», «Konstituzionala Itoitzen aurka», «Bonba-pakete bat igorri diote La Razón-eko kazetari bati»; «Galindori eta Elgorriagari 71na urte», «Aske geldituko dira gaur Ipar Irlandako azken presoak», «Felix Iñurrategi G-IIan hil da», «Somarriba are liderrago Tourrean», «Jaizkibeli eragotzi egin diote berriro desfilean parte hartzea», «Bush Etxe Zurirantz», «Israelgo soldaduek beste hamar palestinar hil dituzte», «Euskal munduak azken agurra eman dio Luis Villasanteri». Egunkari azalek ondo gordetzen dute denbora baten tenperatura. Baina hamarkada bi igaro dira, eta, sarean ibili den moda ekarrita, duela hogei urte euskal kulturako fokuak non zeuden aztertu du BERRIAk, ikusteko zer argi itzali dituen egunen joanak, zeintzuek segitzen duten aldizka argitan.

1. IKUS-ENTZUNEZKOAK
Industria sortzeko bidean


Euskal Herriko ikus-entzunezko industria propio bat garatzea ageri zen 2000. urtean urratu nahi ziren bideen artean. Asmo horri helduta aurkeztu zuten otsailean Zinealdea proiektua, industria sortzeko azpiegitura bilduko zuena, bere pabiloi, plato eta beharrezko guneekin. Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe arte eszenikoetako eskolak eta Oarsoaldea garapen agentziak bultzatu zuten egitasmoa, eta Oiartzunen kokatu (Gipuzkoa). «Sektore berritzailea da; hazkunde fasean dago, eta gero eta garrantzi handiagoa du bilakaera ekonomikoan», aurreratu zuen Fernando Nebrada Oarsoaldeko gerenteak. Enrique Santiago Sarobeko kideak berretsi zuen Zinealdea ez zela «kasualitatez» abiatu Euskal Herrian: «Ikus-entzunezko harrobi handiena da hemengoa». Proiektu «aitzindaritzat» aurkeztu zuten 2000. urtean, eta nabarmendu halakorik ez zela inguru osoan. Euskal Herriko ikus-entzunezkoetan antzematen zen mugimenduaren hauspo izan nahi zuen, baita profesionalei lurraldean lan egiteko aukera eman ere. 2006an inauguratu zuten, baina, barruko gatazkak tarteko, inoiz ez da martxan izan. 2018an, lehen grabaketa batzuk egin ziren ekipamendua aprobetxatuz; adibidez, La trinchera infinita eta Agur Etxebeste lanen parte bat filmatu dute bertan.

Bistan da sektoreari garrantzia eman nahi zitzaiola milurteko hasieran: Ikus-entzunezkoak Euskal Herrian IV. jardunaldiak egin ziren aste gutxi batzuk lehenago, Gasteizen. «Ikus-entzunezkoak industriatzat ez hartzea akats larria da», utzi zuen titulua Edorta Jimenez idazleak. Asko lanean zebiltzan euskarak hor bere lekua izan zezan, eta egun ere mahai gainean den beste auzi bat ageri da garai hartako egunkarietan: bikoizketa. Oso bestelako erabakiei lotuta, ordea: abenduan estreinakoz, Eusko Jaurlaritzak 80 milioi pezetako laguntza eman zien Tinko Filmak eta Barton Films banatzaileei pelikulak euskarara bikoiztu eta aretoetan jartzeko. Urteko film arrakastatsuetako bat Karramarro uhartea izan zen.

2. GUGGENHEIM EFEKTUA
Arrakasta, zerena?


Hiru urte ziren Bilbon Guggenheim museoa zabaldu zutela. Proiektuak sorreratik piztu zuen polemika, eta halaxe segitzen zuen 2000an. Horren erakusgarri dira Guggenheim efektua izenpean Bilboko BBK-EHU etxean hiru egunez segidan egin ziren mahai-inguruak, Euskal Soziologia Elkarteak antolatuta. «Guggenheim tren baten azken bagoia zen», azaldu zuen Javier Salazarrek, Arkitektoen Elkargoko dekanoak. Haren esanetan, bi beharrek eraman zuten museoa Bilbora: Guggenheim fundazioko frankiziaren egoera ekonomikoak eta Bilboko krisi egoerak. Tren hori hartzeak, baina, bestelako aldaketak ere ekarri zituen hirira. «Bilboren berreskuratzea barne egitura mediatiko batean dago eraikita», defendatu zuen Zaida Muxi arkitektoak. Eta erantsi: «Bilboren rol berria kontsumora zuzendutako hiri izatea den jakin beharko dugu; dela arte kontsumoa, dela ondasunen kontsumoa. Baina betiere beste toki batzuetan ekoitzitakoaren kontsumitzaile. Ekoizletik kontsumitzaile izatera igarotzea hiri nortasun arazoa izan ohi da beti». Bi alde baikor eta bi ezkor atera ziren lehen saio hartatik: erakusketa «garestiak» ikusteko aukera eta eragin mediatikoa alde, eta euskal artea alboratuta geratzea eta «arte zailari» leku egitea, berriz, kontra.

Joseba Zulaikak eman zuen lerroburua biharamunean: «Artea zokoratzeak ekarri du Guggenheim museoaren arrakasta». Ramon Zallo EHUko katedradunak «bisitari kopuruan, harrotasunean eta ekonomian» museoak izandako arrakasta onartu zuen, baina kritiko azaldu zen proiektuarekin. Titaniozko eraikinak batez ere marka bat saltzen zuela esplikatu zuen: «Merkatuak irentsi du kultura. Ez da arterik saltzen: hiria eta eraikina saltzen dira. Ikuskizunari lotutako arte mota ekarri dute». Bere ustez egin beharrekoa ere aipatu zuen: «Museoaren jabe egin eta Euskal Kulturaren Kontseiluaren barruan sartu beharko litzateke. Edukia eman beharko litzaioke dagoeneko badagoen edukiontziari, kalitatea eman, Europako fondoekin erosketak orekatu, Krensen [Guggenheim frankiziako arduraduna] kortako lagunek bakarrik ez dezaten izan tokia; euskal artea nazioartekotu eta hezkuntza sistemaren barruan sartu beharko litzateke». Zulaikak kasino batekin erkatu zuen: «Krensek egin zuen apustua, baina euskaldunen diruarekin». Oraindik ere museoa «izugarrikeria» iruditzen zitzaiola esan zuen, baina arrakasta ukatu gabe. Oso bestelako jarrera defendatu zuen Joseba Arregik, Kultura sailburu ohi eta proiektuaren bultzatzaile izan zenak. Harentzat, museoak ez zuen ekarri askok iragarritako «basamortu kulturalik»: «Guggenheim ez da kultura: ekimen kultural bat gehiago da».

Guggenheimen ereduaren alboan, bidean ziren egun laborategi moduan formulatu izan den baten pieza berriak: Txillida museoa inauguratu zen Hernanin (Gipuzkoa); Oteiza museoa eraikitzen zebiltzan Altzuzan (Nafarroa); Artium zutitzen ari zen Gasteizen, eta Nafarroako Arte Garaikideko Zentroa eraman nahi zen Iruñeko Ziudadelara.

3. LIBURUGINTZA
Jaurlaritzaren aurrean kezka


Liburugintzaren arloan, ordura arteko marka guztiak hautsi zituzten urteko ekitaldi nagusietako bik: Durangoko Azokak eta Sarako Biltzarrak. Durangon, egoitza finko bat lortzeko borrokan zebilen Gerediaga elkartea. Landakon egin zen urte hartan, eta aspaldiko bisitari gehien zenbatu zituzten; azken sei urteetako kopurua zazpi aldiz hazteraino. Irabaziak ere hiru halako izan ziren epe horretan, eta euskalgintzaren kontra azken boladan izandako erasoak aipatu ziren arrazoien artean. «Eraso horiek jendea hona etortzea eragin dute. Sentipen batek erakarri gaitu Durangora, indar bereziz», zioen Antton Mari Aldekoa-Otalora elkarteko lehendakariak. Liburu izarretako batzuk Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean, Jon Arretxeren Zazpi kolore eta Susa argitaletxearen XX. Mendeko Poesia Kaierak izan ziren. Musikaren alorrean, berriz, Fermin Muguruzaren Fm 99.00 Dub manifest, Mikel Urdangarinen Espilue eta Itoizen 1978-1988.

Eusko Jaurlaritzak liburugintza sustatzeko abiaturiko diru laguntzena izan zen egun batzuetan segidan kulturako orriak hartu zituen beste auzi bat. Hasierako egitasmoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan helbideratutako idazleak soilik hartzen zituzten kontuan, eta hainbat idazle eta editorek idazki bat kaleratu zuten Jaurlaritzari mintzatzeko eta neurriak zuzentzea eskatzeko. Azkenean, bilera bat egin, eta Jaurlaritzak puntu batzuk aldatzea onartu zuen: itzulpenetarako laguntzak jaso ahal izateko epea luzatzea; laguntzak banatzeko orduan, «euskararen lurraldeko egileak» hartzea kontuan, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak izan beharrean; eta «euskarazkoak zein gaztelaniazko jatorrizko lanak» itzultzeko laguntzak izan beharrean, bultzada «euskal literatura» zabaltzeko izatea.

Udan izan zen tirabira hura. Hilabete batzuk lehenago, Euskal Idazleen Elkarteak Iruñean egin zuen urteko batzarra, eta idazle izatearen «kontzientziarik ezaz» jardun zen Andolin Eguzkitza lehendakaria. «Ez dakigu zer den, erosotasuna, ezjakintasuna, denetarik pixka bat, baina egia da ez daukagula federik gure etorkizunean, eta batzuetan albo lan bat bezala bizi dugula literatura».

Euskal Emakume Idazleen Lantaldeak deituta, Emakume Idazleen III. Bilkura ere egin zuten hainbat egilek Donapaleun (Nafarroa Beherea); Arantxa Urretabizkaia, Ana Urkiza, Laura Mintegi, Amaia Elosegi, Arantxa Iturbe, Miren Agur Meabe eta Itxaro Borda elkartu ziren, besteak beste.

4. BERTSOLARITZA
Hezkuntzarako jauzia egitear


Bertsozale Elkartearen urteko batzarrean, asmo berri bat plazaratu zen: hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko asmoa. Ikastolen Elkartearekin hasitako elkarrizketen berri eman zuen Iñaki Muruak: «Zenbat eta gehiago hitz egin, gero eta hurbilago daude jarrerak, eta ekainerako itxi nahi dugu akordioa». Eusko Jaurlaritzarekin harremanak sakontzen ari zirela ere aurreratu zuen Jon Sarasuak, eta elkartearekin «jauzi kualitatibo bat» egiteko eskatu zioten administrazioari, martxan zeuden egitasmoak aurrera atera ahal izateko eta horretarako behar ziren «kudeatzaileak» enplegatu ahal izateko. Martxoan egin zuten elkarteko 75 kide inguruk batzarra, eta urteko azken hilean Imanol Lazkano elkarteko lehendakaria, Xabier Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako orduko sailburuordea eta Lorea Bilbao Koordinaziorako eta Euskara Sustatzeko zuzendaria erretratu zituzten egunkariek, hitzarmena sinatu osteko esku ematean. Hiru urterako ituna sinatu zuten, eta Jaurlaritzak urte hartan 11 milioi pezetako diru laguntza ematea onartu zuen, eta beste hainbeste hurrengo bi urteetan. Elkarteak bere hamalau urteko historian egindako lanaren «onarpen» modura jaso zuen Lazkanok: «Oinak zapata batean bagenitu bezala egin dugu bidea; nahiko gogorra izan da, eta hau lagungarri izango zaigu bidean aurrera jarraitzeko».

Elkarteak 2000. urtean hartu zuen bere gain Hitzetik hortzera telebistako bertso programa. Euskal Herriko Txapelketa Nagusia hurrengo urtean jokatu zen, eta aldez aurretik diseinu bat prestatzen ziharduen elkarteak. Andoni Egañak jantzi zuen 2001ean txapela, hirugarrenez. Hauxe izan zen finaleko argazkia, puntuei segika: Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Jexux Mari Irazu.

5. LIBURUTEGI NAZIONALA
Segida bako pausoak


Euskal Herriko Liburutegi Nazionala zen milurtekoaren hasieran mahai gainean zeuden beste proiektu handietako bat. Hainbat eragilek urteak zeramatzaten hura martxan jartzeko aurrelanean, eta lehen diru saila onartu zuen Jaurlaritzak 2000ko urtarrilean. EHk proposatu eta EAJk zein EAk babestutako zuzenketa bat onartu zuen Gasteizko legebiltzarrak, eta 50 milioi pezeta bideratu zituzten proiektura; beste 75 milioi hurrengo urtean.

«Hitzaurrea idatzi da», eman zuen albistearen berri Euskaldunon Egunkaria-k. 1979an Gernikako Estatutua onartzean, Jaurlaritzak bere gain hartu zuen artxibo eta biblioteken gaineko eskumena, eta horregatik askok interpretatu zuten «behingoz» abian zela proiektua. Naziotasunaren erreferentzia izan zen hasieratik egitasmoaren ardatzetako bat. «Liburutegi Nazionala herri baten definizioaren funtsezko elementua baita ikuspegi kulturaletik begiratuta», zioen Begoña Uriguenek, Eusko Jaurlaritzako Artxibo, Biblioteka, Dokumentazio eta Argitalpen zerbitzuburuak. Airean zeuden proiektua ezaugarrituko zuten elementuak: langile publikoekin funtzionatuko zuen eraikin handi bat ala espazio birtual bat izango zen; egoitza non edukiko zuen -Iruñea eta Bilbo proposatu ziren gehien-; eta nork izango zuen gidaritza. Eusko Jaurlaritza aipatu zen gehien, baina baita Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia bera ere.

Lehenagotik zetorren eskaera: 1980ko hamarkadan ere egon zen Liburutegi Nazionalari ekiteko asmoa, baina ez zuen aurrera egin. Lehen saialdiaren aldean, XXI. mendean proiektuak teknologia berriekin lotura estua izan behar zuela adierazi zuten sustatzaileek. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia irmo aritu zen proiektuaren aldeko lanean: egitasmoak euskal kulturaren ikur eta jakintzaren gune izan behar zuela defendatu zuten, eta, lidergoa Jaurlaritzak hartu arren, herrialdeko beste liburutegi eta erakundeekin akordioak izenpetzeko premiaz ere ohartarazi zuten. Hala, urte hartako uztailean, historialari talde batek agerraldia egin zuen Baionan, proiektuarekin bat egin, eta Euskal Herriko dokumentuak Paueko artxibotik Baionara ekartzeko eskatu.

Hitzaurrea ondoko idatzirik gabe gelditu zen, ordea. Joana Albreteko kideek legealdi bakoitzarekin asmoa bertan behera geratu izana salatu izan dute, joan-etorrian iraun duela proiektuak. Iazkoa da azken berria: Jaurlaritzak Euskal Liburutegi Digitala sortzeko asmoa agertu zuenekoa.

6. ANTZERKI MUNDUA
Ikasketa ofizialen atzetik


«Arte dramatikoko ikasketak ofizial izan daitezela eskatzen dugu». Aldarri zuzen hori entzunarazten saiatu zen euskal antzerkiko jendea 2000. urtearen bueltan. Euskal Herrian ez zen inongo eskolarik arte eszenikoetarako prestakuntza akademikoa modu homologatuan eskainiko zuenik, eta antzerkigileak irmo saiatu ziren ofizializazio eskaera administrazioetara helarazten. «Teatroa bizimodu txarrekoek egiten dutela uste izan da beti, eta askok oraindik ere hala uste du», zioen Maite Pascualek, Nafarroako Antzerki Eskolako (NAE) zuzendariak. «Teatro ikasketak ez ofizializatzeko arrazoia politikoa izan da beti». Gaiak Nafarroan mugitu zituen gehien urak. Sinadura bilketa ere abiatu zuen NAEk, eta bertako parlamentura bi eskaera eraman zituen: aurrekontuetan diru laguntza bat hitzartu eta eskolaren azpiegitura fisikoa hobetzeko konpromisoa har zezatela. Antzerkigileei egindako elkarrizketetan, behin eta berriz aipatzen zen euskal aktorez «beterik» zegoela atzerria.

Urteko obren artean, aurrekoan Tanttaka Teatroaren El Florido Pensil izan zen bezala, 2000. urtean Manolito laubegi izan zen gehien ikusitako obretako bat, Ados Teatroak eskaini zuena. Sarea antzokien plataformak emandako datuen arabera, antzokietan %28 programatu zen euskaraz; horietako asko haur eta gazteentzako obrak ziren.

Dantza eta arte dramatikoen goi mailako eskola bat dago gaur Euskal Herrian: Dantzerti.

BERRIAn argitaratua (2020/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA