gizartea
ITZIAR ALKORTA
«Prest gaude EHUren uda ikastaroak kalitatez eskaintzeko»
Maddi Ane Txoperena Iribarren
2019ko otsailean izendatu zintuzten EHUko uda ikastaroen buru. Zer moduz joan da urtea?
Dena normal, halako batean kolpetik dena aldatu zen arte. Alarma egoera deklaratu baino bi egun lehenago amaitutzat eman genuela edizioa. Urte osoko lana izaten da: eskaintza urria eta azaroa bitartean irekitzen dugu, kurtsoak proposatzen dituztenak martxan jartzen ditugu udazkenean, programa batzordetik pasatu, aukeraketa egin... Txukun-txukun, martxorako dena prest genuen, eta halako batean jarri behar izan genuen, noski, edizioa berregitera. Horretan egon gara.
Eta zer moduz?
Egia esan, esperientzia oso positiboa izan da, zuzendari guztiekin berriz hitz egin behar izan dugulako, erakundeekin eta gure kolaboratzaileekin, eta gehienek erabaki dute aurrera jotzea, formatua egokituz. Kanpotik zetozen kongresuak, berriz, oso kopurutsuak izaten dira, 200 eta 300 pertsona artekoak, eta horiek datorren urterako utzi ditugu.
Aitzina doazenetan zer egokitzapen egin behar izan dituzue?
Batez ere formatu aldetik. Ekainera pasatu ditugun ikastaroak normalean maiatzean hasten ziren. Berregokitzapenak eraman gaitu apur bat atzeratzera, eta ekainetik aurrera online hasiko gara. Ikastaro presentzialak batez ere irail-urrian kontzentratuko dira.
Uztailean ere egingo dituzue presentzialak, halere, ezta?
Bai. Kontua da gehienek nahiago izan dutela irailera pasatu, nahiz eta uztailean presentzial batzuk egongo diren. Nik uste dut hor badagoela zuhur jokatzeko gogo bat, zuzendarien eta kolaboratzaileen aldetik. Normalean, gure kasuan, ekainaren azkeneko astea eta uztaila izaten dira jende eta ikastaro aldetik puntu gorena, eta, aldiz, aurten kurba hori desplazatu egingo da.
Online egiteak irakaskuntza kalitatea okertu dezake. Kezkarik sortzen dizue horrek?
Bai, noski. Horretan ibili gara: ez bakarrik data birprogramatzen, baita metodoa ere. Prestatu ditugu protokolo batzuk, hilabete hauetan ikasi dugunarekin saio batzuk egin ditugu, eta prest gaude formatuak egokituz uda ikastaroak kalitatez eskaintzeko. Plataforma hobetu dugu, hizlariak ikastaroaren aurretik dokumentazio guztia jarri ahal izateko; edukiak nola azaldu behar dituen txukun entseatzen dugu haiekin; eta etxetik konektatzen denak zer parte-hartze aukera dauzkan ere aztertu dugu: bermatu egin nahi izan ditugu parte-hartze aukerak. Ez dugu, noski, esaten berdina izango denik, ez baita berdina. Esperientzia presentziala inportantea da, eta horri eusten diogu: aurten edizio berezia izango da. Baina ahaleginak egin ditugu online izango den guztia antzekoa izan dadin, berdina izan gabe.
Gaitegiari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Alde batetik, noski, pandemiaren gaineko gaiak azpimarratuko ditugu. Aukera emango dugu hitzaldi seinalatu batzuk modu irekian emateko. Ikuspegi guztietatik aztertuko dugu pandemia: epidemiologikotik eta sanitariotik, geoestrategiko-politikotik, baita juridiko-ekonomikotik ere. Ikastaro ugari egongo da zuzenean pandemiari edo pandemiaren alderdi bati erantzungo diotenak. Nahi genuke — uste dugu hori dela gure zeregina— horrelako gune bat eskaini modu sosegatu eta objektiboan azterketa hori egin ahal izateko.
Ez da gai bakarra izanen, halere.
Uste dugu normaltasuna berreskuratu behar dela, denok daukagula gogo handia beste gauza batzuez ere hitz egiteko. Mundua martxan jartzen da berriz, eta badaude beste hainbat gai inportante, eta horregatik eusten diegu gure zeharlerro nagusiei. Nagusia iraunkortasunarena izango da: 25 ikastaro eskaintzen ditugu. Zahartzaroari buruzko zeharlerroa ere inportantea izango da aurten: ikastaro dezente edukiko dugu. Hezkuntzan, STEM ikuspegia ere inportantea izango da. Eta egongo dira gure kolaboratzaileek urtero antolatzen dituzten ikastaroak ere: bai Arartekoak, bai legebiltzarrak, bai HAEEk antolatzen dituenak gai seinalatuei buruz.
Zahartzaroa aipatu duzu: pandemia garaian, garrantzi berezia hartuko du?
Bai. Arartekoak eskaintzen duen ikastaroa aipatuko nuke: boluntarioa ez den zahartzaroari eta bakardadeari buruz hitz egiteko asmoa dute, eta hain zuzen, zahar etxeetan gertatu denari buruzko ikuspegia emateko asmoa dago, konkretuki, bakardadearen gaineko gogoetaren barruan.
Matrikulazioa abiatu duzue jada. Noiz arte egonen da?
Aurten, egoera berezia delako, eta jendea animatzeko, matrikularen prezio bereziak mantendu ahal izango ditugu ikastaroa hasi arte.
Susmoa duzue jende gutxiago hurbilduko dela?
Pentsatzen dugu, eta normala da, jendeari kosta egingo zaiola presentzialki etortzea. Guk neurri sanitario guztiak hartu ditugu jada, eta animatzen dugu jendea lasai etortzera, baina badakigu kosta egiten dela: inertzia bat egongo dela uda honetan, seguru asko, fisikoki Miramarrera joateko. Animatzen ez denak beste aukera hori beti irekia izango du: ikastaroa online jarraitzea. Gorde beharreko distantzia dela eta, pentsatuz gure neurri sanitarioengatik normalean egoten den jendearen aforoaren heren bat hartuko dugula, eskaini ahal izango dugu segurtasun osoa: palazioak hartuko du etorri nahi duena berme guztiekin, baina zer esango dizut? Ezin baldin bada jendea hurbildu, edo okerrera egiten duelako, edo jendeak oraindik gogorik ez badauka presentzialki egoteko, beti beste aukera hori ere izango du.