astekaria 2020/05/29
arrowItzuli

gizartea

Konfinamendua, hazteko bidea

June Prieto

Konfinamendua, hazteko bidea

Konfinamenduak areagotu egin ditu gizarteko desberdintasunak, eta egoera kalteberan dauden nerabe eta umeei ere eragin die etxetik atera barik egon behar izateak. Aldundien babespean dauden umeak hezitzaileen edo harrera familien esku egon dira egun hauetan, eta bideo deiez edo telefonoz soilik aritu ahal izan dira jatorrizko familiako kideekin. Taldea egonkortzeko eta hazteko ere balio izan diela adierazi dute haiekin konfinamenduan egon diren zenbaitek.

Bizkaian 900 ume baino gehiago daude foru aldundiaren babespean. Eskolek edo udaletxeek antzematen dituzte kasu berezi horiek, eta, gero, aldundiak erabakitzen du umeari zer zerbitzu komeni zaion. Lander Gormedino hezitzailea da, eta Bilboko harrera etxe batean egiten du lan, aldundiarekin hitzarmena duen erakunde batean. «Lehenengo aukera beti da harrera familia batekin bidaltzea, baina beti ez da posible izaten, eta horretarako gaude gu».

Gormedinoren etxean hamar gazte daude, zortzi eta hamazazpi urte artekoak, bakoitza bere kasu partikularrarekin. «Ohikoena da familiarekin harremana mantentzea; helburua da harrera etxean aldi baterako egotea, eta familietan baldintza egokiak daudenean bueltatzea». Horregatik, garrantzitsua da nerabeek kontaktua mantentzea familiarekin. «Kasu ezberdinak daude. Batzuetan, asteburuetan elkartzen dira, baldintza batzuk jarrita. Beste batzuetan, horretarako sortutako elkartze guneetan batzen dira, eta hezitzaile baten aurrean gertatzen da familiaren eta umearen arteko harremana».

Itxialdiak iraun bitartean, ez da bisita fisikorik egin. «Ez dugu aparteko arazorik eduki deiak eta bideo deiak egiteko». Izan ere, umeek eguneroko bizitzan egiten zituzten horrelako deiak familiarekin hitz egiteko. Lehenengo fasean, bisitak berreskuratu dituzte.

Elkarbizitzaren erronka

Elkarbizitza ere zaindu behar izan dute, umeak ez baitzeuden ohituta etxean hainbeste ordu egotera. «Guztientzat izan da zaila, baina, beharbada, gazte hauentzat zailagoa izan da». Hala ere, «eramangarria» izan dela azaldu du Gormedinok, batez ere ume taldea aspaldi heldu zelako harrera etxe horretara, eta horrek gauzak erraztu dizkielako. Etxeko hezitzaileek ez dute aparteko aldaketarik egin metodologian; ohi bezala, ideia berriak sortzen ibili dira momentu zailetan aurrera egiteko.

Aldundiak hainbat ekintza proposatu dizkie etxean egiteko; besteak beste, sukaldari famatu baten bisita eduki zuten. «Berrogei egun hauek pasatzeko, aukera berriak eman dizkigute, hori egia da, baina ez dugu nahi Disneyland moduko zeozer irudikatzea. Zaila izan da, profesionalen aldetik eta umeen aldetik ere bai, baina uste dut lantaldea ondo egokitu dela». Hain ezagunak egin diren erronkak eta kirola ere egiten saiatu dira, ume bakoitzaren erritmoak eta guneak errespetatuz.

Aisialdiaz gain, eskolako jarduerak ere etxetik antolatu behar izan dituzte. «Gelako erritmoari jarraitzen saiatu gara, baina ez dut uste posible denik aurtengo curriculuma aurrera eramatea egoera honetan». Umeentzat kontzentratzea oso zaila izan dela nabarmendu du Gormedinok, eta irakasleen eta hezitzaileen lana goraipatu du. «Konpondu gara, ahal izan dugun moduan, etxe askotan bezala».

Eskolako lanekin ere arazoak izan ditu Idoia Altamirak. Donostiako harrera gurasoa da, eta kexu da ez zaielako bilakaera kontrolatu laguntza berezia behar duten umeei. «Kontuan hartu behar dugu ume hauek dituzten arazoek eskolan ere eragiten dietela». Irakasle laguntzailearen irudia desagertu egin dela salatu du Altamirak, eta umeek eskolako erritmoari jarraitzearen pisu guztia haiengan jausi dela. «Zorionez, ohituta nago etxeko lanekin laguntzen, baina, eskolara ez doanez, goiz osoa ematen dut harekin, ikasten jarrai dezan».

«Opari bat»

Guztira sei pertsona bizi dira Altamiraren etxean, eta konfinamenduak familia moduan sendotzeko balio izan diela azaldu du. «Uste dut opari bat izan dela konfinamendua. Umeari familiako kide izatearen sentimendua garatzeko balio izan dio gurekin egoteak».

Harrera etxean eta harrera familian bizipen positiboak izan dira nagusi. «Bizitzako edozein esparrutan bezala, ikasketak egon dira, ziur», ondorioztatu du Gormedinok. Umeak «egoera oso berezietatik» datoz, baina konfinamenduan egondako denbora tarteak pazientzia lantzeko eta beren burua ezagutzeko balio izan diela uste du hezitzaileak. Gainera, Gormendino eta Altamira bat datoz ondorio batean: itxialdiak «taldean hazteko» eta bestearekiko «enpatia» lantzeko balio izan die haurrei.

BERRIAn argitaratua (2020/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA