astekaria 2020/05/22
arrowItzuli

bizigiro

Izanak baitu izenik

Ainize Madariaga

Izanak baitu izenik

Lurra hain urrun senti daitekeen hartan ere, bere burua erakustera ematen du biziak. Giza jardueran hain munta handiko mundrunak badu alderik alde zeharkatzen duenik: espaloi hegietan, murruetako pitzaduretan eta hiriko zuhaitzen oinetan hazten den landaredi basa.

Jendeak zangopilatzen baditu ere, bada haiek baloratu nahi duen bipedorik: More than weeds (Belar txarrak baino gehiago) Londresen abiatutako egitasmoa da haietako bat. Edo Bruselako Belles de ma rue (Ene karrikako ederrak). Berez, Frantzian abiatutako Sauvages de ma rue (Ene karrikako basatiak) egitasmoaren alaba anglosaxoi eta flandriarrak dira. Parisen abiatu zen 2011n, Tela Botanica elkarteak eta Naturaren historiaren Tolosako museoak (Okzitania) bultzaturik, hirietako floraren inbentarioa egiteko zientzia parte hartzailea dela medio. Izena duenak izana duelako, arrakasta gaitza lortzen ari da hiriko landaredi basa igeltsuzko grafitiaz izendatzea. Zanpatzen dena ez baita halabeharrez interes gabekoa. Hirian aski arrunta den uso belarra, adibidez, 160 ornogabe espezie baino gehiagoren bazka da. Landare haiekiko soa aldatzearekin batera, nahi dute errespeta ditzaten.

Hori du azpimarratu Tela Botanica elkarteko Elodie Masseguin koordinatzaileak: «Gure helburua da tresnak denen esku urririk egon daitezen: jendeak bere behaketak sar ditzan. Gero, Naturaren Historiaren Museoak datuak ikertzen ditu, ondotik konklusioak datu emaileekin partekatzeko gisan». Berez, galdera zientifikoek zioten eman sorburua egitasmoari: ze landaredi basa dago hiriko arrailduretan, espaloietan, zuhaitz oinetan...? Polinizazioa berdin egiten da hirian? Nola eboluzionatzen dira? «Murruntzaren petaloak (Cymbalaria muralis) izari berekoak ote dira hirian eta baserrialdean? Badirudi hirietakoak ttipiagoak direla. Jende parrastak parte hartu zuen argazkiak igorriz. Hipotesia konfirmatu ahal izan zen». Interes zientifikoaz harago, sentsibilizazioa dute jomuga Sauvages de ma rue, nola More than weeds egitasmoek: «Desmartxa bikaina da, hiriko flora basarekiko soa aldatzeko balio du, jendeak ez ditzan haboro ikus belar txar gisa», gehitu du Masseguinek.

Tela Botanicak emandako formakuntzei esker, Lapurdi itsasbazterreko Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak inportatu zuen Sauvages de ma rue egitasmoa. 2016. eta 2018. urte bitartean hainbat ekintza egin zituen Hendaian: merkatuetan informazio mahaia animatuz, atez ate eskuorriak banatuz, ikastaroak antolatuz, eta, euskal itsasbazterreko landarediaz bi gida argitaratuz. Etienne Legay ingurumen teknikariak ongi oroitu du: «Dei bat zen biodibertsitate arrunta estimatzeko. Denek erauzten baitituzte belar itsusiak direlakoan. Biztanleen begirada genuen aldatu nahi: basalandareez dugun irudipena da ez dutela deusetarako balio; baina gizakiarendako bakarrik dira traba. Alta, txarrik ez da: landare bakoitzak baitu interes bat Lurrean, zerbait badakar». Azpimarratu du 2017ko lege frantsesa aplikatzeko lagungarria izan zela; pestizidak gune publikoan baliatzeko debekua: «Hiriko langileei ere eman genien formakuntza. Praktika onen gidari esker, hamabi landare espezie basa arruntenetan trebatzeko parada ukan zuen jendeak. Balio izan zuen hiriko landaredi basa ez aldi guziez erauzteko, jendeak jarreraz aldatu zuen».

Emandakoa berriz jaso

Izendatzeko igeltsuzko grafitirik ez, baina 1.500 argazki baino gehiago baditu argitaraturik Baionatik Florent Beck botanikariak Tela Botanica webgunean: elkartearen filosofiarekin arrunt bat egiten du, maite baitu zientzia parte hartzaile librearen kontzeptu hori. Basa landarediarekiko sentsibilizazioan bere parte hartzeko manera dela erran du: «Indibidualizazioaren garaiotan, gustukoa dut inguruan deskubritzen dudana partekatzea. Landaredia intsektu eta txorien habitat eta elikadura da, lekua utzi behar diogu».

Lantokian dituen tresna berriek eman diote argazki zaharrak ikusteko parada: «Beldurgarria da ikustea nola galdu den biodibertsitatea Bidasoa eta Aturri bazterretan 50 bat urtez. Kontzientzia hartu behar dugu espazioa parteka dezakegula bertze izaki bizidunekin».

Espezie bat hautatzekotan, Antirrhinum majus: dragoi-muturra. Baionako harresietan hazten bada ere, ez ditu desegiten «jendeak uste duenaren kontrara; erro laburrak baititu; alta, kendu egiten dituzte garbitzeko. Txoriei elikadura ekartzen die». Espazio kudeaketan aldaketa egitera dei egiten du: garapen iraunkorrari leial, moztu gabeko belar tarteak utziz, hirian, nola norberak bere baratzean. «Belar mozketa masakrea da fauna, flora eta onddo katearentzat. Elikadura eta habitata desegiten diegulako».

Erabat bat egiten du Jon Sudupe Donibane Lohizuneko baratze botanikoko botanikariak ere: «Gizakiak lurrak hartzen ditu bere jarduerarako beste espezieen kalterako. Arazoari erantzuteko beharko genuke gure bizimoldea erabat aldatu, lurraren partekatze afera baita hau. Beraz, mikro mailan lagundu lezake norberak moztu gabeko belar puska bat utziz. Gizakiak hunki gabeko lurrak behar dira». Artetik errateko, www.uglife.org.uk webguneak faunaren eta floraren onetan norberak bere baratzean zer egin dezakeen azaltzen du.

Sauvages de ma rue bezalako desmartxen aldekoa da Sudupe, eta bere lantokian zentzu bereko jarduerak animatzen ditu: ezagutza transmititzeko, hori baita «lehen urratsa». Alta, ikusten du ez dela inondik ere aski; dimentsio makroan dela eragin behar. Baina zein politikari ote da gai errateko bizimodua aldatu behar dela? Gizakiaren populazioaren bilakaerak beldurtzen du, etengabe emendatzen ari baita. Hartara, zer egin behar da horren murrizteko?

Hirietako flora motaz ere mintzatu da: «Landare hauek txapeldunak dira toki artifizialetan egokitzeko, baina arruntak eta oportunistak dira: gizakiaren bizimoduari egokitzen lortu dutenak. Are, konpetitiboak dira, eta inbaditzaileak bilaka daitezke. Ingurune naturalean hiria eraikiz gero, eta hartan florari tokia eginez gero, ez da uste izan behar hasierako hori berriz sortuko denik, baldintzak aldatu baitira. Horregatik, giza jarduerarik gabeko gune naturalak behar dira».

BERRIAn argitaratua (2020/05/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA