astekaria 2020/05/22
arrowItzuli

ekonomia

Ez da gutizietarako sasoia

Imanol Magro Eizmendi

Ez da gutizietarako sasoia

Telefonotik eskegita dabil Robert Andueza herenegun zortzi Lapurdi Garage Uztaritzeko auto dendako atea ireki zuenetik. «Siroka bat izan dugu. Bi hilabetez itxita egon ondoren, pentsa: autoa ailegatu den, ez... Franko ongi egin dugu lan orain arte, baina hurrengo asterako hitzorduen erdia baino gutxiago dut». Antzeko panorama bat deskribatu du Igor Aranburuk, Autowag Beasaingo kontzesionarioan: «Lehen aste hauetan lan asko izan dugu. Guk eskaera bidez egiten dugu lan normalean. Autogileek, baina, biltegiak goraino zituzten; auto horiek atera arte ezin zituzten gehiago ekoitzi, eta apurka iristen ari dira». Auto salmentaren joera zein izango den zehazteko goizegi dela dio, baina lur hartzea erraztu dien datu on bat eman du: «Aurretik eskakizuna egina zuten bezeroen %90ek jarraitu dute».

Bi hilabeteko etenaren ondoren lanpetuta ibiltzea logikoa da, baina, eta hala ibili dira Gorla Auto Groupen ere, baina Javier Bagues multzoko kudeatzaileak beste datu batzuk jarri ditu mahai gainean. «Erori diren operazioak salbuespena dira, baina bezero berrien datuak aztertu behar dira joera jakiteko. Aste honetan, esaterako, kontaktuak deritzogunak, lehen harremanak, aurrez aurre edo Internetez, %70 jaitsi dira iazko aste berarekin alderatuta, eta salmentak,%85». Baguesek zehaztu du mugikortasunari jarritako mugek kontaktuak zailtzen dituztela, eta aurreikusita zituztela, baina zorrotza da analisian: «Urte txarra izango da, oso».

2011tik urtez urte igo ondoren, iaz auto berrie n salmenta %4,6 jaitsi zen Hego Euskal Herrian. Aurtengo urtarrila ere gogorra izan zen; koronabirusaren krisiaren aurretik, iaz hilabete berean baino %13 auto gutxiago saldu ziren. Hor eragin zuzena izan zuten etortzear zen Renove plan baten zurrumurruek. Alde horretatik, «Trantsizio urtea» espero zuen Baguesek, «%5 galdu edo irabazi», baina koronabirusaren krisiak hankaz gora utzi ditu aurreikuspen guztiak: «Urteko azken sei hilabeteak iazkoa bezalakoak badira, %75era iritsiko gara —iaz %10 igo ziren Gorlan—. Baina ez dira izango, eta merkatua %40 inguru jaistea espero da».

Andueza da hiruretan beteranoena; 30 urtetik gora daramatza negozioan, eta halakorik ezagutu gabea zen. «Iaz 150 auto saldu genituen, horietatik 100 berri. Guretako, hilabete guztiak zinez berdintsuak dira. Bakarrik bi hilabete hauek badira galduak, kontent. Maluruski, ondorio larriagoak izango ditu». Aranburuk ez du aurreikuspenik kuantifikatu, baina esaldi pare batean laburbildu du iragarpena: «Beharra duenak erosiko du autoa. Gutiziaz aldatu nahi duenak gehiago pentsatuko du. Beharrezkoa ez bada, itxaron egingo du».

Baguesek eta Anduezak Aranbururen hitzak berretsi dituzte: «Beharra» duenak erosiko du. Horrek Andueza pixka bat lasaitu du, hori baita bere negozio bidea. «Nik Iparraldeko barnealdeko bezeroa dut, eta hemen jendeak asko erabiltzen du autoa. Etxe batzuetan bi auto dituzte, eta biek 30.000 edo 40.000 kilometro egiten dituzte urtean. Maluruski, beharrezkoa dute jornalaren bila joateko, eta bost edo sei urtean behin aldatzen dute autoa. Horietako batzuk agian bigarren eskukoa har dezakete aurten».

Joera desberdinak?

beraz, erosketa joerak alda litezke? Baguesek azaldu du bigarren eskuko autoen merkatuak fluktuazio gutxiago izaten duela normalean, eta hura gutxiago jaistea espero dutela, «%30 inguru». Aranburuk, aldiz, beste aurreikuspen bat egin du: baikor dago, eta uste du izurriteak atzera egiten badu merkatua piztu daitekeela. «Guk jaso genezakeen albisterik onena hori litzateke, egoera apurka normaltasunera itzultzen ari dela. Horrek eragin positiboa izan dezake urte amaiera aldera».

Balizko hobekuntza hori, baina, auto salmentaren eskutik doa, euskal industriaren zati handi bat autogintzara zuzendua baitago. «Diesel autoetara», zehaztu du Baguesek, eta horregatik uste du «ekonomia aktibatzeko» neurriak behar direla: «Euskal Herriko industriaz ari naiz. Renove plan bat izan daiteke, baina auto elektrikoez harago doana. Efizienteak erosteko laguntza handiagoak eman? Tira, baina besteentzat ere bai. Gainera, ez dago hain garbi elektrikoek baino gehiago kutsatzen dutenik. Autoen ekoizpen prozesua eta energia lortzeko bidea ere kontuan hartu behar dira». Aranburu iritzi berekoa da, bana xehetasun bat gehitu dio. «Bai, baina hilabete batzuk barru, krisiari tamaina hartzean. Orain zalantzan dagoenak ez du pausoa emango autoa bi mila euro merkeago eros dezakeelako».

BERRIAn argitaratua (2020/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA