astekaria 2020/05/22
arrowItzuli

politika

Nola daude taldeak?

Enekoitz Esnaola

Nola daude taldeak?

Bost hautagaitza handi eta txikiago batzuk aurkeztuko dira EAEko bozetarako. Nola daude?

EAJ
2016an: 398.168 boto (%37,6), 28 aulki
Urkulluren garairik zailenean datoz bozak

Joan den otsailean bozetarako apirilaren 5eko data jarri zuenean, IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldi publikoan aitortu zuen bere gobernuak (EAJ-PSE) arazoak zituela lege proiektuak eta proposamenak onartzeko. Jaurlaritzak agintaldiaren hasieran aurreikusi zituen 28 legeen herenak baino ez ditu onetsi Eusko Legebiltzarrak. EAJ-PSEk ez du gehiengo osoa izan parlamentuan -aulki bat falta izan zaio-, eta kudeaketa arazo bat eduki du, baina baita politikoa ere. Urkulluri arazo sozial bat ere sortu zaio COVID-19aren krisiarekin, bere neurriek ez dutelako harrera oso ona izan hezkuntzan, udaletan, sindikatuetan, kultur eragileetan... Krisi ekonomikoa pairatzen ere hasi da jendea. 2016an lehendakari bigarrenez hautatu zuten Urkullu -EAJk aulki bat irabazi zuen aurreko bozetatik, eta alderdi jeltzaleak hirugarrenez hautatu du Jaurlaritzako buru izateko nahian. Haren garairik zailenak dira hauek.

Duela lau urte %40koa izan zen abstentzioa, 1980tik handienetan laugarrena. Orain ikusi egin behar koronabirusaren krisiak zenbateraino eragingo dion parte hartzeari, eta parte hartzeak emaitzei. EAJk makineria elektoral indartsua du, indartsuena, eta bete-betean jarriko du, aldeko giroa sorrarazteko. Hor izango da faktore demoskopikoa ere, eta laster.

EH BILDU
2016an: 225.172 boto (%21,2), 18 aulki
Helburu bikoitza: boto saldoa eta aliatuak

Duela lau urte kartzelatik irten zenean, Arnaldo Otegik esan zuen «herri honek puntxa galdua» zuela. 2011n Bilduk arrakasta elektorala lortu ondotik, koalizioa bozetan beheraka zihoan, eta ezker abertzalea gatazkaren ondorioetan blokeatuta zegoen. Gero bi alor horietan, behintzat, lortu zuten beste bide bat hartzea. Bozei dagokienez, EH Bilduk udal, foru eta Espainiakoetan gora egin zuen, eta baliteke orain EAEkoetan ere gorako joerari eustea. Azken legealdian 18 aulki izan ditu -botoen %21,2, bigarren indarra-. EH Bildu estatuan aliatuak lortzen ere joan da, eta COVID-19aren krisian proposamen ugari aurkeztu du.

Esparru administratiboak aztertuz, EH Bilduk-EH Baik EAEn du babes elektoralik handiena, baina, aliantza politikagatik, berriz ere gerta dakioke Jaurlaritzan eragiteko (ia) aukerarik gabe geratzea, are EAJk eta PSEk oraingoan gehiengo osoa badute legebiltzarrean. Nafarroan iaz %14,5 erdietsi zuen EH Bilduk -laugarren indarra-, baina badu gobernuan eragiteko aukera, eta ari da itunak egiten. Ipar Euskal Herrian gero eta gehiago eragiten ari da. Boto emaile saldoa ez ezik, talde parlamentarioekin konplizitatea lortzeko lana du aurretik Maddalen Iriarte lehendakarigai izango duen taldeak.

ELKARREKIN PODEMOS
2016an: 157.334 boto (%14,8), 11 aulki
Bototan beheraka, eta barne arazoekin

Espainiako Estatuan nola Unidas Podemos, halatsu EAEn Elkarrekin Podemos. Orain lauzpabost urteko aparra jaisten ari zaio Ahal Dugu-ri, eta EPk nekez eutsiko dio hirugarren indarra izateari, PSE gorako bidean baitago, Kongresurako azkeneko bozetan ikusi denez -PSE ere PSOEren sasoiaren arabera ibiltzen da-.

EPk, gainera, bi barne eztabaida gogor izan ditu atzeneko hilabeteetan. Batetik, Lander Martinezek utzi egin behar izan dio Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateari, oinarriek ez zutelako lehendakarigai haren hautagaia aukeratu, beste ildoarena baizik: Miren Gorrotxategi. Bestetik, Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetako bozketan EPko hiru legebiltzarkidek ez zuten taldeak EAJrekin egindako akordioaren alde bozkatu: Ezker Anitza-IUko biek eta Equoko bakarrak.

PSE-EE
2016an: 126.420 boto (%11,9), 9 aulki
EAJrekin gustura, keinurik ez aldatzeko

PSE-EEk 2016ko boz autonomikoetan ordura arteko emaitzarik okerrena jaso zuen: bederatzi aulki -2012an baino zazpi gutxiago-, eta parlamentuko laugarren indarra izan zen -ia azkena-. Idoia Mendia idazkari nagusiak ez zuen dimisiorik aurkeztu. Aitzitik, lortu zuen PSE berriro Jaurlaritzan sartzea. Patxi Lopezen agintaldia aparte utzita (2009-2013), 1998tik zegoen handik kanpo. PSE gobernuetan beti egoten da gustura EAJrekin. Legealdi honetan, ordea, haren politikek ez dute arrastorik utzi. Zaldibarko (Bizkaia) luiziaren eta koronabirusaren krisietako kudeaketan nahikoa isilik edo ezkutatuta dabil, erantzukizuna EAJrengan utzi nahian bezala.

Mendia izango da berriro PSEren lehendakarigaia. Ez du bazkidea aldatzearen aldeko imintziorik egin, nahiz eta haren alderdiak EH Bildurekin harreman publiko eta ofizialak hasi, eta Irunen (Gipuzkoa), Nafarroako Parlamentuan eta Kongresuan itun batzuk erdietsi dituen jada.

PP-C'S
2016an: 107.771 boto (%10,1), 9 aulki
Krisian dagoen alderdiak, C's lagun

Krisian dagoen alderdi bat da EAEko PP. Azkeneko dozena bat urtean ardura nagusi postua utzi dute Maria San Gilek, Antonio Basagoitik, Arantza Quirogak eta Alfonso Alonsok. Urruti daude Jaime Mayor Orejaren 2001eko emaitzak: 327.000 boto -%23,1, 19 aulki-. Klasiko bat berreskuratu dute lehendakarigai izateko: Carlos Iturgaiz. Orain Ciudadanosekin koalizioan joango da PP. C's-k 2016an 21.500 boto bildu zituen; Araban jaso zuen babesik handiena (%3,2), baina aulkirik ez.

BESTE BATZUK
Equok, ia-ia ezinezkoa; Vox Arabatik saiatuko da

Equo. Duela lau urte EPn aurkeztu zen Equo. Bere kasa lehen aldia 2012koa izan zuen, artean Ahal Dugu sortzeke zegoela: 11.625 boto -%1-, aulkirik ez. Jose Ramon Becerra izango da Equoren lehendakarigaia; legebiltzarkidea izan da azkeneko legealdian.

Vox. Bigarrenez aurkeztuko da Vox. 2016an huskeria bat lortu zuen, lehendakarigai Santiago Abascal zela: 771 boto, %0,07. Haziz joan den alderdi bat da, baina aulki bat lortzeko justu ibiliko litzateke -lortzekotan, Arabatik-: iazko maiatzean Batzar Nagusietarako bozetan botoen %0,7 erdietsi zituen -Araban, %1,4-; eta azaroan Kongresurakoetan hiru herrialdeetan %2,4 -Araban, %3,7-. Ez du iragarria zein izango den bere lehendakarigaia.

BERRIAn argitaratua (2020/05/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA