politika
Poztasuna, kritiken gainetik
Edurne Begiristain
JOSEBA AZKARRAGA Sare plataformako eleduna«Agerian geratu da gatazka politiko bat badagoela»
Joseba Azkarraga Sare plataformako eledunak adierazi du Arnaldo Otegi askatu izanak eta bere garaian espetxeratu izanak agerian uzten duela Euskal Herrian badela «konpondu gabeko gatazka politiko bat». Azkarragaren irudiko, Otegi libre geratzea «urrats garrantzitsua» da gainerako presoen egoeran «aurrerapausoak» emanez joateko. Hala, dei egin dio Espainian osatuko den gobernu berriari gatazka politikoa «usteltzen» ez uzteko.
JESUS EGIGUREN PSEko presidente ohia«Lider politiko batek ezin du dena egun batetik bestera konpondu»
Otegi askatu izana pozez jaso du Egigurenek, espetxean egotea «injustizia handi bat» izan delako, haren iritzian. Hala ere, uste du ezker abertzalea «zama handiegia» jartzen ari dela Otegiren bizkarrean. «Ni Otegi izango banintz, beharbada pentsatuko nuke eginbehar gehiegi direla. Agian, gehiegi espero dugu pertsona bakar batengandik. Hain arazo handiekin, lider politiko batek ezin du dena egun batetik bestera konpondu».
JOSU ERKOREKA Eusko Jaurlaritzako bozeramailea«Normaltasunez itzul dadila politikara edo etxeko kuarteletara»
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du Otegik «normaltasunez» itzuli behar duela politikagintzara edo «etxeko kuarteletara». Horrela nahi izanez gero Otegi politikan «ahalik eta modu lasaienean» sar dadila espero du Erkorekak, «inork oztoporik jarri gabe». Kazetariek galdetu arren, ez du luzatu nahi izan Otegiri buruzko erantzunetan: «Jakina da gure iritzia, eta ez dugu ezer berririk esateko».
ANA OLLO Nafarroako Gobernuko bozeramailea«Otegi aske uztearen aurka dagoena legearen aurka dago»
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko eledunak adierazi du «albiste ona» dela Arnaldo Otegi aske uztea, eta gaineratu du ezker abertzaleko buruzagiak «bakea eta elkarbizitza berreskuratzeko apustu politikoa» egin duela: «Irteera hau normaltasun demokratikoaren prozesu batean kokatu behar dugu». Haren askatasunaren aurka dagoena «legearen» aurka dagoela erantsi du Ollok.
EZKER ANITZA«Otegi ezin da aurkeztu bake gizon moduan»
Otegi libre geratzea pozgarria dela esan du Ezker Anitzak, haren aurkako zigorra «neurrigabea» izan zela iritzita. «Otegi kaleratzeak amaiera ematen dio aro beltz bati». Ordea, ezker abertzaleko burua «bake gizon moduan aurkeztea» arbuiatu du alderdiak. «Askotan, gatazka biolentoen erantzuleak bakezale gisa aurkeztu nahi dira».
PABLO IGLESIAS Podemoseko idazkari nagusia«Inork ez luke espetxean egon behar bere ideiengatik»
Iglesiasek txio bat idatzi du bere Twitter kontuan Otegiren inguruan, eta adierazi du «albiste ona» dela espetxetik ateratzea, eta inork ez lukeela kartzelan egon behar bere «ideiengatik». Gero, kazetarien aurrean berretsi egin du Otegi «politikari handi bat» dela eta hari zor zaiola Euskal Herrira bakea lortu izana. Otegi kalean egonda «ETA behin betiko desagertzen» lagunduko duela ziurtatu du.
HASIER ARRAIZ Sortuko presidentea«Ez da preso politiko soil bat irten: lider politiko bat irten da»
Logroñon bertan, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak esan du albiste pozgarria dela Otegi aske uztea, ezker abertzalearentzat ez ezik espetxeratzea «injustua» zela uste duten herritarrentzat ere. «Ez da preso politiko soil bat irten espetxetik: estatuak mito bilakatu duen lider politiko bat irten da».
LLUIS LLACH Junts Pel Siko diputatua eta musikaria«Otegiren jarduera garrantzitsua izango da Euskal Herriarentzat»
Logroñoko espetxeko atarian bertan hitz egin du Lluis Llach Junts Pel Siko diputatu eta kantariak, Otegiri «ongietorria» egitera joan denean. Llachek esan du ezker abertzaleko buruzagiaren jarduera «garrantzitsua» izango dela Euskal Herriaren etorkizunarentzat. Otegiren espetxeratzearen atzean «estatu arrazoiak» egon direla salatu du.
JOSEBA EGIBAR EAJren GBBko presidentea«Injustizia baten amaiera da Otegi aske geratzea»
Egibarren ustetan, «injustizia baten amaiera da» Otegi libre geratzea. Halaber, gogoratu du «bidegabekeria» dela Rafa Diez kartzelan egotea eta auzi horretako besteak espetxean egon izana. Haren esanetan, ikusteko dago Otegik zein ekarpen egin diezaiokeen politikari, baina kartzelatik irten berritan esandako lehen hitzei «iraganeko kutsua» atzeman die.
JORGE FERNANDEZ DIAZ Espainiako jarduneko Barne ministroa«Justiziarekikoak bete ditu; ez gizartearekikoak»
Fernandez Diaz «atsekabetuta» agertu da Otegi espetxetik «bake gizon» eta «heroi» gisa irten delako. Halako izendapenik ez duela merezi esan du, eta gaineratu ez lukeela lehendakarigai izan behar. «Justiziarekikoak bete ditu, baina ez gizartearekikoak». Halaber, esan du Espainian ez dagoela preso politikorik.
ANTONIO HERNANDO PSOEko bozeramailea«Hemen ez dago preso politikorik»
Irmo mintzatu da PSOEko eleduna: «Hau demokrazia bat da, eta hemen ez dago preso politikotik. PSOEk espero du Otegik eta bere ingurukoek barkamena eskatzea biktimei, eta ETAk egindako krimenengatik damua agertzea».
ANNA GABRIEL CUPeko parlamentaria«Gatazkari irtenbide baketsua bilatzeagatik egon da preso Otegi»
CUPeko parlamentariak adierazi du, Logroñoko espetxe atarian, Otegi «gatazkari irtenbide baketsua bilatzeagatik» egon dela preso, «beste hamaika bezala». Gabrielen ustez, ezker abertzaleko burua libre uztea «itxaropentsua» da preso guztiak kalera irten daitezen.
ALBERTO GARZON IUko bozeramailea«Albiste ona da bakean aurrera egiteko»
IUko eledunaren ustez, Otegi espetxetik ateratzea albiste ona da «erabateko bakegintzan aurrera egiteko» eta «politika bide demokratiko soiletatik egiten dela bermatzeko». Otegik norabide horretan «zeregin» bat izan dezakeela erantsi du Garzonek.
MARTINA ANDERSON Sinn Feineko europarlamentarioa«Bake bila ibiltzeagatik espetxeratu zuten»
Sinn Feinek Otegiri gogoratu du «bakearen bila ibiltzeagatik eta bake prozesu bat gidatzeagatik» espetxeratu zutela. Martina Anderson europarlamentarioak deitoratu egin du Otegi «bere ideiengatik» zigortu izana.