astekaria 2020/05/22
arrowItzuli

bizigiro

JOSEMARI VELEZ DE MENDIZABAL

«Uste dut atzera egin dugula kulturaren kudeaketan, eta ez kulturan»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

«Uste dut atzera egin dugula kulturaren kudeaketan, eta ez kulturan»

Donostian egin zituen euskalduntzeko lehen urratsak Josemari Velez de Mendizabal idazleak (Aramaio, Araba, 1949); ordutik bidelagun izan du hizkuntza. Enpresaritza ikasi zuen, eta adierazi du gustuko duela kudeaketa. Esaterako, Euskal Idazleen Elkartean eta Eusko Ikaskuntzan aritu da lanean. Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea ere izan da. Orain erretiratuta dago, eta aitortu du «askeago» sentitzen dela.

Zer moduz zaude? Ba al daukazu proiekturik esku artean?

Primeran nago. Etxetik atera gabe egon naiz, eta denbora eduki dut nahi beste lan egiteko. Ez daukat proiektu handirik esku artean, eta eguneroko lanean ari naiz buru-belarri, ez baita lan makala astero bost blog elikatu behar izatea. Hausnarketa propioez gain, Arrasateko [Gipuzkoa], Uribarri Ganboako [Araba] eta Aramaioko kontuak argitaratzen ditut.

Izan ere, Aramaion jaio zinen.

Bertan munduratu ninduten, baina herriko oroitzapenen biltegia oso txikia da, Arrasatera joan baikinen bizitzera 5 urte nituela. Halere, harreman estua dut Aramaiorekin; bertako seme kuttuna ere izendatu ninduten, 1999an. Zoragarria izan zen aitorpen hura. Baina nire bizitza espirituala Uribarri Ganboan kokatzen da.

Zer dela eta?

Gurasoek etxe bat alokatu zuten bertan, eta han garatu dut nire bizitza propioa. Hein batean, bertan hazi nintzen mundura eta bizitzara; askatasun osoarekin, gainera. Mendira joaten nintzen, eta arrauna eta bela ere egiten nuen, baina batez ere arrantzatzea nuen gogoko. Amuarrain arrantzale amorratua izan naiz, eta liburu bat ere kaleratu nuen horri buruz, euskaraz eginiko lehena: Amuarrantza. Baina jada ez dago amuarrainik urtegian.

Gasteizekin ere harremana handia duzu, ezta?

Bertan egin nituen batxilergoko ikasketak, eta amaren aldeko aitona-amonak ere han bizi ziren. Geografikoki ez ezik, animoz ere hurbilen dudan euskal hiriburua da. 2013ko Urrezko Zeledona ere jaso nuen, eta hitzik gabe gelditu nintzen. Polita izan zen aitorpen hura, eta seguruenetik ez dut jaso nuen bezain ondo eskertu.

Donostian ere egon zinen ikasten.

Enpresaritza ikasketak egin nituen, eta oroitzapen oso onak ditut. Gainera, bertan hasi nintzen euskalgintzan. Neure buruari esan nion momentu horretan egingo nintzela euskaldun edo inoiz ez, eta barruraino murgildu nintzen euskararen munduan. Kuriosoa da, baina nire bizitza orduan salbatu zen guztiz. Erdaldun hutsa nintzen, eta bi hizkuntza erabiltzeko gaitasunarekin atera nintzen Donostiatik. Hori zor diot bertako egonaldiari.

Nolakoa zen ordura arte euskararekin zenuen harremana?

Hamaika ahalegin egin nituen euskalduntzeko. Gazteak ginen, eta esaten genuen egin behar genuela, baina ez genuen sekula egiten. Nolabait helduaroak sortu zidan benetako kontzientzia: orain ala inoiz ez. Are, baserri batera ere joan nintzen euskara ikastera, eta bertan trebatu nintzen. Ordutik nire bizitza guztia euskararen inguruan bideratu dut.

Beizaman (Gipuzkoa) egon zinen, ezta?

Bai, 170 behirekin batera. Bi uda egin nituen bertan, eta jakin nuen zer den baserri batean bizitzea eta baserri batetik bizitzea. Batetik, gogorra da; eta, bestetik, polita, kanpoko begiekin begiratuta, bederen. Oroitzapen politak ditut, eta adiskidetasuna mantentzen jarraitzen dut bertakoekin.

Beraz, zer zor diozu euskarari?

Beti diot nire aberria euskara dela, eta aberri horretan oso gustura sentitzen naizela, nire aberkideak zintzoak direlako. Euskaldun sentitzen direnak dira horiek, egun osoan eta leku guztietan, ahal den moduan, hizkuntzaren alde lan egiten saiatzen direnak.

Egun nola dago euskara?

Orain dela 50 urteko talaiatik begiratuta, sekulako aurrerapausoa dago, ez baikenuen amesten egun dugun euskal gizartea. Hori era absolutu batean, baina erlatiboki askoz ere gehiago egin daiteke, egungo begirada oinarri izanda. Baina uste dut etorkizuna ez dela inoiz etortzen, eta horregatik dela etorkizuna. Egunerokoak kezkatzen nau. Konformatzen naiz egunero euskarari ahalik eta indar gehien emateko ahalegina egingo bagenu.

Positiboki begiratu behar da?

Ez dut gustuko ezkorra izatea. Gustatzen zait tranpolinak jarri eta beti aurrera begira aritzea; aurrera era gorantz, argitara. Hain zuzen, nire esaera kuttunenetako bat dela esango nuke, eta erabilienetako bat: goian dagoen argitarantz joatea. Gainera, gustuko dut toki berriak esploratzea, deskubritzea eta lantzea.

Enpresa ikasketek ere emaitza izan zuten.

Hogei urtez ibili nintzen Arrasateko Union Cerrajera enpresan, zuzendari kargua hartu bainuen. Beldurgarria zen haren kudeaketan aritzea, 2.000 langileko enpresa bat baitzen, eta guztien soldatak atera behar baitziren hilero. Zorionez, enpresa garai hartan ez zegoen horren gaizki, eta ardurak banatuta genituen.

Eta, ondoren, Eusko Ikaskuntzan aritu zinen.

Siderurgia-metalurgia arlotik zeharo desberdina zen mundu batera igaro nintzen, baina komunean zutena kudeaketa zen; urte amaierako emaitzak zaindu egin behar ziren, galerarik egon ez zedin. Une gogorrak izan arren, gustura aritu nintzen beste hogei urtez lanean.

Ordurako liburuak idazten ere hasia zinen. Seber Altuberen biografia, adibidez, 1979an.

Jaio zeneko mendeurrena egin behar zen. Jokin Zaitegi lagunak eta euskaltzaleak esan zidan ea zergatik ez nuen zerbait idazten Altuberi buruz. Ez nekien ezer, baina hasi nintzen dokumentatzen, eta ausardia apur batekin idatzi nuen. Euskaltzaindiak liburuaren berri izan zuen, eta gonbidatu ninduen jardunaldi batzuetara ere. Gernikako batzar etxean izan nintzen, Garaikoetxea lehendakaria aurrean nuela.

Gerora etorri ziren beste lan batzuk. Ba al daukazu kuttunik?

Agian, azkenekoz argitaratutakoa, eta nire ilobei eskainia: Gaur 70 betetzen ditut. Eskutitz ireki bat da, ilobek ikus dezaten mundua, berez, ez dela. Alegia, batetik, mundua hor dago, baina eraiki behar dugu, eta landu. Bestetik, jakin dezatela mundua ez dela gaur hasten, baizik eta atzetik badagoela anabasa bat, milioi urteetako eskarmentua. Bihotzetik ateratako liburu bat da.

Baina, liburuen aurretik, artikuluak argitaratzen hasi zinen.

Zeruko Argia aldizkaria irakurtzen nuen, eta konturatu nintzen ez zegoela Arrasateko albisterik. Erronka gisa hartu, eta eskutitz bat bidali nuen, 1974an. Bada, argitaratu egin zuten, eta poliki-poliki hasi nintzen gehiago idazten.

Azkenean, Euskal Idazleen Elkartearen sorreran egon zinen.

Garai hartan euskal idazleen profesionaltasuna bermatu behar genuen, idazleek liburu bat idaztea eta beren eskubideak bermatzea ezinaren hurrena zen. Estruktura baten beharra zegoen, idazleen aldetik zetorren indarrari bide emateko. Horregatik sortu genuen elkartea, 1982an. Uste dut lortu genuela euskal idazleak erdal idazleen neurrira jasotzea, eta ordena pixka bat jartzea. Gainera, sortzaileok —Txillardegi, adibidez— euskal kulturaren alde lan asko egindakoak ginen, eta sinesgarritasuna ematen genuen.

Are, osasun egoera honek eragin du kulturgileengan ere.

Profesionaltasunaren aldetik, uste dut, profesio guztietan bezala, egoerak jipoitu egin dituela profesionalak eta hortik sosak ateratzen dituztenak. Kulturaren sektorea ez ezik, beste hainbat arlo ere jipoitu ditu egoerak, baina sortzaileena sektorerik defizitarioena da, katearen mailarik ahulena. Gainera, egileek ez dute agintzen, kudeatzaileak baitaude gainetik: editorialak, argitaletxeak eta bitartekariak, azkenean. Profesionalek eduki beharko lukete sostengu bat, beraien nolabaiteko minimoak defendatzeko.

Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea ere izan zinen.

Euskal literaturaren munduan sona pixka bat nuenez, kultura sailburuordea izateko proposamena egin zidaten. Ez naiz izan inoiz politikoa, baina ibili naiz kudeaketa lanetan, eta horregatik eraman ninduten; kultura antolatu beharra zegoen. Garaikoetxearengandik zetorren ekimena, eta hor egon nintzen 1983tik 1985era. Kargutik kendu zuten ondoren, eta ja ez zuen zentzurik nik hor jarraitzeak. Gainera, ez nengoen ados kargugabetzearekin, eta joan egin nintzen.

Nolakoa zen orduko Jaurlaritza?

Gauzak ilusioz egiten genituen, eta alde horretatik uste dut atzera egin dugula kulturaren kudeaketan, baina ez kulturan. Esate baterako, ezin dut ulertu gaur egun dugun Euskal Telebista, eta batez ere lehen katea; kaskarra eta txarra da. Edukiei dagokienez oso defizitarioak dira, eta behar da halako injekzio bat, indarra berreskuratu eta kalitatezko telebista bat egin ahal izateko.

Zeintzuk dira injekzio horiek?

Momentu honetan ja ez naiz gai aholkatzeko zeintzuk diren injekzioak, eta uste dut gazteei eman behar diegula bidea. Jada ez dut aholkurik ematen, bakoitzak jar dezala mahai gainean berak nahi duen onena, baina ni erretiratuta nago. Halere, uste dut jendeak badakiela injekzio hori sartu behar dela; beraz, egongo da nor asmatuko duena horiek zer nolakoak izan behar diren.

Gazteek egin behar dute indarra?

Fedea daukat indar berriak datozela, eta horiek irauliko dutela edo jarriko dituztela beste adreilu batzuk behar dugun eraikinean.

Azken urteetan ere lanean aritu zara, Barandiaran fundazioaren gidaritzapean, hain zuzen.

Eusko Ikaskuntzatik erretiratzear nengoela proposatu zidaten sortu zuten fundazioko presidentetza hartzea, lotura eta harremana mantentzeko. Zortzi urtez aritu naiz bertan, eta ohorea izan da Barandiaran moduko pertsona bat ordezkatzea. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Orain, deskantsua.

Carpe diem esaten zuten klasikoek; bizi ezazu momentua ahalik eta hoberen. Horixe egiten saiatuko naiz, bizitzako momentu oro aprobetxatzen. Blogak elikatzen jarraituko dut, eta irakurleekin zuzeneko interakzioa edukitzen. Gainera, orain inoiz baino askatasun gehiagorekin ari naiz lanean. Kudeatzailea nintzenean preso nengoen, eta ezin nezakeen esan sentitzen nuen guztia, ondorio bat edo beste ekar zezakeelako, baina orain ez daukat lokarririk eta autozentsurarik; nahi eta sentitzen dudana esan dezaket.

BERRIAn argitaratua (2020/05/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA