astekaria 2020/05/22
arrowItzuli

iritzia

Batetik bira

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga

Batetik bira

Normaltasun zaharrean ukatua nion lekua berreskuratu du telebistak orain, gure etxeko normaltasun berrian. Loaren desorekan bere aletxoa ipintzen du astelehenero, eta poztxo bat ematen digu afaldu bitartean. Poz erreala dela esango nuke gainera, azkenaldian sentitu dudan errealenetarikoa, entretenimendu dibertigarri baten zain egotearen ilusio hori eta astebetez itxaroteko pazientzia, zer zen ere oroitzen ez nuena. Berriro irakurri dut paragrafo hau eta... tristea da, gero.

Baina tira, astelehen gaua da, 22:00ak. Bi zenbakiren artean saltoka pasatuko ditugu datozen orduak, 1aren eta 2aren artean. Bata RTVE 1 da; Masterchef sukaldaritza programa eskaintzen dute ordu honetan, saio ezin klasistagoa eta espainiar-nazionalistagoa, lehenengo denboralditik jarraitzen dudana urtez urte, nahiz eta sofatik oihu egiten diedan eta alferrik sumintzen naizen espainiar armadaren pabiloietan edo zezen-plazetan kozinatzen dutenean. Badakit zer den RTVE; beraz, sukaldaritza teknikak mirestera mugatzen naiz, kito. Eta bigarrena ETB2 da; El conquistador del Caribe, berrogeialdiak bultzatuta estreinakoz ikusten hasi naizen programa, euskaldunak gazteleraz berbetan ipintzen dituen eta emakumeen gaitasunekiko gutxiespen etengabea eta gizonen arteko aliantza ereduak bistaratzen dituen aurrekontu zabaleko reality hori. EAEn oso gutxi banatu zituztenez, ez daukat audimetrorik; beraz, erruduntasunik ere ez.

Batetik bira, bitik batera. Euskaldunak espainolez eta espainolak espainolez; Kariben batzuk, Madrilen besteak. Eta bat-batean, hara! Hori Bermeo da eta! Masterchef-eko lehiakideak Euskal Herrian izan ziren, antza. Auzolotsaren eta haserrearen neurgailuak prestatzen ditut instintiboki, astelehenero bezala. Bat: «Gaur Bermeoko arrantzale eta saregileentzat kozinatuko duzue». Bi: euskaldunak lokatzetan borrokan, gazteleraz. Bat: «Zuei esker da gure gastronomia hain ezaguna eta famatua mundu osoan». Bi: Kariben lehiakideak euskarara igarotzen dira eraginkortasuna, umorea, emozioak adierazi behar dituztenean, baina kameren presentziak edo agian grabatu ez duten aginduren batek gaztelerara itzularazten ditu. Bat: «Eta postrerako, mamía». Bi: Conquis-eko lehiakide batek proba osoa euskarazko aginduak emanez pasatu du, pare bat minutuz posible eginez reality garesti bat euskaraz. Bat: Jordi Cruz sukaldariak bermeotarrak agurtu ditu euskarazko esaldi ohi baino luzeago batekin: «Orain bai, agur esan behar. Eskerrik asko bihotzez, eta beti arte». Bi: irabazleek ikurrina haizatu dute Kariben.

Amaitu dira programak, ilundu da gure egongela, eta oraintxe, Karibe, Bermeo eta Madrilen arteko maldiziozko hirukiak irentsi duen sofan eserita, ez dakit nor naizen, ez zer den euskaldun izatea. Dakidana da zer den euskalduna Espainiatik begiratuta, eta zer den euskalduna Espainiara begira. Baina zer da euskalduna Euskal Herrira begira, non ote dago espezie arraro hori, inoiz ez aski interesgarria pantailarako? Biharamunean jakin nuen Oreina filma eskaini zutela ordu berean ETB1en, batetik bira, bitik batera nenbilela, oroitu nuen badela beste bat bat, dagoeneko aukerarik ere ematen ez diodana, eta hautatu dudala euskara tantaka jasotzea beste kateetatik, eskerrik asko-ka eta gabon-ka, eta jasaten ikasi dudala Espainiako begirada eta auzolotsa maila konstante bat, besterik barik, dibertigarriagoa zaidalako, eta telebista horrexegatik pizten dudalako astean behin, dibertsioagatik. Berriro irakurri dut paragrafo hau eta... tristea da, gero.

ETB munstro erraldoi eta mantso bat da; beti irudikatu izan dut matxuratutako plater hegalari bat bezala, aspaldi zelai arrotz batean eroria, jada ez dakiena bereizten zein den bere jatorrizko mundua. Aldaketa txikienak ere lorpen gisa bizi dituzu barruan zaudenean. Langile batzuen urteetako ahalegina nekaezina da, baina dikotomia hau hilgarria da euskal telebistarentzat. Ez da euskarazko proposamenetan sinesten, edo, bestela, ez zaie garatzeko aukerarik ematen, eta lehenengo audientzia baxuarekin kondenatzen dira (hau da, beti). Hainbestetan igaro dira batetik bira, orain alferrik dela ematea batari bira, bia delako bat eta bakarra.

BERRIAn argitaratua (2020/05/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA