mundua
Ezkerraren erreferente bat
Iosu Alberdi - Ander Perez Zala
Espainiako ezkerraren buruzagirik garrantzitsuenetako bat izan zen Anguita, 1989an IU Izquierda Unidaren lidergoa hartu zuenetik. Trantsizioarekin oso kritikoa izan zen beti, eta euskal gatazkaren konponbidearen alde agertu zen. Kordobako (Espainia) Reina Sofia ospitalean hil zen atzo, iragan astean bihotzeko bat izan ondoren. Aurretik hainbat aldiz operatu zuten bihotzetik, 1999an eta 2009an; bihotzeko bat izan zuen 1993an, eta beste bat 1998an.
Lanbidez irakaslea zen, eta frankismoaren azken urteetan PCE Espainiako Alderdi Komunistako kide egin zen. Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ostean, Anguita kritiko izan zen trantsizioarekin: adierazi zuen «iruzur bat» izan zela, «frankismoaren interesak salbatzeko» baliagarria izan zena.
Garai hartan egin zuen salto instituzioetara. 1979an, alderdiaren hautagaia izan zen Kordobako udal hauteskundeetan. Irabazi, eta Espainiako probintzia bateko hiriburua eskuratu zuen lehen buruzagi komunista bilakatu zen. Orduan ezarri zioten Kalifa gorria ezizena.
Haren gidaritzapean lortu zituen IUk ere bere emaitzarik arrakastatsuenak. 1988an, PCEko idazkari nagusiaren kargua eskuratu zuen, eta urtebete geroago, IUko koordinatzaile nagusiaren postua. Urte hartan iritsi zen Anguita Espainiako Kongresura, baina hurrengo bi hauteskundeetan lortu zituzten emaitzarik onenak. Bi milioi bototik gora jaso zituzten 1993ko eta 1996ko Espainiako Kongresurako bozetan: 21 diputatu bigarrenean.
«Programa, programa, programa», izan zen beti haren leloa, eta unean uneko akordioak adostearen aldekoa zen, batez ere PSOErekin, nahiz eta hura ez zuen ezkerreko alderditzat hartzen.
Politikatik kanpo
2000. urtean, bihotzeko arazoen ondorioz, Anguitak IUko koordinatzaile nagusiaren kargua utzi zuen, eta orduan hasi zen koalizioaren gainbehera; 2008an bi diputatu bakarrik lortu zituzten, Gaspar Llamazares buruzagi zela.
Azken urteetan, lehen lerroko politikagintzatik aldenduta aritu da, baina guztiz utzi gabe. Besteak beste, Kataluniako independentzia prozesua izan zuen hizpide Anguitak; buruzagi politikoak espetxeratzearen aurka agertu zen, eta argi adierazi zuen bere ustez preso politikoak zirela horiek.
Prometeo analisi politikorako kolektiboko kide zen, eta talde haren bideo batean egin zuen azken agerraldi publikoa, COVID-19aren garaiotan, «lasaitasuna eta hausnarketa» eskatzeko.
Bakea eta Demokrazia Euskal Herriarentzat agiriaren sinatzaileetako bat izan zen Anguita, 2012. urtean. Haren bidez, hainbat pertsona esanguratsuk Espainiako Gobernuari eskatu zioten espetxe politika aldatzeko, Sortu legeztatzeko, ETAk eta Espainiak elkarrizketak egiteko eta bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoari ekiteko. Izan ere, euskal presoei ezarritako urruntze politika kritikatu zuen IUko koordinatzaile ohiak, «senideak zigortzen dituelako». Jada ETA desegindakoan, Espainiako hainbat alderdik Euskal Herriko egoeraren inguruan zuten ikuspuntuarekin oso kritiko agertu zen: «Askotan uste dut PPk negar egiten duela ETA desagertu delako», adierazi zuen 2018an.
Aurretik ere adierazia zuen halako zerbait, 2012an, BERRIAk eginiko elkarrizketan: «Bakea egin da armak eten direnean; eta armez ari naizenean, guztiez ari naiz, ETAk erabiltzen zituenez eta besteek ere bai, garai bateko haiek, itzultzeko desiratzen zeudenak; haiei ez zaie gustatu ETAk armak uzterik. ETAren aurka hobeto bizi dira».
GAL ere izan zuen hizpide elkarrizketa hartan, eta garbi adierazi zuen Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak haren berri bazuela: «Bere garaian esan nuen nire ustez Gonzalez zela X, eta ez dut kontrakorik esan orduz geroztik».