astekaria 2020/05/22
arrowItzuli

kirola

BALOIA BERRIZ PUZTUKO DUTE

Aitor Manterola

BALOIA BERRIZ PUZTUKO DUTE

Futbol profesionalaren negozio ereduak diru asko behar du, eta orain, COVID-19ak ekarritako krisiaren eraginez, lehorra dago kluben diru iturria. Tantarik ez da ateratzen, sartu ere ez zaielako egiten. Nola partidarik ez dagoen, telebista eskubideengatik dagokien kopuru mardula jaso gabe daude, eta zaleen ingurutik datozkien diru sarrerak ere ez dituzte. Baloia pixka bat hustu zaie klubei, eta ezinbestekoa zaie lehia, puzten hasteko. Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zituen lehiari berriro ekiteko baldintzak; bigarren fasean —printzipioz maiatzaren 25etik aurrera—, partidak jokatzen hasteko aukera izango da, baina ateak itxita eta publikorik gabe. Taldekako entrenamenduak ere baimenduko dituzte, «osasun egoerak uzten badu». Arnasa izango da klub askorentzat. Eta puztualdi horretan, ia klub guztientzat ezinbestekoa izango da telebista eskubideen truke jasotzen duten dirua. Lehia hasten bada, diru sarrera hori bermatuta edukiko dute, zaleengandik datorren guztia jasotzen hastea oraindik posible ez bada ere. Hortik etorriko zaie indarraldi ekonomikoa berriz, eta baloia puzteko moduan izango dira berandu baino lehen, nahiz eta aldaketa batzuk izango dituen negozio ereduak.

Diru sarrerak jasotzen hasteko nahi dute ligek eta klubek kosta ahala kosta lehiari berrekin. Baina denen diru sarrerak ez dira berdinak, eta, batzuek telebistetatik baino diru gehiago jasotzen dutenez zaleen inguruan antolaturiko negozioetatik, klub horiek besteek baino gehiago sufrituko dute krisi honen eragina, lehia berriz hasita ere. Gorka Leunda (Donostia, 1975) kirol aholkularia da Avento Kirol Aholkularitza enpresan, ekonomialaria ikasketaz, eta eskarmentu handia du futbolean eta kirolean. Diru sarrerez, uste du talde handiek gehiago pairatuko dutela krisi hau: «Lehia berriz hasten bada, telebisten dirua bermatuta daukate, zalerik gabe bada ere. Baina paradoxa bat dago hemen. Klub handienek, Bartzelonak eta Real Madrilek, adibidez, telebistatik jasotzen dute diru gehien, baina haien diru sarreretan batezbesteko txikiena da telebistena, zaleengandik sartzen zaien dirua gehiago delako. Klub horiek dira orain kaltetuenak. Klub txikiak, berriz, ondo aterako dira krisi honetatik, telebisten diru sarrera aurrekontu ia osoa delako kasu batzuetan».

Paradoxarena honela azaldu du Leundak: «Berez, eredu sendoagoa da autofinantzaketa, telebistena baino, eta klub handiak eredugarriak dira alde horretatik, telebisten negozioa erortzen bada hondoa jotzeko arriskurik ez daukatelako». Baina gertatuko al da hondamendi ekonomiko hori? Leunda ezezkoan da: «Telebistak aterako dira irabazten orain, eta, nola zaleek ezingo duten zelaira joan partida bertatik bertara ikustera, telebistako ikusleak edo bezeroak asko ugarituko dira. Futbolaren negozio eredua ez da aldatuko, baizik aberastasuna eskuz aldatuko da».

Balizko egoera horretara heldu aurretik, ordea, ukaezina eta zalantzarik gabea da kluben diru sarrerak gutxitzeak hainbat ondorio eragingo dituela. Fitxaketen merkatuari erreparatu dio Leundak: «Klubek konpromiso jakin batzuk dauzkate jokalariekin, kontratuen bidez. Espainiako Ligan, LFPk muga bat jarria dio talde bakoitzari jokalarien soldaten batura hortik gora ez igotzeko. Baina orain, diru sarrerak gutxituta, klubek agian ezingo diete jokalariei ordaindu agindua dietena, eta horrek jokalariak saltzera behartuko ditu. Baina ez nahiko luketen prezioan, eskaintza baino txikiagoa izango delako eskaria».

Klub handiek oraingo diru sarrerak berriz eduki ahal izateko, ezinbestekoa edo oso garrantzitsua izango da autofinantzaketa berreskuratzea, baina, Leundak dioen bezala, «hori zaleak zelaietara itzultzean gertatuko da». Bitartean, beste ate batzuk aurkitu beharko dituzte klub horiek diru sarrerak bermatzeko, eta telebista eskubideei helduko dietela uste du: «Egoera honetan, eta fitxaketen merkatua aldatzen hasten bada, klub handien eta txikien arteko aldea murriztu egingo da, eta lehia berdindu. Hori ez dute onartuko klub handiek, eta, autofinantzaketa bere onera itzuli artean, telebista eskubideen tartatik zati handiagoa eskuratzen saia litezke, duela urte batzuetako ezberdintasunak berreskuratzeko». Orain, telebistatik gehien jasotzen duten taldeek 2 edo 2,5 aldiz gehiago biltzen dute gutxiena jasotzen duenaren aldean, eta duela urte batzuk, ezberdintasuna 1 eta 7 artekoa zen. «Horretara itzuli nahiko dute klub handiek, eta, etorkizunean, esparru horretan ikusten dut nik jokatuko dela futbolaren borroka handiena».

Balizko egoera horretara heldu bitartean, klub batzuek beste hautu batzuk egin dituzte diru sarreren galera orekatzen saiatzeko, eta aldi baterako enplegu espedienteak erabili dituzte zenbaitek. Euskal Herriko gizonezko taldeen artean, Alavesek egin du hori, klub apal batek. Handienetakoa den batek ere gauza bera egin du, baina: Bartzelonak. Leundak gogoeta hau egin du erregulazio espedienteen inguruan: «Garrantzi handiagoa dauka jokalariekin akordioa egiteak soldata jaisteko. Onura ekonomikoa baino gehiago, irudi aldetik galera sortzen die klubei. Irabazi asko eduki eta ABEE eskatzea egoera honetan, eta fitxaketak egiteko asmoak dituztela jakitea, ez zait ondo iruditzen, nahiz eta legea alde izan. Legeak aldatu beharko lirateke». Kezka klubetako langile arruntek sortzen diote: «Gehiago kezkatzen nau langile soilen egoerak. Askoz ere arruntagoak dira. Kontraesan handiak daude klub handi horietan, gizartearentzat erreferente dira edo bilakatu nahi dute, eta gauza horiek zaindu egin beharko lituzkete».

Leundaren hausnarketak entzunda, ez du ematen futbolaren negozio eredua aldatu egingo denik: «Beti bezala jarraituko du diru aldetik. Beherapen handirik ez da egongo. Gizonezkoen futbolak beti izan ditu pribilegioak beste kirol eta sektoreen aldean, dirutza handiak mugitzeko, eta halaxe jarraituko du. Osasungarria litzateke hala ez izatea gizarte aldetik, baina ez da gertatuko. Epe laburrera ez, eta luzera ez zait iruditzen ezer aldatuko denik». Etxeko lanak jarri dizkie klubei egoera honetan: «Hausnartu egin beharko da honek guztiak nolako aldaketa estrukturala ekarriko duen. Aurrea hartu behar zaio etorkizunari, eta horixe egin behar lukete klubek. Uste dut horretan ariko direla».

Kluben ikuspegia

Fran Canal (Ourense, Galizia, 1966) Osasunako zuzendari nagusia da duela bost urtetik, eta, futbolaren etorkizunaz galdetzen zaioenean, ziurtasuna eta ziurgabetasuna, biak erabiltzen ditu erantzunetan. «Batek daki eredu honetan sartuta jarraituko dugun ala ez», esan du, alde batetik. «Negozio eredu hau sendoa da», bota du, bestetik. Ziurgabetasuna antzematen zaio kudeatzaileari, eta kezka ere bai, egungo egoera nolakoa den kontatzen hasi denean, garbi azaldu baitu nola dauden klubak: «Arazoa da erori egin zaigula hau dena: ez gara aritu entrenatzen hainbat astetan, partidarik ez da jokatzen, txarteldegirik ez daukagu, bazkiderik ez... Futbolaren mundua geratu egin da». Dena dela, kezkari azkar eman dio konponbidea: «Martxan jarri baino ez da egin behar, ez da besterik».Telebista eskubideen garrantzia nabarmendu du segituan: «Telebistarik gabe ez zen egongo futbolaren negozioa gaur egun dagoen bezala. Futbolaren munduak telebista behar du: oso eragile garrantzitsua da. Talde askotan, diru sarreren zati bat da». Ez du uste burbuila bat denik telebisten negozioa: «Jokalariek diru zati handi bat kobratzen dute, klubek diru gehiago jasotzen dugulako telebistetatik. Hainbeste ordaintzen badigute, telebistek ere dirua irabazten dutelako ordaintzen digute. Atzean ezer ez dagoenean bai, orduan da burbuila. Higiezinena hala izan zen, jendea espekulatzen zebilelako milioika etxeren atzean Beste kontu bat da ona edo txarra den, edo puztuta dagoen, gehiegi ordaindua den edo ez. Baina sekula ez da burbuila izango, oinarri sendoa duen negozio bat baita». Gehiegi ordaintzen den galdetuta, hauxe izan da erantzuna: «Gehiegi ordaintzea zera da, balio duen baino gehiago ordaintzea. Eta zenbat balio du? Jendea ordaintzeko prest dagoena. Printzipio ekonomikoak dira».

Telebista eskubideen dirutzak jasotzeari kirol justifikazioa eman dio: «Telebista eskubiderik gabe, orain 40 urte bezala, futbola egongo zen. Ez, ordea, taldeak oraingo mailarekin, beste herrialde batzuetako taldeek jokalari on guztiak kenduko zizkigutelako».

Klubek hilero kobratzen dute telebistaren dirua, denboraldi osorako tokatzen zaien kopuru horretatik, eta baliteke talde batzuk larri ibiltzea gastuei aurregiterako orduan. Canalen ustez, baina, LFPk ondo lotuta dauzka kontu horiek: «Garbi dago krisi hau gertatu ez balitz arazorik ez genukeela izango. Baina ezin gara neurriz kanpo ibili gastuetan, ligak baimena eman gabe, kontrol zorrotza ezarria duelako».

Neurriak zorrotzak izanagatik ere, garbi dago lehia berriz hastea ezinbestekoa dutela klubek, eta hori onartu egin du Canalek: «Ez bada jokatzen, ez dugu ekoitziko gure produktua, eta gure bideragarritasuna zalantzan egongo da, ez da bermatuta egongo». Beste kontu bat da zaleak noiz itzuli ahal izango diren zelaietara: «Ez naiz aditua horretan, eta ezin dizut esan noiz jokatuko dugun berriz zaleekin». Ahalik eta lasterrena izatea gustatuko litzaioke, «zaleen presentziak eta partidak bizitzeko moduak egiten duelako ezberdin futbola». Baina ezin ahaztu arlo ekonomikoa ere: «Azkenean, Espainiako barne produktu gordinaren %1,4 da futbolarekin lotura duen guztia, eta horregatik, pixkanaka, nolabaiteko normaltasun batera itzuli beharko dugu».

Zaleak itzulita ere, krisiaren erasoak lehengo gaitasun ekonomikorik gabe utziko ditu zale gehienak, eta horrek eragina izango du futbolaren barruko prezioetan. Osasunaren kasuan, ondo moldatuko dira egoera berrira, Canalen ustez: « Gu beti bizitzaren neurrira egokitzen gara, eta ardura dugu gure jendearekin. Gure bazkideengan pentsatuko dugu, Osasuna bazkideena baita». Elkarri laguntzeko borondatezko ekintza klubeko langile guztiek ere egin dute, ABEE ez ezartzeko: «Langile guztiok jatsi dugu soldata, %5 soldata txikiena dutenek, eta %20 jokalariek, kirol zuzendariak eta nik. Honek funtzionatzen jarrai dezan egin dugu; saiatu egin behar genuen langileek bermea izan genezan proiektua ez erortzeko, eta, jakina, lanpostuak ez galtzeko. Oraingoz, eusten ari gara».

«Futbola ez da eredugarria»

Krisi garai honen aurretik entzuten zen futbolaren negozio ereduaren aurkako ahotsik, eta iritzi hori dutenei bost axola krisiak kirol horren oraingo jarduna ere aurrean eramatea. Krisiak areagotu egin du kontrako jarrera, nola litekeen halako dirutzak ordaintzea jokalariei, nola den posible klubei telebistak dirutza handiak ematea, edo zer arraio den jokalari bat fitxatzeko 100 milioitik gora ordaintzea, eta abar. Kopuruak beldurtzekoak direla ezin da ukatu: Euskal Herriko 1. Mailako taldeen denboraldi honetako datuak batzen badira, 417 milioi euro, eta Lehen Mailako guztien kontuan hartuta, 4.000 miliotik gora. Aurreko denboraldian, Europako bi liga handienek, Espainiakoak eta Ingalaterrakoak, 3.876 milioi euro jaso zituzten telebista eskubideen truke. Mundu osoan iaz, 7.000 milioi dolar gastatu zituzten klubek fitxaketetan. Aldiz, gizartean beharrezkoa den osasungintzan, esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurtengo aurrekontua 3.941 milioikoa da.

Futbolaren negozioa zilegi den edo ez, horra galdera. Erantzun azkarra eman dio Juan Aldazek (Donostia, 1979), EHUko soziologoak: «Zilegi izan edo ez, horixe da errealitatea, eta, gainera, ez da aldatuko». Halako dirutzak erabiltzearen atzean gizartearen zaletasuna dago, jendeak ematen duen diruarekin osatzen baitira neurri batean hain kopuru handiak. Nola liteke langabezian dagoen herritar batek milaka milioi irabazten dituen jokalari bat mirestea? Aldazen ustez, «agian, behar ditugu horrelako idoloak, eredutzat hartuak direnak, baina eredu ez direnak. Azkenean, futbolariek bizimodua errazten digute; zuri eta beltz aukera egiteko baliagarriak dira, eta gizakiok behar hori badaukagu. Partidara zoaz, eta kirola bera oso oinarrizkoa da, baina jendeari gustatu egiten zaio. Ongizatea behar du zaleak, eta futbolak ematen dio hori». Soziologoak uste du futbola gizartearen ispilua dela: «Gure dinamika hau da: gehiago gehiago da. Errendimenduko kirolean oso iltzatuta dago citius, altius, fortius delakoa».

Gustatuko litzaioke futbolaren eredua beste bat izatea, baina ezkorra da Aldaz: «Eraldaketa egoteko aukera dagoen garaiotan, ez da eraldatuko, eta ez da pizgarria izango. Globalizazio oldarkorra, kontsumismorik indartsuena, eta osasungarria ez den kirol jarduera irudikatzen ditu. Masa ikuskizun izango da aurrerantzean ere». Autokrikitika eskaria egin dio gizarteari: «Ogia eta zirkua da boterearentzat futbola, baina manipulaziorena ez dadila aitzakia izan, norbere ardura ere badelako, baita beste ikuskizun mota bat ez bultzatzea ere».

BERRIAn argitaratua (2020/05/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA