iritzia
Emakume gobernuburuak eta koronabirusa
Arantxa Elizondo
Hasteko, zaila da krisiaren kudeaketa arrakastatsua zer den definitzen. Jakin badakigu datuak ez direla neutralak eta hainbat ondorio erakutsi ditzaketela: gaixo eta hildakoen kopurua, biztanleen araberako heriotza-tasa, kutsatze abiadura, ospitalean dauden pertsonen kopurua, zenbat diagnostiko test egin diren, zainketa intentsiboen ohe kopurua, kutsatutako osasun langileen zenbatekoa eta abar. Oraindik ez dakigu epe ertain eta luzera zein estrategia motak izango duen emaitza eraginkorragoa, konfinamendutik ateratzean etor daitekeen gaixo olatuaren beldur izaten jarraitzen baitugu. Muga horiekin guztiekin, esan dezakegu hainbat herrialdek datu orokor hobeak erakusten dituztela, eta haien artean adibidez hauek daudela: Islandia, Norvegia, Danimarka, Finlandia, Alemania eta Zeelanda Berria. Sei herrialde horietan gobernuburua emakumea da.
Puntu honetan, emakume lider politikoen mundu mailako datuak ikustea komeni da: Inter-Parliamentary Union erakundearen arabera, 2020an 193 estatutik bakarrik 12k dute emakume bat gobernuburu; guztira, %6,2k. Hori azpimarratzeko moduko lehen datua da; izan ere, nahiz eta emakumeen presentzia politikoa azken hamarkadetan nabarmen areagotu den, hazkunde hori batez ere parlamentuetan eta ministerio mailan gertatu da, goi mailako exekutibo lidergo postuetan presentzia oraindik ere oso txikia baita. Emakumeek egiten duten kudeaketa politikoaz aritzerakoan, datu deigarri horrek mugak jartzen dizkigu, hain kopuru txikiarekin ondorioak ateratzea ez baita fidagarria.
COVID-19aren izurria aldagai ugariz jositako fenomeno konplexua da oso. Herrialde batzuek besteek baino adierazle hobeak zergatik dituzten jakiteko balorazio sakona egin beharko genuke. Hipotesi nagusia da gizarte babeserako sistema zabala eta sendoa, kalitatezko osasun sistema unibertsala barne duela, funtsezkoa dela pandemiaren aurka emaitza onak lortzeko. Arestian aipatutako herrialdeak horren adibide garbiak lirateke. Bestelako faktore sozial eta kulturalek ere eragina dute birusaren hedapenaren tamaina ulertzeko: ezaugarri demografikoak, hirien tamainak eta mugikortasunak, aisialdirako ohiturak, belaunaldien arteko harremanak, etxebizitzak nolakoak, konfinamendu neurriak errespetatzeko modua eta abar. Beraz, zentzugabekeria litzateke kausa-efektu erlazioa finkatzea aldagai bakan baten esku, alegia, emakume gobernuburu izateak herrialde horretan COVID-19aren kudeaketa arrakastatsua dakarrela esatea.
Badira lider horiek, emakume izateaz gain, partekatzen dituzten beste ezaugarri batzuk ere. Esaterako, Islandiako, Danimarkako, Finlandiako eta Zeelanda Berriko gobernuburuak gazteak dira -politikarien batez besteko adina kontuan hartuz behintzat-, 40 urte inguru baitzuten kargura iristean. Muturreko kasua Finlandiako 34 urteko Sanna Marin da, munduko lehen ministrorik gazteena. Lau emakume horiek ezkerreko esparru ideologikoan kokatutako alderdietakoak dira (sozialdemokrata, laborista edo berdea). Bestetik, estatu horien sistema politikoek osagai nagusi batzuk ere antzekoak dituzte: egun, Islandiako, Norvegiako, Finlandiako eta Zeelanda Berriko gobernuak koalizioak dira, eta erabakiak hartzean akordioak bilatzeko ohitura zabala dute. Gainera, kasu guztietan oposizioak jarrera konstruktiboa agertu du krisi honetan, gobernuaren erabakien zilegitasuna indartuz eta gauzatzea erraztuz. Horrenbestez, politikaren emaitzaren eta emakume lidergoaren aldagaien artean, harremana aurkako noranzkoan izatea errazagoa da; hau da, ezaugarri sozial eta politikoek ahalbidetu dutela gizarte horietan emakume bat gobernuburu izatea.
Dena den, badago arlo bat non argiago ikus daitekeen gobernuburua emakumea izateak ekar dezakeen aldea: komunikazio politika. Izurriari aurre egiteko, herritarren portaera da gakoa, eta, herritarren eskubideak eta askatasunak murriztu diren honetan, funtsezkoa da erabaki politikoak modu egokian adieraztea, hau da, gardentasunez azaltzea nola hartu diren, zer-nolako irizpideetan oinarrituta eta zer helbururekin. Emakume gobernuburu horiek komunikazio estilo hurbilagoa, zuzenagoa eta apalagoa erabili dute, egungo egoerari hobeto egokitzen zaion modua. Oso litekeena da hainbat gobernuburu gizon ere antzeko komunikazio estiloa garatzen aritzea, baina egia da sei emakume horiek enpatiatik hurbil dagoen doinu bat lortu dutela komunikatzeko moduan, beste lider askoren hizkuntza sasibeliko epiko heroikoa baztertuz, Churchill estilo hanpatutik nahita urrunduz.
Emakume lider politikoek badakite zenbaterainoko eragina duen genero rolen sozializazioak herritarren pertzepzioan. Edozer egiten dutela ere, askotan esanahi sinboliko baten zama daramate: historikoki emakumeen ardura izan den pertsonen zaintzarekiko hurbiltasuna. Zainketen gizarte balioa azpimarratzen ari den honetan, akaso zama hori abantaila politikoa bilaka daiteke lehen aldiz. Nahiago nuke Churchillen imitatzaile harroputzak odola, esfortzua, izerdia eta malkoak alde batera utzi eta emakumeen ekarpenak aintzat hartuko balituzte.