ekonomia
Estatu haizea ekonomiarentzat
Irune Lasa
Estatu laguntzei buruzko Europako Batasunaren baldintzak eztabaidagai zeuden aurretik ere, koronabirusa iritsi baino lehen. EBko kideek -edo administraziok publikoek- ezin zituzten diruz lagundu arazoak zeuzkaten euren enpresak, zerga hobariekin edo parte hartzea nazionalizatuz. Hori lehiaren kontrakoa zen.
Egia da ere, askoren ustez, lehia ziurtatzeko araudi zurrunak kamustu egiten zituen aukerak Europako txapeldunak garatzeko. Ezinezkoa zen, oligopolio berriak bitarteko AEBetatik eta Txinatik zetozen erraldoiei aurre egiteko nahikoa tamaina izango zuen konpainiarik garatzea eta eratzea, esaterako, bat egiteen bideza. Sektore estrategikoak ziren salbuespena, eta horietan laguntzea ere oso baldintzatua zegoen. Margrethe Vestager Europako Batzordeko presidenteordea hasia zen gaia aztertzen. Koronabirusa iritsi arte
Egoeraren larriak, aldarazi egin du merkatu bakarren sinboloetako bat zen lehia babesteko araudia -maiz mugatzat jo izan dena hainbat enpresa salbatzeko Euskal Herrian bertan-. Oraintsu arte gogorra zen legeria denbora batez malgutzea onartu zuen Europako Batasunak, joan den martxoaren 19an.
LAGUNTZAK
Estatu laguntzak baimenduta egongo diren epea oraindik ez dago zehaztuta. Logikoa da, neurri batean, birusaren zabalkundearen gorabeherak tarteko, eta denbora tartea 2020ko abendura arte behintzat luzatuko da. Epe hori jarri zuten martxoan, baina azken moldaketan batzordeak birkapitalizaziorako laguntzen epea 2021eko ekainera luzatu du.
Batzordeak hasieran baimendutako laguntzak likideziari eta finantzaketari begirakoak izan ziren: laguntza zuzenak berebiziko eta berehalako likidezia beharra duten enpresentzat; ordainketak aurreratzea; zerga hobari selektiboak; estatuen eta administrazioen bermeak bankuek enpresei maileguak emateko; mailegu publikoak interes tasa mesedegarriekin; babesak estatu laguntza egiazko ekonomiara bideratzen duten bankuei; eta esportazioentzako epe laburreko aseguruak.
Apirilaren 3an, zuzenketa baten bidez, enplegua mantentzea helburu zuten zenbait laguntza ere baimendu zituen Europako Batzordeak, hala nola zerga eta kotizazioen geroratzea, eta soldata kostuetan parte hartze publikoa.
Maiatzean, berriz, batasuneko kideei baimendu egin die laguntza beharrean dauden konpainien kapitalean sartzea. Orain gutxira arte ia anatema zena -Emmanuel Macronen Frantziarentzat izan ezik, STX ontziolak nazionalizatzen utzi zioten- baimendu egin du Ursula von der Leyenen eta Margrethe Vestagerren batzordeak.
NAZIONALIZAZIOETARAKO BALDINTZAK
Joan den maiatzaren 10ean zehaztu ziren estatu laguntza horietarako baldintzak eta mugak, besteak beste, eragozteko inork ezohiko laguntza publikoa modu bidegabean erabiltzea. Hasteko, «2019ko abenduan krisian zeuden enpresarik ezingo da lagundu», eta birkapitalizazioa -kapitalean sartzea- soilik beste irtenbiderik ez dagoenean baimen- duko dute, «betiere interes komunaren» izenean.
Estatuaren esku hartzea behin-behinekoa izango da, eta, hori ziurtatzeko, estatuari atzera parte hartzea erosteko planak izan beharko dituzte konpainiek; gehienez sei urte enpresa handiek, zazpi urte besteek. Hori bai, estatua kapitalean dagoen bitartean, enpresa onuradunek «debekatua» izango dute dibidendurik banatzea eta akzio propiorik erostea burtsan. Estatuari bere partearen %75 erosi artean, «kudeatzaileen ordainsariak zorrotz mugatuko dituzte, eta, besteak beste, bonusak debekatu». 250 milioi eurotik gorako birkapitalizazio laguntzak ikuskaritza berezia izango dute Europako Batzordean.
PARADISU FISKALAK, EZ... ETA BAI
Estatuen laguntza jaso ahal izateko baldintzen artean, batasuneko herrialde batzuek jakinarazi dute egoitza paradisu fiskaletan duten enpresek ez dutela halako laguntzarik izango. Ez da erabat egia. Europako Batzordeak baimentzen die zerga ihesaren, zerga iruzurraren eta saiheste fiskalaren kontra egitea, azkenean estatu bakoitzak jar ditzakeelako Batzordearenak baino baldintza gogorragoak. Halako neurriak iragarri dituzte Belgikak, Danimarkak, Espainiak, Frantziak, Italiak eta Poloniak.
Baina baimena soilik batasunetik kanpoko paradisu fiskalei dagokie. Herrialdeek ezin dute paradisu fiskalen argudioa erabili laguntza ukatzeko egoitza fiskala EBko herrialde batean duten konpainiei, horrek merkatu bakarra hautsiko lukeelako. Beraz, Panama eta Kaiman Uharteak ez; Luxenburgo, Irlanda eta Herbehereak bai.
BALDINTZA BERDEAK
Koronabirusak ekarritako gainbeheratik suspertzeko modurik onena trantsizio ekologikoaren bidean sakontzea dela esan dute askok azken asteetan. Baina oraingoz, estatu laguntzen behin-behineko agertoki malguagoan, ez da baldintza berderik ezarri enpresentzat eta herrialdeentzat. Azken moldaketan, batzordeak aipatu du aurtengo urtarrilean jada adierazi zuela asmoa estatu laguntzako emateko irizpideak berrikusteko. Energiaren eta ingurumen irizpideak 2021ean ziren berrikustekoak, COVID-19ak dena aldatu aurretik.