gizartea
«Gertu izan arte ez dakizu zer den koronabirusa»
Paulo Ostolaza
Jesus Mari Gabilondok 69 urte ditu, eta haren alaba Nahikari Gabilondok, 42. Azken bi hilabeteetan pasatutakoaz hitz egin dute BERRIArekin, Internetez. Igaroak dira egun batzuk Jesus Mari etxera itzuli zenetik, baina oraindik horrela edo balkoitik kalera hitz eginez soilik aritu da seme-alabekin eta bilobekin: «Gustura emango nieke besarkada bat bilobei, baina iruditzen zait oraindik ez diedala eman behar». Orain, herritarrek koronabirusari beldurra galdu izanak kezkatzen du, «ez baita txantxetako kontua».
Ospitalera heldu zenerako, bi birikak hartuta zeuzkan Gabilondok, eta lasaigarriak eman eta ZIUan sartu behar izan zuten. Zortzi egun zeramatzan sukarrarekin, eta uste baino larriago zegoen. Nahikari erizaina da ikasketaz, eta ospitalera joaterako abisatu zion aitari ziurrenik pare bat egunez ospitalean geratu beharko zuela. Hala ere, ez zuen «inondik inora ere» uste ZIUan sartuko zutenik. Amak eman zion albistearen berri: «Aitarekin hitz egin zuela esan zidan, eta oxigenoa baxu samar zuela eta ZIUan sartu zutela esan omen zion; orduan lokartu zuten oxigenoa emateko, eta amari esan zion hurrengo egunean deituko ziola. Berehala hartu nion usain txarra kontuari... Laguna dudan mediku bati deitu nion, eta hark baieztatu zidan aitak amari ez ziola deituko hurrengo egunean. Aitortu zidan ez zekiela zer gertatuko zen». Orduan heriotza tasa %0 zen Donostiako ZIUan, baina lehen koronabirus kasuak iristen hasi berriak ziren. Txinako ZIUetan pazienteen %40 inguru hiltzen ari ziren.
MARATOIA
Nahikarirentzat, aita ZIUan egon zen egunak izan ziren gogorrenak. Egun haietan bizi izandako «sentsazio anabasa» bi hitzetan laburtu du: «Bakardadea eta beldurra». Aita lasaigarriak emanda zegoen ospitalean, ordenagailu bati konektatuta, eta argi utzi zioten ezin zuela ama bisitatu. «Izugarrizko antsietatearekin nengoen, beldurtuta, gaizki; baina senarra eta haurrak etxean nituen. Ama berdin zegoen, baina bakarrik eta gaixo», azaldu du alabak.
Dena den, hasieratik zekiten zer zetorkien gainera. Medikuak hala esan zien: «Hau maratoi bat izango da: prestatu. Hamar eta hamabost egun artean pasa daitezke esnatu bitartean». Ospitalearekin zuten harreman ofizial bakarra eguerdiro Nahikarik jasotzen zuen deia zen, baina lehen egunetan ez zioten informazio askorik ematen, aldaketarik ez zegoelako. «Oso gogorra da informazio falta hori, ondo dagoela dioen albistea jaso nahi duzulako, baina ez delako iristen».
Zortea izan dutela aitortu du, ordea, lagun min bat dutelako ZIUan lanean. Hark egunean behin baino gehiagotan deitzen zion, informazioa emateko baino gehiago, lasaitzeko: «Familiaren gertuko erizainak ere baditugu, eta haiek izan dira gure begiak eta gure eskuak».
ZAINKETA
Aita ospitalean zegoen bitartean, alabak hartu zuen ospitalearen eta gainontzeko senideen arteko bitartekari lanak egiteko ardura; tartean, amarenak ere bai. Adierazi duenez, agian hori izan da zailena: «Nik eman behar nien informazioa besteei, eta niri zegokidan haiek lasaitzea ere. Ez nuen indartsu izatea eta ez zegoen tokitik indarrak ateratzea beste aukerarik».
Amarekin ordu luzez hitz egin zuen: «Normalean hitz egiten ez dugunaz, gainera, sentimenduez: beldurrari buruz, bakardadeari buruz...». Egoera eramateko, errealitatetik gehiegi ez urruntzeko erabakia hartu zuten, eta hasieratik onartu zuten zer gerta zitekeen. Alabak horrela esaten zion amari: «Gertatzen bada ere, oso elkartuta dagoen familia bat gara, eta aurrera egingo dugu». Dena den, ez zion informazio guzti-guztia ematen -amak orain jakin du hori-; gauza batzuk gordetzen zituen, medikuekin adostuta.
BELDURRAK
Nahikarik bere umeekin izandako elkarrizketa batean laburbildu du egoera: «Aitona hil egingo ote zen galdetzen zidaten, eta, noski, nik ezin nien ezezkorik esan. Azaldu nien aitonak borroka egingo zuela eta medikuek ere ahal zutena egingo zutela». Umeek, orduan, zer egin zezaketen galdetu zioten: «Guk? Amona babestu; beste ezer egiterik ez daukagu orain».
Konfinamenduan debekatuta egon dira hiletak ere. Nahikarik lehendik ere esperientzia hori bizi izan zuen, senarraren izeba baten heriotza zela-eta, eta asko beldurtzen zuen aita horrela galtzeak: «Ezingo genuen merezi bezala agurtu, ama ezingo nuen besarkatu, anaiarengandik bi metrora egon beharko nuen...». Orduantxe jabetu zen koronabirusa pasatzen ari zirenak zer bizitzen ari ziren: «Jendeak horregatik ez du serio hartzen kontua, ez duelako gertuko kasurik izan; heriotza atean izateak ikuspuntua aldatzen dizu».
SENDABIDEA
Aita-alabek, biek, erietxeko langileen gizatasuna azpimarratu dute: «Haiek ere sufritu egiten dute, ikusten dutelako senideok ezin garela han egon, eta eurek ere ezin dietelako pazienteei nahi adina denbora eskaini».
Jesus Mari Gabilondok COVID-19a izan duten beste hiru gizon izan ditu gelakide ospitalean. ZIUtik irtendakoan, «solairu zikinera» igo zuten -oraindik negatibo eman ez duten pazienteak egoten dira han-, eta «xisko eginda zegoen» 45 urteko gizon batekin egon zen: «Hodiak jarrita zeuzkan, psikologoekin zebilen, sukarra zuen, eta medikuak sukar hori kendu ezinik zebiltzan».
PCR proban negatibo eman zuenean, berriz, 43 urteko beste gizon batekin jarri zuten gelan. «Hark 23 kilo galdu zituen; tronbo bat izan zuen ZIUan zegoenean; antikoagulatzaileekin zebilen; enbolia bat izan zuen, eta, dena ondo zihoala zirudienean, iktus bat izan zuen». Hala, koronabirusak izan ditzakeen ondorioak azpimarratu nahi izan ditu Jesus Mari Gabilondok: «Medikuek zer gertatuko zaigun ez dakitela ere esan digute».
BIZIPENAK
Botiken ondorioz izandako delirioak gelakideekin komentatu zituen, eta jabetu ziren denek antzeko ametsak izan zituztela: «Guztiok bahitu egiten gintuztela amestu genuen». Berak, «zorionez», argi zuen zer gertatu zitzaion, zein zen errealitatea, baina ez gelakideek. Erietxeko psikologoek pazienteei hori argitzea izaten zuten lan nagusietako bat.
Jesus Mari apuntatzen ari da bizi eta amestutako guztia, medikuek aurrerago galdetuko diotela esan baitiote. «Ia-ia ez dakite zer eman diguten ere», bota du, irribarrez: «Nahi zuten gauza bakarra gu bizirik irtetea zen».
Ospitalean bizi izandakoaren xehetasun gehiago ere kontatu ditu; adibidez, iktusa izan zuen gelakideak gau batean mediku laguntzaile batekin bizi izandakoa: «Laguntzaileak galdetu zion ea zer gertatzen zitzaion, eta pazienteak azaldu zion beldurra zuela. Orduan erantzun zion besteak: biok negar egiterik nahi al duk?». Hogei minutuz berarekin etzan, eta elkarrekin negarrez aritu ziren. «Erietxeko langileek dena eman dute, eta duen balioa eman behar zaio haien lanari».
Etxera itzultzean «izugarrizko lasaitasuna» sentitu zuen Jesus Marik. Oraindik, ordea, kontuarekin dabil. Alabak egunero kontrolatzen dizkio tentsioa, bihotz taupadak, tenperatura eta abar: «Oraindik badugu-eta beldur hori». Aitak defentsak ahul ditu oraindik, baina «lasai» dago, eta argi du aurrerantzean zer egin behar duen: «Berriz jaio banintz bezala hartu, eta bizitza aprobetxatu behar dut».
KEZKAK ETA ESKERRAK
Orain, ordea, leihotik ikusten duten horrek kezkatzen ditu gabilondotarrak. Jendeak birusari beldurra galdu diola ikusten dute, eta, «besteenganako errespetuagatik bada ere», arauei jaramon egiteko eskatzen diete herritarrei, ezarritako ordutegiak errespetatzeko eta distantziak gordetzeko. Nahikariren ustez, «birusa harrapatzea erraza da; konturatu gabe har dezakegu, eta ekar ditzakeen ondorioak izugarriak dira».
Politikarien jarrera ere kritikatu du Jesus Marik, haren ustez ospitaleetan ohe hutsak izatea ez baita nahikoa. «Ospitalean lanean izango nituzke egun oso batez, medikuak egiten ari diren lana ikus dezaten», esan du, amorruz. «Oheak izango dituzte, baina medikuak neka-neka eginda daude, oporrik gabe, eta behar baino lan ordu gehiago egiten».
Nahikarik ere ospitalean eta handik kanpo jasotako babesa eskertu ditu: «Izugarria izan da. Bereziki, ospitaleko langileei euren profesionaltasuna eskertu nahi diet, baita nire kuadrillako baten aitari ere gurekin izan duen jarrera; nik aitatzat eduki dut egun horietan, eta nire umeek aitonatzat. Gure ondoan zeudela adierazteko mezu bat bidali diguten guztiei eman nahi dizkiet eskerrak».