gizartea
Birusarekin erditzearen bakardadea eta beldurra
Irati Urdalleta Lete
Martxoaren 17an hasi zen dena, gizona COVID-19aren sintomak zituela konturatu zenean. Informazioa jasotzeko telefonora deitzea erabaki zuten, baina, ez zietenez erantzuten, 112ra deitu zuten. «Esan ziguten momentu hartan oso jende gutxiri egiten zizkietela probak, baina gure kasua ikusita, egingo zigutela». Banatzea gomendatu zieten, eta, bi urteko beste haurra hartuta, gurasoen etxera joan zen emakumea, eta bera etxean bakartu zen. Martxoaren 20an testa egin zioten, eta 21ean jakinarazi zioten positibo eman zuela. Hori dela eta, bikotekidea ere positibo bezala tratatzen hasi zirela esan du. «Testa egingo ziotela esan zioten, eta positibo bazen ezingo zuela umea hartu, eta nik ere ez».
Hilaren 23an zeukan ginekologoaren txanda. Kontsultan, ondorio batera iritsi ziren: onena umea momentu horretan edukitzea zen. Prestatutako erditze gela batera eraman zuten, eta Donostia ospitalean COVID-19a edukita erdituko zen lehen emakumea izango zela esan zioten proba egin zioten, eta positibo eman zuen. «Hor hasi ziren tratu desegokiak».
Nabarmendu du ez dutela nahi erizainen, medikuen eta beste inoren lana gutxietsi; justu aurkakoa, goraipatu egin nahi du. «Baina igartzen zen izugarrizko urduritasuna eta beldurra nire bikotekidearekiko tratuan, eta baliabide falta izugarria ere bai». Emakumea erditzeko gelan zegoela, emagin bat sartu zitzaion, eta denbora guztian «izugarrizko distantzia» mantentzen zuela ziurtatu du. Jasotako tratuaren adibide bat eman du: «Esan zion sakelakoa gainean zeukala, baina kargagailua ez, eta gustatuko zitzaiola jaiotzen zen momentuan nirekin kontaktatzea eta nik umea ikustea». Ezetz erantzun omen zion, ez zela beharrezkoa, «eta ezin zela atzera eta aurrera ibili.» Azkenean, ordea, lortu zuen.
Jaio orduko, eraman
17:20 aldera jaio zen umea, erditzea eraginda. Azaldu duenez, une horretan ginekologoa ere sartu zen gelara. Jaio orduko zilbor hestea moztu ziotela esan du, eta hori «oso txarra» dela, esaten baitute bi edo hiru minutu eduki behar dela, eta taupadarik ez daukanean moztu. «Umea gelaren beste alderaino eraman zuten garbitzeko; handik amari erakutsi zioten, eta berehala eraman zuten». Salatu duenez, amak ez zuen izan haurra ukitzeko aukerarik ere, eta berak sakelakoaren bidez soilik ikusi zuen: «Jaio zen momentuan deitu zidan, eta urrutira ikusi nuen umetxo bat, baina ez zuten detailea eduki sakelakoa hartu eta 'hau da zure semea' esateko ere».
Bakardadea da behin eta berriz errepikatzen duen sentimendua, eta ez erditzeko unean bakarrik, baita gerora ere. «17:20 aldera erditu zen, eta ez zitzaion inor sartu afaltzeko ordura arte». Orduan, emagina joan zitzaiola azaldu du, eta afaria eman eta tenperatura hartu ziola. Hark alde egin, eta gau osoa ere bakarrik pasatu zuen. «Esan zioten ez zeukatela baliabiderik sartu eta atera ibiltzeko eta bakarrik egon beharko zuela». Hurrengo egunean ere sentimendu bera izan zuen. «Txirrina jo zuen, komunera joan nahi zuelako, eta esan zioten ezin zirela sartu eta atera ibili eta atetik begiratuko ziola erizain batek, erortzen bazen jakiteko». Egun horretako gosarian eta bazkarian ere, bakardadea nagusi, janariaren erretilua atean uzten baitzioten: «Ohetik jaiki behar zuen, haraino joan, lurretik erretilua hartu eta ohera eraman jateko». Umea, berriz, jaioberrien gunean zegoen, gurasoen bisitarik jaso ezinda. «Esan ziguten guri alta eman arte ume hori ezin zela gurekin egon, eta pentsatzen joateko senitartekoren bat-edo umea jasotzeko».
Egoerak «berotuta», mediku ezagun bati galdetzea erabaki zuen. Bikotekidea eta umea etxera eramateko esan zion, «umea eta ama banatzeak epe luzera dauzkan ondorioak okerragoak izango zirelako hartutako neurrien onurak baino». Ama erditzetik 24 ordu bete baino lehen bidali zuten etxera. «Azkenengo aldiz ikusi nuenean, izugarrizko tripa zeukan, eta bat-batean etxera sartzen ikusi nuen triparik gabe, umerik gabe eta okertuta». Besarkatu eta negarrez hasi ziren. «Orduan konturatu ginen 'baina zertan ari gara? Merezi al du hau guztia horrela egitea?'».
Umea etxeratzeko «borroka» ere hasi zuten. «Ezetz esaten zuten, han geratu behar zuela, arrisku bat zela hori eta pandemia batean geundela». Azaldu duenez, 48 orduz han egon beharko zuela esan zieten, orpoko proba egin arte. Berriro ospitalera deitzea erabaki zuen, eta esan zien jaio eta 24 ordura egiteko proba, eta bere gurasoak joango zirela umearen bila. «Hasi ziren esaten komeni zela beste egun bat geratzea, berriro koronabirusaren proba egiteko, eta nik esan nien berdin zela egin ala ez; etxera zetorrela eta positibo ginela». Handik egun batzuetara, deitu egin zieten, esateko orpoko probako balio batzuek ez zutela ondo eman. Berriro proba egin, eta hobeto eman zuten, baina oraindik ez ziren ohiko balioak. Berriz ezaguna duen medikuarekin hitz egin zuen. «Esan zidan 'zuk ikusiko duzu, baina ume horrek behar afektibo eta emozional izugarria dauka'». Momentuan bertan kendu zituen maskara, eskularruak eta kamiseta, eta umea gainean jarri zuen. «Etxean horrela egon eta gero, balio denek ondo eman zuten. Ez naiz medikua, eta ez dakit kasualitatea den edo ez, baina horrela izan zen».
Egiteko beste modu batzuk
«Uste dut beste tratu bat merezi dugula, nahiz eta egoera honetan egon». Esan duenez, euren umea jaio zen egunean, komunikabide batek argitaratu zuen Bartzelonan beste modu batera kudeatu zutela antzeko kasu bat: bikotekideari erditzean egoten utziz, umea gainean jarriz, zilbor hestea «momentu egokian» moztuz, bularra ematen utziz... «Ez zuten ezer asmatu behar; begiratu zer egin den beste lekuetan».
Hala ere, «bide gogor honetan» oso pertsona onak ere aurkitu dituztela esan du: «Lan orduetatik kanpo deitzen dizu ginekologo batek, jakiteko nola zauden; edo jaioberriekin zegoen erizaina, telefono pertsonala eman ziguna jakiteko umea nola zegoen». Euren esperientzia bizita, honakoa eskatu die erditzear diren emakumeei: «Ez egiteko uko eskubideei, oso ondo informatzeko, eta merezi duten tratua exijitzeko, eta beraiek erabakitzen badute modu batera izan behar dutela, beraien eskubidea dela».