mundua
Bi urte igaro dira Turkiak Afrin okupatu zuenetik
Orsola Casagrande
Afringo herri bateko alkatea zen ordu hartan Memed. Gaur egun Kobanen bizi da; desplazatu bilakatu da bere aberrian. Segurtasun arrazoiak direla medio, ez ditu benetako izena eta herria esan nahi. Haren gurasoak, anaia eta koinata Afrinen bizi dira oraindik. Ez euren herrian, Turkiaren soldatapean dauden jihadistek okupatu baitzuten hura, Afrin hirian baizik, zeina hainbat mertzenarioren kontrolpean dagoen.
«Nire etxera heldu nintzenean, nire ama ikusi nuen lehenengo. Negarrez zegoen. Orduan ohartu nintzen bere ondoan nire izeba zegoela. Odola zuen besoetan, eta lotura bat zangoan. 'Zer gertatu da?', galdetu nion. 'Etxea erori zaigu; mirariz gaude bizirik', esan zuen».
Memed Administrazio Autonomo aldarrikatu berrian izendatutako alkateetako bat zenez, berehala irten zen herritarrekin egotera. «Zaintza txandez, janari banaketaz eta herritarren eta gure herriak defendatzen ari ziren gazteen osasun arretaz arduratuko ziren hainbat batzorde antolatu genituen. Herri bakoitzak unitate mugikor bat sortu zuen zaurituak artatzeko».
Baina egoerak okerrera egin zuen, eta Turkiako hegazkinek eta artilleriak ugaritu egin zituzten erasoak. Izan ere, 38 egun igaroak ziren erasoaldia hasi zutenez geroztik; mugako herriak bereganatu ezinik jarraitzen zuten, herritarren erresistentzia zela eta.
«38 egun horietan, jendea, batez ere adinekoak eta haurrak, kobazuloetan babestu zen gauez, gazteek zaintza txandak egiten zituzten bitartean. Gau hotz batean, nire anaiak dantza egitea proposatu zuen berotzeko eta beldurra eta estresa atzean uzteko. Arintzeak ez zuen asko iraun. Misil bat erori zen gure kobazulotik ez oso urrun. Zoriontasunak beti irauten du gutxi».
Egoerak bultzatu zuen jendea herrietatik irtetera. Mertzenario jihadistak Turkiako hegazkinen laguntzarekin eta nazioartearen isiltasunarekin herriak okupatzen hasi ziren, bata bestearen atzetik, herritarrak hilez, bortxatuz, lapurretak eginez, suntsituz… Eurekin ezer eraman ezin zutela ikusita, jendea Afrin hirira ihes egiten hasi zen.
«Lasterka joan nintzen nire etxera. Aitari erregutu nion dena utzi, eta gurekin ihes egiteko. Jihadistak gure herritik bost kilometro baino gutxiagora zeuden. Nire aitak esan zuen: 'Ez, seme, ezin ditut nire lurrak utzi. Zu joan zure anai-arrebekin, ilobekin eta koinatuekin… ni eta zure ama hemen geratuko gara. Azken gau hura arraroa izan zen etxean. Ez genuen asko hitz egin; kanpoan borroka hotsak entzuten ziren. Hurrengo goizean martxoaren 7a zen, eta elkar agurtu genuen».
Memeden herriak 45 egunez eutsi zion; YPG eta YPJ miliziak herrian geratu ziren azken unera arte, adineko gutxi batzuekin. Haien artean zeuden Memeden gurasoak ere. Afrin hirirako bidaia luzean jakin zuten herriak erortzen joan zirela: Miske, Khaltan, Cholaqa, Gawrika, Satiya, Ginde Mazin, Marate...
«Azkenean, nire gurasoek ere onartu zuten etxea utzi eta Afrinera lekualdatzea, baina gu joan eta egun askotara izan zen hori. Aitak eztabaida gogorra izan zuen anaiarekin. Ez zuen joan nahi. Amak ez zuen bere ahuntza utzi nahi. Traktorean igo zuen, eta nire aitarekin joan zen Afrin hirirantz, atzera begiratzeko indarrik gabe. Etxea uztera derrigortua izan denak soilik ezagutzen du sentimendu hori. Harri bakoitza, zuhaitz eta animalia bakoitza zu agurtzen ariko balitz bezala da».
Elkartasuna
Afrinera dozenaka mila lagun heldu ziren. Hiriak ezin zuen horrenbeste jende hartu, eta, hala ere, denak artatzen zituzten. Denek zuten aterpea hartzeko lekuren bat. Hamar edo hogei babes zitezkeen erdi erorita, baina teilatu zati bati eusten zion etxe batean.
Afrinek, bertako jendeak, eutsi egin zion. Turkia gupidagabea zen, baina munduak isilik jarraitzen zuen. «Martxoaren 16a izan zen, agian, egunik okerrena. Ni seme gazteena naiz, eta gau horretan konboiarekin joan nintzen. Agurtzeko garaia zen. Ezin nituen guztiak agurtu. Nire aitari begietara begiratu, eta, lehen aldiz, bustita ikusi nizkion. 'Aita joan egin behar dugu. Hil egingo gaituzte'. Nire anaia nagusiak ere ez zuen irten nahi, eta berdin nire arreba gazteak ere. Gau hartan ezin izan nuen ezer entzun, soilik negarrak eta aieneak».
Desplazatu gehienak ezer gabe irten ziren Afrindik. Martxoaren 18an turkiarren eta jihadisten esku geratu zen hiria. YPG eta YPJ miliziek erantzukizunez jokatu zuten, eta hiritik irten ziren odol gehiago isur ez zedin. Xahbarako bidaian ere jende asko hil zen. Hotzarengatik batez ere; adinezko asko hil ziren, baina baita haurrak ere.
«Nire gurasoek eta anai-arrebek beranduago kontatu ziguten al-Xarqiyako jihadistak Afrinen sartu zirenean beraiek zer sufritu zuten. Harrapatu egin zituzten eta begiak estali zizkieten, eta tortura gune bilakatutako eraikin batera eraman zituzten. Jipoitu egin zituzten bizkarreko azala larru-bizitan utzi arte. Egunero jotzen zieten. Hainbat egun iraun zuten jipoiek, eta hil egingo zituztela esanez mehatxatzen zituzten. Hiru egunen ostean, turkiarren aginte postua zuten tokira eraman zituzten. Han tortura eta mehatxu gehiago egin zizkieten. Anaia handik irten zen, baina begi bat hondatuta dauka, eta belarri batetik ez du entzuten. Gurasoek erreskatea ordaindu behar izan zuten anaia handik ateratzeko; zuten guztia eman zieten, mila dolar. Urteak egin dituzte olibak eta etxe atzean landatzen zituzten barazkiak jaten diru hori aurrezteko».
Kurduak kanporatzea xede
Afrin hiriko eta eskualdeko demografia aldatzeko egitasmo bat osatu du Turkiak. Okupazioak iraun duen bi urte hauetan beste eremu batzuetako jihadisten familiak lekualdatu ditu lehen kurduenak, arabiarrenak eta yezidienak ziren etxeetara. Egun, eraikinetako, eskoletako eta kaleetako izenak aldatuta daude, eta turkieraz soilik ageri dira.
«Emaztea eta biok Xahban egon ginen hamar egunez, eta apirilaren 1ean 500 dolar ordaindu genizkien bakoitzak trafikatzaileei Kobanera eraman gintzaten. Hemen etxean sentitzen ginen, Administrazio Autonomoarekin lan egiten genuen, eta Afringo gure etxeetara itzultzeko itxaropenarekin bizi ginen. Hemen bizitza berreraiki genezakeela pentsatzen hasiak ginen, 2019ko urriaren 9an Turkiak Serekaniyeri eraso zionean. Kobanetik joatea beste aukerarik ez zitzaigun geratu. Gure desplazamenduan desplazatuak… Bi hilabete egin genituen Tabqan, eta gero Kobanera itzultzea erabaki genuen. Besteak beste, emaztea haurdun zegoelako».
Kobanen egoera ez da erabat lasaitu. Errusiar eta turkiarrek elkarrekin zaintzen dituzte EI garaitu zuen hiriaren inguruko herrixkak. Turkiaren soldatapeko mertzenarioek eta armadak berak ahal duten guztietan jotzen dute erasora, zibilak hilez, haietako asko haurrak.
«Beldur gara», dio Memedek. «Ez dakigu zer gertatuko den». Bideo deia amaitzen ari da; Memed mugitu egin da bere etxeko egongelako intimitatean sartzen uzteko. Han lasai lo dago Beritan txikia. «Beldur gara, baina itxaropena ere badugu. Beritani zor diogu».