astekaria 2020/04/24
arrowItzuli

gizartea

ASIER LAFUENTE

«Zaila da aurreikustea noraino iritsiko garen ariguneen aktibazioan»

Igor Susaeta

«Zaila da aurreikustea noraino iritsiko garen ariguneen aktibazioan»

Euskaraldia existitzen ez zenean, duela ia lau urte, haren antzeko ariketa bat egin zuten Agurainen (Araba), 75 orduz euskaraz ekinbidearen bidez. Asier Lafuente (Agurain, 1970) izan zen antolatzaileetako bat. Duela bi urteko Euskaraldian Arabako lautadako koordinatzailea izan zen, eta zeregin horretan jarraitzen du. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean, antzeko saioen maiztasunaren garrantzia nabarmendu du.

Aurten udazkenean egitekoa den Euskaraldiaren proba gisa, Euskaraldiaren simulakroa egin zenuten iazko urrian, zazpi egunez, Arabako lautadan. Zer helburu izan zuen?

Helburua zen hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesu horretan ariketa bat gehiago egitea. Adituen esanetan, hizkuntza ohiturak ez dira aldatzen egun batetik bestera. Ariketak egin behar dira. Gakoa da zer maiztasunekin egin daitezkeen. Hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugunean, nekatu egiten gara, esfortzu bat eskatzen duelako. Beraz, behar du atseden bat. Baina ariketa horiek behin eta berriro egin behar dira. Iragarri zenean Euskaraldiko ariketa bi urtez behin egingo zela, guk egin genuen hausnarketa izan zen ariketa horiek maizago egin behar zirela. 2018ko Euskaraldia oso positiboa izan zen, eta, jendea gogoz zegoenez, simulakroa egin genuen. Simulatu nahi genuen 2020ko Euskaraldia, ariguneen kontzeptuarekin. Horretarako, 2019an lanketa hori egin genuen entitateetan, proposatzeko, detektatzeko non egon zitezkeen arigune horiek.

Zer ondorio atera zenituzten?

Alde batetik, arigunearen funtzionamenduak kristoren indarra duela, oso eraginkorra dela parte hartzen duten horiengan. Adituek jada esaten ziguten erabaki kolektiboak hartuta askoz ere gehiago eragiten dela hizkuntza ohituretan. Eta, beste aldetik, ikusi dugu gauzak modu lokalean antolatzea beste zerbait dela. Gure sentsazioa da ez zela izan 2018koa bezalakoa. Euskal Herri mailan funtzionatzen denean, kristoren indarra dauka -hedabideetan eta, adibidez-, eta askoz ere gehiago eragiten da.

2018ko ariketa nazionalarekin alderatuta, boluntarioen eta bat egin zuten entitateen kopuruan egin al zenuten jauzirik?

Entitateen parte hartzean-eta, jauzi nabarmenik ez. 2018an ere lanketa bat egin genuen entitateekin, haiek sustatzaileak izateko. Rol hori jokatu behar zuten orduan. Gero, iazkoan, sustatzaile izan ziren horiekin sakondu genuen, exijentzia handiagoa zelako, erantzukizuna, nolabait, haiena zelako. Jauzi kuantitatiborik ez zen eman; kualitatiboa, bai.

Harremana duzu beste herri batzuetako batzordeekin. Nola daude?

2020ko Euskaraldia antolatzeko prozesua pausoka egin da. Joan dira gehituz herriak, udalerriak, batzordeak martxan ipintzen hasi dira, eta entitateekin lanketa hori egiteari ekin genion urte hasieran. Bete-betean geunden Euskal Herri mailan, garai aktibo batean. Baina koronabirusarenak eragin handia eduki du, hori guztia moztu baitu. Lehen asteetan shock egoeran gelditu ginen denok. Orain nire kezka da entitate horietara noiz joan ahal izango garen berriro. Tokian tokiko entitate asko eta asko itxita daude, eta horrek egoera zail bat eragiten die diru sarrerei-eta dagokienez.

Beste kezka batzuk eduki ditzakete?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuk bizirik irautearekin ere egongo dira kezkatuta. Kezka handiak dituzte, eta lehentasunen artean guk geure lekua egitea zail dago orain. Egia da egunez egun gauzak aldatzen ari direla, gauza batzuk badoazela normalizatuz, baina gure kezka hori da, eta tentuz ibili behar dugu. Batzuekin harremanetan gaude, eta izena emateko prozesua bideratu dugu; batez ere, 2019an lanketa bat egin genuelako horiekin. Oraintxe zaila da aurreikustea noraino ailegatuko garen ariguneen aktibazioan.

Etxealditik Euskaraldira dinamikak zertan eragin diezaioke udazkenekoari?

Kanpaina honek esaten duenez, lortzen badugu hizkuntza ohiturak aldatzea etxekoekin, kanpokoekin errazagoa izan daiteke, edo lagun dezake aldatzen. Adituek hori diote, eta gure esperientzia ere hortik doa. Zenbat eta hurbilagokoa izan harremana, orduan eta zailagoa da hizkuntza ohiturak aldatzea. Egun hauetan saiakera egiten badugu etxekoekin adosteko hizkuntza aldaketa bat, hori lagungarria izan daiteke etxetik kanpo egiteko orduan ere. Etxean euskaraz egiten bada, gu ahaldunduta atera gaitezke egoera honetatik, gero, etxetik kanpo, indar handiagoz ekiteko. Oso ariketa interesgarria izan daiteke. Familietan, bikoteetan, batzuk izan daitezke ahobizi, besteak belarriprest; bakoitzak bere rola jokatuko du, eta gehiago edo gutxiago egingo dute euskaraz, baina haien arteko harremana badoa euskararantz, adostasun batetik, hausnarketa batetik abiatuta. Ariketa horrek zalantzarik gabe eragin dezake geroko Euskaraldian. Oso lotuta dago, gainera, arigunearen kontzeptuarekin.

Aipatu duzu koronabirusaren krisia medio entitateek beste lehentasun batzuk dituztela egun. Gauza bera gertatu liteke familietan, bikoteetan, norbanakoetan?

Egoera oso ezberdinak egon daitezke Euskal Herriko etxeetan. Taberna baten jabea bere etorkizunarekin kezkatuta badago, etxean ere eragina eduki dezake. Nori, nola aurkezten zaion, tentuz ibili behar da. Alde horretatik, kanpaina honek argi adierazten du proposamenak direla, bakoitzak hartzen dituela nahi dituenak, eta bakoitzak bere egoerara moldatzen duela.

Ez du 2018koak eduki zuen ikusgaitasuna edukiko.

Bai, oso ezberdina izango da. Batzordeok ezin ditugu erabili 2018an erabili genituen euskarriak. Sare sozialetatik edango du jendeak, eta komunikabideek ere garrantzia izango dute gaiaz hitz egiteko. Hortik etorriko da informazioa, baina ikusgaitasuna, zalantzarik gabe, txikiagoa izango da. Jendeak, gainera, askoz ere denbora gutxiago eduki du berotzeko, prestatzeko.

Bihar: Haurren aisialdiaz, Urtxintxa taldeko Maite Asensio.

BERRIAn argitaratua (2020/04/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA