astekaria 2020/04/24
arrowItzuli

kultura

Eusteko eta izateko oinarriak

Aitor Biain

Eusteko eta izateko oinarriak

Isilik jarraitzen du kulturgintzak Euskal Herrian. Bigarren egunez, greba digitala egiten ari dira sektorea osatzen duten askotariko kideak. Izan ere, krisiari krisia erantsi baizik ez dio egin egungo egoerak kulturgintzari: pandemiari aurre egiteko neurriek ataka larrian jarri dute lehendik ere estu zebilena. Kulturaren balioez gogoeta eginarazteko, kulturaren garrantziaz ohartarazteko eta kulturgileen errealitatea ikusgarri egiteko baliatu nahi dute greba. Baina, horrez gain, kalteei erantzuteko neurriak aztertu eta premiaz onar ditzatela ere eskatu nahi diete erakundeei.

Eragileek askotariko proposamenak egin dituzte itxialdi eta greba egunotan, nork bere arloari egokituak. Berehalako neurrien beharra plazaratu dute, batetik; itxialdiak eragindako ondorioei erantzutekoak lirateke. Baina luzera begirako proposamenak ere jaso dituzte; emergentziatik harago, etorkizunean kulturgintzari oinarri sendoak ezartzeko balio beharko lukete. Sektoreak orain arte etengabe egin izan dituen eskariak ere badaude horien guztien artean, eta ekarpen berriak ere jaso nahi dituzte, horiekin guztiekin dokumentu bateratu bat osatzeko. Gogoetak, iritziak, kritikak eta bestelakoak ekarpenak@kulturgintzan.eus helbidean ari dira biltzen. Orain arte jasotako proposamenen lagin txiki bat baino ez da jarraian doana.

KRISI MAHAIAK
Eragileen topalekuak

Krisiari ahalik eta modurik bateratuenean erantzuteko, premiazkotzat jo dute krisi mahaiak eratzea. «Euskararen lurralde osoa» aintzat hartzen duten krisi mahaiak eratu beharko lirateke, eta kulturaren arloko eragile guztiak bilduko lirateke horietan. Krisi mahai horiek diseinatuko eta adostuko lituzkete premiaz hartu beharreko neurriak eta ekintza planak, jarraian erakundeei helarazteko.

Aurrera begira, sektoreko eragile guztiak bilduko lituzkeen mahai bat edo topaketa bat egin asmo dute, luzera begira kulturgintzarentzat estrategikoa zer den proposatu, eztabaidatu eta adosteko. Birusak lehendik zegoen arazo bat azaleratu baino ez baitu egin, kulturgileen arabera. Egiturazkoa den larrialdi egoera bat berriro ez gertatzeko bide-orri bat zehaztu nahi dute.

LARRIALDIKO DIRU POLTSAK
Funtsak handitu eta berritu

Erakundeek hainbat neurri onartu dituzte osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko, hala enpresei bideratuak nola norbanakoei zuzenduak. Kulturgileek salatu dute, ordea, arte eta kultur industriak ez direla horietan modu espezifikoan jaso. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete berariaz kulturari zuzendutako diru poltsa bat sortzeko, tratu berezia emanez proiektu txikiei, sortu berriak direnei, artista eta sortzaile berriei eta euskaraz direnei. Hala, bi gobernuei galdegin diete birusari aurre egiteko aurrekontu berrien %4 bideratzea, gutxienez, kulturara.

Horrez gain, diru laguntzen katalogoa eguneratu eta berritzeko eskaera ere egin dute. Izan ere, zehaztu dute egoera «bereziki kezkagarria» dela hainbat deialdiri dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Kultura Sailak sustatzen dituen deialdiek «garrantzi handia» baitute sektoreko elkarte eta enpresentzat. Nafarroan, aldiz, sorkuntzarako diru laguntzen deialdia otsail-martxo aldera izaten da, baina aurtengoa oraindik ez dute egin, eta proiektu asko horien zain daude. Hori dela eta, eskatzen dute laguntza horiek handitzeko, eta, salbuespen moduan, iaz jaso zutenek aurten ere aurkezteko aukera izateko.

Aparteko babesa eskatu dute, halaber, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu duten enpresa edo kultur egiturentzat, baita gastu finkoak ordaintzeko laguntza bat zehaztea ere. Irizpide oro erakundeek eragileen mahaiekin batera adostuko lukete.

FISKALITATEA ARINDU
Ordainketak atzeratu

Etenaldiaren ondorioz nabarmen jaitsiko zaizkie diru sarrerak sektoreko eragile ugariri, baina beste askok ez dute irabazirik ere izango. Aldiz, ogasunarekin dituzten betebeharrei erantzun beharko diete, beste norbanako eta enpresen moduan. Horrek soka lepora lotuta dutela utzi ditu kulturgileak, eta, gehiago ez estutzeko, zergen edo bestelako tasen ordainketak atzeratzeko eskaera aztertzeko eskatu dute.

Galdegin dute, esaterako, izaera publikoa ez duten antzokiak, sorkuntza guneak, zinema aretoak, kultur saltokiak nahiz liburu dendak 2020ko udal tasak ordaintzeaz salbuetsita geratzea, edo bestelako onurak edo konpentsazioak aplikatzea udalerri bakoitzaren egoerara eta errealitatera egokituta.

BEZ zergari dagokionez, bestalde, eskatzen dute aurtengo itzulketa arintzeko, eta Hego Euskal Herriko bi gobernuek Espainiakoari eskatzeko kulturari atxikitako aurtengo BEZa %0ra jaits dadila. Aurrera begira, ikuskizunen sarrerei atxikitako zerga ere %10etik %4ra murriztu beharko litzatekeela diote, eta zuzeneko ikuskizunekin lotura duten zerbitzu guztiena %21etik %10era.

GIZARTE SEGURANTZA
Oinarrizko errenta bat

Askotariko langileek osatzen dute kulturaren sektorearen ekosistema, baina horietako asko ez dira autonomoak, eta ez daude Gizarte Segurantzan artista gisa izena emanda. Horiek horrela, ezin dute horiei bideratutako laguntzarik jaso -Jaurlaritzarenak, kasurako-. Bada, horientzako gutxieneko estaldura bat ezarri beharko litzatekeela uste dute. Eta, azken baliabide gisa, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren gisako oinarrizko soldata bat, alarma egoerak irauten duen bitartean.

EKITALDIAK ATZERATU
Programen aurkezpenak

Pandemiari aurre egiteko neurrien eraginez, ekitaldi andana bertan behera geratu da, edo atzeratu egin behar izan dira. Hori horrela, instituzioei, administrazioei eta zuzeneko kultur emanaldiak antolatzen dituzten eragile publiko guztiei eskatu diete atzeratzea lehenesteko, nahiz eta kontratuak bertan behera uzteko aukera eman. Kontuan izanda urte bukaeran emanaldi eta ikuskizun asko metatu daitezkeela, 2021 eta lehenengo hiruhilekoan programatzeko aukera aztertzeko ere eskatu diete.

Horrez gain, erakundeei eskatu diete atzeratutako emanaldien ordainketak aurreratzeko konpromisoari eusteko: hitzartutakoaren %30 emanaldia egitekoa zen egunean ordaindu beharko litzateke; ordainketaren gainerakoa, jarduera egin ostean. Bertan behera geratu eta berriz programatu ez direnen kasuan, gutxienez %30eko kalte ordaina ematea ziurtatu beharko litzateke.

Itxialdiaren amaierako agertokiari begira, kulturgileek administrazioari eskatuko liokete kaleko ikuskizunen denboraldia segurtatzeko, eta horretarako kontratuak adosteko artistekin. Gainera, aparteko plan bat abiatzea ere nahiko lukete, arte eszenikoen eta zuzeneko arteen jarduera berriz martxan jartzeko; urritik datorren urtearen amaierara bitarte iraungo luke.

Arreta berezia jarri beharko litzateke euskarazko proiektuetan. Antzerkiaren kasuan, adibidez, kuotak jartzea proposatzen dute, euskarazko lanak programazioetatik desager ez daitezen. Euskaraz ematen diren antzerkietarako larrialdi sare bat ere eratu beharko litzateke.

LIBURUGINTZA
Kate osoa aintzat hartu

Liburuaren balio kate osoa aintzat hartzea aldarrikatu dute kulturgileek. Hala, kate horri bideratutako 2,5 milioi euroko kreditu lerro bat sortzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazioa eteteko itxialdiak irauten duen bitartean, edo diru publikoz lagundutako ekintzak garatzeko aldia luzatzea.

Luzera begira, ordea, literatura argitalpenetarako laguntzak handitu beharko lirateke, haien ustez, erosketa bonuak sustatu edo liburutegi publikoetarako erosketak areagotu. Irakurketa sustatzeko kanpaina bat egiteko beharra ere ikusten dute.

EKONOMIATIK HARAGO
Euskarari presentzia eman

Neurri guztiak ez dira ekonomiari lotutakoak. Kulturgileen arabera, badira laguntzeko beste modu ugari. Horietako bat litzateke, esaterako, irrati kateen programazioan euskal musikaren presentzia handitzea.

BERRIAn argitaratua (2020/04/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA