astekaria 2020/04/24
arrowItzuli

gizartea

Verterren lokatzezko erraiak

Imanol Magro Eizmendi

Verterren lokatzezko erraiak

Verter Recyclingek hamabost olinpiar igerileku betetzeko adina paper birziklatu lohi jaso zituen iaz, eta beste hainbeste 2018an. Lohi horiek guztiak Papresa Errenteriako (Gipuzkoa) paper fabrikatik iritsi ziren Zaldibarko zabortegi pribatura (Bizkaia), eta Eusko Jaurlaritzak legearen interpretazio zabal bat eginez eman zion oniritzia; izan ere, Europako araudia zorrotz aplikatuz gero, lohi horiek ezingo lirateke zabortegian lurperatu. Zergatik? Hondakin horien materia organikoaren batezbestekoa oso handia delako, beste erabilera bat emateko aukera dagoelako, eta haien ezaugarri fisiko-kimikoek arazo asko sor ditzaketelako hondakindegien egonkortasunean.

Hainbat motatako lohiak isuri ziren Verterren, zabortegiak Jaurlaritzako Ingurumen Sailari entregatutako dokumentazioaren arabera. Tinta kendu zaien birziklaturiko paperaren lohiak epigrafearekin izendaturiko hondakinak bakarrik kontuan hartuta egina dago igerilekuen alderaketa. Zaborra LER kodeen arabera sailkatzen da, eta lohi horiena 030305 da. Papresak 55.857 tona paper birziklatu lohi bidali zituen 2018an, eta 52.989 iaz. Metro kubo batean 1.440 kilo lohi sartzen direla kontuan hartuta, 38.000 metro kubo inguru dira urteko. Olinpiar igerileku batek 2.500 metro kubo ditu, eta hortik irteten dira hamabostak. Igerian ez dakitenentzat, beste alderaketa grafiko bat: 50 metro luze eta 20 metro zabal den hamar solairuko etxebizitza baten bolumena da. Bana urteko.

Irakurri gehiago: Beste arau hausteak

Verter Recycling B1b motako zabortegia zen 2013az geroztik, hau da, Eusko Jaurlaritzaren arabera, «hondakin inorganiko -materia organikoaren kopuru txiki edo biodegradablea- ez-arriskutsuentzako zabortegia». Verterren hartzen zituzten lohiek, baina, BERRIAk jakin duenez, %40 inguruko materia organikoa zuten, eta hori ez da «kopuru txikia». EAEko zabortegiek hondakinak hartzeko irizpide eta prozedurak zehazten dituen arautegiak, baina, ez du ezartzen materia organikoaren gehienezko kopuru bat, ezta «txiki» zenbat den argitzen ere. Europatik datorren arautegia da, eta beste balio batzuk erabiltzen ditu arautegia zehazteko; tartean dago KOG delakoa (karbono organikoaren guztizkoa). %5eko muga ezartzen du Verter bezalako zabortegietan, baina lohi horiek altuagoa dute.

BERRIAk zabor kudeaketako adituen laguntzarekin kalkulatu duenez, lohi horiek %20 eta %23,5 arteko KOGa dute. 2009ko dekretuan, baina, Jaurlaritzak salbuespen bat egiteko eskubidea aitortzen dio bere buruari: zabortegiei gehienezko KOG muga hiru aldiz handitzeko baimena eman diezaieke, %15eraino. Papergintzarako espresuki eginiko baldintza dirudi, lehen erabilerako paper pasta kantitate horren inguruan baitabil. Eta Verterrek ba al zuen baimen hori? Ez behintzat 2013ko ingurumen baimenean -2016an beste ingurumen baimen bat eman zioten, baina ezin da Interneten aurkitu-, eta salbuespen horrek argi eta garbi zehaztuta beharko luke agirian. Dena den, ez lioke balioko, esan bezala, lohi horien KOGa %20tik gorakoa baita normalean.

Lurraldearen arabera

Auzi horren inguruan galdetu dio BERRIAk Ingurumen Sailari, eta idatziz jaso du erantzuna. Jaurlaritzak onartu du «agerikoa» dela zabortegietan -«eta Verterren ere bai», zehazten du oharrean- «normalean» bildutako hondakin ez-arriskutsuek -lohiak ez arriskutsu moduan sailkatuta daude- alde handiz gainditzen dutela Europako arautegiak ezartzen duen KOG muga. «Eta horrek ez du zertan eragin hondakin arriskutsu bezala hartuak izatea edo gai arriskutsuen zabortegi batera bota behar izatea -pentsa dezagun plastiko batean edo zelulosa lohi batean-».

Hala ere, arriskutsuak ez izateak ez du esan nahi horrelako hondakindegi batera bota daitezkeenik, edo mugarik errespetatu behar ez dutenik. Ingurumen Sailaren azalpenak honela jarraitzen du: «Europako arautegiak ez du KOGa zehazki arautu; eta justu hori erabiltzen da, lurralde bakoitzean eman nahi den hondakin kudeaketaren arabera, erre ahal den guztia erraustegira bideratzeko edo zabortegira joan dadila onartzeko mugarik jartzen ez bazaio -gure kasuan bezala-». Ez da legediaren interpretazio zorrotzena: Europako herrialde batzuetan debekatuta dago lohi horiek zabortegira bidaltzea.

2013ko ingurumen baimenak zioenez, Verterrek, lohi horiek jasotzen zituen aldiro, jakinaren gainean jarri behar zuen Ingurumen Saila. Eta askotan bidali zion informazioa, lohi horiek 2018an Verterren sartu ziren hondakinen %10 izan baitziren. Are gehiago, Zaldibarkoa izan zen 2018an birziklaturiko paperaren lohiak jaso zituen EAEko zabortegi bakarra. Alegia, produkzio guztia hara joan zen. Eta zergatik? Batetik, onartzen zituztelako, eta, bestetik, merkea zelako. Beste hondakindegi batzuetako ordezkariek esana dute Zaldibarko prezioak berdindu ezinak zirela. Verter amildu eta Mutiloako zabortegia (Gipuzkoa) itxi ondoren, Jaurlaritzak paper lohiak hartzeko baimen bereziak eman zizkien hainbat zabortegiri iragan martxoan.

Ez-arriskutsuak, ustez

Deigarria da zenbat lohi pilatu zuten Verterren. Eta paper lohi horiez gain, 27.617 tona paper soberakin eta prozesu industrialetan sorturiko lohien 7.750 tona hartu zituen (LER 060503). Azken horietarako, gainera, ez zuen baimenik. Paper birziklatuaren lohiek %45,7ko hezetasuna dute, eta arazoak sortzen zituzten Verterreko eguneroko jardunean. Horietako batzuk azaldu zituen otsailean BERRIAn testigantza eman zuen kamioilari batek: «Lohiek ez dute lurzorua batere trinkotzen. Horren gainean sartzen zenuen kamioia, eta hondoratu egiten zen. Askotan, makina handiagoekin bultza egin behar izaten zenion atera ahal izateko».

Paper lohiak hondakin ez-arriskutsu gisara izendatuak ditu Europar Batasunak, baina zabortegiei buruzko 2002ko zuzentarauak xehetasun batzuk erantsi zituen Hondakinen lurpeko bilketarako segurtasun filosofia atalean: «Ezin da lurperatu nahi gabeko eraldaketa fisiko, kimiko edo biologikoa izan dezakeen hondakinik»; ezta «urarekin edo harriarekin erreakzionatu dezakeenik» ere, esaterako «bolumena aldatuz», edota baldintza geomekanikoei erantzuteko «nahikoa egonkortasun» ez dutenik. Hain justu, paper lohien ezaugarri fisiko nagusietako bat da oso hidrofiloak direla, hau da, hezetasun asko xurgatu dezaketela. Behin lehortuta, besteak beste, industrian likidoak xurgatzeko produktuak egiteko erabiltzen dira. Horrez gain, eta material organiko oro bezala, desegin ere egin daiteke. Alegia, bolumena har edo gal dezakete, hainbat baldintzaren eta aldagairen arabera.

«Hondakin horiek zizaila efektua egin dezakete». Azalpena Carlos Arribas fisikariarena da, Ekologistak Martxan elkarteko hondakinen ataleko arduradunarena. Zabortegi ugari ikerturikoa da: «Geologo batekin kontsultatu dut, eta esan dit hezetasun handia duten hondakin hain hidrofiloek beste hondakinen masaren erresistentzia murriztu dezaketela, baita euren arteko erakarpen indarra ere. Zizaila efektua areagotzen dute, hau da, hondakinak alboetara mugitzea, agian hondoratzeraino. Presio hidrostatikoa handitzeak partikulen arteko erakarpena murrizten du, eta horrek errazten du zizaila». Aznalcollarren (Espainia) 1998an gertaturiko kasua datorkio burura. Han meatze lohiak zituen biltegi bat amildu zen.

Hondakinak eta luizia

Hortaz, lohiek eraginik izan al zuten Verterren luizian? Argitzeko dago, baina Jaurlaritzak dagoeneko onartu du luiziaren zergatiak ikertzeko izendatu dituen adituek Zaldibarren pilaturiko hondakinen «parametro geoteknikoak» aztertuko dituztela haiek izandako joera neurtzeko. «Lohiek oso arazo handiak sortzen dituzte beti zabortegietan. Bai kokatzeko, bai trinkotzeko, eta baita egonkortzeko ere», azaldu du Agustin Larrea geologoak. Ez du inoiz ikerketarik egin Verterren, baina eibartarra da jaiotzez, eta ondo ezagutzen du ingurunea. Nabarmendu du lohi mota asko daudela, eta erresistentzia parametroen arabera sailkatzen direla. Ezaugarri horiek hiru dira nagusiki: dentsitatea, kohesioa eta marruskadura. Eta lohien kasuan, esaterako, ur kopuruaren arabera betiere, ez dira buztin arrunta bezain trinkoak.

Lohien beste arazo handia «kimiko mekanikoa» da, are gehiago kopuru organiko handikoak badira. Larrearen ustez, baina, egonkortasunari begira behintzat, arazo fisiko mekanikoak baino txikiagoak dira: «Arazo kimiko larrienak zabortegia ixtean agertzen dira: plastiko geruza iragazgaitz batekin estali ondoren izan dezakeen asentua, edota gasak barnean gelditzea. Horiek behar bezala ateratzeko tximiniak jartzen dira». Arribasek azalpena aberastu du: «Hondakinen konposaketa kimikoa aldatu egiten da, eta, besteak beste, gasak sortzen dira. Gas horiek ihesbidea bilatzen dute: CO2ak, metanoak... Batez ere metanoa egoten da. Beraz, sute arriskua handia da».

Kontrol hori, dena den, urtez urte egin behar da, eta emisio neurketen emaitzak publikoki deklaratu. Eta zenbateko metano isurketa deklaratu zuen Verterrek 2018an? Bada 0,4 kilogramo baino ez urte osoan -2017an kilogramo bat baino ez-; CO2 isuriak, berriz, 137.286 kilogramokoak izan ziren. Paper hondakinez gain hiri hondakinak ere bazeudela kontuan hartuta, zaila da ulertzen nola sortu zuen hain metano kantitate ñimiñoa. Hala ere, ingurumen kontrola daramaten erakundeek ontzat eman zuten, datu hori Espainiako PRTR erregistroan publikatu baitzen.

Ura, baina nondik?

Verter amildu zenean, inguruko belardiak lokatz lodiz beteta agertu ziren. Bertaratu ziren suhiltzaileek diote autobiderainoko lehen malda igaro osteko lautadan «belaunerainoko basa» zegoela. Etxeberri baserri inguruan -luiziaren masaren alboan- ibili ziren langileek ere badiote han ere lokatz trinkoa zegoela, ibiltzea eragozterainokoa. Baina nola zen posible hainbeste lokatz egotea inoizko negu lehorrenetakoa izan bazen? Otsailaren 6ko astean, 26 gradurainoko tenperatura egon zen Zaldibarren, eta batezbestekoa hogei gradu ingurukoa izan zen. Aste hartan ez zuen euririk egin, ezta urtarrileko 22 egunetan ere, eta euri egun haietan behin bakarrik bota zituen 10 milimetro baino gehiago: urtarrilaren 18an, 12,2 mm. Aukera argienetako bat da ura zabortegi barnetik irten zela pentsatzea.

Zabortegien etsai naturaletako bat da ura, eta hura kanporatzea buruhauste handietako bat. Zabortegia zigilatzen denean geruza bat jartzen zaio gainean urari sartzen ez uzteko, baina bete artean euri ura filtratu egiten da, are gehiago arrakalak badaude. Alboetako ur guztiak desbideratu egiten dira, eta hodiak eta kunetak eraikitzen dira horretarako. Baina ezinezkoa da dena desbideratzea, eta orduan sartzen da jokoan hondakinen iragazkortasuna. Ezaugarri hori uraren abiaduran neurtzen da, eta alde handia dago material lehorren -legarrak edo eskoriak- eta hezeen -lohiak- artean. Lohi batzuen kasuan, esaterako, ez da arraroa urak 110 egun baino gehiago behar izatea metro bat iragazteko. Larreak azaldu du: «Euriak, beraz, eragin izugarria izan dezake, nahiz eta aspaldikoa izan. Iragazkortasun maila ezberdinek bi arazo sortzen dituzte: batetik, zabor masaren zama eta egonkortasuna txikitu dezakete, eta, bestetik, egonkortasun hori apurtu dezakeen geruza bat sor dezakete iragazkortasun ezberdina duten zaborren artean». Gogoan izatekoa da iazko azaroa oso euritsua izan zela.

Geologoa, dena den, zuhurra da zabortegiaren alboko lurretako lokatz lodiaren jatorri posiblea azaltzean: «Batetik, zabortegi barruko urak izan daitezke, lehen aipaturiko euri urari eta iragazkortasunari lotuta. Baina, bestetik, ezin da ahaztu zabortegiaren behe aldean ur lixibatuen baltsa zegoela, eta badirudi erori egin zela. Erori aurretik, lixibatu horiek kapsulatuta zeuden, eta, apurtu ondoren, pentsatzekoa da ur zikin horiek lur azal naturalera pasatuko zirela». Ikerketak argituko du ea fisikoki posible den lixibatuen baltsako ura erdialdeko zelaietara iristea.

Onena, ez sortzea

Verter Reciycling amildu egin zen, eta ikerlariek ondorioztatuko dute paper birziklatu lohiaren moduko material hezeek eragina izan zuten ala ez. Baina hondakin horiek hor jarraituko dute, jarduera industrial batzuei atxikita doazelako. Zer egin daiteke haiekin? «Ez daitezela hondakin bihurtu», laburbildu du Arribasek. «Balorizatzeko modu ezberdinak aztertu behar dira, eta ikertu zabortegia edo erraustegia ez den beste helmugarik baduten». Alde horretatik, uste du lege aldaketa bat ere mesedegarria litzatekeela. «Espainiako legediarekin, zabor sortzailearen ardura kudeatzaileak hartzen duenean bukatzen da, eta, ondorioz, merkeena bilatzen dute. Frantzian, esaterako, ez da horrela: ardura partekatua da hondakina erabat desagertu arte, sor ditzakeen arazoak barne. Beraz, kudeatzaile eraginkorrena bilatzen da».

Eta zabortegia baldin bada konponbide bakarra, nola egin? Larreak hartu du hitza: «Beharrezkoa da kontrol etengabeak egitea, mugimenduak topografikoki neurtuz eta zabortegi barneko uren joera aztertuz». Kokapenaren garrantzia berretsi du: «Hondakin horiek zabortegian jartzean, ondo trinkotu behar dira, erresistentzia handiena lortzeko». Bi irtenbide proposatu ditu: induskaturiko itxitura batean sartzea espresuki eginiko zuloa, edo lohien aurrean material asko jartzea harresi bezala. «Alegia, egonkorragoa izatea».

BERRIAn argitaratua (2020/04/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA