astekaria 2020/04/24
arrowItzuli

bizigiro

ASUN GOROSPE

«Alaveszalea naiz, baina uste dut guk bihurtu ditugula jokalariak jainko»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

«Alaveszalea naiz, baina uste dut guk bihurtu ditugula jokalariak jainko»

Deportivo Alaves futbol taldea txikitatik izan du alboan Asun Gorospek (Maeztu, Araba, 1937). Adierazi du zale amorratua dela, eta partida guztiak ikusi dituela. Areago, nazioartean jokatutako partidetan ere egon da. Urrezko Zeledon saria ere eman zioten, 2014an. Aitortu duenez, festazalea da, eta Gasteizko jaiak «ikaragarri» maite ditu.

Maeztutik Gasteizera joan zinen bizitzera 7 urte zenituela. Nolakoa zen herriko bizitza?

1936ko gerra bete-betean jaio nintzen, tiro eta tiro artean. Amak beti esaten zidan urte horretan jaio nintzelako naizela horren borrokalaria. Hala ere, haurtzaroa oso polita gogoratzen dut. Herria txikia zen, eta guztiok ezagutzen genuen elkar. Egia da orain egoera aldatu dela, eta ez dudala ia inor ezagutzen. Gustatzen zait hara joatea, asko. Baina jada hiletetara bakarrik joaten naiz.

Gogorra izan al zen aldaketa?

Ez zen oso traumatikoa izan, asko joaten baikinen herrira. Gasteizen Foru kalean bizi ginen, eta alboko ikastetxe batera joan nintzen ikastera; mojetara. Hori izan zitekeen zailena. Ordu hartan, irakasleak, mojak, gaiztoak zirela zirudien, okerrena opa zizutela. Urteak pasatu ostean, ohartzen zara ikasleen hobe beharrez jarduten zutela gehienek lanean.

Eta hirira joan zinenetik, alaveszalea ere bazara. Zer dela eta?

Aita alaveszale amorratua zen, eta harengandik datorkit zaletasuna. Badirudi hezurretaraino sartu zidala grina. Maeztun bizi ginenean ez nuen futbol taldea ezagutu ere egiten, baina, Gasteizera etortzean, zale bilakatu eta bazkide egin ginen.

Ordutik partida asko jokatu ditu taldeak. Zenbat ikusi dituzu?

Guztiak. Lehen, partida guztietara joaten nintzen, baina jada badira bi urte ez naizela joaten. Lehen mailara igo ginen azkenekoan, futbol zalea zen lagun bati esan nion mailaz igoz gero, hurrengo denboraldian partidetara joateari utziko niola. Hala egin nuen. Hasieran, gogorra izan zen; negar pila bat egin nuen. Gerora, neure buruari esan nion 80 urte nituela eta ondo nengoela partidak etxeko telebistan ikusten. Orain, asteburuan, telebista piztu, eta hamar partida inguru ikusten ditut.

Kanpoan jokatzen ziren partidetara ere joaten al zinen?

UEFA ligako partida guztietara joan nintzen, jokalariekin batera. Esan dezaket futbolari esker ezagutu dudala Europa. Esate baterako, Dortmunden jokatu zen batera joan nintzen, Alemaniara. Alavesek Liverpoolen aurka jokatu zuen finala, 2001ean. Hiru egun egon nintzen han. Orain egun batzuk ikusi dut berriz partida hura telebistan, eta aitortu behar dut oraintsu konturatu naizela zer-nolako jokaldiak egin ziren partida hartan. Finalean egon nintzen, bai, baina urduri nengoen: ez nintzen ezertaz konturatu.

Nola egiten zenituen partidetara joateko bidaiak?

Garraio mota guztietan egin ditut bidaiak, barkuan izan ezik. Kamioian joaten ginen partida asko ikustera, semea eta biok nire anaiarekin batera. Kamioilaria zen, eta hark atzean zuen kabinan etzanda joaten ginen, anaiak gidatzen zuen bitartean. Fagorren egiten zuen lan, eta hozkailuak zeramatzan kamioian. Bidaia aprobetxatu, eta San Baudilio de Llobregatera [Herrialde Katalanak] joaten ginen. Hara iritsi, arropak aldatu, eta asteburu hartan inguruan jokatzen ziren partida guztiak ikusten genituen, egun eta gau. Kamioia deskargatu ostean itzultzen ginen Gasteizera, astelehenenean.

Eta ba al zeneukan harremanik Alaveseko kideekin?

UEFA ligan jokalariekin batera bidaiatzen nuen. Klubak charter hegaldiak antolatzen zituen, eta horiek aprobetxatzen genituen. Bidaia bi egun lehenago egiten zen, eta, beraz, bazegoen haiek ezagutzeko aukera. Askorekin hitz egiten dut egun ere. Hala ere, oraingo jokalariekin harremana izateko era desberdina da: ez dira horren gertukoak, eta, gainera, ez diete uzten. Alaveszalea naiz, baina uste dut guk bihurtu ditugula jokalariak jainko. Jorge Valdano jokalari ohiak behin esan zuen: «Futbola da garrantzi gutxien duten gauzetatik garrantzi handiena duena». Eta egia da.

Zeintzuk joaten zineten bidaia horietara?

Jokalariez gain, kazetariak joaten ziren bidaia horietara, eta, horiekin batera, ezagun bat eta biok. Prentsakoei beti esaten nien bidaia hura ordaintzen genuen bakarrak bi ginela. Izan ere, bateko eta besteko arduradunak ere joaten ziren, baina gonbidatu egiten zituzten. Gonzalo Anton zen klubeko lehendakaria orduan; langilea zen, baina diruzalea zela esaten zuten. Halere, nire ustez enpresa baten buruan egonez gero, beharrezkoa da diruari begiratzea. Dena dela, gutxi gorabehera, klubetako presidente gehienek bihotzari baino gehiago begiratzen diote diru zorroari.

Ba al daukazu momentu berezirik gogoan?

UEFAko finala esango lukete askok, baina niretzat bada hori baino une gogoangarriagorik. Ez dut data zehatza gogoan, baina ederra izan zen erregionaletatik hirugarren mailara igo ginen momentua. Itota geunden, kasik hilda. Izugarria izan zen. Finalarekin baino, gauza txikiagoekin gozatu dut gehiago.

Zer da Alaves zuretzat?

Gauzarik handiena. Zin egiten dut.

Azkenean, afizioa ofizio bihurtu zen. Deportivo Alaves taberna hartu zenuen.

21 urte nituela hartu nuen, senarrarekin batera, 1959an. Han egon nintzen 52 urte bete arte. Jendeak uste du tabernarengatik datorkidala afizioa, baina ez da horrela. Negozioa hartu genuenean jada zalea nintzen. Hain zuzen, Deportivo Alaves tabernaren aurretik, Oñatiarra izeneko negozioa zegoen hemen. Jabeak Oñatikoak [Gipuzkoa] ziren, eta haien seme bat Alaveseko atzelaria izan zen. Gero hartu zuen klubak negozio berria. Bulegoak jarri zituzten tabernaren gainean. Izena ere momentu horretan aldatu zioten tabernari.

Nola igaro zenituen urte haiek?

Partida guztietara joaten nintzen, eta senarra gelditzen zen lanean. Emaitza bat edo bestea, izaten nuen umorea ere halakoxea zen. Irabaziz gero, pozik egon ohi nintzen lanean, baina, sarritan, emozioarekin, ez nuen ia lanik egiten. Galduz gero, aldiz, gaizki egoten nintzen, aurpegi txarra izaten nuen. Halakoetan, senarrak sukaldera bidaltzen ninduen lanera. Gainera, adarra jotzen zidaten askok, bazekitelako izorratu egiten zidala. Dena dela, ia beti eduki behar da jarrera ona barra baten atzean lan egiteko.

Hain zuzen, Alavesi lotuta ezagutu zenuen senarra ere, ezta?

Hala da. Juantxu Gorospe Bernaola Alaveseko jokalari ohiaren lehengusua zen nire senarra; Juan Iza Bernaola. Alaves mailaz igo zen, eta kanpora joan behar izan zuten partida batzuk jokatzera. Orduan, Juantxuk ezin izan zuen familiako kafetegian lagundu, eta Juan etorri zen hura ordezkatzera. Guztiek uste dute Gorospe nire lehengusua zela, baina, ez, nire senarrarena zen. Beraz, Alavesen alde guztietatik egon naiz sartuta.

Areago, tabernaren alboan bizi zara, Andre Maria Zuriaren plazan. Gasteizen nahiko ezaguna da zure etxeko terraza.

Hala da. Hor ere badut Alavesen bandera bat. Hala ere, aprobetxatzen dut kanpo aldera ere pankartak jartzeko, mezuekin. Ohe estalki bat aurkitu nuen orain aste batzuk, eta, egoera oinarri hartuta, pixka bat moldatu eta terrazan zintzilikatu dut, mezu batekin: Animo, guztiok etxean. Baina ez dut jartzen politikarekin lotutako ezer. Ez naiz apolitikoa, uste dut guztiok ditugula ideiak, baina ez dut inoren alde egin nahi publikoki. Politikoek beren politika egiten dute; nik, aldiz, nirea. Beraz, ez dut definituko.

Zeledonen jaitsiera ere ikusteko leku paregabea izango da.

Jaitsieran jende pila bat batzen gara etxean, ehun pertsona inguru. Baina hunkigarriagoa iruditzen zait abuztuaren 7a. Zeledon Txiki eguna ospatzen da, eta azken bi urteetan Txernobylgo haurrak etorri dira etxera, Arabako Foru Aldundiak duen programa bati esker. Tortillak eta kroketak egiten dizkiet, eta etxean igarotzen dugu egunaren parte bat. Aurten jaiak ez badira egiten, eta etortzeko aukera badute, saiatuko naiz ni haiek dauden aterpetxera joaten.

Urrezko Zeledon saria ere jaso zenuen 2014an.

Laredon [Espainia] nengoen lagunekin kartetan jolasten, eta Javier Cameno elkarteko lehendakari ohiak deitu zidan. Saria eman zidatela esan zidan, baina ezin nuela ezer kontatu. Ezin nuen sinetsi, emozionatuta nengoen. Pentsa: oker ez banago, esan nuen Alaves igotzea baino nahiago nuela Urrezko Zeledon saria jaso. Ametsetan egon nintzen egun batzuetan.

Gasteiztar peto-petoa zara?

Gasteiztarra ez dakit, baina patatak baino arabarragoa naizela, seguru. Hirian aldaketa asko egon dira, baina jendea ere aldatu da. Gasteizen oso herrikoak garela esan ohi du jendeak; bada, zorioneko herria! Herriaren bihotz honetatik aterako banindute, hondoratu egingo nintzateke.

Eta zein da orain arte euskararekin izan duzun harremana?

Jaio nintzenean, ezin zen euskaraz ikasi. Azkenean, erretiratu, eta euskara ikasten hasi nintzen, eskola partikular batzuei esker. Hala ere, oinarrizkoa ikasi nuen, eta tabernan ere aurrez nekien gutxia erabiltzen nuen. Senarra, aldiz, euskalduna zen, Dimakoa [Bizkaia]. Maite nuen nola hitz egiten zuen, nahiz eta ezer ez ulertu. Euskaraz hitz egiten zidan bakanetan nik ez ulertzeko egiten zuen; hori ere aitortu behar da. Errieta egiten nion, astakeria bat esango zidalakoan, baina beti erantzuten zidan gauza bera: «Euskaraz ez dago astakeriarik».

Eta, orain, etxean gelditu behar da. Egon al zara inoiz horrela?

Ez. Urrun ikusten genituen lehen kasuak, baina jada hemen dago. Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko borroka bat dela uste dut; gerra humanitarioa. Gu erdian gaude. Ausartuko nintzateke esatera gizartearen %90 zintzoa dela, baina %10ek joko handia ematen duela. Halere, jendeak asmo onak ditu garai hauetan. Beraz, ea ahalik eta azkarren eta ondoen pasatzen den alarma egoera hau.

BERRIAn argitaratua (2020/04/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA