mundua
SCOTT GRIFFEN
«'Fake news' lege drakoniarrak onartu dituzte estatu batzuek»
Gorka Berasategi Otamendi
IPI prentsa askatasunaren aurkako erasoei gehiago erreparatzen hasi zaie koronabirusa hedatzen ari den garaian. Zergatik?
Bi arrazoigatik, nagusiki. Lehenik eta behin, krisian funtsezkoa delako informazioaren jario askea. Hedabideen egitekoa gakoa da hartu behar diren neurriei buruz informatzeko eta neurri horien gaineko eztabaida askea bermatzeko. Bestalde, badakigu gobernuek oinarrizko eskubideak murrizteko erabil ditzaketela bizitzen ari garenaren gisako shock sozialak eta ekonomikoak. Beraz, ulertzen dugun arren beharrezkoa dela zenbait larrialdi neurri hartzea, erne egon behar dugu balio demokratikoak eta oinarrizko eskubideak higatu ez ditzaten. Larrialdi neurriek ezinbestekoak, behin-behinekoak, neurritsuak eta osasun krisia konpontzeari begirakoak izan behar dute.
Ohartarazi duzuenez, hainbat herrialdetan larrialdi neurriak erabili dituzte prentsa askatasunaren aurka. Zer-nolako neurriak hartu dituzte?
Prentsa askatasunaren kontrako hainbat neurri ezarri dituzte osasun publikoa babestearen aitzakian. Kasu batzuetan, baliteke asmo onez hartutako erabakiak izatea, baina kasu guztietan dira kaltegarriak. Hainbat gobernuk, adibidez, bertan behera utzi dituzte aurrez aurreko prentsa agerraldiak erabaki ulergarria da, urruntze sozialerako neurriak aintzat hartuta, baina huts egin dute bestelako foroak sortzeko garaian, edo zenbait hedabide baztertu dituzte bereziki, kritikoenak pantaila bidezko agerraldietan. Pandemiak are beharrezkoagoa egin du gobernuek garden jokatzea eta hedabideek aukera izatea arduradunengana iristeko eta informazio ofiziala eskuratzeko.
Konfinatze aginduek kalte egin al diote kazetarien jardunari?
Kazetarien mugimendu askatasunaren kontrako hainbat neurri atzeman ditugu, konfinamendu aginduetan oinarrituak. Erabaki horietan, ez dute kontuan hartu kazetariek aukera izan behar dutela beren lana egiteko: arduradunak elkarrizketatzeko eta euste neurriei buruz informatzeko aukera barne.
Albiste faltsu direlakoen kontrako legeak ugaritu egin dira koronabirusaren agerraldiarekin. Lege horien arriskuez ohartarazi duzue.
Eraso kezkagarriagoa da. Hainbat gobernuk neurri horiek hartu dituzte ez dutelako nahi osasun krisiari eman dioten erantzunari buruzko eztabaida publikorik, edo aukera ikusten dutelako pandemia amaitu ondoren ere iraungo duten murrizketak ezartzeko.
Gobernu horiek beren gain hartu dute hedabideak zigortzeko ala ixteko eskumena, botereak albiste faltsutzat jotzen dituenak zabaltzeagatik. Ildo ofizialari kontra egiten dioten informazioak zentsuratzeko ahalmena ere eskuratu dute.
Zein dira adibiderik kezkagarrienak?
Hungariako egoerak -Europako Batasuneko (EB) kide batenak-ongi islatzen du zer arriskuren aurrean gauden. Orbanen gobernuak hamar urte eman ditu prentsa askatasuna ahultzen, jabetza kontrolean eta hedabide merkatuaren esku hartzean oinarritutako estrategia konplexu baten bidez. Pandemiak aukera eman dio hedabideen gaineko kontrola indartzeko, eta ezin izan dio tentazioari eutsi. Kazetariek, orain, bost urterainoko kartzela zigorrari egin behar diote aurre gobernuaren «eraginkortasunari kalte egiten dioten» informazioak argitaratzeagatik. Lege horrek kazetarien artean zabaldu nahi duen beldurrari batu behar zaio muturreko egoera ekonomiko prekarioa, eta horrek desagerrarazi egin dezake Hungarian oraindik gelditzen den kazetaritza independentea.
Hala ere, ez da kasu bakarra.
Fenomeno globala da. Kanbodiatik Errusiaraino, fake news lege drakoniarrak onartu dituzte estatu ugarik, gobernuaren ildotik irteten den oro zigortzeko. Egiptok The Guardian egunkariko berriemailea kanporatu zuen hark gobernuko hainbat kide kritikatu ondoren. Thailandiako lehen ministroak -kolpe militar baten bidez eskuratu zuen boterea- narratiba kontrolatzeko botere autoritarioa berreskuratu du. Kezkagarriena ez da soilik azken errepresio ereduaren oinarriak ezarri dituztela, baizik pandemiaren egiazko eragina ezkutatzen ari direla eta osasun publikoa arriskuan jartzen ari direla.
Espetxean dauden kazetariengatik ere kezka adierazi duzue.
Turkiako Gobernuak 100.000 preso askatuko dituela iragarri du, birusa kartzeletan heda ez dadin. Hala ere, zinikoki adierazi du ez diela neurria ezarriko «terrorismoagatik» zigortutakoei. Horrek barnean hartzen ditu beren lana egiteagatik espetxeratutako 50 kazetari inguru -eta azken kolpe saiakeraren ostean atxilotu dituzten beste asko-. IPIk Egiptori eskatu dio espetxeratuta dauzkan 60 kazetari baino gehiago berehala askatzeko ere. Kartzeletako egoera ankerra zen han birusaren aurretik ere.
Prentsa askatasunaren kontra detektatu dituzuen eraso gehienak Europan gertatu dira. Arriskuan al dago informazioaren jario askea Europan?
Hala adierazten dute erregistratu ditugun gertakariek. Bereziki, Europa ekialdean dago arriskuan. Serbian, kazetari bat atxilotu zuten «izua eta ezinegona» eragitea leporatuta, osasun langileentzako material eskasiari buruz informatu zuelako -hain justu krisi honetan behar dugun informazio mota-. Hungariako hainbat agintarik hedabide independenteen aurka hitz egin zuten antzeko galderak egiteagatik, eta handik gutxira onartu zuen gobernuak bere albiste faltsuen legea. Noski, Europan kezka ulergarriak daude desinformazioaren zabalkundearengatik, guk ere badugu kezka hori, baina hedabideen lana oztopatzea edo informazioaren gaineko kontrola gobernuen esku uztea ez da egoerak eskatzen duen erantzuna.
Zein da EBren jarrera egoera horretan?
Gure kezkarik handiena EBren ekintza falta da, Hungariari dagokionez bereziki. Isiltasuna ozena da, eta, harekin, hazi egiten da beste agintari batzuk Orbanen adibideari jarraitzeko arriskua.
Larrialdi neurri horiek krisia amaitzean indarrean jarraituko dutela uste duzu?
Goizegi da zer gertatuko den iragartzeko. Espero dugu indarrean ez jarraitzea, baina oso zaila da irudikatzea pentsamolde autoritarioko estatuek besterik gabe indargabetuko dituztela informazioa kontrolatzeko erremintak. Arriskua dago gobernuek eta bereziki gobernu autoritarioek larrialdi egoera luzatu nahi izateko, hedabideen gaineko kontrol neurri zorrotzak justifikatze aldera. Arlo horretan gertatzen dena zaintzen jarraitu behar dugu.