astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

kultura

Baskismoa, aukera ala pozoia?

Ainhoa Sarasola

Baskismoa, aukera ala pozoia?

«Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainieraz eta frantsesez ere bai?», galdera hori izan zuen abiapuntu Ibai Iztuetak Cultura vasca vs. Euskal kultura saiakera idazteko. Pentsalari donostiarrak iaz kaleratu zuen lana, Urtiusque Vasconiae argitaletxearen eskutik, eta izen bereko hitzaldia eskaini zuen Martin Ugalde Foroan atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Galderari erantzutea baino gehiago, galdera bera zalantzan jartzea izan zuen helburu liburuan, aspaldiko eztabaidari beste formulazio bat eman eta gogoetabideak zabaltzeko. Hala egin zuen atzoko hitzaldian ere, galdera egiten den testuingurua xehe aztertuta. Hamaika ertz baititu gaiak. Esaterako, identitateari ala hizkuntzari, zeri ematen zaio edo eman beharko litzaioke lehentasuna? Euskararen normalizazioari, lagungarri ala kaltegarri zaio baskismoa deritzon diskurtsoa? Eta nola erantzun identitateaz edo hizkuntzaz hainbat diskurtsok sortzen dituzten deserosotasunei?

Erantzun batzuk bai, baina batez ere galderak jarri zituen mahaiaren gainean Iztuetak. Eta ezer baino lehen, abiapuntuko galdera egiten den testuingurua zehazteko oinarrizko gakoak eman zituen: Hizkuntza ordezkapena bizi duen herri subordinatu batean formulatzen da galdera, eta beraz, hori ahaztu gabe heldu behar zaio gogoetari. «Galdera hau arrunta da hizkuntza ordezkapen bidean duten herri subordinatuetan. Bestelakoetan ez du zentzurik, ez du eutsiko dion testuingururik».

Hala, eta testuingurua zentzuz hornitzeko, hiru ezeztapen hartu zituen ardatz pentsalariak. Horietako bat, honakoa: «Euskal kultura ez da Cultura vasca-ren parte bat, euskaraz aritzea espainolez aritzearen parte bat ez den bezala». Auziari lotuta, hiru diskurtso bereizi zituen. Batetik, «cultura vasca asimilatua» izendatu zuena eta, bere ustez, zabalduena dagoena; «erdararen erabilera normaldua duen euskal hiritarraren jarduna» litzateke, bere burua euskalduntzat jo, eta egiten duen hori cultura vasca dela dioena, eta erdaraz egiten duena. Pio Baroja eta Unamuno jarri zituen horren adibide. Bestetik, «cultura vasca erresistentea» deitu zuena legoke, «Euskal Herria euskalduna helburu duen espainolezko diskurtsoa», hots, erdaraz egina baina euskararen normalizazioa xede duena. Eta azkenik, «euskal kultura» deitu zuena egongo litzateke: «Euskaraz egitea da. Berdin dio zer. Berdin dio nork».

«Kontua da diskurtso hauen arteko bizikidetzak deserosotasun batzuk sortzen dituela guztion artean, denak espazio berean bizi baitira», azaldu zuen. «Bere burua espainiartzat duen erdalduna deseroso dago abertzaleen aurrean, honek aurpegiratzen diolako ez dela egiazko euskalduna. Bestetik, erdaraz bizi den abertzalea deseroso dago euskaraz bizi den euskaldunaren aurrean. Eta gero, euskaraz bizi dena deseroso dago gutxiengoa delako eta etorkizunik ez duela sinestarazten zaiolako».

Arazoaz Ramon Zallok bere garaian eginiko gogoeta bat hartu zuen adibide gisa Iztuetak, konponbide posibleak bilatzeko: laburtuz, baskismo hitzak «euskal nortasuna lantzeko jarrera aktiboa» zekarrela azaldu zuen irakasleak. Iztuetaren ustez, «parte batean arrazoi du, baina parte batean bakarrik, horrek bi deserosotasun arintzen baititu, baina beste bat larriagotu». Beste gogoeta bat plazaratu zuen hizlariak: «Pentsatu da ezagutzaren auziari baskismoaren bidez erantzun ahal izango zaiola, hau da, baskismoa zabalduko da, nortasunak aldatuko dira, eta hala beharbada, jendea hurbilduko da euskararen ezagutzara. Horren trukean, ezetsi egin dira baskismoak izan ditzakeen arriskuak». Erdaren normalizazioa sustatzea ikusten du horien artean, euskararen normalizazioaren bizkar.

Ondorio gisa, honakoa plazaratu zuen Iztuetak: «Baskismoa eta euskaltasuna, biak dira arrazoizkoak. Baskismoa ona izan daiteke ezagutzara erakartzeko, bistan da, baina pozoia da erabilera sustatzeko, espainola eta frantsesa normaltzen dituelako. Euskaltasuna agian ez da onena izango ezagutzara erakartzeko, segun non, baina ezinbestekoa da erabilera sustatzeko». Galdera gehiagorekin itxi zuen gogoeta: «Gaur egun non gaude? Edo noiz hasten da cultura vasca edo baskismoa bitarteko izateari utzi eta helburu bihurtzen? Zer da, bitartekoa edo helburua? Argi daukagu?».

Herria eta gizartea

Testuingurua aztertzen, beste bi ezeztapenen bueltan ere aritu zen Iztueta. Horietako bat: «Identitatea ez da hizkuntza baino garrantzitsuagoa». Haren irudiko, identitatea erdigunean jarri izan bada, nork bere herriko hizkuntza ez jakiteak sortutako deserosotasun eta identitate krisiagatik izan da. Hala, euskaldunen ikuspegitik, abiapuntuko galderari buelta eman dakiokeela esan zuen: «Posible al da euskaraz egitea euskal kulturaren inguruko ideia jakin bat izan gabe?».

Gizarte eta herri kontzeptuak ere xehe aztertu zituen, ondorengo ezeztapenetik abiatuta: «Euskal gizartea eta Euskal Herria ez dira gauza bera, eta, ordezkapenagatik, Euskal Herria eta euskal komunitatea ere ez». Diglosiaz, elebitasunaz eta normalizazioaz jardun zuen horren harira, eta bi arazo nabarmendu: egun ez dagoela ezagutzaren bermerik, eta ez duela erabilerarekiko aski atxikimendurik sumatzen abertzaleen artean. Herri kontzeptuari ez ote zaion gizarte-arena gailendu, kezka agertu zuen, eta normalizaziorako biak behar direla esan. Hala ulertzen du berak normalizazioa edo gizarte elebiduna: Gizarteko hizkuntzen ezagutza bermatzen den eta herriaren hizkuntza sustatzen den toki gisa.

BERRIAn argitaratua (2016/02/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA