kultura
ARITZ GORROTXATEGI
«Sentimenduak kontakizunez beteta daude, ez historiaz»
Itziar Ugarte Irizar
Donostiako Gros auzokoa da sortzez, baina ia hamar urte daramatza Lezon (Gipuzkoa) bizitzen. Urrunago itsasotik, baina ez hainbeste. Literatur uretan ere denbora dezente darama Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975), idazle izatetik bizitzea erabaki zuenetik, baita lehenagotik ere. Igerilaria zen txikitan, eta hala da oraindik ere. Baina ez du zaletasun hutsagatik eraman igerilari bat bere poema liburu berriko azalera. «Literaturan sarri erabili izan da korrikalariaren irudia: Murakamik, Sillitoek... Baina niri askoz interesgarriagoa egiten zait igerilariarena. Korrikalaria gera daiteke nekea sentitzen badu. Baina igerilariak, itsasoan igeri egiten duenean, eta, helburuaren erdibidean dagoenean... Sentsazio horrek uste dut hurbiltzen zaituela transzendentziara: ez zaude inongo lekutan, hondoratu zaitezke. Itsasoaren menpe zaude. Pateretan pasatzen direnentzat ere, itsasoan zaudenean, amu bat da». Laugarren poema liburua duzu Amua, Irun Hiria saria irabazi ostekoa. Non kokatzen duzu? Azken liburua atera nuela zortzi urte pasatu dira, baina idazten jarraitu dut tarte horretan, eta uste dut prosan izan dudan bilakaera poesiara ere heldu dela. Hasierako liburuak irakurketez bustiago zeuden, eta Koldar hutsa zara-tik aurrera bizipenek indar handiagoa izan dute. Uste dut liburu honen nobedaderik handiena hizkera poetikoaren aldetik datorrela: askoz gardenagoa da, argiagoa. Prosodia eta musikaltasunari garrantzi berezia eman diot. Poemak irristatzea nahi nuen. Tematikari lotuta, hain justu? Bai. Irakurtzea, eta ia-ia irristan joatea, liburua hasi eta buka. Arin irakurtzen dena ematen du arin joaten dela, baina horren kontrako froga bat nahi nuen: frogatu posible dela arinago idatzi, eta, era berean, gauza sakonez hitz egin. Oreka hori lortu nahi izan dut. Baliabide gutxirekin ahal beste esaten. Ur iruditeria batek ezaugarritzen du liburua: igerilekua, balea, haitzak, itsasoa, Grezia... Liburua ere urdinxka da, igerilari bat ageri du azalean. Zer iradokitzen dizu horrek guztiak? Itsasoa beti egon da nire lanetan; honetan, indar bereziagoz. Konturatu naiz, oro har, haurtzaroarekin lotura handia duela liburuak. Grosen bizi ginen, eta etxeko leihotik itsaso zati bat ikusten genuen. Lau anai-arrebak ere igerilariak izan gara txikitan; azkenean, itsasoa eta igeriketa nire haurtzaroa gorpuzten duten elementuak dira. Bukaerako poema ere hor dago: omenaldi bat da. Iaz gure arreba hil zen, igerilekuan, igeri egiten, bihotzekoak emanda. Poemak banituen lehendik, baina hortik aurrera beste jira bat eman nion bildumari. Ordura arte, nire paisaiaren zati ziren, baina, hori gertatuta, afektiboki ere inportantea iruditu zitzaidan. Heriotza eta bizitza oso gertu datoz poemaz poema. Talkan, elkarbizitzan. Zein da hitza? Ez dakit, baina betiko gaia da niretzat. Tragikotasunik gabe landu beharreko gaia da. Zailena poema jakin batzuetan distantzia hori hartzea izan da. Sentimenduetatik sentimentalkeriara ez igarotzea. Hor dago literaturaren marra. Denok idatz dezakegu maitasunaz, heriotzaz... Baina, horrek balio literario bat izateko, uste dut distantzia hartzea dela gakoa. «Zenbat bira munduari/igerileku txiki batean». Mundua-gure mundua, joan-etorri horrek ere josten du liburua. Bai. Badaukat joera pertsonal bat itsas ura bilatzekoa, hegoaldera begiratzekoa; niretzat izugarrizko gozamena da, han igerian hastea, hango urdina, hango argia. Mediterraneoa beti interesatu zait, Mendebaldeko literatura Antzinako Grezian hasi zelako, gero Erroman. Orduko idazleekin elkarrizketa bat sortzea iraganarekin hari bat jostea da. Azkenean, bi ikuskera daude: «gurekin jaio da mundua» edo «hainbeste gertatu da aurretik, hainbeste gauza on idatzi, partikula txiki bat naizela hor». Senekak esaten zuen estiloa zela pertsonaren arima. Esajerazioa da, baina estiloaren kezka bazegoen orduan ere. Hizkuntza aldetik nahiko gardenak dira; zerbaitengatik izango da. Greziaz ari naiz, Antzinakoaz zein gaurkoaz, baina zeharka baita Euskal Herriaz ere. Kavafis poetak asko egiten zuen: iraganaz aritu, baina orainaldiaz. Egun gogoangarria poeman, adibidez, bada festa bat, Grezian, baina bukaerako mingostasuna hemengo berradiskidetzeaz ari da. Tira, hori nik diot, irakurleak berea jaso dezala. Jainkoak agertzen dira han-hemen poemetan. Harri zuria balea bat da IV-n diozu: «Inon izatekotan/ hemen dago dena delakoa, soiltasun honetan, zeru-lurren arteko/ zauri honetan». Uste dut neurri handi batean nire poema liburuak horretaz doazela [barrez]. Ni hezi nintzen testuinguru kristau batean; gero hautsi nuen horrekin. Elizaren instituzioa beti baztertu dut, baina fede kontuetan izan ditut zalantzak. Ama hilzorian zegoenean, esaten zuen: «Ez baldin badago zerurik ere, ez naiz ja enteratuko». Eta konturatu nintzen agian askoz utilitarioagoa dela dena: jendeari benetan lagundu egiten diola. Agian balio du horregatik, ez egia delako, baizik eta laguntzen duelako. Niri gertatu zait hildakoen hilobira joan, eta gelditzea: «Zer esango dut?». Une transzendente bat da, eta isiltasunak ere balio du. Baina sentsazioa daukat hor otoitz bat tokatuko litzatekeela. Polita litzatekeela. Ez txikitan ikasitako horiek. Baina nik behintzat sentitu dut behar hori, eta uste dut poemek badutela hortik ere. Bukaerako poemak otoitz modura hartzen ditut, nik hildakoei idatzi dizkiedanak. Otoitz laikoak, ez dakit nola definitu. Horiek ez ditut irakurtzen jende aurrean. Amua jarri diozu izena poema bildumari. Bai. Arrainaren irudia etorri zitzaidan. Arrainak itsasoan daude, eta, halako batean, batek amuari kosk egiten dio, eta desagertzen da. Baina beste arrainek jarraitzen dute bueltaka. Gurekin ere antzera gertatzen da. Hemen gaude, eta halako batean, zas! Denok ez gara zahar hiltzen. Bizitzak bi alde horiek ditu: amu moduko bat da. Bada migrazio auzien oihartzun bat liburuan, Bandera poema... Hori ere baduzu gogoetagai? Aurretik ere idatzi izan dut horren gainean. Azkenean, nonbaitekoa izatea ez da gauza arrazional bat. Gauza asko sartzen da jokoan, baina batez ere sentimenduak, afektibitatea. Gure sentimenduak, ordea, kontakizunez beteta daude, ez hainbeste historiaz. Zazpi probintzien mapa. Guretzat da totem bat, baina bere garaian izan zen ikerketa soziolinguistiko bat. Harri eta herri-n Aresti ere saiatzen zen sinboloak botatzen. Gauzak aldatuz doaz, eta identitateak bizitzeko moduak ere bai. Niri gero eta gogorragoak egiten zaizkit erakustaldi horiek, norbaitek bandera sudurren aurrean jartzea. Ez dut behar hori ikusten. Hau diot kontuan izanda zein zaila den munduan euskalduna izatea, noski. Balea Zuria argitaletxeak eman ditu jada liburu eta izen berri batzuk. Martxan jartzean zeniotenez, «poesia argitalpenek azken urteetan izan duten beherakada» izan zen akuiluetako bat. Baita beste poesia mota bat ere atera nahia ere. Nola doa? Pozik gaude. Hori esan genuen ikusten dugulako argitaletxe handiek apustu txikia egiten dutela poesiaren alde. Niri ere gertatu zait, argitaletxera poemekin joan eta: «Ez daukazu nobela bat?». Ulertzen dut, ez delako bideragarria. Gu beti ibili gara poesia eta pentsamendua siglekin, susmoa genuelako gogoeta egiten duen poesiak aukera gutxiago zuela. Poesia prosaikoagoa, narratiboagoa, errazago iristen zela. Horri aukera bat ematen saiatu gara. Eta egile gazteei leku egiten: Esti Martinez de Zerio, Gorka Salces, Elena Olabe... Orain, Baudelaireren Gaitzaren loreak atera behar dugu, eta Saforen itzulpen bat. Guretzat, Baudelaire edo Safo euskarara ekartzea akontezimentuak dira, baina salmentei begira konturatzen zara ez direla hainbeste. Interesa igartzea beti da bultzada, baina, bestela ere, egin egin behar da.