astekaria 2020/03/13
arrowItzuli

bizigiro

Kutxa pozoituak

Iker Tubia

Kutxa pozoituak

Piztu da pantaila. Hasi da jokoa. Aurrera egitea da kontua, mailak gainditzea, pantailak pasatzea, jokoa irabazi arte. Horrelakoak izan ziren bideo joko gehienak hasieran, baina asko aldatu dira. Jokatzeko modua ere bai: pantaila baten aurrean zirenek jokatzen zuten lehen, baina sarean joka liteke orain. Garatuz joan dira, aldatuz, eta elementu berriak gaineratu dizkiete. Azken urteetan loot boxes edo sari kutxak agertu dira, eta, dagoeneko, bideo joko askotan daude. Adituak kezkatu egin dira: elementu hori ausazko jokoei loturik dago, eta jokoarekin arazoak izateko edo adikzioan erortzeko lehen urratsa ere izan daitezke. Arautzeko deia egin dute.

Jokoari gehigarriak eskaintzen dizkiote sari kutxek. Ordainpekoak zein doakoak izan daitezke, eta batzuetan joko esperientzia hobetzeko balio dezakete, baina beste batzuek funtzio estetikoa dute soilik: pertsonaia berri bat izatea, pertsonaiaren jantzia aldatzea, arma itxurosoago bat eskuratzea... Kutxa horien ezaugarri nagusia ezjakintasuna da: jokalariak ez daki zer tokatuko zaion, eta horrek lotzen ditu bideo jokoak eta txanpon makinak.

«Zalantzarik gabe, txanpon makinak dira makinarik adiktiboenak jokoaren auzian, eta zoriaren osagaia haiei loturik dago». Ana Estevezenak dira hitzak. Deustuko Unibertsitateko psikologia irakaslea da, Espainiako Gobernuaren Joko Arduratsuaren Aholku Batzordeko kidea, eta apustuek eta zori jokoek gizartean duten eragina ikertzen du. Kezkaturik dago kutxen aferarekin, baita Raquel Pardo Aralar Nafarroako Ludopaten Elkarteko presidentea ere: «Jokalariak, eta nagusiki adin txikikoak, kutxa horiek erabiltzera bideratzen dituzte, jokoan zoria sartuz. Horrek adikzio arriskura daramatza».

Bideo jokoetan interfazeak aldatu direla nabarmendu du Estevezek: diseinuak, irudiak, soinuak, musika... Horrela, txanpon makinekin eta ausazko jokoekin geroz eta antz handiagoa dutela uste du. Elementu horien artean daude sari kutxak. Normalki, errefortzu jarraitua dagokie bideo jokoei: gauza jakin batzuk egin behar dira helburu jakina lortzeko. Errefortzu aldakorra gehitu zaie orain: gauza jakinak egiteagatik jokalariak ez daki zein izanen den emaitza. «Hau da adikzioa sortzen duena, normalean, txanpon makinetan: ez dakizunez noiz gertatuko den espero duzun hori, beti espero duzu une horretan gertatuko dela», azaldu du psikologoak.

Sari kutxa horiek nola funtzionatzen duten azaldu du Gorka Amianok. Bideo-joko zalea da, gaztetatik aritu da jokatzen, eta oraindik ere aritzen da. Sari kutxak dituzten jokoetan ere aritzen da, baina ez die askorik erreparatzen: «Ni ohiturik nago bideo jokoa erostean joko osoa izatera: lehen ez zenuen inolako kutxarik eskuratu behar deus ere lortzeko. Erosten zenuen hori zen jokoa, eta ez zenuen diru gehiagorik xahutu behar abantailak lortzeko edo bideo jokoa politagoa izateko». Hark 29 urte ditu, baina belaunaldi gazteagoek bestela ikus dezaketela pentsatu du: «Kutxak betidanik ezagutu dituenarentzat deigarria izan liteke. Agian maite dute loteria joko hori, zeren kutxa bat erosten duzunean, normalki, ez baitakizu zer dagoen barruan».

Hori da adituak gehien kezkatzen dituena: adin txikikoen egoera. Izan ere, haurrak eta nerabeak ikasketa prozesu etengabean dira, eta haien burmuina ere etengabe garatzen ari da, Estevezen esanetan: «Adin horretan gertatzen den guziak eragina du helduaroan. Apustuetan zenbat eta lehenago hasi, orduan eta arrisku handiagoa dago jokoarekin arazo bat izateko, eta larriagoa izaten da arazoa».

Hark zalantzarik gabe dio sari kutxak «oso adiktiboak» direla: «Kutxa magiko horietan zer dagoen ikusteak urduritasun handia eragiten du, eta lotuta dago aurrerago joko arazoak garatzearekin». Aralarko presidenteak ohartarazi du kontu handiz ibili behar dela; izan ere, gizartean bideo jokoak oso normalizaturik daudenez, erraz galdu liteke arreta. «Familiek rol garrantzitsua jokatzen dugu: gure seme-alabak Interneten non ibiltzen diren eta aisialdian zer jokotan aritzen diren jakin eta kontrolatu behar dugu». Azken finean, teknologiak egoki erabiltzen erakutsi behar zaiela adingabeei.

Zori zorigaiztokoa

Pardok uste du jokoarekin dauden arazo askoren atzean bideo jokoetan asko ibiltzea dagoela: «Adimena pixka bat prestatu dute tokatu edo ez tokatu urduritasun horrek eragiten duen adrenalina igoerarako. Ea onena aukeratu duzun edo oso ona zaren sentsazioa izatea, sentsazio faltsu horiek arazo dira, askotan joko patologia arazoen sorburu baitira». Funtsean, hau da arazoa: «Pentsatzea onena zarela, makinak baino gehiago dakizula, eta bankuari irabaziko diozula, nahiz eta erabat frogaturik dagoen bankuak beti irabazten duela».

Zoria erakargarria da, baina ez hori bakarrik. Amianok kontatu du zer gertatzen den bideo jokoan ausazko joko elementuekin arituz gero: «Kutxa bat irekitzen duzunean, bideotxo bat ateratzen da; izugarri ona zarela sentiarazten dizu kutxa berezi bat ireki berri duzulako, eta orduan agertu ohi da lortu duzun karta edo skin hori, tamaina handian». Badira jokora lotzen zaituzten beste egoera batzuk. Estevezek adibide bat jarri du: sareko jokoena. Batzuetan, lagun artean aritzen dira sareko jokoetan. Joko batzuetan, lagun taldeko batek jokatzeari uzten badio, guziek zigorra jasotzen dute. Edo norbaitek denbora asko ematen badu berriz jokatu gabe, kategoriaz jaisten da. «Gaztetxoentzat garrantzitsuena da beraiek bezalakoak direnekin duten harremana, eta horrelako elementuek behin eta berriro jokatzera bultzatzen dituzte, galtzearen erantzule ez izateko».

Ikerketan aritzen direnak ohartu dira haurrek Eguberrietan geroz eta gehiago eskatzen dituztela gauza birtualak. Hala, kirol talde baten kamiseta baino nahiago dute bideo jokoetako pertsonaiarentzako jantzi bat edo bestelako kutxa bat. Horrek egoera berri bat ekarri du, Estevezen ustez: «Gauza birtualak nahi dituzte, mundu birtualean asko baitago jokoan: nor den onena, nork irabazten duen, prestigio soziala... haientzat garrantzitsuak diren gauzak».

Bideo jokoak adikziotzat jo zituen OME Osasunaren Mundu erakundeak CIE-11 sailkapenaren bidez, eta Deustuko irakasleak uste du ausazko jokoei lotutako elementu horiengatik izendatu zituztela halakotzat. Hori dela eta, adituek uste dute sari kutxak debekatu edo, gutxienez, arautu egin behar direla. Hala uste du Pardok: «18 urte baino gutxiagokoentzat diren bideo jokoetan ezin da inolaz ere horrelako saririk onartu, beste arazoen bezpera direlako». Adinez nagusien kasuan arazoak ere ekar ditzakete horrelakoek, eta, beraz, onena bideo joko guziak uztea litzatekeelakoan dago.

Bide horretan, Espainiako Kontsumo ministerioak asmoa agertu du sari kutxak arautzeko. Frantziak, berriz, nahiago izan du gai horretan ez busti. ARJEL Online Jokoak Arautzeko Agintaritzak ez du uste sari kutxak apustuak direnik. Hala ere, Europako Batasunaren teilatura jaurti du pilota: sari horien arriskuengandik babesteko Europako araudia garatzeko eskatu du.

Munduko leku gehienetan ez zaio behar bezala heldu oraindik gaiari, baina herrialde batzuk hasiak dira neurriak hartzen. Belgikako Jokoaren Batzordeak ebatzi du sari kutxa batzuek jokoaren legea urratzen dutela. Hala, diru truke jasotzen diren sari kutxak debekatu dituzte. Koen Geens Justizia ministroak osasunerako kaltegarritzat jo ditu sari horiek. Berdin egin dute Herbehereetan. Txinan ere heldu diote arazoari, beste modu batera bada ere: sari kutxak onartu bai, baina item-ak lortzeko zer aukera dauden zehaztu behar dute, legez. Horri esker jakin liteke herrialde hartan League of Legends jokoan altxor kutxan txapeldun bat lortzeko aukera %7 dela, eta Dota 2 jokoan %6 —irekitako kutxa bakoitzeko %2 handiagoa—.

Talka enpresekin

Bideo joko enpresa handiek kezka agertu dute haien negozioa asko handitu duten sari kutxen eztabaidarengatik. Ez dute onartzen ausazko jokoak direnik. Espainiako Bideo Jokoen Elkartea berriki mintzatu da gaiaz, kutxa horiek arautzeko dauden asmoen jakitun: «Sari kutxak ez dira ausazko jokoak, artikulu horiek ezin baitira aldatu mundu errealeko artikuluen edo diruaren truke». Estevezek erantzun die: «Badira ukigarriak ez izan arren adikzio handia sortzen duten gauzak. Adibidez, hobeki sentitzea, lagunek ongi egiten duzula esatea, puntuak lortzea eta zure izena agertzea... Jendeak ez du soilik diru truke jokatzen. Emozioengatik jokatzen du, ez pentsatzeko... Arrazoi asko daude». Argi azaldu du: xedea dirua lortzea balitz, behin galduta etxera joanen litzateke jokalaria. Ez da hala: jokoan jarraitzen du.

Pardoren ustez, bideo jokoen enpresa handiak eta joko operadore handiak daude mekanismo horien atzean. «Merkatura gauza berriak ateratzen dituzte, eta hori amarru bat da, helburu eta jatorri jakin batzuk dituena». Helburu nagusia dirua egitea dela uste du. Baina arazo bat ikusi du helburua lortzeko: «Jokalari patologiko asko sortzen ari direla ahazten zaie, eta oso gazteak gainera. Dirua irabazteko, denak ez du balio». Estevezek ohartarazi du esku artean dituzten datuen arabera geroz eta gazteagoak direla jokalariak.

Dena den, helduak ez daude arriskutik salbu. Berdin funtzionatzen dute mekanismo horiek 18 urtetik aurrera ere. Amianok ikusitako jarrerak kontatu ditu: «Nire inguruan, jende askok diru asko gastatu du League of Legends jokoan skin jakin bat nahi zutelako». Dohainik diren jokoetan ere bai: «Kutxa hauek oso gutxi balio ohi dute; baina, banaka-banaka, asko ordaintzen ahal duzu azkenerako».

Kontuz ibili behar da zoria jokoan denean, bulkaden kontrola galdu bailiteke. Pardok argi azaldu du: «Zenbat eta gehiago jokatu, badirudi errazago tokatzen dela. Berdin txanpon makinan, erruletan, Eguberrietako loterian edo honetan». Baina saria ez dago ziurtaturik. Txanpona airera bota baino, hobe sakelan.

BERRIAn argitaratua (2020/03/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA