bizigiro
MENANE OXANDABARATZ
«Atzematen dut politizazio garai on batean sortu naizela»
Ainize Madariaga
Menane ñimiñoa nolakoa izan zen?
Bost haurridetako ttipiena naiz. Haurtzaro biziki urosa eta aberatsa ukan dut. Laborari alaba naizenez, banituen ene ardurak: oiloak bazkatzea eta arroltzeak biltzea. Pixka bat handiago izan naizelarik, orduan, ardien bila nindoan, eta udan belarrak eta soroak egiten genituen. Artetan, plazan sortua naizenez, zifli-zafla ari ginen pilotan.
Euskaraz, bistan dena.
Bai eta ez. Ttipiena izanik, beharbada gehienek kutsatua izan naiz: haiek eskolatik frantsesa ekartzen baitzuten. Dena konprenitzen nuen euskaraz, garaztarra, baina ez nuen ematen. Hizkuntzaren kontzientzia hartu nuen 16 urterekin, Angelurat [Lapurdi] joan nintzelarik lizeorat. Han kultura hiritarra ezagutu nuen, zinez desberdina; horrek zidan tilt eginarazi. Hortik abertzale bilakatu nintzen, baina abertzale izan aitzin ezkertiarra nintzen.
Zein urek eman dizu edatera?
Udako sasoiak egiten nituen Garazin, denda batean, eta orduan nuen klase borrokaren kontzientzia hartu, bai ere euskararena eta euskaldun izatearena. Eta hortik abertzale izatearena, bistan da. Garai hartan Euskaldun Gazteria elkarteko kide nintzen, eta sasoiko zerbitzua sortu genuen: turismoari lotu sasoilari guziekin mintzatzen hasi ginen, jakiteko zenbat orenez ari ote ziren lanean, zenbat ordainduak... Hala ginen ohartu nagusiek izorratzen gintuztela, eta lan ikuskaritzan salatzen genituen. Bururaino eramaten genuen gure borroka, alta, 15-16 urteko haur mukizuak ginen!
Gazte-gaztetatik izan zara jende konprometituaren adibidea.
Ene lehen engaiamendua langileen aldekoa izan da: behar zituztela lan baldintza duinak. Uste dut orduan nituela feminismoaren lehen pindarrak ere bildu: jauntxoek neska gazteekin lehen gaueko eskubidea zuten bezala, ostalaritzan ere bazen halako zerbait. Langileriaren kontzientzia hartzeaz gain, emazte langileen arazoez jabetu nintzen.
Zuritik gorri eta ubelera egin zenuen jauzi?
Gu iraultzaile gorriak ginen, eta elizatik urruntzen hasi ginen, eskola giristinoetatik pasatu eta gero. Hasi nintzen mezatara ez joaten. Preseski, oroit naiz Maulen izan zela lehenetariko Aberri Eguna, Pazkoz. Tripako minekin pasatu nuen egun osoa amari ezin erranez Pazkoko mezara ez nintzela joanen. Urrats horietan da pertsona bat handitzen, eta bere izatea oinarritzen. Uste dut geroztik ez naizela asko aldatu: Elizarekin moztu bainuen, langile borrokan inplikatu bainintzen, eta euskaldundu.
Etxekoek eman zizuten norabide politikorik?
Bai, hori ere bazen. Konparazione, oroitzen naiz eskolan erraten zigutela: «Bada gizon zahar bat Espainian, eri dena. Horrentzat otoitz egin dezagun». Aitatxi gaizo bat irudikatzen nuen, eta bere alde otoitz egiten. Baina etxean hori kontatu nuelarik, anaia zaharrena erotu zen. Horrelako anekdotek dute kontzientzia ekartzen. Nik, orduan, ez nekien zer zen faxismoa.
Borroka nazionalaren altzora igan zinen zalu.
Garaziko herri taldera joaten nintzen [herri mailako talde ezkertiar abertzaleak ziren, Ipar Euskal Herri osoan gaindi, 1975-1980. urteen artean]. Baziren eztabaida bizi eta sakonak;ez nituen denak ulertzen, baina nire bizi kusku horretatik beste errealitate batera sartu ninduten.
Abertzale izateko manerak aldatu direa?
Iruditzen zait oraingo egunean familia abertzaleak normalak direla, eta badutela konfrontazio eskasa. Atzematen dut politizazio garai on batean sortu naizela. Izan ere, orain informazio guzia baituzu berehala. Gure garaian, aldiz, tira bat baldin bagenuen, lehenik mentalizatu behar genuen; gero, bila joan behar; azkenik, argudiatzeko materiala bildu: zerendako euskara defendatu behar dut? Zerendako langileen alde borrokatu? Liburuetan oinarritzen ginen, ez pantailetan. Horretarako jarri behar zinen eta lasai irakurri, ez orain bezala, tarrapatan: dena badakit, deus ez dakit. Gu iraultzaileak ginen, idealistak: mundua aldatuko genuen, eta lasai, gainera.
Antzerki gidoi baterako abiapuntu ederra.
Biper Beltx antzerki taldean sartu nintzen; Garazi eta Baigorriko jokalariak ziren ari. Daniel Landartek idatzi Mee, mee, ardi kaka mehe obran sartu nintzen, zeina taldekideen ideiaz egina izan baitzen: agalaxia ardi eritasunaren kontrako manifestazio batean laborari bat zauritua izan zen, eta orduko suprefetak erran zuen ez zela «jendailarekin» mintzatuko.
Roger Idiart apezak suprefetaren hitz horiei kantu errefera eman zien: «Baionako Suprefeta, buruan duzu kasketa...».
Bai! Ondotik, Egarriak obra zuzendu zuten Christiane Etxaluzek eta Daniel Landartek, betiere taldekideen ideietatik partituz. Iruditzen zait gaur egungo jendartean oraino balio lukeela gaiak: bost haurrideek aita alkoholikoa jasaten dute. Nik haurride gazteenaren rola nuen, frantsesez: gidoiak hala manaturik, baina baita ere euskaraz ez bainintzen oraino eroso ari. Euskal antzerkia lehenagotik ezagutzen nuen: etxondoko sabaian ematen baitzituzten Hiruak Bat taldearen obrak. Baina arizale gisa, Biper Beltx taldean abiatu nintzen, 17-18 urterekin.
Euskal Herria kurritu zenutena?
Hor deskubritu nuen Hegoaldea, garaztarra ez beste euskara bat mintzo zela. Ni betidanik xuka aritutakoak, bat-batean «jolin!» entzun nuen! Kur-kur. Oroit naiz Landartek kontatzen zuela Mattin Larzabal lehen aldikoz Hegoalderat joan zelarik, galdetu ziotela: «Zer moduz?», eta hark erantzun zuen: «Autoz!». Kur-kur. Talde honetan arituz ohartu nintzen euskaraz aritu behar nuela, baina ez nekiela. Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrarentzat hasi nintzen orduan lanean: Euskal Herri osoko antzezlanen bilduma eskuz idatzi nuen. Hor nuen euskarara lehen urratsa egin, psikologikoki zerbait gertatu zen, eta neure burua alfabetatu nuen.
Zer eszena ireki zitzaizun?
1970eko hamarkadako antzezlanak politizatuak ziren. Haiek leitzeak abertzaletasunerako formakuntzan lagundu ninduten. Afixa historiko haiek ere bildu nituen.
Antzerkian segitzen duzu beti?
Biper Beltx taldetik landa, Xirrixti Mirrixti taldea muntatu genuen Baionan. Eta orain, Mari Bi Sos taldean ari naiz, bi lagun minekin [Xane Urruti eta Kattalin Salaberri]: proiektu xedeak baditugu.
Euskarari behin loturik, ez duzu gehiago askatu.
Euskararen kontzientzia hori geroago eta azkarragoa bilakatu zait. Ikusten dudalarik Euskal Hirigune Elkargoan agiri guziak frantsesez direla, erotzen naiz. Tolerantzia badut gauza batzuentzat lehen ez nuena, eta beste gauzetan, berriz, ez: euskararen kasuan, ene baitan sortzen dit zerbait; guk ez badugu egiten borroka ez dugu irabazia. Beti adi egon behar dugu.
Haizea alde dea?
Euskararen Erakunde Publikoa hor da, Euskal Hirigune Elkargoa, hautetsiek diote alde direla... Baina adostasun horrek ematen du ezaxolakeria bat, eta behar diren urratsak ez dira egiten. Ezin da ukatu AEK, Seaska eta Euskal Konfederazioa bezalako elkarteek sekulako lana egiten dutela, zinez miresten ditut. Alta, badirudi egitura horiek dena salbatzen dutela. Euskal Irratiak sortu zirelarik duela berrogei urte, euskaraz aritzeko egin ziren bereziki, eta orain: euskara beharrezkoa dela, baina frantsesez mintzo gara. Behar dugu harremana beti euskaraz egin. Egoera honek erran nahi du zerbait badela joan ez denik.
Preseski, irratian luzaz aritu izan zara Zer dioxu eta Ez da musik emankizunetan.
Sortu eta franko fite sartu nintzen Irulegiko [Nafarroa Beherea] ganbara horretan. 28 urtez aritu naiz laguntzaile gisa. Militantismoan behar da maitatu egiten dena, bestela ezin da iraun. Izugarri laket nuen zuzenean aritzea, naturaltasun hori, eta euskal munduko jende anitz ezagutu izana.
Nola bizi izan zenuen Abertzaleen Batasuna (AB) koalizioaren zatiketa, 2001ean?
Bertako langilea izan nintzen justu zatiketa gertatu zelarik. Oso gogorra izan zen Iparralde ttipi honetan. Orain, erreferentea bilakatua da EH Bai, baina lehen urratsak ABk zituen eman. Ez zen hauteskundeei bakarrik so, bereziki aldarrikapenak bazituen etxebizitzen arazoaren inguruan. Ekintza asko egin izan ditugu; maite nuen.
Politika egiteko manerak aldatu direa?
Gaurko politikagintzan eskas senti ditut ekintzak, hain den dena instituzionalizatua. Haiei esker diozu parekoari kontzientzia harrarazten. Gainera, ez dugu ezer irabazia: presoak, euskara, etxebizitza, lan baldintzak, emazteen egoera; eta Euskal Herri bat ez dugu berehala ikusia, iruditzen baitzait bakoitza bere eskualdean ari dela.
Politikan zure boza isildu duzu.
Berriz ere kazetaritzara eta euskara tresna dudan lanbidera itzuli naiz: Herria astekarira. Euskaraz lan egitea bera aldarrikapena da. Berriemaile sareari esker, ohartzen naiz herri bizia dela gurea.
Mikrotik paperera iragan zara.
Idatzia eta ahozkoa bi mundu dira: idatzian beti beldur naiz bestearen ideiak ontsa islatu ote ditudanez, edo aktualitateko berri bat zuzen eman. Afera da paperezko kazetak desagertzera abian direla; noiz arte iraunen dute? Liburuak ez dira saltzen: zortzi denda hetsi dituzte Iparraldean azken urte parean. Alta, irakurtzeak gogoeta bat ematen du, entzunak egiten ez duena. Galtze hori hutsune alimale bat litzateke.
Sare sozialek bete lezakete beharbada?
Biziki fite ari dira. Bada kutzukeria bat; berria ez da baitezpada pausatua, eta ez du mamirik. Artikulu batek, aldiz, bai. Sare sozialak tresna onak dira jakinarazteko, baina ez dute ordeztu behar prentsa idatzia. Ez naute asetzen.