astekaria 2020/03/13
arrowItzuli

bizigiro

Sorginkeria baso magikoari

Amaia Igartua Aristondo

Sorginkeria baso magikoari

Aitarentzat, psikoanalisia izan zen». Omako basoak artistaren «frustrazioa» izan zuen abiapuntu, haren seme Irrintzi Ibarrolaren ustez. 1981. urtea zen, eta frankismoari oldartu zitzaion Agustin Ibarrolak —kartzelan ere egondakoa alderdi komunistako kide zenean— «errekonozimendu falta» sumatu zuen demokrazia garaian. Basoan gotortu zen «egoera pertsonal txar» horri nolabaiteko irtenbidea emateko eta, bide batez, ikerketa artistiko bat saiatzeko. Ia berrogei urteren ondoren, Omako basoak ateak itxi ditu, zuhaitzak erortzeko arriskua dela eta, xingola marroia izeneko onddoak erasan baitie: Omako zuhaitzen %80k dute gaitza, eta %30 jada hil egin dira.

Ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du artelana salbatzeko proiektu bat, eta familiaren eta aditu batzorde baten oniritzia jaso du. Asko garatu gabe dago oraindik, baina oinarriak ezarri dituzte jada: erortzeko arriskurik ez duten zuhaitzak toki berean utziko dituzte, eta gune hori berriro ere zabalduko dute; gainontzekoen erreplikak gertuko baso batean egingo dituzte —«baita hasierako artelanaren parte zirenak baina galdu direnak ere», Ibarrolaren semeak zehaztu bezala—. Kokaleku zehatza erabakitzeko dago, baina baldintza hauek bete beharko ditu: Omako basotik gertu egotea, antzeko ezaugarriak izatea, eta bisitariak erraz iristeko modukoa izatea. Behin-behineko soluzioa izango litzateke, halere: Omako basoa espezie autoktonoekin basoberrituko dute, artelana jatorrizko tokira itzuli dadin etorkizunean. Jada erori diren piezei dagokienez, ordea, aldundiak zalantza gehiago ditu, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak proiektua aurkezteko agerraldian onartu zuenez: «Multzo horiek mantendu eta aprobetxatzea gustatuko litzaiguke, baina, oraingoz, ez dugu aurkitu bermeak eskaintzen dizkigun metodorik».

Uda honetan Euskal Herriko pinuak gogor jo dituen onddoak prozesua arindu baino ez du egin, ordea. Gaitzaren aurretik ere «begi bistakoa zen pinuak hiltzen ari zirela», Irrintzi Ibarrolaren aburuz; aldundiak antzeko ustea zuen nonbait, duela bi urte jarri baitzen harremanetan artistaren senideekin. Xingola marroiak «urgentzia» ekarri duela dio Ibarrolaren semeak, baina zuhaitzak «zaharkituta» zeudela lehendik ere. «50eko hamarkadan landatutako baso bat da. Adin maximoa gainditu du». Aldundiak ezarritako baldintzak «egokiak» direla uste du, baina kexu da proiektua «beranduegi» datorrela, arrazoiak «ulertzen» dituen arren: «Ez gara oso pozik egon aldundiaren kudeaketarekin, hasieratik gauzak ez direlako ondo egin. Baina pentsatu behar da Omako basoa ez dela artelan ohikoa, eta horregatik ez dute kudeatzen jakin».

Iragankorra betikotzea

Arrazoi sentimentalak zirela medio aukeratu zuen Agustin Ibarrolak eremu hori, garai hartan bizi zen baserritik hamar kilometrora zegoelako eta ohiko pasealekua zuelako; baina Ibarrola ez zen haren jabe: beste hiru jabe zituen. Hango enborrak apaintzeko baimena eskatu zienean, «pixka bat eroa zegoela pentsatu zuten», semearen esanetan, baina ez zuten proiektua onartzeko arazorik izan. Hala ere, baso hori ez da naturala, landatua baizik; alegia, ustiatzeko sortua izan zen. Eta hala egin zuen jabeetako batek 1989an: artelanaren 127 zuhaitz ebaki zituen paper fabrika bati saltzeko. Obrak dagoeneko zuen oihartzunak bultzatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak zuhaitzak erosiko zizkiela proposatu zien beste bi jabeei. Haietako batekin ez zuten akordioa egitea lortu, eta 1999an beste hamar pinu moztu zituzten; bigarrenak, ordea, saldu egin zituen, eta eremu horretako arbolek osatzen dute gaur egun artelana, 500 inguruk.

Baina, arrazoi ekonomikoez gain, artelanaren izaerak berak arriskuan jartzen du jarraitutasuna. Ibarrolaren obra land art moduan identifikatzen da; hau da, naturako elementuak erabiltzen dira material gisa —Omako basoaren kasuan, pinuen enborrak mihisea dira—. Alabaina, naturako egoera muturrekoagoa da museoetakoa baino: Omako pinturak tenperatura aldaketen mende daude, eta prezipitazioek margoa galtzea eragiten dute. Gainera, zuhaitza hazi egiten da, eta horrek pintatutako formak alda ditzake. Horretan ere, artelan guztietan bezala, kontserbazioa funtsezkoa da.

Milurteko berriarekin hasi zen Omaren zaharberritzearen ardura. Artelanari eraso egin zioten hirutan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horien ondorioak konpontzeko abiatu zituen hasierako esku hartzeak. «Baina puntualak izan ziren: ez zen planifikazio zehatza egin», azaldu du Fernando Bazeta EHUko irakasleak. Basoaren proiektu berriaren aditu batzordearen parte da, eta, gainera, Omako azken zaharberritzea zuzendu zuen, orain arteko luzeena. 2013an hasi eta 2015ean bukatu zen, eta 72.000 euroko aurrekontua izan zuen. «Baso osoan aritu ginen».

Berriztatze prozesuak hiru ardatz izan zituen. Batetik, margoari galdutako bizia ematea, berrintegrazio kromatikoaren bidez: «Ibarrolak erabilitako sistemari jarraituz eta kolore berberekin, berriz margotu genuen». Bestetik, «erreka baten ondoan galduta» zeuden margo batzuk estaltzen zituzten landareak ebaki zituzten. Azkenik, «zuhaitzen errolda» ondu zuten, basoko zuhaitz guztien informazioa jasoz: zer margolan zegoen bakoitzean, zer neurri zuten... «Erregistroa izatea zen helburua, etorkizunean ezer galdu ez dadin».

Oma, Omatik kanpo ere

Omako basoak XX. mendeko abangoardiak izan zituen eredu, eta Errenazimentuko artea aurkako. Irrintzi Ibarrolak azaldu bezala, azken arte mota hori saiatzen zen bi dimentsioko eremuetan hiru dimentsioko irudiak ekoizten. Hala, plano ezberdinak ziren haien obren osagaiak, garrantzi eta xehetasun ezberdinak zituztenak: lehenengoa gailentzen zen, eta gainontzekoen garrantziak behera egiten zuen ikuslearengandik urruntzen ziren heinean. «Ikuspuntu ideologikotik, tirania da. Demokratikoagoa litzateke plano guztiek garrantzi bera izatea», semearen arabera. Ibarrolak paradigma klasikoa irauli zuen: hiru dimentsioko eremu batean bi dimentsioko irudiak egitea erabaki zuen. Eta, ikerketa hori gauzatzeko, Omako pinuak baliagarri izan zitzaizkion: «Substratu egokiak ziren, altuera ezberdina zutelako eta haien arteko distantzia ez zelako bera».

Halaber, abangoardiei jarraituz beste behin, «sustraiak aldarrikatu» zituen, aldameneko Santimamiñeko historiaurreko margolanak eredutzat hartuz, Irrintzi Ibarrolak azaldu duenez: «Hark dio ez dagoela horiek baino pintura modernoagorik XX. mendean. Haietan erabilitako hizkuntza artistikoa ikertu eta bereganatu zuen, eta bere hizkuntza propiora aplikatu». Hala, Santimamiñe Omako basoaren «inspirazio iturri» den heinean, lekuaren hautaketa ez zen ausazkoa izan: «Kokapena ez da kasualitatea».

Lekualdatzeak obra hondatu lezakeelako kezka sortu da: batetik, antolaera bera duten zuhaitzak topatzea ezinezkoa delako; eta, bestetik, inguruko esanahi guneekin duen lotura hautsi daitekeelako. Ez omen da hala izango. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du asmorik erreplika obra originaletik asko urruntzeko; beraz, Santimamiñeko koben eraginaren abaroan egongo dira zuhaitz berriak ere; halaber, artistikoki posible litzateke proposatutako proiektua. Fernando Bazetarentzat, «garrantzitsuena kontzeptua da». Omako berriztatze lanetan oinarritzen da, hein batean, hori babesteko: «Kontu handiz egiten bada eta aldez aurretik informatuta, ez da ezer galtzen». Artistaren semea ere iritzi berekoa da: «Irudien erreplikak hizkuntza ibarrolarrean egin behar dira. Ez dute zertan berdinak izan, gutxi gorabeherakoak izatearekin, nahiko».

BERRIAn argitaratua (2020/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA