astekaria 2020/03/13
arrowItzuli

gizartea

'Smile, please'

Jose Mari Pastor

'Smile, please' Jose Mari Pastor

Zer da emakumeei «irribarre egin» esatea: desioa agertzea ala indarkeria matxista? Tatyana Fazlalizadeh artista estatubatuarrak argi du: emakumeei kalean irribarre egiteko eskatzea botere kontua da, nagusikeria. Ez du zer ikusirik desioarekin.

Stop telling women to smile -Utzi emakumeei irribarre egiteko esateari- liburuan ikuspuntu hori oinarritzeko hainbat testigantza eta adibide bildu ditu Fazlalizadeh-k. Idazleak National Public Radio irratiari adierazi dionez, emakumeei irribarre egiteko esatea, telefono zenbakia eskatu edo ematea jazarpena da. Haren ustez, emakume beltzek zuriek baino jazarpen zakarragoak pairatzen dituzte. Emakume afro-amerikar transexualen kontrako erasoak are latzagoak izaten dira.

Emakumeei irribarre egiteko ez eskatzeko esaten digu liburuaren egileak. Izan ere, gizonezkoei ez diegu halakorik eskatzen. Haien irribarreak berdin digu. Neska baten ezpainetan dirdiratsuagoa da irribarrea. Alta, ez gara konturatzen hori jazarpen sotila izan daitekeenik.

Komunikatzeko era berriak bilatzen ari gara. Marley aitari txartel gorria aterako genioke gaur kanta harengatik -gimme, gimme, gimme just a little smile, that's all I ask of you-. Jokaerak aldatu behar ditugu erlazio afektibo eta erotikoak garatzeko: nork eta nola hartu iniziatiba? Nola txertatu fantasia intimoenak errespetuarekin eta berdintasunarekin, burua gure bihotzaren taupada bakoitza kontrolatzeko gailua izan gabe? Emakume batek ohean puta deitzea nahi badu, alienatuta dago, deabruak hartuta? Zergatik esaten du hori eta ez «deitu iezadazu ingeniaria» edo «deitu iezadazu sexu langilea»? Muga jarri behar zaie oheko jolasei? Eta emakume horrek puta baten larruan egiten badu ondoen larrutan?

Bilbo. Larunbat gaua. Neskak eta mutilak elkar ezagutu dute. Etxera joan dira. Musuak eta laztanak. Biluztu egin dira. Dena ondo doa, baina mutilak zakila sartu nahi izan duenean, geldi gero! Orduan ezetz esan dio neskak. Suzko proba da. Eta urrezko froga. Gizonak nola erreakzionatuko duen, frustrazioa ondo eramango duen, fidagarria ote den jakiteko jokaldia. «Nire gorputzean eta sexuan neuk agintzen dut» esateko modu argia. Ez da kasu bakana, joera omen da zenbait gazteren artean. Zer egin orduan? Lalaralala lalara… buztana sartu eta segi aurrera.

Bilbo. Astearte arratsaldea. Bi gizon jatetxe batean sartu dira. «On egin», esan diete bazkaltzen ari diren bi emakumeei. Bazkalostean kafea hartzera joan dira eta berriz egin dute topo haiekin. Nesken mahaiaren azpian guardasol bat dago. Ez ahazteko esan die gizonetako batek, txantxetan. Gizonezko bati ez zion aholkurik emango, noski. Barrara joan dira. Handik ordu laurdenera jaiki dira emakumeak. Ilehoriak gizonari begiratu eta euritakoa erakutsi dio: «Hemen daukat. Badaezpada». Irribarre egin dio. Ciao, ciao, bello. Zer gertatuko zen gizonak telefono zenbakia eskatu edo berea eskaini balio andreari? Flirteoa? Ligoteoa? -orain erabiltzen dugun hitz gatzgabea, heldu umetuak bagina bezala, On Xabierren kaskarrekoaren beldur-. Jazarpena? Ez da ausartu ere egin. Badaezpada.

Maitasuna soilik bai da bai garaietan. Love is my religion kantatzen zuen Marley semeak, aitak desio zuen irribarrea eskatu barik. Kode berriak asmatzea ezinbestekoa da ala nahikoa da betikoak bestela kudeatzea? Nola batu nahiak, desioak, garai berrietako jokaera eta pentsaerekin, espontaneotasuna galdu eta robot baten gisan jokatu gabe?

Empar Moliner idazle katalanaren azken ipuin-bildumako protagonista ia gehienak andrazkoak dira. Lan horretan «ipuin distopiko bat» sortu du idazleak, etorkizunean debekatuta egon litezkeen praktiketan oinarrituz. Distopia horretan koito heterosexuala izango da galarazitako jardueretako bat. Zuzentasun politikoa noraino irits daitekeen agertzen da liburuan: gizon batek emakume bat ezagutu du. Etxera joan dira. Logelan sartu eta neskak puta deitzeko eskatu dio. «Ezin dut», erantzun du mutilak, serio. Smile, please.

BERRIAn argitaratua (2020/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA