astekaria 2020/03/13
arrowItzuli

mundua

MARTA ROVIRA

«Huts larria da gurekin adostu gabe bozak aurreratzea»

Martxelo Otamendi

«Huts larria da gurekin adostu gabe bozak aurreratzea»

Martxoan bi urte beteko dira Genevan (Suitza) hasi zela bizitzen Marta Rovira (Vic, Herrialde Katalanak, 1977), bikotekidearekin eta alabarekin. Lehendakaria kartzelan dauka ERCk, eta alderdiko bigarrena da, idazkari nagusia. Coworking-ean hartutako bulego txiki bat du lanleku, idazkari baten laguntzarekin, Genevaren erdian. Onartu egiten du ez dela erraza ardura eramatea distantziatik, baina ohitu egin dela. Elkarrizketa bezperan —asteartean egina dago—, ERCko zuzendaritzako kide batzuekin batzartu zen jardunaldi luze batean, Genevan bertan.

Inputatuta segitzen duzu matxinadagatik, Gorenak esan eta gero ez zela izan matxinada?

Bai. Nire kasuan, magistratuak ez du ezertxo ere egin, eta aurreko kalifikazioarekin segitzen dut: matxinada. Ez dauka ez bururik ez hankarik, besteak ez baitzituzten matxinadagatik zigortu.

Estatus berezia daukazu Suitzan?

Ez. Erabat legearen barruan nago; bizileku baimena daukat, edozeini eskatzen zaizkion tramite guztiak egin eta gero.

Atera zaitezke Suitzatik?

Mmm... Suitzan ez dago euroagindurik; kanpora mugituz gero, euroagindua aktibatuko lukete.

Nola kudeatzen duzu alderdia distantzian?

Zailtasun ugarirekin, ez bainago han, baina betiko pasioarekin. Teknologiak asko errazten du komunikazioa. Eztabaidak mantsotu egiten dira, nirekin, preso politikoekin ere bai, guretzat oinarrizkoa baita haien ikuspegi estrategikoa edukitzea.

Geneva ez da leku txarra nazioarteko harremanak lantzeko.

Hori da nire beste zeregina. Nazioarteko erakunde asko daude hemen, baita Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzarra ere, eta mundu osoko 180 enbaxadore. Nazioarteko Geneva deitzen diote, bere 40.000 langile eta guzti.

Nola doaz kudeaketa horiek?

Kataluniako auziak eta Espainiako egoerak interes handia pizten dute gure arteko elkarrizketa horiek dauzkagunean.

Hasi dira fruitua ematen?

Harrera oso ona da, eta, hasteko, hori oinarrizkoa da. Ulermen handia erakusten dute demokraziaz eta erabakitzeko eskubideaz hitz egiten diegunean.

Oriol Junqueras hasi da kartzelatik ateratzen. Ikusten duzu alderdiaren zuzendaritzaren bileretan?

Baimena oso estua da, eta soilik unibertsitatera joateko.

Eta gobernuen arteko mahai politikoaren bileretara?

Baimenak zertarako aukera ematen duen ari gara aztertzen.

Irudi izugarria izango litzateke: kartzelatik atera, eta bilera horietan Espainiako presidente Pedro Sanchezekin batzartu eta gero, berriro kartzelara itzultzea.

Espainiako Gobernukoei lehen bileran bertan esan genien presoak bilera mahaian nahi genituela, immunitatea eman behar zigutela, baita niri ere, bilera horietara joan ahal izateko. Astiro joatea komeni da, ez baitiegu aitzakia merkerik eman nahi mahaia bertan behera utz dezaten.

Amnistia aipatzen duzue, baina ez du ematen Espainiako Konstituzioan posible denik, espresuki debekatzen baititu indultu orokorrak.

Bi gobernuen arteko mahaiak ez du izan behar errepresaliatuen arazoa konpontzeko. Gatazka konpontzeko jarri dugu martxan. Amnistia akordioaren ondorioa litzateke, ez aurrekaria.

Bitartekariaren alde zaudete?

Ez derrigorrez, oso zaila ikusten baitugu Espainiako Gobernuak onartzea. Bermeetan jarriko dugu guk indarra.

Bi urte pasatu dira.

Fase bat izan da, errepublika lortzeko bukatu gabeko prozesuan. Errepresio handia jasan dugu, mobilizazio garrantzitsuak izan dira; katarsi garai bat izan da, baina, nire ustez, etapa horri bukaera eman beharko genioke.

Nola?

Asko kostatzen ari zaigu gure arteko gutxieneko akordioak egitea, elkarlan giroa berreskuratzea.

Irudi garratza ikusi genuen Kataluniako Parlamentuan Quim Torrak diputatu akta galdu zuenean: batzuk zutik txaloka, ERCkoak eserita…

Ez genuen adostu nola kudeatu etorri zitzaigun agindu hura. Zer presa zegoen osoko batzarrera deitzeko gure arteko akordiorik ez bazegoen? Zergatik ez atzeratu, akordioa lortzeko ahalegina egiteko?

Begi bistakoa da zuen eta PDeCATen arteko harremana txarra dela.

Derrigorrez konpontzera iritsi behar dugu. Gurekin adostu gabe hauteskundeak aurreratzea huts larria da, hauteskundeek gure arteko harremana gaiztotu egingo baitute. Kontsentsu estrategikora itzuli behar dugu.

Beraz, bitartekaria zuek behar duzue?

Kar-kar-kar, horixe esaten dugu guk ere txantxetan.

Baina batzuk badabiltza zuek hurbiltzeko ahalegin zail hori egiten...

Bai, badago katalan jendea, egoera ikusita, saiatzen ari dena.

Euskaldunak ere bai?

Mmmm... Guk badaukagu gune bat, Llotja de Mar deritzana, oso erabilgarria zaiguna. Kataluniako hiru alderdi independentziazaleak gaude, EH Bildu eta BNG ere bai, eta oso gune aproposa da bitariko bilerak egiteko beste nazioetako alderdiekin... eta horrek lagundu egiten digu katalanen arteko giroa hobetzen.

EAJk ez dio etorkizunik ikusten akordio horri.

EAJk azaldu beharko du zergatik ez dagoen, baina akordio horrek bide emankorra izango du. ERCren eta EH Biduren arteko harremana oso trinkoa da, eta EH Bildu lan ona egiten ari da akordioan.

Zertan?

Esperientzia handia daukate estatuaren jokabidea analizatzeko orduan, nola erabiltzen duen errepresioa gure artean liskarra sortzeko, nahita sortutako zurrumurruen papera... Guk ez genekien ezer horretaz.

Bi gobernuen arteko mahaiak egin du lehen bilera. Zuek eta PDeCAT zatituta joan zarete?

Ez. Aurretik lan handia egin dugu bi alderdion artean, bat eginda joateko, eta mahaiaren gure aldean ez genituen eduki bi jarrera desberdin.

Uste duzu Espainiako Gobernua saiatuko dela zuek zatitzen?

Bai, beti saiatuko dira. Estatuaren betiko jarrera izan da. Argi ibili behar dugu.

Estrategia aldatu duzue ERCkoek?

Helmuga, Kataluniako Errepublika, bera da, eta Raul Romevak dioen bezala, GPSan bidea aldatu dugu, batzuek bi urteotan zabaldu genuen autobidea itxi baitziguten, autoa kendu ziguten... Helburua argia da, baina bide berria aurkitu behar dugu. Orain, autoa berreskuratu dugu, Kataluniako erakundeak berriro gureak baitira.

Boto emaileen %47 daukazue…

Jende gehiagorengana iristeko bidea asmatu behar dugu, oinarria zabaldu, kopuru hori handitzeko.

Noiz izango dira hauteskundeak? Uda aurretik, ondoren?

Ez dakigu ezer, biak izan litezke.

Hautagaiak ezin erabaki zabiltzate.

Oriol Junquerasen helegitea Europako Justizia Auzitegian, Carles Puigdemonten suplikatorioa Europako Parlamentuan, Torraren helegitea Gorenean... Dena airean dago oraintxe bertan.

Junqueras izango da zuen hautagaia?

Posible bada, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi baitu europarlamentaria dela, inolako dudarik gabe.

Baina Espainiako Gorenak inhabilitatuta dago.

Europako Justizia Auzitegia Espainiako Gorenaren gainetik dago.

Hauteskundeetan independentziazaleek gehiengoari eusten badiozue, egongo da hiru alderdien arteko akordioaren ondoriozko gobernua?

Hauteskundeek balio beharko lukete aldi berri baterako proiektu adostu bat abiatzeko.

ERCk hauteskunde espektatiba ona dauka.

Berdin du, jendeak ez du ulertzen zergatik herritarrek bat egiten duten kalean eta guk ez dugun bat egiten parlamentuan.

PDeCAT, ERC eta CUP bat eginda 70 eserleku dauzkazue, aurrekoan baino bi gutxiago, eta, 68tik jaitsiz gero, gehiengo osoa galduko zenukete. Ikusten duzu arrisku hori?

Gure arteko liskarrak erakarmena kentzen dio independentziaren proiektuari, gutaz hitz egiten baitugu, ez zergatik den komenigarria independentzia. Daudenak nekatzen baditugu eta berriak ez badatoz...

Eta hiru alderdi independentziazaleak gutxieneko 68ra iristen ez bazarete?

Gehiengo independentziazalea ezin bada, subiranotasunaren aldeko gehiengoa osatu beharko dugu.

Comukoekin?

Subiranotasunaren aldekoak direnez, haiekin saiatu beharko dugu. Baina independentziazaleek aurreakordioa eginda.

Hirukoa PSC eta Comukoekin?

PSCrekin ezinezkoa da ezein akordio, gertatu zaigunaren konplize baitira. Ciudadanosek galdutako botoa dute helburu.

Artur Mas hautagai izango da?

Ez dut espekulatu nahi besteez.

Zuena Junqueras ez bada, Pere Aragones izango da?

Militanteek erabakiko dute.

Nola ikusten duzu CUP?

CUPek oso eztabaida interesgarria egin du, oso modu isilean. Ez gaude horren urruti.

Bi gobernuen arteko mahaiaz, zer zara? Baikorra? Baikor zuhurtziaduna? Eszeptikoa? Eszeptiko aktiboa? Ezkorra?

Eszeptiko hiperaktiboa. Mahaia lideratu behar dugu, nahiz oso argi eduki nor daukagun aurrean. Baina eszeptikoa naiz, ez baitut ikusten gobernu horretan aukerarik Kataluniako gatazka konpontzeko.

Orduan, zertarako mahaia?

Urte askotan eskatu dugun elkarrizketaren bitartez, bide bat zabaldu litekeen edo ez aztertzeko.

Porrota bada...

Sektore berri batzuetan legitimotasuna irabaziko dugu beste bide batzuetatik jotzeko.

Zergatik abiatu duzue mahaia Kataluniako Gobernua bukatzear badago?

Ez genien eman nahi aukerarik Espainiako ordezkariei mahaia hilabetez atzeratzeko. Presakoa zen Espainiako Gobernua zegoen konfort gunetik ateraraztea, eta lortu dugu hilero biltzea.

Espainiako Gobernuaren lerro gorria independentzia erreferenduma da. Zein da zuen gutxieneko lorpena mahaian?

Ezin naiz konprometitu gutxieneko helburuak zehaztera, espektatibak jaistea bailitzateke. Baina gatazka dagoela onartu beharko dute, eta berau konpontzeko borondatea erakutsi...

Orduan…

Onartu behar izan dute badagoela Katalunian gatazka politikoa, Onartu dute Kataluniako Gobernua parte izatea mahaian; eta hitzartzen denari buruz galdetu egingo diegula herritarrei.

Hori bitxia da. Autonomia estatutuak bozkatzen dituzte herritarrek, legeak, testu artikulatuak... Ez gobernuen arteko akordioak. Ez dago aurrekaririk.

Irudimena beharko dugu.

ERCk zaila dauka Espainiako aurrekontuak ez onartzea.

Ikusiko dugu. Aurrekontuetan agertu behar dute gatazkaren parte bat konpontzeko diru funtsak. Inbertsioak, defizit fiskala... Ez diegu gobernabidea bermatuko mahaiak ez badu fruiturik ematen.

Zer egingo dute PSOEko europarlamentariek Puigdemonten eta besteen aurkako suplikatorioetan botoa emateko orduan? Argigarria izango da.

Europako sozialista askorekin ari gara hitz egiten horretaz, baina oraindik ez dakigu talde sozialistak zer egingo duen. Kontraesan handia litzateke PSOEk suplikatorioen alde bozkatzea.

ERCko militanteek eta boto emaileek ulertzen dute zuen mahaiaren estrategia?

Bai, barne kontsultak hori erakutsi zuen, erabat. Alderditik kanpora begira, baliabide gehiago jarri behar ditugu egiten ari garena azaltzeko.

Independentziazale asko kritiko dira zuen estrategiarekin.

Guk ez daukagu mezu errazik, gure mezua ez da emozionala, estrategikoa da. Gure arerioa ez da ezein independentziazale, horiekin akordio estrategikoa eta konplizitatea nahi dugu. Independentzia irabazi nahi dugu, ez hauteskundeak.

Perpinyan egin berri den ekitaldi jendetsuan esan zenuen biak direla beharrezko: mahaia eta mobilizazioa.

Osagarriak dira, eta elkarren beharra daukate. Perpinyako ekitaldia oso garrantzitsua izan zen, mobilizazio handia izan baitzen, eta mahaiaren lehen bileraren ondoren egin baitzen.

Gustura egon zineten ERCkoak? Txistuak entzun ziren Junqueras hizketan ari zela.

Txistuek ez dute axola.

Egongo dira mobilizazioak mahaiak ez badu aurrera egiten?

Bai, seguru, egongo dira. Gure indarra herritarren mobilizazioa da. Gure herrian gero eta gehiago hitz egiten da desobedientzia zibilari buruz.

Nola baloratzen duzu Tsunami Demokratikoa?

Sententziari erantzuna emateko une berezian jaio zen, mobilizazio bereziak egiteko.

Erreferendumen herrian…

Bai, exiliatua nago erreferendumen herrian, erreferenduma antolatzeagatik.

BERRIAn argitaratua (2020/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA