politika
ENERITZ ZABALETA
«Erakunde publikoek elebitasuna proposatzea derrigortu daiteke»
Ekhi Erremundegi Beloki
Araudi kontrajarriak aplikatzen zaizkie euskaldunei.
Lurralde bakoitzak hizkuntza aniztasunarekiko oso araudi eta tradizio desberdinak ditu. Frantzian betidanik izan da kezka bat frantsesaren monopolioa segurtatzeko; legediak, konstituzioak, hori segurtatu dute. Hor euskararen alde egitea oso nekeza da. Espainian, historian zehar tradizio jakobino hori egon bada ere, 1978ko Konstituzioarekin hizkuntzen aniztasuna kudeatzeko sistema ezarri zuten; ofizialtasuna eta koofizialtasuna.
Eskubide subjektiboen pluralismoa eta berdintasun printzipioaren ikuspegi diferentzialista aipatu dituzu
Hizkuntza eskubideak, juridikoki, pertsonei onartzen zaizkien eskubide subjektiboak dira. Frantzian, bere tradizio jakobinoarekin, kontzeptua bera konstituzioaren kontra doa, baduelako berdintasunaren ikuspegi abstraktua edo zurruna; norbanakoak baizik ez ditu ukaiten ahal eskubideak. Bretoiei, euskaldunei, korsikarrei... hizkuntza eskubidea onartuta, nazio osoarenak ez diren eskubideak onartzen ari zara, eta hori, Frantziaren berdintasunaren ikuspegiaren kontra doa. Espainiako Konstituzioak berdintasun printzipioa beste molde batez idatzia du, eta orduan, horrek ere ematen die oinarri bat hizkuntza eskubide horiei.
Frantziako kasuan, batasun politikoaren adar gisa aldarrikatu dute batasun linguistikoa
Frantziaren historia guzia batasun horren eraikitzea izan da. Lehenik, batasun politikoa; behin boterea zentralizatzea lortu denean, politikoki bat zen hori kulturalki, sozialki eta abar, bat bihurtzea erabaki zuten. Frantsesaren hedapena, frantsesa eskoletan sartzea, beste hizkuntzen erasoa... batasunaren proiektu horren hankak izan dira. XIX. mendean estatu nazioaren ideologiak bultzatu zuen hori anitz; eta, beste Europako estatu batzuetan hizkuntza eta kultura aniztasunari begira irekidurak egon diren gisan, Frantzian oraindik ideologia hori oso presente da, eta biziki nekeza da pluralismoa lantzea.
Tolerantzia bat daukala diozu.
Frantziako administrazioak eta botereak gauzak kudeatzeko duen manera ikusten da hor. Alde batetik printzipioak biziki zurrunak dira -batasuna, hizkuntza bakarra, zentralismoa...-, baina, aldi berean, Frantziako administrazioak beti asmatu du tokian toki gauzak bere onetik atera gabe kudeatzen. Azkenean, hizkuntzaren kasuan, frantsesaren monopolioa legeetan-eta biziki azkarki azpimarratua den era berean, botere batzuek lekuan lekuko errealitatearen arabera onartzen dute modu informal batean beste hizkuntza batzuk hitz egitea, edo beste praktika batzuk egotea. Indar harreman politiko batean, espazio batzuk toleratu ditu. Juridikoki, tolerantzia horri forma eman zion Konstituzio Kontseiluak 1999ko epai-erabaki batean: onartu zuen frantsesaren erabilera derrigorrezkoa zela hainbat eremutan, baina horrek ez duela erran nahi ondoan ezin direnik beste hizkuntza batzuk erabili. Adierazpen askatasuna da kontzeptu juridikoa, eta tolerantzia oinarria.
Kontsentsu zabala bada, baina traba juridiko ugari.
Hartzen baditugu EEPren 2006ko hizkuntza politika proiektua, edo Euskal Elkargoak 2017an bozkatu zuena, euskara biziberritu nahi dute; nola egin daiteke hain oinarri informal batetik? Zaila da. Sokatira batean bezala da. Euskararen kasuan anitzetan saiatu da ahalik eta urrutiena joaten euskarari espazioak irekitzeko, baina momentu batean norbaitek auzitara jotzen badu, auzitegi horiek frantsesaren babeserako neurriak hartzen dituzte.
Oinarri batetik abiatzen zara: Frantziak ez du euskararen ofizialtasuna onartuko.
Herritar gisa eta euskalgintzako militante gisa, oso ongi iruditzen zait euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideak eskatzea. Uste dut borroka hori eraman behar dela. Baina hori egiteko, behar da konstituzioa aldatu, eta Frantzian biziki sinbolikoak diren printzipio batzuk. Ikerlari gisa egin dudan saiakera da, gaur egun dagoenarekin, aurkitzen ahal ote ditugun bide batzuk euskararen aldeko politika horiek juridikoki seguruago izan daitezen.
Zer pista proposatzen dituzu?
75-1 artikuluari edukia eman diot, gorpuztu egin dut. Eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondare gisa aitortzen ditu, eta, beraz, konstituzioan lekua egiten die. Ondare kontzeptu horri ondorio juridikoak ateratzea proposatzen dut, eta nire ideia da hizkuntzen eskubiderik ez badago ere artikulu horrek sortzen ahal dituela euskara eta beste hizkuntzen aldeko planak plantan emateko obligazioak. Horretarako, Frantziako Asanblean lege bidez obligazio horiek zehaztu beharko lirateke. Konstituzioko artikulu bati legeak ematen dio gorputza. Nik ikusten dut hortik ateratzen ahal dela elebitasuna eremu publikoan orokortzeko bide bat. Eskubiderik sortu gabe, frantsesaren ondoan.
Eta, euskarari dagokionez, hizkuntzari estatutu berezitu bat emateko beste mekanismo bat erabiltzea proposatu dut: diferentziazioarena. Parisen ari dira lege bat eztabaidatzen, eta ikusi beharko da hortik zer aterako den. Gaur egun esperimentazioaren koadroa erabil daiteke. Eskola publikoan murgiltze eredua sartzeko protokolo bat bada, esperimentazio bidez egiten dena. Hor ikusi behar da hori egonkortzeko zer pista egoten ahal diren.
Euskara biziberritzea betebehar bilakatuko luke euskaldunei eskubiderik eman gabe?
Ideia da botere publikoen betebeharretan insistitzea, eta ez norbanakoen eskubide subjektiboetan, horrek konstituzioaren lehen artikulua aldatzea ekarriko lukeelako, eta hori zailagoa izanen da. Egia da obligazio hori ez dela oso sendoa, ez delako eskubide subjektiborik; baina obligazio moral eta politiko bat, eta forma juridiko bat ematen ahal zaio.
Noraino joateko aukera emanen lieke?
Elebitasuna proposatzea derrigortu daiteke, eta gero bakoitzak hautatuko du bere hizkuntza. Zerbitzu publikoetan, aisialdian, kirolean, haurtzaindegietan... eskaintza elebiduna osatzea; afixaketan, komunikazioan, elebitasuna sartzea. Ondaretik jota, uste dut posible liratekeela.
Aukera eman lezake instituzio publikoetako batzarretan euskaraz aritu ahal izateko?
Epaileak erraten du batzarretan erabakiak hartzen direnez herritarrek ulertu behar dituztela; derrigor frantsesez hitz egin behar duela hizlariak. Biziki zorrotzak dira. Gaur egun dagoen pista bakarra da hautetsiak euskaraz egitea, eta berak egitea itzulpena.
Ez du sekula ofizialtasunaren babes juridikoa emanen.
Ofizialtasunak balio juridikoa ematen dio hizkuntzari. Ofiziala ez denean, balio juridikoa duten gauza guzietan frantsesa inposatzen da. Egiten ahal dena da frantsesaren ondoan erabili; eguneroko zerbitzuetan elebitasuna sustatu. Baina ez du balio ofizialik, balio juridikorik izango; erabileraren balioa izanen du.
EEPko eta Euskal Elkargoko ordezkariek jaso dute zure tesia.
Parlamentari batzuei eta euskalgintzako eragile batzuei ere bidali diet. Oraingoz ez dut izan erantzun formalik, egitasmo konkretu bati bide emango liokeena. Euskal Elkargoak badu proiektu bat: euskararen lurralde estatus bat esperimentatzeko galdea egin nahi du. Ikerketa bat eginen dute. Tesi honek lan hori elikatzen ahal badu, hainbat hobe.
Ondoko pausoa, bataila politikoa litzateke?
Martxoko hauteskundeen ondotik, herriko etxeetara eta Euskal Elkargora hautatuak izanen direnek hori buruan izatea inportantea izanen da. Legegintzaldi honetan, esperimentazio proiektu hori izanen da Euskal Elkargotik euskararen alde egingo den ekarpen nagusi bat. Beraz hor izanen dute lana, jarraitu beharko dute, inplikatu beharko dira, borroka hor egin beharko da. Parlamentarien aldetik, egia da Macronen gobernuak ez dituela biziki ekinaldi baikorrak eman hizkuntzekiko, baina, 75-1 artikuluarekin, ondareari gorputza ematea, izanen dute bataila politiko bat; eta agian, korsikarrekin, bretoiekin, okzitaniarrekin batera plantan ematekoa. Baina funtsean, beti bezala, borrokan segitu beharko dugu.