astekaria 2020/03/06
arrowItzuli

gizartea

MARIA NEIRA

«Ez dakigu oraindik zer gertatuko den; nahikoa informaziorik ez dugu»

Martxelo Otamendi

«Ez dakigu oraindik zer gertatuko den; nahikoa informaziorik ez dugu»

OME Osasunaren Mundu Erakundean Osasun Publikoa eta Ingurumen zuzendaria da Maria Neira (La Felguera, Asturias, Espainia, 1962). Koronabirusak asteotan izaniko garapenaren harira, gaiaz usu aritzea egokitu zaio.

Azken eguneko datuen arabera, Txinan asko ari da jaisten artatua den jende kopurua. Bi astean, 68.000tik 38.000ra. Horrenbesterako al da?

Bai posible da, milaka herritar atera dira bi aste horietan hamalau eguneko zainketa denboratik, eta, azterketa eginda, ikusi da kutsatu gabe zeudela. Horregatik jaitsi da horrenbeste kopurua.

Europa da orain arreta gune nagusietako bat?

Kopuruak bere neurrian jarri behar dira. 7.000 milioi gara munduan, eta orain 5.000 kutsatu. Europan gaur mila kasu inguru ditugu, eta kopuru hori handituko da, baina oraingoz hilkortasuna baxua da: %0,7. Benetako proportzioa hartu behar dugu kontuan, ezer baieztatu aurretik.

Afrika izan liteke arreta gunea?

Bereziki kezkagarriak dira osasun sistema ahulak dauzkaten herriak; lehendik ere nahiko arazo badauzkate, osasun langileen kopurua baxua da, laborategi eskasia dago eta koronabirusak arreta berezitua eskatzen du.

Panorama txarra daukate…

Koronabirusak, gripea bezala, hotza behar du hedatzeko, eta, afrikar askoren zorionerako, hotz handirik ez dago Afrikan; horrek afrikarren alde jokatzen du. Faktore interesgarria da hori, baina denbora falta zaigu erabat ziurtatzeko, bizpahiru hilabete.

Eta estatu egitura birrinduta daukaten herrialdeetan zer egin? Hor daude Irak, Libia...

Programan, asko dauzkagu herri horietan lanean, baina larritasunei aurre egiten: oinarrizko osasuna, txertatzeak... Lehenagotik dauzkagun arreta mekanismoak indartzen ari gara, orain koronabirusari aurre egiteko.

Beraz, alarma handiegia da Europan? Nola uztartzen da informazio zabala ematea alarma ez sortzearekin, jakinda biak askotan batera doazela?

Ulertzen dut komunikabideen eta haien bidez informazioa jasotzen duten herritarren beharra. Logikoa da guztiz. Izu sentsazioa zabaldu da, kezka, beldurra... OMEk ez die gomendatzen komunikabideei informazioa ez ematea, noski, baina bai iturri ofizialetara jotzea; hain zuzen ere, gure erakundearen webgune etengabe gaurkotura. Baina saihestu egin beharko zenukete irudi tipologia bat: kaleak hutsik, dendetako apalategiak produkturik gabe, martetarrez jantzitako kazetariak landaren erdian...

Jende asko biltzen duten ekitaldiak bertan behera uztearen aldekoak al zarete OMEn?

Bukatzen ez den espiral batean sartu gara. Prebentziorako hartzen den neurri horietako bakoitzak areagotu egiten du izua... Europako estatu batean 5.000 lagun baino gehiago biltzen dituzten ekitaldiak bertan behera utzi nahi dituzte.

Egokia iruditzen al zaizu neurri hori?

Non dago logika epidemiologikoa? Ez du logika epidemiologikorik 5.000 laguneko ekitaldiak bertan behera uzteak. Zergatik ez 4.000? Benetan transmisio arrisku handia dagoenean, balego, neurri horiek ez daukate zentzurik. Zientifikoki hori justifikatzea oso zaila da.

Baina neurri horiek gobernuek hartzen dituzte, ez herritarrek.

Erreakzio bat bestea ekartzen ari da, herritarrek ikusten badute beren gobernuak ez duela horrelako neurririk hartu, eta besteek bai... Gobernuek beldurra diete herritarren sentipen horiei.

Non dago irtenbidea?

Harmonizazioa behar da, inguru bateko gobernuek neurri igualtsuak hartzea, adostuta.

Ari dira horretan?

Oso gutxi, prebentzio protokoloak, ikerketak, txertatzeak... Baina ez nahikoa oraindik.

Zergatik ez?

Ni ezin naiz hasi gobernuak publikoki kritikatzen, baina bai haiei eskatzen, eta horretan ari gara: eskatzen diegu arrisku kalkulu egokiak egiteko, eta ondoren hartzeko neurriak, presio mediatiko eta politikoek baldintzatzen utzi gabe. Era horretan, herritarren pertzepzioa bat etorriko da benetako arriskuarekin.

Deigarria da: Gasteizko ospitale batean gertatu da, osasun langileak infektatu egin dira.

Ez luke harrigarria izan behar, arriskuaren lehen lerroan dauden langileak direlako.

Gripearen kasuan proiekzioak egiten dituzue urtero. Nondik etorriko den, noiz, txerto egokia zein den tipologia berriarentzat… Egin dezakezue horrelakorik koronabirusarekin?

Goiz da oraindik, denbora behar dugu. Datorren urtean egongo gara birusari buruzko proiekzioak egiteko moduan, baldin eta birusa gure artean geratzen bada.

Zer esan nahi duzu?

Ez dakigula oraindik zer gertatu den, nahikoa informazio ez daukagulako. Hiru aukera daude: birusa etorri den bezala joatea, sasoikakoa izatea -gripea bezala neguero etorriko litzateke-, edo erabat geratzea gure artean.

Zeinek dauka aukera gehiago?

Ez dugu uste desagertuko denik; hortaz, denok desiratzen dugu sasoikakoa izatea, urtaro epel eta beroetan desagertzea, eta ostera ere itzultzea hotzarekin.

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak maiatzean erabakiko du Tokioko Olinpiar Jokoak egingo diren. Zer dio zuen proiekzioak? Gutxituko da ordurako?

Gure proiekzioak? Pazientzia izateko. Arriskutsua litzateke nire aldetik esatea orain nola egongo garen; baina bai esan nezake maiatzerako nahiko elementu edukiko ditugula zer egin beharko litzatekeen iradokitzeko.

Maiatzerako jakingo duzue sasoikakoa izango den?

Hortxe egongo gara.

Nola doa txertoaren ikerketa? Badago aurrerapenik?

Bide onetik goaz, koordinazio handiz, eta parte hartzen ari diren guztien konpromisoarekin denok elkarrekin jarduteko, eta ez nor bere aldetik.

Lortuko da ikerketa bikoiztua saihestea? Ez da gertatuko hiesaren lehen ikerketetan bezala? Ipar Ameriketako talde bat eta Frantziako beste bat lehian ibili ziren, nor lehenago iritsiko, elkarri bizkarra emanda...

Ez, inolaz ere ez, gure erakundearen lana delako ikerketak modu koordinatuan egitea. Duela aste gutxi, hemen, Genevan bertan, mundu osotik etorritako 400 aditu batzar batean elkartu ziren lan horiek koordinatzeko.

Zer soslai zuten?

Denetarik: ikertzaileak, zientzia gune nazionaletako ordezkariak... Denek bi konpromiso hartu zituzten: lehena, lana elkarrekin egitea modu osagarrian, eta bigarrena, han esan eta erakutsi zenaren gaineko konfidentzialtasuna.

Badaukazue eperik txertoa lortzeko?

Espero dugu hamabost eta hemezortzi hilabete barru edukitzea txertoa, behar dugun finantzaketa lortzen badugu.

Ekinbide publikoaren bidez ekoitzia izango da, edo dirua irabaztea helburu daukan laborategi pribatu batek egina?

Bietatik, elkarrekin lan eginda.

BERRIAn argitaratua (2020/03/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA