bizigiro
ZURIñE RODRIGUEZ
«Zor bat daukagu M-3ko emakumeekin»
Iñigo Satrustegi
Zer rol bete zuten emakumeek Martxoaren 3ko gertakarietan?
Guk beti esaten dugu emakumeak gauza askotan aritu zirela, aldi berean, martxoaren 3ko aurreko eta ondorengo egunetan: erizain lana egin zuten, greban egon ziren eta beste modu askotan parte hartu zuten. Ez zuten rol bakar bat bete. Iruditeria hegemonikoan, kontrara, esaten da etxekoandreen rola baino ez zutela bete.
Eta zergatik alboratu da haien kontakizuna?
Orokorrean, patriarkatuagatik beragatik baztertu izan da euren errealitatea. Egia da memoriaren eta inpunitatearen inguruan ari garenean, are gehiago baztertu izan dela. Izan ere, zapaltzaileak ez duenean biktimarik aitortzen, biktimek euren ahotsa entzunarazi behar dute. Kasu honetan, langileen heriotzaren aitorpena da hori, eta emakumeena bigarren mailan geratu da. Hala ere, Martxoak 3 elkartearen kasuan, paradigmatikoa izan da, hasieratik egin baitute emakumeen kontakizuna mahai gainean jartzeko ahalegina.
Zergatik da hain garrantzitsua kontakizun horri ahotsa ematea?
Kontakizun hori baztertu egiten badugu, ez garelako historia ongi kontatzen ari. Zor bat daukagu emakume haiekin. Aitortu egin behar diegu borrokari egin zizkioten ekarpenak.
Emakumeek ere greban parte hartu zuten, beraz?
M-3ko greba baino lehen, arrakastarik gabeko beste bi saialdi egin ziren lantegietan. Estrategia aldatu behar izan zuten orduan: bizitza duinaren aldeko diskurtsoa auzoetara eraman zuten, emakumeek eta beste sektoreek ere grebarekin bat egin zezaten. Are gehiago, emakumeak batzarrak egiten hasi ziren, eta ez bakarrik erresistentzia kutxak egiteko, baizik eta abortua edota ginekologia eskubideak aldarrikatzeko.
Baina matxismorik ere bazen...
Orokorrean, oso gazteak ziren emakume langile grebalariak. Haien artean bi mota nagusi bereizi genituen: gizonen artean aritzen zirenak eta emakumeen fabriketan zeudenak. Denek sufritu zuten matxismoa. Lehen taldekoek aitortu digute gaizki pasatu zutela, lankide gizonezkoek ez zietelako grebarako eskubidea aitortzen. Irainak jaso zituzten, eta Poliziaren infiltratuak zirela leporatu zieten. Emakumeen lantegietako kasuan, gizonek eskirolaren rola hartu zuten, ez zutelako grebara joan nahi emakumeekin batera.
2018an, M-3an parte hartu zuten emakumeen testigantzak bildu zenituzten liburu batean. Uste duzu liburuak sarraskiaren ikuskera aldatzen lagundu duela?
Bi helburu nagusi zituen liburuak: kontakizuna zabaltzea eta katarsi kolektiboa. Horrekin esan nahi dut liburuaren eraginez emakume gehiagoren ahotsak entzuten hasi nahi genuela. Uste dut bi helburu horiek bete zirela, emakume asko euren bizipenei buruz hitz egiten hasi baitziren. Baina autokritika ere egin behar dut: ez dakit emakumeen historia kontatzea ez ote den moda bat. Uste dut gizarteak daukagun zor hori pagatutzat daukala dagoeneko. Helburua ez zen soilik mahaigaineratzea, horren inguruan ere ikastea eta lanketa egitea baizik.
Iaz, berriz, gertakarien inguruko filma estreinatu zen. Ados al zaude emakumeek filmean irudikatzen dutenarekin?
Aurrestreinaldira joan nintzen, greban parte hartu zuten emakume batzuekin. Aitortu behar dut oso haserre atera ginela emanalditik. Batetik, istorioaren erdigunean bikote harreman heteronormatibo eta hegemoniko bat sartu zutelako batetik. Baina, bestetik, emakume protagonista hauskorra eta xumea zelako, gizon borrokalari eta indartsuaren ondoan. Emakume asko ez ziren identifikatuak sentitu. Ikuspegi feministatik aukera paregabea galdu zutela uste dut, oso patriarkala da filma.
Gaur egun, zer ekarpen egiten dio mugimendu feministak langile mugimenduari?
Mugimendu feminista langile mugimenduaren parte dela uste dut. Ekarpenik handiena zaintzaren inguruko analisiarena da. Lan produktiboez gain, erreproduktiboak ere badaudela argi utzi dute emakumeek. Zaintza lanaren krisi bat dago, eta erdigunera ekarri behar da. Hala egiten ez badugu, ez dugulako eredu parekide eta alternatiborik lortuko.