astekaria 2020/03/06
arrowItzuli

gizartea

«Gizonek ez dute lekua utzi nahi»

Oihana Teyseyre Koskarat

«Gizonek ez dute lekua utzi nahi»

Hamarretik bat. Ipar Euskal Herriko 160 auzapezen artean, 17 emazte dira soilik. Euskal Hirigune Elkargoan ere ehuneko gutxi dira emakumeak; Biltzarreko hautetsien artean %23, Kontseilu Iraunkorrean %17 eta Kontseilu Exekutiboan %16: ardurak igo arau, emakume kopuruak behera egiten du. Lehendakaria bera ere, gizona da. Egoera «kezkagarria» da Elisabeth Charriau EBA, Egiazko Berdintasunaren Alde kolektiboko kidearen ustez. Elkartea sortu zenetik «aldaketa gutxi» izan bada ere, «politikako esferetan parekidetasunaren arazoa kontuan har dezaten» lan egin du. «Emeki», baina jarrera batzuk «aldatzen» ari direla uste du.

Auzapez diren hamazazpi emazteetariko bat da Chantal Ergi, Aiziriztarra (Baxenabarre). 2014an auzapez kargua hartu zuen, eta bizi izan duen esperientziaz aritu da: «Ez da aise emazteentzat denbora hartzea horrelako kargu bat hartzeko. Gainera, emazteok gure familia ados izatea itxoiten dugu hautetsi ala auzapez postu batera aurkeztu aitzin. Manera berean, gure haurrak aski helduak izatea kontuan hartzen dugu». «Aspaldiko sustraiak pairatzen ditugu. Historiak emazteen gainean ezarri duen pisua beti hor da», deitoratu du. Haren ustez, emazte batek sentitzen du «haren presentzia eta denbora zor» dizkiola familiari, «gizon batek, ordea, ez, edo ez hainbeste».

Arazo horiei aurre egin nahi die EBA elkarteak. 2016an sortu zuten talde feminista ezberdinetako kideek, tokiko politikan emakumeen lekuaz eta, batez ere, «lekurik ezaz» hausnartzeko. Egoerak iturburu bat baino gehiago ditu Charriauren arabera. Lehena, hauteskunde sistemari egotzi dio: hauteskunde zerrendak osatzeko orduan berdintasuna bermatu behar dute mila biztanletik gorako herrietako hautagaiek. Mila biztanle baino gutxiago diren herrietan, ordea, legeak ez du parekidetasuna izatera behartzen, hautagaitza indibiduala delako. Ipar Euskal Herrian, 119 herri daude kasu horretan.

Hala, 2020. urteko herri bozetan, parekidetasuna ez da bermatua izanen. Zerrendak aste honetan eman ditu ezagutzera Paueko Prefeturak (Okzitania). Hiri nagusietan parekidetasuna legez bermatu behar bada ere, 100 zerrenda burutatik 22 soilik dira emakumeak. Herri txikietan, hautagai guztietatik, %36 dira emazteak. Ondorioz, elkargoan hautetsi izanen direnen artean desoreka handia izango da ondoko sei urteetarako, berriz ere.



EBAk lanean segituko du hala ere. Eraginkortasun handiagoa izateko asmoz, Garapen Kontseiluaren baitan Emazte eta Gizonen Berdintasunerako komisioa sortu zuten EBAko kideek. Hala, elkargoari begira «pisu handiagoa» lortu nahi zuten, eta partez hala izan dela dio komisioko kideak. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoak Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Europako Hitzarmena izenpetu zuen 2017. urteko irailean. Charriau: «Guk uste genuen hitzarmena izenpetzea prozesu luzea izanen zela. Baina elkargoa sortu eta berehala izenpetu zuten, guri erran gabe ere. Ez genuen espero». Hautetsiek aho batez onartu zuten ituna, baina Charriauk uste du ez zutela «ongi neurtzen» izenpetze horrek eskatzen zuen guzia, «ez da bakarrik paper bat izenpetzea, ekintzetara pasatu behar dute, gauzak aldatzeko».

Hitzarmena izenpetu zuenetik, elkargoak ekintza plan bat eginarazi dio teknikari bati, «baina horren aplikazioa oraindik ez da benetakoa eta eremu askotan ageri da», Charriauk esan duenez. «Hautetsi kopuruaren aldetik argi dago lanketa bat eraman behar dela, gizonek kudeatzen dute elkargoa nagusiki. Politikak gauzatzeko maneran ere arazo bat dago, generoaren araberako rol banaketan esaterako: gizonek finantzak kudeatzen dituzte, emakumeek, berriz, arlo soziala ala kultura», gehitu du.

Kanpora begirako politikaz gain, itunak barne funtzionamendurako bermeak ere eman diezazkioke elkargoari; laneko jazarpena baztertzeko, langileen arteko parekidetasuna bermatzeko eta rol banaketa iraultzeko. Ekintza planaren diagnostikoaren arabera, administrazioko langileen artean, %83 dira emazteak. Teknikarietan, ordea, %18. Charriau: «Elkargoaren funtzionamenduan ageri da desoreka nabarmen bat, batez ere generoaren araberako lanpostuen banaketari begira. Barnetik aldatu behar da lehenik, kanporakoa aldatzeko»

Borondate falta

«Borondate falta» ikusten du, orokorki Charriauk. Ergik bat egin du harekin: «Borondatearekin lortzen ahal dugu gauzak aldatzen. Aiziritzen ez gara behartuak parekidetasuna ukaitera gure zerrendetan, 700 biztanle ditugulako. Aurtengo hauteskundeentzat, parekidetasuna izatera heldu gara, hala ere: 15 izenetatik, 7 dira emakumeak».

EBAko kideak aterabide konkretuak badirela segurtatu du, eta horiek plazaratzeko asmoz, berdintasunaren aldeko kanpaina bat abiatu dute Emazteok gure aldia da! lelopean. Lana hasteko, hitzaldiak antolatu zituzten 2019. urteko azaroan eta 2020. urteko urtarrilean. Helburua argi dute: «Parekidetasunaren erronka publiko egin behar da, eztabaidak eraman behar ditugu eta formakuntza segurtatu behar dugu». Eztabaida egun horietatik ondorioak atera eta proposamenekin atera dira kideak, «indarberriturik». «Lehenik, begiratze lana eginen dugu hauteskunde zerrendetan berdintasuna zertan den ikusteko. Gero, horren inguruko komunikazio lana eramanen dugu, jendea ohar dadin zertan den egoera. Herriko etxeei proposamen konkretuak eginen dizkiegu aterabideak badirela erakusteko».

Aterabide horien artean, auzapezek elkargora axuant bat igortzeko proposamena egin du EBAk, Biltzarreko emazte kopurua emenda dezakeelakoan. «Auzapezek herriko etxearekin lan zama handia dute jada, eta elkargoko dosierrak begiratzeko denbora falta dute. Aterabide horrek bi abantaila ekarriko lituzke: emazte kopurua emendatzea, batetik, eta elkargoko dosierrez arduratzen den hautetsi bat ukaitea, bestetik». Ergik, aldiz, kontrako iritzia eman du. «Auzapez zirelarik, zaila da zure lekua uztea elkargoan. Auzapezek elkarrekin biltzeko parada dugu Biltzarrean, baina beste norbait igorriz informazioa galtzeko arriskua hartzen dugu». Beste proposamen zenbait ere egin ditu EBAk, bilkuren ordutegia aldatzea eta haurtzaindegiak martxan jartzea, adibidez. «Aterabideak badira. Arazo nagusia da gizonek ez dutela haien lekua utzi nahi joko politikoak direla medio». Izan ere, elkargoa sortzekotan zelarik, auzapez zenbaitek arrunt kontrako jarrera ukan zuten. «Egitura osatu orduko, kontra zirenak postu garrantzitsuetan ezarri dituzte eta horietan, gehienak gizonak dira. Orain arazo bat pausatzen da. Zer lehenetsi behar da, joko politikoa ala parekidetasuna?», eskatu du Charriauk. «Politika profesionalaren mugekin» talka egiten dutela azaldu du. «Dena den, sistema matxista baten baitan gara, jarrera matxistak etengabe pairatzen ditugu», salatu du. Insituzioen aurrean bi aterabide daudela uste du Charriauk. «Edo kanpotik dena hausten duzu... Edo barnetik sartzen zara eta saiatzen zara pixkanaka gauzak aldatzen eta apur batzuk lortzen. Gu horretan ari gara».

Politika orokorrean eragiten du berdintasun faltak, «arazo numerikoaren gainetik». Elkargoko bilkuretan adibidez, parte hartzaileen gehiengoa gizonek osatzen dutenez «emazteek hitza hartzeko zailtasun gehiago dituzte», Charriauren ustez. Ergik ez du esperientzia horrela bizi izan: «Enetzat, hitza hartzea zaila da anitz garelako, ez emaztea naizelako. Baina egia da, beti berek hartzen dute hitza eta usu gizonak dira. Horregatik batzorde berezietan parte hartzea errazago da, elkar entzuten dugulako gehiago». Ondorio horiek ikusirik, urrunago joateko nahikeria erakutsi du EBAko kideak. «Parekidetasuna, baina baita formakuntza, eta generoen araberako arduren banaketa ere... Erronka nagusiak izanen dira hauteskundeei begira, baina ez bakarrik». Emakumeak bizitza publiko eta politikoan «osoki» kontuan hartzeko, antolaketa birpentsatu behar dela uste du. Hala, hautetsiek «etengabe jantzi behar dituzte parekidetasunaren betaurrekoak». Adibide bat eman du: hautetsiek aurrekontua bozkatzen dutelarik, gogoan izan behar dute nola eraginen dien diru horrek gizonei, eta nola eraginen dien emakumeei. «Hirigintza plan bat bozkatzean, ikusi behar da karriken antolaketak zertan trabatzen ahal duen emakume bat».

Hautetsiengana heltzeko, kanpaina abiatu du komisioak. Herri guztiei helarazi diete «2020; 50/50» izeneko manifestua; parekidetasunaren alde ekiteko «gomita». Baina Charriauk azaldu du EBAko kideek baliabideak alta dituztela, eta auzapez gutxi batzuek baizik ez dietela erantzunik eman. «Desmartxa kolektiboa» izan arren, ez dute baliabide aski Ipar Euskal Herriko zerrenda guztien itzulia egiteko. Dena dela, hauteskundeen prestaketatik hasita, denboran iraunkorra izanen den lana egin nahi dute. Behaketa lana egitea, komunikatzea eta gogoeta prozesuak bideratzea aurreikusten dute. «Argi dago, parekidetasuna lortu behar da. Baina parekidetasuna ez da helburu bat bere horretan, tresna gisa ikusten dugu gizartea aldatzeko», zehaztu du Charriauk.

Erronka gehiago

Herriko bozen karietara, Les Bascos Baionako elkarteak Herritar Ituna prestatu du, hautetsiek LGBT erronkak kontuan har ditzaten. BeƱat Gachen lehendakariak egoera aztertu du: «Anitzetan LGBT mugimenduaren eskubideak ez dira gai zentral gisa hartzen, bazterreko zerbait bezala baizik, eta hauteskundeetan hori gertatzen da». Azken kargualdian zenbait herriko etxek izenpetu zuten hitzarmena; «laguntza eta aurrerapauso txikiak» lortu badituzte ere, «ez da politika globalik LGBT problematiken inguruan». Herritar Ituna sinbolikoa bada ere, elkarteak hautetsiei ardurak dauzkatela oroitarazi nahi die: «Arlo ezberdinetan gauza sinpleak egin ditzakete: egoera zibilen zerbitzuan, osasun zerbitzuetan eta diskriminazioen aurkako komunikazioan, besteak beste. Hurbileko instituzioek badute toki inportante bat horretan jokatzeko», segurtatu du.

BERRIAn argitaratua (2020/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA