astekaria 2020/03/06
arrowItzuli

kultura

Memoria, politika eta egile berriak

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Memoria, politika eta egile berriak

Saiakera, nobela eta poesia liburu sorta kuriosoa. Antzerki lanak ere bai, joan den Durangoko Azokarako Susa argitaletxeak sortu zuen Ganbila bildumari esker. Narrazio liburua eta komikiak, berriz, bakan. Hala dator oraingoz udaberria, argitaletxeen aurreikuspenen arabera. Irakurzaleari aspaldidanik ezagun egingo zaizkion izenen ondoan, beren opera prima besapean datozen egileak agertuko dira. Hala, Oihane Amantegik, Erika Elizarik eta Maddi Ane Txoperena Hiribarren BERRIAko kazetariak lehen nobela argitaratuko dute. Hirurek, Elkar etxearekin. Amantegik AEBetako hegoaldera eramango du irakurlea Ibaiertzeko ipuina-rekin, Mississippira, definitu gabeko garaira, heriotza eta bizitza eskutik helduta doazen kontaketa egitera. Elizarik, berriz, Igartza saria jaso zuen Zendabalitz eleberri korala idazteko. Gizakien kontraesanekin eta gizartearen estereotipoekin jolas egiten du nobela laburrean. Txoperenak Ene baitan bizi da nobela laburra idatzi du, Gazteluma bekari esker. Marie du protagonista, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) neska gazte bat. Parisen ari da ikasten, eta ikasketa amaierako lan baterako, amatxi Josefinaren historia ikertzea erabakiko du.

Beste muturrean, Nobela errealista bat. Ez da Joxean Agirreren lehena, inolaz ere, hamabigarrena baizik. Elkarrekin argitaratuko du, eta argitaletxe baten enkargua du abiaburu: gudarien balentriak biltzen eta Loiuko aireportuan (Bizkaia) jasotako bezeroei balentriok kontatzen dizkien taxistak, modu ilunean hil berri den idazlearen eleberri errealista amaitu behar du; Mikel Lejarza El Lobo espioiari buruzkoa da liburu amaigabea, hain zuzen ere. Historia hurbileko pasarteak fikzioarekin uztartzen ditu Agirrek.

Pello Lizarraldek ere badu aski eskarmentu nobelagintzan. 1984an argitaratu zuen lehena, E pericoloso sporgersi. Zuri beltzean (Lur), eta zazpigarrena emango du orain, Ereinekin: Argiantza. 1980ko urteetan kokatu du, herrietako zinema aretoak krisialdian sartu ziren garaian. Aretootako langileak eta giroa aztertzen ditu nobelako protagonistak, bizimodu eta aldarte baten galbidearen lekuko bihurtuz.

Joanes Urkixok ere garai berera egin du jauzi Orratza eta kaltea nobela beltzarekin, 1980ko urteetara. Ondarroan (Bizkaia) kokatu du, heroina trafikoa eta horren ondorioak azaltzeko.

Oier Guillanek duela bi urte eman zuen lehen nobela, Zauri eBolodia, Txalapartarekin; Susarekin argitaratuko du orain bigarrena, VHS. Aurrekoan bezala, honetan ere sailkatzen zaila den lan bat osatu du. Antzerkitik, saiakeratik, nobelatik du. Artista baten formazio urteak, grinak, hausnarketak eta lagunak ezagutuko ditu irakurleak, ikerketa emozional bat medio.

Narratiban, azkenik, Julen Belamunoren Hotz industriala ere argitaratuko du Susak. Bost ipuinek osatzen dute lan hori, eta azkenak ematen dio izena. Hozkailu industrialak konpontzen dituen langile bat du protagonista ipuin horrek.

Koldo Almandozek Igeri ala ito fotonobela argitaratuko du Farmazia Beltzarekin. Argitaletxe berak Koldo Izagirrek euskaratu duen Zerocalcareren Kobane Calling nobela grafikoa plazaratuko du. Beste nobela grafiko bat, Basolatik berri onik ez ukronia fantastikoa, Xabiroik emango du. Asisko Urmenetak idatzi du gidoia, eta Joseba Larratxek egin ditu irudiak. Sinopsia: Orbaitzetako arma olan augsburgotarrentzako munizioa egiten dute; aldi berean, matxinada prestatzen ari dira euskaldunak, Nafarroako Errepublika eraikitzeko.

Poesian, lau liburu datoz. Isabel Diazek Sano erradikal argitaratuko du Alberdaniarekin; Igor Estankonak Moskito, Susarekin; Amaia Iturbidek Isiltasunaren ildoetan, Ereinekin; eta Mikel Sotok Suak pizten direnean, Elkarrekin. Azken hori da uzta honetako laugarren opera prima, hain zuzen ere. Hainbat urtez Txalapartako editore lanetan aritua da Soto, eta aitortza politiko eta literario batekin dator.

Isabel Diazek ez, Sano erradikal ez du lehen olerki lana, hirugarrena baizik, baina 21 urte joan dira aurreko poemarioa eman zuenetik, eta mundu berri bat aldarrikatzera dator orain. Eta Diazek beste ez, baina urte dezente egin ditu Igor Estankonak ere poesia liburua eman gabe: 11, zehazki. Moskito bosgarrena izango du, eta aitatasunaz, bikote harremanaz, nazioaz eta heriotzaz ari da bertan. Amaia Iturbideren Isiltasunaren ildoetan, azkenik, izenburuak berak adierazten duen bezala, isiltasunari egindako aitortza da.

Askotariko saiakerak

Saiakera arloan, aukera asko dago badatozen nobedadeetan, bai gai aldetik, bai planteamendu aldetik. Joxean Artze zenaren Txalapartaren abaroan, esaterako, bidaia kronologiko baten itxurarekin abiatzen da, eta, hitz lauz idatzia egonik ere, poesia gailentzen zaio une batetik aurrera. Elkarrek argitaratuko du lan hori, eta baita Jule Goikoetxeak, Lore Etxeberriak, ZuriƱe Rodriguezek eta Estitxu Garaik ondu duten Euskal Demokrazia Patriarkala ere. Euskal Herriko administrazio ezberdinetako datuetatik abiatuta, patriarkatu neoliberala ulertzeko sistema kontzeptual bat eskaintzen du lan horrek.

Cira Crespok eta Elena Ziordiak ere ikuspegi feminista batetik idatzi dute Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez saiakera ilustratua. Txalapartak argitaratu die. Historiaurretik abiatuta gaur egunera arte, 50etik gora emakumeren historia kontatu dute, historia kolektibo bat idazteko asmoz.

Marina Sagastizabalek, berriz, Susaren Lisipe bilduma feministan emango du Hiruki gatazkatsua saiakera laburra. Etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lanak eta parte hartze soziopolitikoak osatzen dute izenburuko hirukia, eta hiru dimentsioon uztarketa du gogoetagai.

BERRIAk Jakinekin eta Elkarrekin batera argitaratzen duen Aleka bildumaren barruan, berriz, pertsiodunen mugimenduari eta pentsioen etorkizunari buruzko lana prestatu du Jon Fernandez kazetariak.

Juan Kruz Igerabidek ere, Artzek bezala, begirada poetikoa ageri du Noiz arte arrazoi saiakeran. Aforismoak pentsamendua zartarazteko darabiltza. Alberdaniak emango du. Karlos Gorrindoren Funanbulistaren beldurra autobiografikoa, berriz, Ereinek plazaratuko du. Hamasei urteko kartzelaldia kontatzen du bertan.

Ugariena

Haur eta gazte literaturan, azkenik, Miren Agur Meabek idatzi eta Ane Pikazak irudiz hornitu duen Begiak zerumugan poesia liburua emango du Elkarrek. Baita Anjel Lertxundiren eta Antton Olariagaren artean ondutako Haitzaren muinoa nobela berezia eta Jabi Elortzak idatzitako Habia lazgarria ere.

Ereinek, berriz, sail berria sortu du: Pikotxetan, 8-10 urteko irakurleentzat. Koldo Izagirreren Dumitru biluzik, berriz, 12-16 urtekoentzako Perzebal sailean sartu du. Badira gehiago ere. Ohi bezala, gazteenentzako liburuak baitira ugarienak badatorren literatur uztan.

BERRIAn argitaratua (2020/03/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA