astekaria 2020/03/06
arrowItzuli

gizartea

JAVIER PADILLA

«Kontsultetan, sarri erantzun bakar bat ematen da: botika»

Arantxa Iraola

«Kontsultetan, sarri erantzun bakar bat ematen da: botika»

Bilbon izan zen lehengo astean Javier Padilla (Madril, 1983), ¿A quién vamos a dejar morir? (Nor utziko dugu hiltzen?) liburuaren aurkezpena egiten. Familia medikua da, aditua osasun publikoan, eta osasun eredu publikoaren defendatzailea. Gogora dakar, betiere, eredu horrek bizitzaren aldagai guztiak aintzat hartzera jo behar duela, ez soilik osasun sistemakoak. Ikuspegi horren alde, ozen dihardu Silesia kolektiboan. Sare sozialetan ere jori aritzen da.

Sarri askotan esaten da eritasunak eta heriotza denontzat daudela hor: gizaki oro berdintzen dituztela. Ez da egia, ezta? Kontsolamendu merkea da...

Gezurra da: erabatekoa. Denok hilko gara, bai. Baina pobreak lehenago hiltzen dira, eta behar diren zaintzak jasotzeko aukera gutxiago izaten dituzte. Desberdintasunaren kartografia dira gure gizarteak: desberdintasun horiek eragin agerikoa dute gure bizitzetan, gure gorputzetan. Esango nuke halakoen atzean, kontsolamendua baino gehiago, desberdintasuna ukatzen duen aparatu ideologiko bat ageri dela.

Gezur handia da, halaber, osasun sistema publiko eta unibertsal bat edukitzeak osasunerako aukerak berdintzen dituela gizarteko estratu guztientzat...

Berdintasuna sustatzeko aldagai garrantzitsua da hori, baina horrekin bakarrik ez da aski. Osasun sistemen barruan desberdintasunak sortzen dira, osasun sistemarako sarbidea herritar guztientzat bermatuta egon arren. Usu, osasun arloko profesionalok ere hauspotu egiten ditugu desberdintasunak. Behin testu bat idatzi nuen: Okerrago tratatzen al ditugu paziente behartsuak? Izan ere, badira ebidentziak erakusten dutenak maila apaleneko pertsonak gutxiago aztertzen ditugula, historia kliniko eskasagoak lantzen ditugula haiekin, eta parte hartze txikiagoa ematen diegula erabakiak hartzeko orduan. Hori ez da gertatzen zitalak garelako, baizik eta gizakiak garelako, eta gizartean dauden lerratzeen menpe gaudelako gu ere. Kontua da egoera horretaz jabetzea, buelta ematen ahalegintzeko.

Eremu publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren garrantzia nabarmentzen da usu erakundeetatik. Erlazio hori parasitarioa dela diozu zuk...

Bai, nik uste dut kasu honetan parasitazio bat gertatzen dela. Zera da kontua: osasun pribatuaren atzean maiz daude eraikuntza enpresak, eskaintzaren eta eskariaren arabera diharduten enpresak, eta osasun sistema publikoarekin aritzeak, hura parasitatzeak, aukera ematen die epe luzerako negozio egonkortasun bat izateko. 2010-2015 urteetan, esaterako, Madrilen-eta osasun gastua urritzera egin zen, eta ikusi genuen zentro publikoek murrizketa bikoitzak egin behar zituztela; izan ere, administrazioak enpresa pribatuekin eginda zituen kontratuetan bermatuta zien hazkunde jakin bat. Baina alor publikoak zerbitzuak urritzera jo behar badu, enpresa pribatuei emateko, hori parasitazioa da. Horrek, gainera, alor publikoari onura txikia dakarkio; izan ere, enpresa pribatuetan sartzen den dirua ez da doa eremu publikora, han baliabideak hobetzera. Epe luzera, eredua ahultzea dakar horrek.

Populazioa aldatzen ari da; zahartzen ari da era oso nabarmenean, eta, horren ondorioz, pazienteen soslaia ere antzaldatzen ari da. Nola egokitu behar du osasun sistemak horretara?

Sendatzen duen osasun sistema batetik zaintzen duen osasun sistema batera jo behar da. Berandu goaz. Ikerketek diote zahartzea ez dela gastu sanitarioa gehien handitzen duen aldagaia; egiteko moduak aldatuko dizkigu zahartzaroak, baina ez du auzitan jarriko osasun sistema. Sistemaren iraunkortasuna kolokan jartzen dute sartu nahi diren teknologia eta botika berri zenbaitek, oso garestiak baitira, eta sartu nahi baitira, gainera, dakarten onuraren ebaluaziorik gabe. Populazioaren zahartzaroak ekarriko ditu, hori bai, bilatu gabeko bakardade kasu asko; ikaragarria da hori. Benetako osasun publikoko arazo bat da, eta funtzionatzeko moduak aldatzea ekarri behar du. Oinarrizkoa izango da, esaterako, gizarte zerbitzuak sustatzea; gainerakoan, osasun arlotik ezin diegu halakoei aurre egin. Egiteko bat beteko dugu, baina beste hainbat tokitatik ere eragin behar da.

Lehenengo mailako arreta indartzea izango da gakoa...

Osasun sistema arta komunitariotik eraiki behar da, lehen mailako arretatik, eta ez erietxe handietako unitate espezializatuetatik. Beheko oinarriak eraikita, gero egin behar da gora.

Ospitale gutxiago eta etxean bertan emandako arta zerbitzu gehiago. Hor dago geroa?

Ospitale hobeak, eta komunitatean oinarritutako arreta hobea.

Maizegi jotzen da botiketara?

Botika gehien hartzen diren munduko herrialdeetan bigarrena da Espainia. Zerk dakar hori? Denboraren aldagaia dago hor. Frogatua dago; kontsulta motzetan, sarri erantzun bakar bat ematen da: botika. Ez badago irtenbide landuagoak lantzeko erarik, hori da erantzuna. Egun, hegemoniaren aurkakoa da gauzak egiteko astia ematea, eta badira astia behar duten gauzak.

Zailtasunak badira, baina, era berean, gero eta promesa gehiago daude gaixo bakoitzaren genetika aintzat hartu eta eskain daitezkeen sendabide pertsonalizatuen harira. Oinarrizko arta ere usu ezin dela bermatu ikusita, desberdintasunak areagotuko dituzte halakoek?

Bai, medikuntza post-genomiko deituak desberdintasunak handitzea ekar dezake. Hala ere, zera adierazi nahi nuke: aurren-aurrena medikuntza mota horrek erakutsi behar du agintzen duen hori bete egingo duela. Eta arazo bat du: pertsona gogoan du haren ikuspegi genetikotik, baina ez ditu kontuan hartzen haren aldagai sozialak. Orain, norabide horretan bagoaz, eta negozio aukera gisara ikusten dela esaten bada, desberdintasunak handitu egingo dira: ez da egongo eredu publikorik alor horretan ari diren enpresek dituzten negozio helburuei erantzuteko gai izango denik. Aurrera ongi egite aldera, behar dira sistema sendo batzuk, ongi ebaluatuko dutenak zer izan daitekeen baliagarria, eta hor negozia dezaketenak.

Prebentzioaz ari dira osasun agintariak sarri-sarri. Beste paradigma baten alde ari zara zu...

Prebentzioak beti begiratzen dio eritasunari, haren inguruan ardazten da. Aldiz, nik uste dut osasuna sustatzera egin behar dela: positiboan. Hori egin daiteke, gainera, era kolektibo batean. Politikak ezin dira beti katebegi ahulenaren esku utzi. Esaterako, tabakoaren kontrako politikak ezin dira oinarritu norbanakoak erretzeari uzteko duen gaitasunean bakarrik; izan ere, besteak beste, errentarekin lotutako aldagaiek ere eragina dute horretan.

Ikuspegi zabala behar da beti...

Gaixotasunetik urrundu eta osasunari erreparatzea da helburua. Positiboan eraiki behar da osasuna, ez ezeren aurka. Eta kohesio soziala lehenetsi behar da beti: kohesio sozialak denon osasunaren alde egiten du.

BERRIAn argitaratua (2020/03/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA