astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

politika

Zintak, gatazkaren lekuko

Maialen Unanue

Zintak, gatazkaren lekuko

Egunkariak, bata bestearen ondoan jarrita, historiaren lekuko dira. Egunetik egunera zein garapen duten erakusten dute albisteetako tituluek. Horixe bera gertatzen da egunkarietan argitaratutako zintekin, gaur-gaurko gaiei lotutakoak baitira. Donostia2016k eskatuta, Tiras que aflojan [Lasaitzen duten zintak] izenburua izango zuen erakusketa bat egiteko enkargua jaso zuen EHUko EMAN taldeak. Patxi Azpillaga EHUko irakasleak azaldu duenez, prentsan argitaratutako zintek euskal gatazkaren giroa «lasaitzen, edota pixka bat tentsioa jaisten» lagundu dutela erakutsi nahi zuen, horrela, Donostia2016k.

Hala sortu da Tirabirak — Tiras que aflojan erakusketa ibiltaria: lehengo ostegunean estreinatu zuten Bilboko Bizkaia aretoan. 1977tik 2016ra prentsa idatzian argitaratu eta euskal gatazka edo izaera politikoko bestelako gertaerak gaitzat izan dituzten komiki zintak batzea erabaki zuten. Urtebetean, 15.000 egunkari inguru aztertu dituzte, eta 30.000 zinta inguru ikuskatu: horietatik guztietatik, gaiarekin lotutako 3.500 zinta identifikatu dituzte, eta 448 eraman dituzte erakusketa ibiltarira.

Aztertutako denbora tartea zabala zenez, metodologia bat prestatu zuten bilaketa fintzeko: gertaera zehatzekin lotutako 150 data zehaztu zituzten. Hala, finkatutako datetatik hamar eguneko epean zer-nolako zintak ateratzen ziren aztertu dute. Albisteak kronologikoki ordenatu dituzte erakusketan, denbora ardatz batekin lagunduta. Azpillagak azaldu duenez, ETAren jardunarekin eta Espainiaren errepresioarekin lotutako berriak tartekatu egiten dira izaera politikoa duten bestelako gertaerekin: «1977an hasten da, Punto y Hora aldizkariaren aurkako atentatuarekin, ondoren Bilboko Hoja de Lunes aldizkariko zuzendari Jose Maria Portelen hilketa dator, Lemoizko ingeniari Jose Maria Ryanena gero, Yoyesena, Ajuria Eneko hitzarmena, Lizarra-Garazi, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera...».

Bata bestearen atzetik jarrita, kontakizun bat osatu dute, euskal gatazkak trantsizio garaitik gaur egun arte izan duen garapena erakusten duena. Lehenengo urteetan, Euskal Herriko Deia, Egin, El Diario Vasco eta El Correo, Madrileko ABC eta El País egunkarietako zintak aztertu dituzte; eta beste batzuk gehitu dizkiete gero, Diario de Navarra (1988tik aurrera), El Mundo (1989tik aurrera), Euskaldunon Egunkaria (1990etik aurrera), eta, aurrerago, Gara eta Berria. Beste egunkari batzuetako zintak ere sartu dituzte tarteka, eta egileak, dozenaka: Zaldieroa, Maximo, Zulet, Forges, Tasio, Olariaga, Gallego & Rey, Peridis, Oroz... Euskal gatazka ertz ugaritatik begiratzeko modua bilatu dute, horrela: «Egile eta ikuspuntu desberdinen arteko oreka bilatzera jo dugu, eta lekua hartu dute erakusketan ikuspuntu oso desberdinetako zintek».

Hiru ataletan banatu dituzte bildutako zintak. Batetik, gatazka politikoari dagozkion zintak. Bestetik, «minarekin» lotutakoak, eta, azkenik, gizartearen ahalduntzearekin lotutakoak. «Minarena da, nik uste, atalik indartsuena. Bortxak eragindako mina islatu duten zintak daude, baina baita gizartearen samina eta dezepzioa islatzen dutenak ere», azaldu du Azpillagak.

Errealitatean bezala, euskal gatazkak pisu nabarmena hartu du prentsa idatzian argitaratutako zintetan, Azpillagak azpimarratu bezala, ikuskatutako 30.000 zintetatik, %10 baitzeuden gatazkarekin lotuta: «Nabarmena izan da marrazkilari batzuek beste batzuek baino joera handiagoa izan dutela euskal gatazka islatzekoa, baina guztietan egon da halako nahia edo gogoa horren inguruan jarduteko». Adibide batzuk jarri ditu: «Hor dago Maximo, Madrildik El País-en argitaratu duena, berdin Martin Morales edo Mingotek ere. Euskal Herrian Zaldieroa edo Tasio bera, baita Olariagaren Zakilixut-en ere: seguruenik, Zakilixut ez da izango propio horretaz hitz egiteko pertsonaia, baina gatazka agertu izan da zinta horietan, nahitaez».

Zintak, sintesi ariketa

Mezua «zuzenean» iristen da zinten bidez, eta, Azpillagaren ustez, editorialarekin baino errazago gelditu daiteke irakurlea zinta baten mezuarekin. Badute, beraz, iruditeria kolektiboan eragiteko gaitasuna. «Gertaerak, neurri batean, zinta horien bidez ikusi ditugu. Badira egile batzuk oso ondo markatzen dutenak imajinario hori, adibidez, Zaldieroak The Organization-ekin irudikatu izan du ETA. Badute pertsonaiei eta gertaerei irudi bat emateko gaitasun hori».

The Organization, La Konsti, La pelota basqua, Gazta zati bat... Euskal gatazkarekin lotutako hainbat pertsonaia irudikatu ohi ditu Patxi Huarte Zaldieroa-k BERRIA-ko zintetan. Eta aitortu du ez dela erraza zinta bakarrean biltzea esan nahi duena: «Sintesi bat bilatu behar duzu zinta bakarrean zer edo zer esateko. Orduak ematen ditut gauzak irakurtzen, nire iritzia kontrastatzen. Ez da erraza: hausnarketak bere denbora behar du». Zaldieroaren gisan, Diario de Navarra-rako zintak egiten dituen Cesar Orozek ere nabarmendu du sintesi ariketa egiteko beharra: «Testu asko irakurri ostean egiten ditugu, hau da, zinta guztien atzean analisi bat dago. Sintesi ariketa zinta bakarrean sartu eta, gainera, grazia izan dezan saiatzen zara».

Egunkarietako zintak, maiz, umore grafikoarekin lotuak dira, baina ez dute beti umore kutsua izaten. Zaldieroak berak dio ez dela umoregilea, «marrazki politikoa» egiten duela. Are gehiago, umoreak ez dio beti errealitateari pisua kentzen, haren ustez: «Hala izan daiteke, edo ez. Badirudi umoreak eta marrazkiek arindu ditzaketela gauzak, eta batzuetan hala da, baina begira zer gertatu zen Charlie Hebdo-rekin». Alde horretatik, ez du uste mezu bera izan dezaketen testu eta irudi batek eragin bera dutenik: «Jendea oso iraindua sentitzen da bere burua marrazki batean ikusten duenean. Artikulu batean gauza bera arren, mingarriagoa da irudia, ia-ia beti». Karga arindu baino, umoreak gertaerei aurre egiten laguntzen duela uste du Correo taldeko egunkarietarako zintak egiten dituen Jesus Zuletek.

Zintek badute irakurleen gogoan eragiteko gaitasuna, baina hori «jendeak ulertu nahi duenarekin lotuta» dagoela uste du Zaldieroak. «Batzuetan nire mezuak ez dira oso zehatzak: uste dut, askotan, jendeak bere aldera interpretatzen dituela». «Askotan» sentitu da baldintzatuta marrazterakoan, batez ere, bere iritzia plazaratzerakoan: «Ez dut astuna izan nahi, nire iritzia ez baitzait hain inportantea iruditzen, beti ematen aritzeko bezainbeste [barreak]».

Zaldieroak bezala, Orozek ere uste du euskal gatazkaren garapena zinten bidez ezagutzeko modu egokia dela Tirabirak erakusketa: «Are gehiago, zenbat egile barne hartu dituen ikusita». Prentsan argitaratutako zintak badira, Orozen ustez, zenbait gai jorratzeko modu arinagoa, irakurlearen ikuspegitik: «Beste era batera adierazteko oso gogorrak diren gaiak jorratzeko aukera ematen du, modu onargarriagoan eta hausnartzera bideratzeko moduan». Zuleten ustez, «beharrezkoa» zen horrelako erakusketa bat egitea: «Gertatutakoa umorearen ikuspegitik islatzeko modua da: optika irekiago eta baikorragoa eskaintzen du umoreak». Haren esanetan, gizakiak badu gaitasuna errealitatea fikzioaren bidez islatzeko, eta ariketa beharrezkoa dela iruditzen zaio, gainera: «Beldurtzen gaituen horretatik kanpora atera eta hausnarketa hotz eta sakonago bat egiteko gaitasuna izatea beharrezkoa da. Gizartean eragin hain handia duten gertaeretan, are gehiago».

Euskal gatazkarekin lotutako zintak egiterakoan, gaiaren arabera, erregistroa aldatu izan duela nabarmendu du Orozek. «Zintak egiterakoan, umorezkoak direla suposatzen da. Baina bortxazko egoerak gertatzen direnean, azken 30 urteetan bezala, umorea alde batera utzi behar izan dut, eta kritika gailendu da. Gertaerek izaera politikoagoa dutenean, aldiz, adarra jo dezakezu, edo ironia erabili». Esaterako, gogoan du nola irudikatu izan dituen ETAko kideak, mendi baten gailurrean, enpresa bat izango balitz bezala, emango dituzten pausoen berri ematen herritarrei; edo nola Jose Barrionuevo GALengatik espetxean sartu zutenean PSOEko ordezkariak espetxeko atean bildu ziren hari babesa adierazteko.

Orozen ustez, zintak badira iritzia emateko modu bat, egunkarietako editorialen gisakoa, «ez hain serioa». Baina hausnarketarako bide bat irekitzen dute, zintek politikariak «gainontzeko gizaki guztien mailara jaisten» baitituzte, Orozen ustez: «Lurrera jaisten ditu, lokatzetara, eta, hala, boteredunei eta botere egiturei garrantzia kentzen zaie». Zuleten ustez, berriz, «betiereko eztabaida» dago horren atzean: «Nork eragiten duen norengan: hedabideek eragiten ote duten irakurleengan edo jada existitzen diren iritzien oihartzun ote diren egunkariak».

BERRIAn argitaratua (2016/02/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA