astekaria 2020/03/06
arrowItzuli

kultura

IRRI GUTXI ORRIETAN

Aitor Biain

IRRI GUTXI ORRIETAN

Umorea ez da, historikoki, oso agerikoa izan euskal literaturan; bigarren mailan egon izan da beti, serioagoak jotzen diren generoen azpian. Umorea ez baita modu orokorrean lantzen, ez behintzat genero edo ildo literario moduan. Egon badago, ordea, nahiz eta gehienetan umoretsuak ez diren obretan azaldu. Modu soil, zehatz, eta helburu jakin batekin erabili izan dute idazleek batez ere umorea, eta pertsonaien osagarri gisa agertu ohi da gehienetan. Beste batzuetan, berriz, umore beltzera jo izan dute sortzaileek testuinguruari kritika egiteko edo gizartearen alderik ilunenak azaleratzeko. Hainbat dira umorearen gabeziaren arrazoiak, idazleen aburuz. Gutxi dira, nolanahi ere, irriz idatzi eta leitzen diren lanak.

Asisko Urmenetak umorearen inguruan ardaztu ditu bere lan asko eta asko, eta komiki formatuan argitaratu ditu gehienak. Sortzaileak argi du umorea «gutxietsia» dela oro har: «Umorea genero minor bat kontsideratu izan da». Urmenetaren hitzetan, ez da gauza bera umorea egin nahi izatea eta egin ahal izatea. «Egin nahi horretara iristeko, aurrena, genero edo diziplina gisa kontsideratu behar da umorea. Eta zalantza dut hain ongi ikusia den edo hain preziatua den horretarako».

Iritzi berekoa da Iban Zaldua ere. Idazleak maiz jorratu du umorea bere lanetan; batez ere, ironia eta sarkasmo formarekin azaldu izan da haren ipuin eta narrazioetan. «Berez ateratzen zaidala esango nuke; errealitate gordin bati aurre egiteko tresna dela niretzat». Zalduaren iritziz, umoreak ez dauka tragediak edo dramak —«literatura serioak» izendatu ditu berak— bezainbesteko onespenik. «Bigarren mailako joera bat kontsideratzen da, behintzat alor literarioan: horrek ere zerikusia dauka, ziurrenik, gutxiago lantzearekin».

Idazleak gogorarazi du, ordea, ez dela beti hala izan. Literaturaren historian umoreak presentzia nabarmena izan duela azpimarratu du: «Paradoxikoa da, ze hartzen baduzu literaturaren historia, argi dago umoreak leku inportantea daukala bertan, kanonaren erpinean hain zuzen ere, hasi Aristofanes eta Plautorekin, eta jarraituz Rabelais, Cervantes, Stern, Austen, Dickens, Joyce eta Kafkarekin».

Euskarria, desabantaila?

Ez da gauza bera hitzez soilik adieraztea edo irudien bitartez adieraztea. Sortzaileen aburuz, ordea, umorea «zaila da egiteko», euskarria dena delakoa izanda ere. «Emaitza sinple bat eskaintzeko, atzetik sekulako elaborazioa egin behar da. Eta, hala ere, emaitza sinple horrek irribarrea bezalako estimulu edo ondorio zaila atera behar du», azaldu du Urmenetak. Eta, hain zuzen, erronka horrek egiten du berezi idazketa, Zalduaren hitzetan. «Idatziz beti da zailagoa barre eginaraztea; baita negar eginaraztea ere. Horregatik da horren erronka kitzikagarria, eta ederra, lortzen den bakanetan».

Komikilari eta marrazkilariak literaturaren eta umorearen arteko loturan jarri nahi izan du arreta, nolanahi ere. «Literatura letra larriz idazten den hitz bat da, eta jendeak errespetu handia dio. Hori askotan nahasten dugu seriotasunarekin. Eta, nire ustez, ez dute deus ikustekorik. Irribarrea edo irri karkaila sortzen duena izan daiteke goi mailako literatura». Bat dator uste horrekin Ana Malagon idazlea ere. «Umorea denbora-pasarekin edo arinkeriarekin lotzen dugu, eta ez dugu hartzen gai inportanteei heltzeko modu bezala». Areago, haren hitzetan, «oso gai serioak modu oso serioan» tratatzen dira euskal literaturan.

Malagonek 2014an argitaratu zuen lehen liburua: Lasai, ez da ezer gertatzen. Mikroipuinen bilduma bat da, eta hutsunearen sentipenaz mintzo da idazlea istorio laburretan. Besteak beste, bakardadea eta frustrazioa azaleratzen dira liburuan, baina ironiaz josita betiere. «Egia esan, nahiko inkontzienteki erabiltzen ohi dudan zerbait da. Nik idatzi ditudan ipuinetan ironiara jo izan dut pertsonaiek beren burua babesteko duten estrategia moduan».

Idazleak kulturarekin lotu du auzia. «Zergatik Euskal Herrian ez daukagu pop kulturarik? Dena dago pisu edo esanahi handiko gauzekin beteta. Eta horiek umorez ere tratatu daitezke, baina ez diogu uzten geure buruari, autozama jartzen diogu». Zalduaren ustetan, umoreak izan beharko luke pop kultura horren osagai nagusietako bat, hain zuzen ere.

Urmenetarentzat ere, formatua baino gehiago, kultura eta ohitura dira gakoak. Ipar Euskal Herria jarri du horren adibidetzat; Nafarroa Behereko herri antzerkigintza, zehazki. Bi izen nabarmendu ditu komikilariak: Mattin Irigoien eta Antton Luku. «Goi mailako literatura egiten dute biek, aitortua eta saritua, eta, gainera, antzerkian aplikatzen dena. Horrek ere bide eman dezake umorea lantzeko».

Urmenetak gogorarazi du umorearen bidez ere bota daitezkeela «tiro zuzenak», eta berdin-berdin landu daitezkeela «goi mailako ideiak». «Hor frantses kulturak badu Espainiakoak baino aise gehiago erraztasun hizkuntzarekin jostatzeko. Eta beharbada horregatik landu dute umorea musikagintzan Niko Etxartek eta Irigoien anaiek».

Euskara eta iragana, zama

Baina zerk baldintzatzen du bereziki sortzailea? Malagonen hitzetan, euskarak badu pisurik euskal literaturan; hizkuntzak berak eta haren errealitateak. «Badaukagu halako zerbait gai arinen inguruan. Ematen du euskaraz jorratzen diren gaiek serioak izan behar dutela». Horrek «zama bat» sortzen duela dio, zeinetan arinkeriak ez daukan lekurik. «Hil edo biziko egoeran, ez daukagu txorakerien inguruan edo modu ergel batean idazteko astirik. Gai inportanteak jorratu behar ditugu, horrenbestez, eta modu inportantean».

Aldarri bera egin du Zalduak ere. «Erabilera kontu bat da, ez hizkuntza kontu bat». Bertsolaritza jarri du horren adibidetzat idazleak: ahozkotasunetik eratorritako «burlaizezko umorea», hain zuzen. «Gure hizkuntzaren agoniatik ihes egiteko modu bat izan daiteke umorea, eta gehiago praktikatu beharko genuke».

Hala ere, aldagai garrantzitsu bat gehitu du Zalduak: merkatuaren txikitasuna. Idazleak nabarmendu duenez, euskal literaturan «ez da ia ezer espezifikoki lantzen». Eta hori merkatuaren «estutasunagatik» dela uste du; aitzitik, «istripu eta kasualitate zoriontsuak» baino ez daudela dio, genero, azpigenero eta ildo literarioei dagokionez.

Urmenetaren ustez, euskarak berak eta hizkuntzaren egoerak ere nahi eta nahi ez baldintzatu behar dute sortzailea. «Euskararen egoera, herriaren egoera, eta abar. Nire ustez, hizpide eta abiapuntu izan behar dira. Ezinbestekoa da niretzat. Oso gai zentrala da nire umorean behintzat. Ez dela irri egiten ahal ez dakit zerta? Nik baietz uste dut». Komikilariak «umore larria» eta «umore xehea» bereizi ditu. Aurrenekoa egitea «erraza» dela dio: «Normalean ETBren bidez egiten dena da, edo titi, ipurdi, pitilin eta antzekoekin egiten dena». Bigarrenak, aldiz, askotariko gaiak jorratzeko balio dezakeela dio. «Alegia, gaia larria baldin bada ere, are interesgarriagoa da umore xehez tratatzea. Umore xehea bilatu behar dugu geure buruari eta besteari ere konpreniarazteko».

Euskal gatazkak zeresana izan du horretan, idazleek uste baitute egoera sozial eta politikoak umorezko sorkuntza baldintzatu duela urte horietan, arinkeriarekin lotzearen ondorioz. «Hemen urteetan bizitzen ari ginen tragedia politikoarekin, nola aritu arinkeriaz?». Izan ere, egoera latzetan gustu txarrekotzat hartzen da umorea erabiltzea: «Gogoratu Woody Alleni egotzitako adagio famatua: 'Komedia da berdin tragedia gehi denbora'. Nik beste osagarri bat gehituko nioke ekuazioari: distantzia», dio Zalduak.

Azken urteetan egoerak okerrera egin duela iritzi dio Urmenetak. «Umore galtze larri batera iritsi gara». Legeak gogortu izana da horren arrazoietako bat, haren ustetan. «1980ko hamarkadan ateratzen genituen fanzineetan bagenekien lege batzuk bazirela ezarriak umorea tinkatzeko eta muga hertsi batzuetatik ez ateratzeko». Baina lege horiek ugaldu egin direla uste du, eta baita berriak sortu ere. Autozentsuraren eragina ere azpimarratu du komikilariak, era berean.

Emaitza kontrakoa izan dela ondorioztatu du Zalduak, ordea; hots, uste du gatazka bera bide izan dela umorearentzat. «Uste dut gatazka luzatzeak berak kontrako efektura eraman ahal izan zuela, umorearen ezinbestekotasunera, are umorea ere gatazkaz beraz aritzeko erabiltzera, tragediari buelta emateko, tragedia zalantzan jartzeko, edo bertatik ihes egiteko, besterik gabe».

'Kutsidazu'-ren bidetik

Umoreari dagokionez euskal literaturan erreferenterik bada, hori Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel da. Mende laurden igaro da liburua argitaratu zuenetik. Emaitza ezin hobea izan zuen irakurleengan, fikziozko euskal liburuetan gehien saldutakoa baita. Gaia eta formatua nabarmendu ditu Zalduak. «Ordura arte, izugarri serio eta erabakigarritzat hartzen zen helduen euskalduntze prozesua, eta horixe ipini zuen umorearen ituan».

Urmenetak, bestalde, haren estiloa nabarmendu du. «Berritzailea izan zen alde guztietatik, eta erakutsi zuen eguneroko euskaraz egin daitekeela, jenialtasun puntu batekin, goi mailako literatura». Komikilariaren iritziz, kanpoko ikuspegia erabili ordez, komenigarriagoa da bertako betaurrekoetatik begiratzea umoreari. «Horrek erakusten du zer-nolako beharra dagoen herri honetan irri egiteko. Aldizkari satirikorik ere ez dugu, pentsa».

Malagonek, berriz, une historikoarekin lotu du haren arrakasta. «Garai haiek, sozialki eta politikoki, ez ziren gogorrenak, baina, beharbada, euskal gizarteak bazuen horrelako zerbaiten beharra: gauza arinago batena, euskaraz, eta konnotaziorik gabekoa; giroa arintzeko zerbait. Ez dakit liburua orain aterako balitz nolako erantzuna izango lukeen».

Kutsidazu bidea, Ixabel «mugarri» bat izan zela dio Zalduak, baina gehiago ere badirela esan du. Karlos Linazisororen umore beltza nabarmendu du, esaterako; eta Angel Erroren Lerro etena liburuak «liluratu» du azken aldian, «umore finaren erabilerarengatik». Malagonek, berriz, aitortu du barre eginarazi diotela Kattalin Minerren ironiak, «nahiz eta helburu hori ez izan idazleak», eta Katixa Agirreren Amek ez dute liburuaren «pasarte beltzek». «Baina liburua umorea baino gehiago da».

BERRIAn argitaratua (2020/02/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA