gizartea
Eitzagako koadernoa
Imanol Magro Eizmendi
HONDAMENDIA
Otsailaren 6a: Whatsapp-a jo eta jo ari da. Zerbait gertatu da Eibarren. Familiakoak eta lagunak, argazkiak eta bideoak. Luizi bat izan da autobidean, Ermuko saihesbidearen alboan. Ondarroara zihoan autobusak oso gutxigatik saihestu du istripua: gidariak azken unean erreiz aldatu du; heroi anonimoen zerrendako aurrenekoa. Berehala zabaldu da bi langile desagertu direla. Gero etorriko da kontakizuna osatzeko puzzlea. Lehen orduetan ibilitakoen lekukotzak gordinak dira. Suhiltzaile batek esan du ez zekitela nora zihoazen; luizia zena zabor uholde bilakatu zela; ideiarik ez zutela amiantorik zegoenik: «Nola da posible? Ez al zegoen inon idatzita han zer zegoen?», haren kexua. Ez zen zabor normala: «Beltza zen, eta gogorra». Biharamunean jakingo da amiantoa dagoela, autobidea ireki eta bost minutura. Inguruetan inork ez du kasualitateetan sinesten.
«AIZU, KAZETARI!»
Otsailaren 7a: Eibarren ez dago beste gairik tabernetan eta dendetan: zabortegia eta erre usaina. Jendeak dakiena kontatzen du. Zabortegiaren jabeak ezagunak dira herrian, baita haien zirkuluak ere. Kazetariak ezagutzen dituzte herritarrek; batzuentzat ikerlariak dira, eta beste batzuentzat, muturluzeak. Baten batek, edanak harrotuta, xehetasun asko ematen ditu: lagun baten aitak entzunikoa, kuadrillako batek kontatu diona... Sare sozialetan, berdin: mezu pribatuak, argazkiak, informazio printzak. Eremu pertsonalekoak eta bitxikeriak: zenbat balio omen zuen kamioia husteak, nondik omen zetozen, Aixolako urtegiko bidean galdu zen Bartzelonako kamioilariarena -zer ote zekarren hain urrundik?-, txakur batzuk ere hil omen direla luizian, birziklatu gabeko plastikoa nongoa omen zen... Ezin jakin egia osoa den, edota lehengaia albiste bilaka daitekeen.
ERMUA, HASERRE
Otsailaren 10a: Astelehen buruzuri bat den arren, manifestazioa erraldoia izan da Ermuan. Lau egun pasatu dira, eta inguruko herrietan informazioa falta zaiela sumatzen dute. Eztarriko azkura dagoenean, inork gutxik sinesten du dena ondo doala. Mila lagundik gora elkartu dira, eta ez da soziologian aditua izan behar ideologia askotako jendea bildu dela ohartzeko. Ermuak, gainera, badu protesta egiteko tradizio politikoa, eta azken hamarkadetan herritarrek sentitu dute erakunde publikoek baztertu egin dituztela. Indargune sozialista bat da feudo jeltzale batean. Herriak ez zuen saihesbiderik izan 2018ra arte, eta mila ibilgailu astun pasatzen ziren egunero erdigunetik. Orduan ere protestak egon ziren: «Baina hau ordukoa baino askoz gehiago da, haserrea handiagoa da», esan du herriko kronikari beteranoak.
Otsailaren 17a: Haserrea eta beldurra maiz elkarrekin doaz, eta ermuarrak herri bilera informatiboa noiz iritsiko zain daude. Galderak egin ahal izateko eguna da: Ermuko antzokia bete egin da, eta agertokiaren gainean bederatzi lagun agertu dira erantzuteko obligazioarekin. Teknikariak dira gehienak; ez sailbururik, ezta sailburuorderik ere. Lehen ezpatarik ez: «Baten batek lasaiago lo egitea lortzen badugu, gu pozik», esan du teknikarietako batek. Bada, ez: inor gutxi itzuli da lasai etxera, dioxinek eta furanoek airean jarraitzen dutelako. Hiru egun geroago, Eibarren izango da bilera, zakarragoa. Mallabikoa, berriz, bertan behera geldituko da; barneko iturrien arabera, «teknikariek oso gaizki pasatzen dutelako».
LEHEN EGUNA EITZAGAN
Otsailaren 11: Bost egun pasatu dira luizitik. Asteburuan kazetari pila igaro dira Eitzagatik, eta bizilagunak nekatuta daude. Oraindik ikusteko dago zein den krisiaren tamaina. Uraren Agentziako langileak daude bertan, auzoko iturrian lehen ur laginak hartzen: «Denbora luzean bildu beharko ditugu», iragarri du batek. Ordubete geroago, iturritik ez edateko gomendatuko diete Eitzagako biztanleei. Handik egun batzuetara, kazetariekin ez hitz egiteko aginduko diete teknikariei.
Minutu gutxira beste kasualitate bat: bi gizon postontzi baten bila ari dira; Malikoak dira. Eitzagako baserri guztietako postontziak leku berean daude, eta bertan du Verterrek ere. Gutunak jasotzera bidali dituzte espresuki. Zabortegiko langileak dira, eta desagerturikoen lagunak. Hitz egiten hasi bezain laster, kazetaria dela esan die solaskideak, eta ez dute beste ezer kontatu nahi izan. Eibarren zabaldu den zurrumurru makabro batek dio zaborraren azpian desagertu direla bi langile atzerritar: ez da egia.
URKULLU AGERTU DA
Otsailaren 12a: Verterren zabortegia oso handia da, eta bi sarbide ditu. Bi kilometro eta erdi daude batetik bestera. Bat Eitzagan dago, aspaldi erabili gabea; nagusia, aldiz, Ibur Erreka poligonoan, Eibar eta Ermua arteko mugan. Bietan ertzain auto bana dago 24 orduz, kuxkuxeroak uxatzeko. Kazetarientzat eguneroko errutina bihurtu da bi sarreretatik buelta bat ematea. Sei egun pasatu dira hondamenditik, eta auto mugimendu handia dago: «Herbehereetako aditua» etortzekoa da. Ez da bakarrik agertu, baina, IƱigo Urkullu lehendakaria ere bertan baita, hainbat sailbururekin. Lehen aldiz luizia gertatu zenetik, eta abisatu gabe, oharkabean pasatzeko asmoz. Ziztu bizian igo da, eta ziztu bizian jaitsi. Inork errespetatzen ez duen Stop seinale bat dago Verterren sarreran, Ertzaintzaren patruila baten aurrean. Eguneko argazkia hori da, baina ez da erraza ateratzea. ETBko lankide batek lortu du irudia. Hark utzita, biharamuneko azaleko argazkia izango da.
«IZENIK EZ JARRI»
Luizia ikertu ahala, testigantza anonimoak pilatzen ari dira. Otsailaren 16an BERRIAn argitaraturiko kamioilariaren testigantzak, arau hauste larriak salatuz, eta iritsi zen lehen suhiltzaileetako baten hitzek oihartzun handia izan dute. Zabortegiaren inguruan lanean ibilitakoek ez dute izen-abizenik agertzerik nahi, baina arau hausteak salatzen dituzte. Eta ez dira garraiolariak barrik: langile publikoak, teknikariak... berdin. Hari mutur solteak ematen dituzte, sakonago ikertzeko eskatzen dutenak.
HIPOTESIEN DANTZA
Zer gertatu da? Inork ez daki zehazki. Zurrumurruak mila dira. Azterketa zehatza egin beharko da: zabortegiaren betetze maila, hondakinen konposizioa, lurren trinkotasuna... Zabortegi inguruan bizi direnek diote azken urteetan oso bizkor betetzen ari zela. «Berrehun kamioi egunean», dio lekuko batek; hamasei orduz irekita egonda, bost minutu baino gutxiago kamioi bakoitza husteko -nahiz eta «zortzi bat» hondeamakina edukita kamioi baino gehiago hustu zezaketen aldi berean-. Beste zabortegi batzuetan ere lan egin dutenak harrituta daude erritmo horrekin eta zaborra pilatzeko moduarekin.
Amildu zenean, luiziaren behe aldeko lurra gogorra zen; erdi aldekoa, berriz, nabarmen bigunagoa. Krisiaren lehen orduetan han izandako lekuko batek anomalia bat antzeman du: «Erdi aldean lokatza zegoen, oso urtsua». Gune horretan ez luke urik egon behar, drainatze sistemak eragotzi beharko luke. Satelite bidezko argazkiek beste anomalia bat erakusten dute: zabortegiaren legezko eremutik kanpo lur asko pilatzen ari ziren; zertarako?
OLAETXEA
Davidek Goliat garaitu zuen, eta mundu guztiak hura gogoan du historiaren logika hautsi zelako. Lourdes Olaetxeak, aldiz, galdu egin zuen zabortegia gelditzeko lege borroka, eta orain, bere etsaia izandakoak oka egin duenean, ia bere baserria eraman du aurretik. Duintasunaren ahotsa izan zen igandeko BERRIAn. Beldurrak atera du etxetik: «Behin erori bada, zergatik ez bitan? Orain hobeto al dago?». Poliziek eta udalekoek baserria uzteko esan diote; egunez, baina, han egoten da, Zintzo txakurrari merezi duen zaintza ematen. Agintariren batek aurkitu nahi badu, lan erraza du. Harekin hitz egitea lasaigarria da hondamendiaren zurrunbiloaren erdian.
EURIAREN BELDUR
Euriak goitik behera aldatzen du testuingurua; otsaileko azken astean iritsi da. Mehatxu bibliko bat dirudi, luizi berrien arriskua asko ugaritzen du eta. Negu arraroa izan da, lehorra, eta mesede handia izan da bilaketan dabiltzan langileentzat, lurra solte baitago magalean. Eguraldi aldaketarekin bat, Sallabenteko aparkalekua hustu egin dute, eta alarma sirenak jarri dituzte Eitzagan. Absurdoa dirudi autobideak irekita jarraitzeak.
«Kontrolatu beharreko kutsadura uretan dago orain», dio teknikari batek. Euriaren beldur dira haiek ere. Urarekin, lixibiatuak ugaritu egiten dira. Verterreko lixibiatuen biltegiko hodia Eitzagara doa, eta orain ez dago araztegirik. Metalezko xafla handi bat jarri dute azpian, eta kamioi batek xurgatzen ditu ur kutsatuak. Adabaki itxura du, baina eraginkorra da. Arazoa, dena den, ez dira ur horiek; litekeena da zabortegi azpian dagoen plastiko geruza hautsita egotea, eta lixibiatu askok ihes egin dezakete, eta handik ibaietara edo lur azpiko uretara heldu, mendia kareharrizkoa baita.
EITZAGAKO BILERAK
Ikerketak Eitzaga du epizentroa. Geografikoki, toki bitxia da: lau udalerri ditu metro gutxira, hiru eskualde, eta bi probintzia. Hondamendiak eragin handia izan du, eta auzokideen bileren tenperatura igo egin da. Zaldibarko Udaleko hainbat zinegotzi eta zinegotzi ohi biltzen dira, hainbat alderditakoak. «Zer interes zuen udalbatzak zabortegi hori eraikitzeko?», galdetu dio zinegotzi ohi batek egungo bati. Hainbat baserritarrek dituzte lurrak zabortegiaren inguruan. Batzuek lursailen bat saldu zuten bere garaian, beste batzuek alokatu... Orain, hondamendia dena etekin iturri ere izan zen. Hurrengo asteak ere ez dira gozoak izango.