astekaria 2020/02/28
arrowItzuli

kultura

«Gurea gizonek menderaturiko mundu bat izan da»

Mikel Yarza Artola

«Gurea gizonek menderaturiko mundu bat izan da»

Berlinale Palast antzokiko oholtzara igo, eta saria jaso zuen atzo Helen Mirren aktoreak (Londres, 1945). Esker ona adierazi zuen han, baita aurrez ere, Titanic hoteleko mahaiaren bueltan kazetariekin izandako solasaldian: «Zinemagileok badakigu hemengo publikoak eta kritikariek kultura handia dutela, oso zorrotzak direla artea baloratzeko garaian. Horregatik da ohore handia, batez ere: Berlindik datorrelako». Mirrenek Alemaniako hiriburuaren bi aldeak ezagutu ditu: «1980ko hamarkadan bisitatu nuen Berlin lehenengoz, harresia indarrean zela». 2010: The Year We Make Contact filma aurkeztu zuten orduan, «baina publikoak ez zuen batere gustuko izan». Ostera, beste hainbat bisita ere egin ditu, azkena Berlin: I Love You proiektu kolektiboaren harira. «Hiriari eskainitako amodio gutun moduko bat da, eta Berlingo estudioetan bertan filmatu genuen».

Mende erditik gora egin du Mirrenek aktore lanetan, eta askotariko pertsonaiak interpretatu ditu denbora horretan, emakume indartsuak batez ere. Shakespeare ezagutu eta harenganako pasioak bultzatuta, antzerkian eman zituen lehen pausoak: «Haren obra ezagutzea laino artean argia topatzea bezala izan zen». Handik urte gutxira egin zuen zinemarako jauzia. «Ibilbide osotik, Estatu Batuetako telebistarako egindako bi film ditut bereziki gogoan, The Passion of Ayn Rand eta The Roman Spring of Mrs. Stone». Arrakasta, ordea, 1991ko Prime Suspect telesaileko protagonista gisara heldu zitzaion. «Hori izan zen, publiko orokorrarentzat, nire rolik sonatuena, ezagun egin ninduena. Hamar urte igaro nituen telesail horretan, Jane Tennison detektibearen azalean, eta jendeak Tennison gisa identifikatzen ninduen kalean ere. Hori amaiarazteko beharra sentitu nuen».

Gerora, britainiar monarkiaren irudi bilakatu da Mirren; izan ere, Jurgi III.aren emazte Karlota erregina izan zen lehenik, eta Elizabet I.a eta II.a ondoren. Katalina II.a enperatriz errusiarraren azalean ere jarri zen, 2019ko Catherine the Great telesailean. «Arbaso errusiarrak ditut; bada nigan Europa ekialdeko kutsu hori, baina erreginen bizitzan murgiltzerakoan interesgarriena izan da esparru pribatuaren eta publikoaren arteko tentsioa esploratzea». Mirrenen esanetan, gizatasuna da rol horien alderik zirraragarriena: «Sekulako ardura politikoa izan zuten pertsonaia horiek, baina, azken batean, emakumeak ziren, gizakiak, euren desira, zalantza, pasio eta zeloekin».

Egungo Hollywoodi erreparatuta, #MeToo mugimenduak eragin dituen aldaketetan jarri du arreta aktore britainiarrak: «Kulturalki, bisualki... zentzu guztietan gizonek menderaturiko mundu bat izan da gurea». Pelikulen filmatze lanak izan dira horren adibide: «Filmaketa taldeak 150 gizonek eta hiru emakumek osatzen zituzten: hori izaten zen eguneroko legea. Horrek eramaten zaitu zure jokaera etengabe eta azken xehetasuneraino gainbegiratzera; lanean ari zarenean nola komunikatu, negoziatu, konbentzitu… Soka bati lotuta egotea bezala da. Aro hori amaitu da, zorionez».

Alde horretatik, emakume zuzendari bat lehenengoz ikusteak aldatu zuen aktore britainiarraren begirada betiko: «Ohartu nintzen posible zela film bateko lantalde osoa emakumez osaturik egotea, zuzendari postutik ardura xumeeneraino. Egoera iraul genezakeen kameraren aurrean, baina baita atzean ere».

Mirrenen esanetan, emakumeen rolak ere «aberatsagoak» dira egun: «Aurrerapausoak sekulakoak izan dira azken hamar urteetan. Neska gazteek erreferentziazko ereduak dituzte orain; ni gaztea nintzenean, ez zegoen halakorik». Aktore gazteekin lan egitea gustuko du Mirrenek, eta haiengandik ere asko ikasi duela dio: «Hasi berri direnengandik ikasten dut gehien; balio dit haien kemena eta indarra gertutik sentitzeko, eta gogoratzeko hori dela inoiz galdu ezin dudana, heldu bilakatu arren». Eta gomendioa ere egin die: «Ez onartu ezezko erantzun bat; izan gogaikarri eta suminkor, eta ez kezkatu horregatik».

Zinema industriaren bilakaera modu orokorragoan hartuta, Mirrenek bereizketa egin du film independenteen eta estudio handietako ekoizpenen artean: «Harrigarria da 14 urteko gazteentzako eginiko Marvelen filmak zinemaren eduki nagusi bilakatu izana. 200 milioiren irabaziak lortzen dituzte, baina berehala ahazten ditugu». Bestelakoa da Mirrenen ikuspuntu artistikoa, eta hark zinemaz duen kontzeptutik «oso urruti» daude lan horiek. «Baina onar dezagun, azken batean, horiek ere zinema industriaren parte dira». Hala ere, zirkuitu independenteak indartsu jarraitzen duela deritzo: «Hogei urte daramatzagu hizketan zinema independentearen heriotzaz, baina ez dut halakorik ikusi; are gehiago, inoiz baino lan txiki eta interesgarriagoak estreinatu dira azken urteetan». Hori bai, Londresko aktorearen aburuz, «bi ereduen arteko arrakala inoiz baino handiagoa da egun; hori da zinema industriako aldaketarik handiena, finantza eta kultura alorretan».

Antzerkirako, telebistarako eta zinemarako lanetan, fokuen erdigunean egotera ohitu da Mirren, eta ospearen funtzionamenduaz ere egin du amaierako gogoeta: «Gaur egun oso erraza da ospetsu bilakatzea. Sare sozialen bidez, bakoitzak inoiz baino eskurago du bere irudia zaintzea eta fintzea». Eta Andy Warhol artista estatubatuarraren esaldi ezagun bat ekarri du gogora: «Denok izan gaitezke ospetsu hamabost minutuz». Aktore britainiarraren ustetan, bat-batekotasun hori bizitzaren parte natural bilakatu da. «Uste dut gizarteak ikasiko duela, pixkanaka, zama psikologiko horrekin bizitzen».

BERRIAn argitaratua (2020/02/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA