iritzia
Funts kanibalak
Mikel Elorza
Putreen eta oro har sarraskijaleen irudia oso txarra da, Erkoreka jaunari galdetu besterik ez dago, nahiz eta seguruenik azkar asko azalduko ligukeen norbaitek haien lana naturan eta oreka ekologikoan zein garrantzitsua den.
Blackstone, Testa Residencial edo Azora. Horiek bilakatu dira bat-batean hainbat etxebizitzaren jabe, eta errenten dantza hasi da. Gorako dantza, alegia. Momentuan galgarik ezarri diete, Administrazioak —Iruñeko Udalak, kasu— halako akordiorik egin du baina, xehetasunik ez dakidan arren, ausartzen naiz esatera adabaki hutsa izango dela. Momentuan zauria itxiko duen tirita kaxkar bat. Ez du odolustea sendatuko, hemorragiak azkenean bere bidea egingo du, funts eta inbertsiogile hauen xedea ez baita etxejabe izatea, dirua irabaztea baizik. Ahalik eta epe motzenean, ahalik eta diru gehien.
Horixe da eraikitzen ari garen gizartea. Gutako askoren bizitzen gainean eraikitako gizartea.
Enpresa hauetako baten webgunean, aurkezpenean, inolako lotsarik gabe adierazten da Espainiako etxejabe handienetako bat dela, 11.000 etxebizitza dituela. Obszenidadearen krudelak barruak sutan jarri zizkidan eta botako nituen, nire hatsa inork neurtu izan balu, dioxinak, furanoak, amonioak eta demonioak ere. 11.000 etxeren jabe? Ezin daitekeen gauza da hori. Horrek legez debekatua beharko luke, berdin du Europako direktibak, konstituzioak, estatutuak, jabego askatasuna eta zakurraren tiranteak, horrek debekatua beharko luke. Marihuana edukitzea delitu eta 11.000 etxebizitza edukitzea jarduera ekonomikoa? Hori terrorismoa da, kasu honetan terrorismo immobiliarioa.
Etxebizitza oinarrizko ondasuna da, eta halakoa den heinean babes eta erregulazio berezia behar du. Ogiak, argindarrak, urak bezala (hauek ere merkatu librean jada, edo hurbil). Merkatutik kanpo egon beharko luke. Plazan bai, baina azokan ez. Saldu eta erosi ahalko da, alokatu, trukatu, oinordetzan hartu —bueno, honetaz zalantzak ere baditut—, baina merkatu legeetatik babestuta eta, batez ere, merkatu askatasunetik urruti. Prezioak mugatuz, edukitze ahalmenak murriztuz... nahi dena, beharrezkoa dena, errealitate ukigarri izan arte denek dutela etxe bat —alokairuan, jabetzan...—, edukitzeko aukera erreala behintzat, denek bizitzeko toki duin bat (eta horrek baldintzatzen ez duen bizimodu bat: alegia, ez 1.000 euroko alokairuak 1.000 euroko soldatak lortzen lanak dauzkatenei). Merkatu librearen legeen aurkakoa da, badakit, baina hala behar luke gutxieneko hori lortzen ez den bitartean.
Hori interbentzionismoa da! O, anatema! Horixe baietz. Deabruz jantzi dute, baina behar dugu eskuhartzea: berdintasun-eza eta miseriak galarazteko modu bakarra da.
40 urte daramatzagu demokrazian, eta alderdi ia denak pasatu dira boteretik; eta nahiz eta batzuk ahalmen gutxiko botereguneetan izan diren, oraindik ezin bada galarazi etxeak 250.000ko prezioa izatea, alokairuak 1.000 eurotan, gehienentzat utopia izatea etxe bat lortzea, denak ere gurasoen aterkipean, periferia sozialera erbesteratuak... bada porrot egin dute. Denek. Egin dugu, gizarte gisa. Eta porrota izango da hori konpontzen ez den bitartean.
Putre funtsak deitzen zaie. Funts kanibalak deituko nieke nik. Haien elikagaia ez baita sarraskia, pertsonak gara.