astekaria 2020/02/28
arrowItzuli

politika

Elkargoa: eta orain zer?

Oihana Teyseyre Koskarat

Elkargoa: eta orain zer?

Euskal Hirigune Elkargoa azken hiru urteotan anitz aipatu den erakunde bat da. Ipar Euskal Herriko 158 herriak bateratu ditu, lehengo hamar herri elkargoak bakarrean bilduz. «Sinbolikoki Ipar Euskal Herria batzen duen lehen egitura da», Antton Kurutxarriren arabera -Baigorriko (Baxenabarre) hautetsia da elkargoan-. Eta egiteko daukan bidea zukutu beharra dagoela iruditzen zaio Paxkal Indo Garapen Kontseiluko lehendakariari: «Gaur egun, Ipar Euskal Herriko egitura administratiboa da elkargoa, baina bihar politikoa izan daiteke».

Bide luzea egin du elkargoak 2017ko urtarrilean sortu zenetik, eta eskumen anitz hartu ditu bere gain. Hiru urte ukan ditu barne antolaketa zehazteko, eta 2020. urtea izan du epemuga hasieratik, aurten hasiko baita elkargoaren lehen kargualdi osoa, martxoko herriko bozen ondotik.

Emaitzek eta herrietako kontseiluen osaketek baldintzatuko dute elkargoaren etorkizuna: herriko auzapeza hautatzeaz gain, elkargora joanen diren hautetsiak ere aukeratuko dituzte herritarrek. Mila biztanletik beherako herrietan, herriko etxerako hautatuak diren hautetsiek aukeratuko dituzte elkargorako ordezkariak. Mila biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, herritarrek aukeratu beharko dute herriko etxerako eta elkargorako hautetsien zerrenda -boto paper berean agertuko dira bi zerrendak-. Hala, martxoaren 29an jakinen da berantenez nor izanen diren elkargoko ordezkariak datozen sei urteetarako.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza dago orain elkargoaren lehendakari karguan, eta datorren apirilaren 24an elkargoko ordezkariek hautatu beharko dute ondoko sei urteetako lehendakaria nor izanen den. Ez dute herritarrek zuzenki hautatuko lehendakaria, esparru juridikoak ez baitu ahalbidetzen. Elkargoko hautetsiak hautatzeko sufragio unibertsala ezar zitekeen galdetuta, komunikazio zerbitzuak horrela erantzun dio BERRIAri: «Aldarrikapen hori politikoa da. Elkargoaren koadro juridikoak ez du bermatzen ordezkarien eta lehendakariaren hautaketa herritarrek egitea zuzenean. Legea aldatu beharko litzateke horretarako, eta hori hautu eta aldarri politikoek soilik ekar dezakete».

2015. urteko Frantziako lurralde antolaketa berriaren legearen ondorioz sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa. Egituratze denboran, hautetsiek gobernantza paktu bat adostu zuten, eta, horren arabera, hiru taldek kudeatzen dute administrazioa: Biltzarrak, Kontseilu Iraunkorrak eta Kontseilu Exekutiboak. Biltzarra herrietako kontseilariek osatzen dute, eta talde horrek dauka, boz bidez, erabakitzeko ahalmena. Kontseilu Iraunkorrak egunerokoari loturiko erabakiak prestatzen ditu. Kontseilu Exekutiboak, berriz, ildo politikoa finkatzen du, koordinazio lana eramatearekin batera. Bi organo horiek bozkatu beharrekoa prestatzen dute, eta gero Biltzarrari aurkezten dizkiote proposamenak. 2019ko bilkuretan, Kontseilu Exekutiboak aurkeztutako proposamenen %96ren aldeko boza eman zuten Biltzarreko hautetsiek.

Pentsa daiteke heldu den kargualdian gobernantza paktuan aldaketa zenbait eginen direla. Atzo, elkargoak ondoko sei urteetan hartu beharreko norabidea finkatu zuen Biltzarrak. Orain arte, Kontseilu Exekutiboa eskumen bakoitzaren ordezkariek osatzen zuten; hemendik aitzina, aldiz, hamar ordezkari berri sartzea da xedea, Ipar Euskal Herria osatzen duten eskualde guziak ordezkatuak izan daitezen. Kurutxarrik Biltzarrean parte hartzen du, Baigorriko hautetsi gisa, eta «biziki baikorki» ikusten du aldaketa hori. Erronka nagusitzat jo du «barnealdearen eta Lapurdiren arteko oreka bat atzematea», eta uste du gobernantza ildo berri horrek ere lagunduko duela «Baionako zentralismoaren joerari aurre egiten».

Desorekak

Elkargoaren esparru juridikoak baitezpadako zenbait eskumen ematen dizkio egiturari: garapen ekonomikoa, turismoa, uraren kudeaketa, garraioa, etxebizitza, hirigintza, zaborrak eta ingurumena. Horiez gain, hautuzko eskumen batzuk ere har ditzake bere gain, hala nola hizkuntza politika, kultura, herri mailako zerbitzu publikoen bateratzea eta ekintza soziala. Euskal Hirigune Elkargoak bereganatu zituen eskumen horiek guztiak, eta bakoitzaren kudeaketa hautetsi banaren esku da. «Ipar Euskal Herriko hautetsiak behartuak dira lurralde ikuspegi orokor bat ukaitera, eta politika global bat martxan ezartzera», azaldu du Indok.

Eskumen horiek guztiak kudeatzeko, elkargoak 625 milioi euroko aurrekontua izanen du 2020rako -diru sarrera nagusia tokiko zergek osatzen dute-. Baina buxetaren zati handi bat barne funtzionamendurako baliatzen du -240 miloi euro inguru-. Izan ere, 1.200 langile ditu. Hiru urte hauetako «fabrikazio lana» bukatu da, Indoren ustez, eta aurtendik aitzina «zinezko politika eginen» dela espero du, «eskumenak modu transbertsalean» tratatuz. Adibide bat eman du: «Ezinezkoa da garraioan pentsatzea etxebizitzetan pentsatu gabe, eta ezinezkoa da etxebizitzetan pentsatzea klima aldaketa kontuan hartu gabe». Gehitu du «euskara, kultura eta parekidetasuna etengabe buruan izan behar diren filtroak» direla.

Eskumen batzuek, ordea, besteek baino inbertsio gehiago eskatzen dute. «Uraren zikloaren» kudeaketari eskaintzen dio elkargoak aurrekontuaren zatirik handiena -173 milioi euro, orotara-. Antton Kurutxarrik arrazoi «konkretua» eman du: «Azpiegiturak kudeatzea biziki kario heldu da». Indo: «Eskumenak ez dira hierarkizatu behar, baina hautuak egiten dira aurrekontua banatzeko tenorean».

Eskumen horiek izanik, elkargoak «negoziaziorako pisu bat» badu Frantziari begira, Indoren eta Kurutxarriren ustez. Garraioen arloan izandako diru laguntzak aipatu ditu Indok, adibidez. Baina, Kurutxarrik zehaztu duenez, «egiturak ez du pisu handirik sinbolikoki», ez baita «aski handia». «Ikuspegi abertzaletik, ez gaitu asetzen. Estatuak ez digu instituziorik eman nahi: guri dagokigu duguna hartzea eta eraikitzea, egitura indartsu bat lortzeko». Aitortu du «iparra galtzeko» arriskua badela, baina «denekin lanean aritzeko» aukera «positiboa» zaio arras. Horri esker, hautetsiei «Ipar Euskal Herriko lurraldearen kontzientzia» piztu zaiela uste du. Bat egin du Indok: «Lorpen handi bat da».

Heldu diren erronkak

Elkargoaren lehen kargualdi osoak erronka franko izanen ditu, bi gizonen irudiko. Lehena «Baionako zentralismoan ez erortzea» dela uste du Kurutxarrik. Beldur da barnealdearen eta kostaldearen arteko desorekak agertzea egituraren baitan, horrek eragiten baitu herritarrek elkargoa urrun sentitzea. «Errealitate bat da; jendeak urrun sentitzen du egitura hori. Zaila da ulertzea nola funtzionatzen duen», deitoratu du. Estatuak instituzioak «diseinatzen dituen moduari» lotua zaio « zentralizaziorako joera». Horri aurre egiteko «parioa» lurralde guztietan hurbileko zerbitzuak izatea da, haren ustez.

Indok ez du uste Baionako zentralismoak herritarrekiko urruntasuna eragiten duenik: «Beti gara zentralismo baten biktimak. Elkargoa sortu berria da, eta jendeari denbora utzi behar zaio ulertzeko». Kurutxarrik ere uste du «pixkanaka» jendea ohartuko dela «elkargoak kudeatzen duela bere egunerokoa». Bai Indok bai Kurutxarrik argi dute elkargoak geroz eta garrantzi handiagoa hartuko duela. Indok uste du egitura politiko bihur daitekeela, eta horretara heltzeko hautetsi guztiekin lan egin behar dela dio, «Ipar Euskal Herriko interes orokorra» kontuan hartzeko.

BERRIAn argitaratua (2020/02/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA