astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

politika

JEANNETTE RUIZ GOIKOTXETA

«Amorru horrekin segitzen baduzu, preso izango zaituzte»

Hodei Iruretagoiena

«Amorru horrekin segitzen baduzu, preso izango zaituzte»

Psikologo klinikoa da Jeannette Ruiz Goikotxeta (1961, Paris). Trauma bat pasatu duen jendearekin egiten du lan, edozein dela ere haren jatorria. «Kasualitatez» hasi zen torturatuekin lanean. «Iruñea oso hiri txikia da. Denok ezagutzen dugu norbait». Aztnugal zikloan, hitzaldia eman zuen astelehenean erresilientziari buruz, Ainara Iraizoz Ziarra psikologoarekin eta Gorka Zabala Zia eta Jon Patxi Arratibel Gartziandia 4/2014 sumarioko auzipetuekin batera. Tortura metodoez, salaketaz, traumez baino gehiago, horiek gainditzeaz hitz egin behar dela dio.

22 urte daramatzazu lanean. Zein aldaketa nabaritu dituzu?

22 urte hauetan, garapen bat izan da. Ziur aski, badu zerikusia gizartearen aldaketarekin. Orain dela hogei urte, oro har, edozein zailtasun egoera pasatuta ere, gizonik ez zen etortzen laguntza psikologikoa eskatzera; are gutxiago, inkomunikazio egoera batengatik. Hortik pasatutako emakumeak garai hartan gutxiago izan arren, haiek hasi ziren laguntza eskatzen. Orain, hau gertatu zaion jendea gazteagoa da, oro har, eta gizartea ere aldatu da alde horretatik: psikologoaren figura baliagarria dela ikusten da.

Torturatuek diote alde psikologikoa dela «geratzen dena». Zer da geratzen den hori?

Galdetzen didatenean zer den okerragoa, tortura fisikoa ala psikologikoa, esaten dut bereizketa gaizki egina dela. Tortura psikologikoa edo fisiko-psikologikoa da. Ondorioek, hori bai, zerikusi handiagoa izaten dute alde psikologikoarekin. Trauma osteko estresa, antsietatea eta depresioa izaten dira ondoriorik ohikoenak.

Zer gertatzen da pertsona baten barruan une horretan?

Printzipioz, beldur eta amorru sentimenduek erabilgarritasun bat dute bizitzan. Zezen bat agertzen bada, korrika alde egiteko balio dizu beldurrak. Erasotzen badizute, defendatzeko balio dizu amorruak. Baina inkomunikazio egoera batean, edo bortxaketa batean, beldurrak ez dizu balio, ezin duzulako alde egin. Amorruak ere ez, ezin duzulako defendatu zeure burua. Hor zirkuitulabur bat gertatzen da, blokeo gisako bat.

Zergatik gera litezke ondorio horiek denbora luzean?

Bost egun pasatzen baditut muturreko egoera batean, pentsarazten badidate handik ez naizela irtengo, hil egin nazaketela, bortxatu nazaketela, nahiz eta gero hori ez gertatu, sentitzen ari naizen emozioak izugarriak dira. Logikoa da. Lehen hilabeteetan ere logikoa da hori, baina gero pentsamendu horiek irauten badute , emozio horiek ere iraungo dute. Bost urte pasatu badira, eta pentsatzen badut berriz gerta daitekeela, beldurra sentitzen dut. Pentsatzen badut injustua dela eta ez zela gertatu behar, amorrua sentitzen dut. Pentsatzen badut hau edo hura egin nuela, errudun sentitzen naiz. Beraz, ikasi behar dut beste era batera pentsatzen.

Nola egiten da hori?

Zailtasun momentuan bertan, min egiten dizuna da min egiten dizun hura. Logikoa da edozer gauza pentsatzea, sentitzea eta egitea. Gero, tarte bat dago, oso ondo eginda ere, gaizki pasatuko duzuna. Pixkanaka, zeure buruarekin hitz egiten baduzu, eta ondorioztatzen baduzu pentsatzen ari zarena, agian, ez dela egokiena, pasatu egingo da. Hortik aurrera, zeuk landu behar duzu beste ikuspuntu bat.

Erresilientzia aipatzen da prozesu horietan. Zer da zehazki?

Fisikatik hartutako izen bat da. Malguki batekin azaldu ohi da: zuk baldin baduzu dimentsio jakin bateko malguki bat, bi aldeetatik tira eginez gero, forma aldatuko zaio. Askatzean, malgukia lehengo egoerara itzuliko da. Ez da izango zehazki lehen zena, baina, gutxi gorabehera, lehengo egoerara itzultzen da. Erresilientzia hori da: denbora batekin, eta abilezia batzuk garatuta, malguki hori bere egoerara itzul dadin lortzea. Gertatutako hori nire bizitzaren parte bihurtzen da horrela, baina beste zailtasun batzuk izan daitezkeen neurrian.

Nola lantzen da gaitasun hori?

Hasteko, esan behar da zailtasun egoera bat pasatzen duten guztiek ez dutela trauma bat garatzen. Badago jendea psikologorik ere behar ez duena. Trauma garatzeko arrazoi bat da gertatutakoa, paziente batek esan zidan gisan, zazpi giltzako kutxa batean gordetzea. Zergatik? Horretan pentsatze hutsak angustia sentiarazten didalako, antsietatea, beldurra, izua... Guk, denbora eta lan handiz, pertsona horri ahalik eta gehien gogorarazten dizkiogu egun haiek. Orientazio kognitibo-konduktuala da. Funtsean, guk pentsatu, sentitu eta ekin egiten dugu, eta gure pentsamendu irrazionalek eramaten gaituzte sentimendu irrazionaletara, gure pentsamendu irrazionalek eragiten dituzte jokabide desegokiak. Nahi dugu jendeak egoera hori urrutitik ikustea, gertatutakoaz egiten duen analisia aztertu, eta hori interpretatzeko era alda dezan, hain gaizki ez sentitzeko.

Noiz esan liteke pertsona batek gainditu duela hori?

Niri galdetzen didate: hau ahaztu liteke? Ez. Eduki liteke beste pertzepzio bat bizitzan gertatu zaidan gauza gogor batena? Bai. Gainditzen da pertsona batek ez duenean gertaera hari lotutako emozio ezkorrik, eta gai denean dena gogoratzeko, ez duenean beldurrik, erruduntasun sentsaziorik, amorrurik... Jende askok pentsatzen du gainditu duela, baina amorrua badu oraindik.

Biktima izan ostean bizirik iraun duena izan beharraz ari zara.

Biktima kontzeptua gehiegi erabili da gure kulturan. Dena biktimizatzen da, eta jendeak biktima jarrera du; hau da, pentsatzea gertatu zaidana beste norbaitek egiten duen edo egin duenagatik dela. Beraz, nik ezin dudala ezer egin. Biktima jarrera pasiboa da, ez aurre egitekoa. Arlo guztietan gertatu da hori, eta ez du batere laguntzen. Pertsona bat biktima da gertatu zaiona gertatzen ari zaionean. Gero, biktima izateari uzten dio ?noski, egin dezake biktimarena bizi osoan?. Egokitzapen fasearen ostean, pentsatzen duzu: «Nik zer egin behar dut, hau gainditzeko daukadan arduran?», Hor zara bizirik iraun duena.

Zer espero du halako egoera bat pasatu duen pertsonak, adibidez, estatuaren aldetik? Aitortzak laguntzen du?

Lagundu, laguntzen du. Baina trauma gainditzeko, erresilientea den pertsona batentzat, gaia ondo landu duen batentzat, ez da ezinbestekoa hori gertatzea. Gehienek esaten dute nahikoa dutela aitortza publiko batekin. Hori gertatzea garrantzitsua dela uste dut, baina ez da ezinbestekoa.

Barkamena ere aipatu izan duzu.

Badakit polemikoa dela, baina guk lantzen duguna ez da barkamen kristaua, baizik eta pertsona horrek dagoeneko ez duela lekurik nire bizitzan. Ez baduzu barkatzen, segituko duzu amorru horrekin, eta preso izango zaituzte. Norberak egiten du barne prozesu hori: «Pertsona horrek hau egin zuen; izango zituen arrazoiak. Niretzat, bizi guztian horrekin egotea da ez barkatzea». Eta badakite. Paziente batek kontatu zidan nola esan zion hori eragin zionak: «Trauma bat utziko dizut psikologorik onenak ere kenduko ez dizuna». Ez zuen lortu. Badago alegia bat horri buruz. Kontzentrazio esparru batean egon eta urte batzuetara, bi judu elkartu dira. «Barkatu diezu naziei?». Eta besteak: «Ez, ez diet inoiz barkatuko». Lehenengoak: «Bada, preso zaituzte oraindik».

BERRIAn argitaratua (2016/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA