astekaria 2020/02/28
arrowItzuli

politika

ABERTZALEEK EKAR LEZAKETE ALDAKETA

Ekhi Erremundegi Beloki

ABERTZALEEK EKAR LEZAKETE ALDAKETA

Kanpaina ofiziala martxoaren 2an abiatuko bada ere, hasia da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriko bozen lehia. Heldu den martxoaren 15ean eta 22an iraganen dira hauteskundeetako bi itzuliak; orduan jakingo da Ipar Euskal Herriko 158 herrien argazki instituzional berria. Otsailaren 27a da bozetako hautagaitzak aurkezteko azken eguna, eta, leku gehienetan aurkariak definituak badira ere, zenbait herritan talde batzuk azken ordura arte arituko dira zerrendak osatzeko ahaleginetan.

Euskal Hirigune Elkargoaren bozak ere izanen dira martxokoak. Erakunde publikoak botere gehiago hartzea nahi dutenek osaketa sufragio unibertsalaren bidez egitea nahiko lukete, baina Frantziako Gobernuak ez du horrelakorik onartu oraindik, eta, beraz, herriko kontseiluetako ordezkariak eseriko dira bozen ostean osatuko den elkargo batzarrean -ikus hauteskunde sistemaren azalpena-.

2014an, mugimendu abertzalearen hauteskundeak izan ziren: Ipar Euskal Herriaren aitortza eta euskararen arloan aitzineko urratsak egiteko borondatea erdigunean ezarriak izan ziren, eta ezkerreko abertzaleak epaile lana egitera eramanak izan ziren hainbat herritan. Herri nagusi batzuetan boterean sartzea lortu zuten -bakarrik edo aliantzan-, eta, orokorrean, boz kopuruan emendatze handia izan zuten abertzale gisa identifikatuak izan ziren zerrendek. Aurtengo bozetarako, mugimendu abertzaleak aliantza estrategia berria garatu du herri anitzetan. Ikusteko dago horrek erabaki guneetara sartzeko aukera ematen dion.

Aurten etxebizitzaren eta garraioaren gaiak nagusituko direla uste du Bixente Vrignon France Bleu Pays Basque irratiko erredaktoreburuordeak. «Jendea ase da auto lerroez. Trena, autobusa, bizikleta, oinez ibiltzeko arazoak, autoarekin denbora anitz, ez da aparkalekurik... Uztaritzen (Lapurdi), Baionarako autobusa eskatzen dute; Maulen, bakartuak dira; Bidaxunen (Nafarroa Beherea), autobus bakarra dute egunean». Arazo horiei konponbideak emango dizkieten zerrenden alde eginen dute herritarrek herriko bozetan, haren ustez.

Horrez gain, etxeen gaiak eztabaida handiak sortzen dituela ikusi da azken hilabeteetan, herrietako hirigintza planak berritzen aritu diren honetan. «Horrekin dena lotzen duzu. Etxea lortzeko, lurra behar da, baina zer egiten dugu lurrarekin? Laborantzarako atxiki? Industriarako? Eta nolako etxea? Buruan sartua zaigu XIX. mendean bezala etxeko jauna izatea; oraindik bada amets hori. Horri amore eman behar ote zaio onartzeko apartamentuetan bizitzea, baita herri txikietan ere?». Herri anitzetan etxe hutsen proportzioa biziki handia dela ere nabarmendu du.

Herri anitzetan ibili da azken asteetan, hauteskunde kanpainaren berri emateko, eta guzietan kezka horiek sumatu dituela dio. Ondoko asteetan, hiru probintzietako herri zenbaitetako hauteskunde lehia aztertuko du BERRIAk, eta bakoitzean dauden eztabaidak azaleratu.

Bestelako azterketa bat egin du Ellande Duny-Petre Enbata astekariko kronikariak: «Militanteek ilusio anitz egiten dute hautesleen ezagutza mailari buruz, baina jendeak irakurtzen ditu programak?». Pertsonalitateek garrantzi handiagoa dute haren ustez, eta gehienek zerrendaburuaren arabera egiten dute hautua. «Anitzek bezperan hautatzen dute noren alde bozkatu. Hauteskundeak gauza gutxigatik jokatzen dira; Jean Rene Etxegaraik 26 bozen aldearekin irabazi zuen 2014an. Hautatua izan ez balitz, beharbada Euskal Hirigune Elkargoa ez zen sortuko».

2014tik hona izan den kanbiamendu nagusienetako bat Frantziako mapa politikoaren aldaketa izan da: alderdi tradizionalak lehertu egin dira, eta batzuk desagertzear dira. Instituzio eta elite politikoaren kontrako mesfidantza ere areagotu da, Jaka Horien mugimenduak erakutsi duen gisan. Horren ondorioak agerikoak dira, Vrignonen iritziz, eta Errepublika Martxan-en kontrako «zigor boza» izanen dela aurreikusi du. Herriko bozetan etiketarik gabeko zerrendak osatzea ohikoa da, baina aurten markatuagoa dela dio: «Baionan, adibidez, Etxegaraik ez du klarki erraten; Bokalen edo Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere ez dute etiketarik nahi. Hala ere, hori erran gabekoetan gelditzen da; hautesle bakoitzak badaki nor non kokatzen den». Miarritzen ikusten du salbuespena, Michel Veunac oraingo auzapezak «ahaleginak eta bi egin baititu Errepublika Martxan-en babesa lortzeko».

Aldaketa nagusia ezkerrean ikusten du: «PSk ez du zerrendarik aurkeztuko. Orain dela hogei urte baziren sozialistak, hala identifikatuak, Angelun, Miarritzen, Ziburun, Donibane Lohizunen (Lapurdi); bazituzten herriko etxeak». Leku hori ezkertiar eta abertzaleek har dezaketela uste du. Iritzi berekoa da Duny-Petre ere. «Biziki pozik naiz alderdi tradizionalak krisian izateaz; hautesleen zati batek abertzaleen alde eginen du. Abertzaleen esku da konbentzigarriak izatea».

Biztanleria

2014tik hona anitz aldatu da Ipar Euskal Herria. Demografikoki lehenik. INSEE estatistika institutuaren azken neurketaren arabera, 309.000 biztanletik gora bizi dira Euskal Hirigune Elkargoaren eremuan: hamar urtean %10 emendatu da. Lurraldearen barneko mugimenduak ere izan dira, baina anitz Frantziatik etorritakoak dira; Baiona-Angelu-Miarritze (BAM) eremuan bizi direnen %60 inguru ez dira Euskal Herrian sortuak. Baionan erroldakoen herenak hautesle berriak izanen direla azaldu zuen Etxegarai auzapezak bere hautagaitza aurkezteko egin zuen agerraldian. Herri guzietako zentsuak eskatu dizkio BERRIAk Pirinio Atlantikoetako Prefeturari, tokian-tokian izan diren garapenak aztertzeko, baina, oraingoz, ez du erantzunik jaso.

Zer eragin izan dezake biztanleria bilakaera horrek? Vrignonen hitzetan, «zaila da» neurtzea. «Zientzia politikoetan usu erraten da jin berriak legitimistak direla; plantan den auzapezaren alde bozkatzen dutela». Hala ere, haren ustez, azken urteetan Euskal Herrira etorritako anitz lehenago hemendik joandakoak dira. «Zaila da neurtzea, baina herenak edo erdiak hemendik joandakoak dira. Ez dira egiazki martzianoak, Euskal Herriari buruz deus ez dakitenak».

Demografiaren garapen hori abertzaleen erronka da nagusiki, Duny-Petreren iritziz. «Galdera da abertzaleak gai ote diren populazio emendatze horri harrera egiteko, hizkuntzaren eta kulturaren aldetik». Oroitarazi du 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera proportzionalki euskaldun kopurua apaltzen ari dela Ipar Euskal Herrian. «Gutxiengo nazional gisa, biziki egoera bortitza da. Eta ez dugu gaitasunik hori kudeatzeko, ditugun erakundeak enbrioi egoeran baitira; ez dira aski. Funtsezko galdera da nola egiten dugun erakunde horiek garatzeko». Korsikako egoiliar estatusa aipatu du, aztertzeko aukera gisa. Hala ere, aitortu du azken urteetan aldaketa nabarmenak gertatu direla: «Inork ez du Euskal Elkargoa zalantzan jartzen; zerrenda anitzek izen elebiduna hautatu dute, eta euskara sartu dute eskuorrietan». Oroitu du 1983an Baionan aurkeztu zen lehen zerrenda abertzalea osatzen parte hartu zuela: «Lanak izan genituen zerrenda osatzeko 35 izenak aurkitzen». Euskal Elkargoa garatzea jarri du erronka nagusitzat. Bere garaian euskal departamenduarentzat edo estatus bereziko lurralde elkargoarentzat egin bezala, aliatuak bilatu eta gisa bereko lana berriz egin beharko litzatekeela adierazi du.

Abertzaleen aliantzak

Ahalik eta herri gehienetan zerrenda ezkertiar eta abertzaleak aurkeztea izan zen EH Baik 2014an egin zuen apustua. Indarrak neurtu nahi zituzten, bozak kontatu; eta leku anitzetan erabakigarriak izan ziren, bigarren itzulian ezkerreko beste indar batzuekin aliantza egin baitzuten, baita aliantzak ukatu ere. Aurten, 22 zerrendari eman diote babesa mila biztanletik gorako herrietan, eta, Donapaleun (Nafarroa Behera) Barthelemy Agerre hautagai dela ikusirik, haren parean Charles Massondo zerrendaburu izanen duen zerrenda sostengatzea hobetsi dute.

Baina aurten lehen itzulitik egin dituzte aliantzak herri anitzetan. Baionan eta Miarritzen (Lapurdi), EH Bai, Europa Ekologia-Berdeak eta Frantzia Intsumisoaren sektore batek babesten dituzten herri zerrendak osatu dituzte; Ziburun (Lapurdi), EH Bai eta Berdeak ez ezik, herriko sozialistak ere zerrenda berean batu dira; Urruñan (Lapurdi) ere abertzaleak eta berdeak batera doaz, eta Odile de Corale auzapezaren gehiengoko hautetsi bat ere batu zaie. Ezkerreko indarren artean egin dituzten aliantza guzi horietan, abertzaleak izanen dira zerrendaburu.

Aliantzak «tokian-tokian» eta «naturalki» egin direla uste du Vrignonek: «Mugimendu orokorra horri buruz doa». Europako testuingurua gogoratu du: «Korsikarrek gehiengoa lortu dute herriko etxe inportanteetan eta lurraldeko asanblean, Sinn Fein ere lehen indarra Irlandan, Katalunian ere abertzaleak... testuinguru baikorra da tokiko nortasuna eta problematikak defendatzen dituztenentzat». Borroka armatuaren bukaeraren eraginez abertzaleek «sinesgarritasuna» hartu dutela erran du: «Kudeatzaileak dira; kapable dira herritarren arazoei konponbideak emateko».

Ondorio ezkorra ikusten dio, hala ere. «Lehen, abertzale batzuek jauntxoak salatzen zituzten; orain, abertzale batzuk dira jauntxoak. Zubia egin da abertzale eta notable batzuen artean: horiek ari dira notable bilakatzen».

Lehen itzuliko emaitzen eta aliantzen zain gelditu nahi du, «ikusteko ea ezkerreko abertzaleak kapable izanen diren talde bat sortzeko elkargoan, pisua izateko erabakietan»: «Orain arte entseatu dute, baina zaila da hautetsientzat, haien herriaren ordezkari ere badirelako. Konponbidea eta konpromisoak atzeman beharko dituzte»

Duny-Petreren ustez, «konfiantza» izan behar dugu aliantzak egiteko, eta funtsezkotzat jo du zerrendaburuak abertzaleak izatea. Arrisku bat ere ikusten du, baina: diskurtso abertzalea «ezabatzea». «Bada zerbait hitsa, biguna. Baina dena ez dira hauteskundeak. Herri kudeaketa batean bada hautetsiekin negoziatzera doan euskal mugimendua ere, herritarrena. Haien dinamismoaren araberakoa da, baina anitz joka dezake. Hautetsi guziak hertsiki pusatu behar ditugu, izan abertzale edo ez. Hori da gure indarra».

Zerrenda guziek diote: «ni abertzalea naiz», Vrignonen hitzetan. «Zer da abertzale izatea? Zerk bereizten zaitu? Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko, duela hogei urte RPR edo PSko bati hori galdetzea ezinezkoa zen. Hendaian denak alde dira». Horregatik, haren iritziz ez da ahantzi behar tokiko problematikak direla hauteskunde hauetan boza erabakitzen dutenak. «Hori ez da abertzale, ezker edo eskuin neurtzen».

Uztaritzeko adibidea eman du. «Tokiko hirigintza plana berriz osatu dute, hein batean bederen, abertzaleen irizpideak berriz hartuz. Hor ikusten da nor den abertzale eta nor ez. Lurrak eraikiezin deklaratu dituzte, eta laborantzari lotu, eta batzuk iratzarri dira. 'Ez nuen hori pentsatu haien alde bozkatzean'. Ekitaldietan ikusten da. Oraingo testuinguruan erraza da ikastola bat ematea zure herrian; erraza da elikagai biologikoak ematea eskolako kantinan. Pixka bat urrunago joan behar denean, abertzaletasuna zure aitatxiren pentzean gelditzen da».

BERRIAn argitaratua (2020/02/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA