astekaria 2020/02/28
arrowItzuli

bizigiro

Denek elkarrekin kantatzeko

Urtzi Urkizu

Denek elkarrekin kantatzeko



Txileko hiriburua, Duintasunaren plaza, iazko abenduaren 13an. Milaka eta milaka herritar Sergio Ortegaren eta Quilapayun taldearen El pueblo unido jamás será vencido abestia kantatzen. Protestan ari den herri baten sentimenduaren adierazle. Bestelako testuinguru batean, Donostiako Anoeta estadioan, Bilboko San Mamesen edo Baionako errugbi estadioan, zaleak bat eginda Txoria txori kantatzen. Halako kanten adibide ugari daude munduan, eta, sentimenduek bultzatuta, abesti bat herriaren ereserki bilakatzen da. Estatu baten ereserki ofizial ez bada ere.



Fenomenoa indartsua da. Andoni Tolosa Morau musikariak «magia» sortzen dela uste du: «Estatu bakoitzak bere ereserki ofiziala dauka, baina askotan kanta horrek ez du jendea kateatzen. Badira beste kantu batzuk unearengatik bat egiten dutenak jendearekin; nahiz eta zenbait kanta ez sortu ereserki izateko asmoarekin, ereserki ez-ofizial bihurtzen dira».

Josu Larrinaga EHUko antropologia irakasleak -euskal pop musikaz idatzi zuen doktore tesia- nabarmendu du normalean ereserki ofizialak Elizaren musikatik edo musika militarretik etortzen direla. «Bestetik, XIX. mendetik langile mugimenduek eta mugimendu nazionalistek askotan herri kantak hartu dituzte: hitzak aldatu, eta melodia itsaskorrak baliatu dituzte». Horien artean kokatu du Larrinagak Bella Ciao; 1940ko hamarkadan, borroka antifaxistan ari ziren partisanoek baliatu zuten, Italian. Geroztik, makina bat bertsio izan ditu, eta La casa de papel telesailak are ospe handiagoa eman dio. Edonola ere, gaur egun Italiako ezkertiarren zenbait protestatan kantatzen dute. Baina baditu bestelako bertsioak ere: Sevilla futbol taldeko (Espainia) zaleek melodia hartu dute, eta hitzak aldatu.





Maddi Zubeldia musikariaren iritziz, hiru osagai behar dira kanta bat herri ereserki bihurtzeko: «Lehena, ikasteko erraza izan behar du, melodia behin entzun eta gogoan hartzen direnetakoa izan behar du; bigarren osagaia kantuaren zentzuan datza, herriak edo talde batek edukiarekin bat egin behar du, nolabaiteko herrikoitasuna adierazten duelako, balio komunak garraiatzen dituelako; eta egoera jakin bat edo une berezi bat beharrezkoa da, osagai guztiek indarra har dezaten». Azken osagai horren adibide bat jarri du musikariak: Hong-Kongeko herriaren ikurra Victor Hugoren Les Misérables obran inspiratutako amerikar bertsioa bihurtu da: Do you hear the people sing?. Iazko protestetan sarri kantatu zuten hango herritarrek.





Zubeldiak beste arrazoi batzuk ere nabarmendu ditu ereserkien arrakasta aztertzean: «Musikologoen ikerketen arabera, gustuko musika entzuteak dopamina sorrarazten du gorputzean, eta, mekanismo horri esker, plazerari bidea eginez, emozioak eta sentimenduak sortzen dira, hotsen konbinazio bakoitzak emozio berezia eraginez». Hala ere, pertsona bakoitzaren esperientziari lotuta dago musikak sor dakiokeen sentimendua. Zubeldia gertuko esperientzia bat bizitzen ari da egun: «Amak Alzheimer gaitza du, baina harrigarria da gustatzen zaizkion kantuen bidez nola pizten den, nola konektatzen den bere sentimenduekin».

Garai historikoen arabera

Badira kantak zein ereserkiak bolada batean ahanzturan gelditzen direnak, eta garai historiko jakin batzuetan indarrez azaleratzen direnak. Els Segadors-en melodia, adibidez, Francesc Aliok sortu zuen 1892an; hitzak 1899koak dira, eta Kataluniako Parlamentuak 1993an izendatu zuen ereserki. Azkeneko urteetan indar handia hartu du abestiak herritarren ahotsean. Zenbait mobilizaziotan, 100.000 lagun baino gehiago aritu dira Bartzelonan kanta abesten.



Morauk uste du ereserki hori berez badela sentimendu baten adierazgarri. «Gerta daiteke halako zenbait kanta urte batzuetan jendeak ez abestea, baina iristen denean une historiko egokia, berriro berpizten dira. Edonola ere, Els Segadors hasieratik ereserki asmoarekin sortua da; epika du, eta konnotazio politikoak ditu». Zubeldiaren iritziz, Els Segadors-ek herri sentimendua «kristalizatu» du, «batasuna eragin du, eta komunitatea indartu». Erantzun gisa ere ulertzen du: «Eraso instituzional bati aurre egiteko, debeku bati, nortasunaren ukazioari erantzuteko, sinboloa beharrezkoa da, sinboloak baitu indarrik handiena».



Garai zehatz bati lotutako kanta bat da Grândola, Vila Morena portugaldarra. Jose Alfonsok sortua, Krabelinen Iraultzaren seinale bihurtu zen 1974ko apirilean: armadan altxatu zirenek aukeratu zuten kantu hori, eta Radio Renascença irratian jarri zuten, iraultza hasi zela baieztatzeko. Portugalgo iraultzaren eta demokraziaren kanta bihurtu da. Ereserki izateko abesti «perfektua» iruditzen zaio Morauri, eta Portugalen jende gehiagok ezagutzen du kanta hori ereserki ofiziala baino. Gobernuaren murrizketen aurka, 2012an eta 2013an izan ziren protestetan, manifestariek ereserki gisa kantatu zuten Grândola, Vila Morena.



Morauk gogoratu duenez, Lili Marleen abestia II. Mundu Gerran bi aldeetakoek abestu zuten. «Soldadu nazien ereserkia zen, baina aliatuek ere kantatzen zuten. Gerran zeuden bi aldeentzako abestia bilakatu zen», azaldu du musikariak. «Kanta bat jendearen esku gelditzen denean, ezinezkoa da horren ibilbidea kontrolatzea. Horregatik, gerta daiteke kantu batzuk asmo iraultzailearekin sortzea eta faxistentzat ereserki bihurtzea, edo gerta daiteke kontrako bidea egitea».

Larrinagak bereizi egin ditu musika erlijiosotik edo militarretik edanik ereserki izateko bokazioz sortzen diren kantak eta, bestetik, musikariek sormen lan gisa grabatzen dituzten kantak, gero beste dimentsio bat hartzen dutenak. Bigarren kategoria horretako adibideak badira XX. mendeko musikan. «Bob Dylanen Like a rolling stone kantaren kasua oso bitxia da: eman dezake gorroto kanta bat pertsona batekiko, baina kontrakultura hippyaren unean sortu zen, eta jende askok Ipar Amerikan ereserki gisa hartu zuten. Haientzat esanahia zen etxea utzi, errepidera joan eta bizitza berri bat hastea. Nahi gabe bihurtu zen ereserki».

'Txoria txori'?

Euskal Autonomia Erkidegoak badu bere ereserki ofiziala (Gora eta gora) eta Nafarroako erkidegoak berea (Nafarroako Gorteen Ereserkia). Euskal Herri osorako ereserki bat aukeratu beharko balitz, Joan Mari Torrealdai idazle eta euskaltzainak Txoria txori aukeratuko luke. «Estatuen ereserki asko gerrakoak eta etsaiaren aurkakoak izaten dira. Frantziakoa adibide argia da, eta lotsagarria iruditzen zait; herritarrak armetara bultzatzen ditu, eta harrotasunez kantatzen dute. Ezin dut ulertu nola herritar bat identifika daitekeen horrekin». Euskal Herriari dagokionez, Jose Maria Iparragirreren Gernikako arbola «unibertsalagoa» iruditu izan zaio beti, eta hori ereserki izan daitekeela uste du. «Baina ikusita gure herrian kanta nola txertatu den eta zein kantagarria den, eta hitzen aldetik duen sinbolismo guztiarekin, guztiontzat Txoria txori defendatuko nuke». Gaur egungo garairako, gainera, oso egokitzat jotzen du Joxean Artzek idatzi eta Mikel Laboak konposatutako kanta. «Muga guztien gainetik zabaldu daitekeen abesti bat da; ez du lotura geografikorik, eta zentzu polit bat du».

Herritarrek sarri kantatzen dute Txoria txori: Otsailaren 9an, Anoetan Realak eta Athleticek jokatu zuten derbian, milaka eta milaka zale aritu ziren abestia kantatzen. Hiru egun lehenago, Athleticeko zaleak Pozas kalean ere bai, Espainiako Kopako final-laurdenetako partidaren aurretik. Baiona taldeko errugbi zaleek ere maiz kantatzen dute.

[Vimeo]https://vimeo.com/392438925[/Vimeo]



Zubeldiak irakurketa baikorra egin nahiko luke, nahiz masa fenomenoek «beldur pixka bat» ematen dioten. «Bi euskal taldetako futbolzale horiek une baterako herri izan direla pentsa daiteke, herria sortu dutela? Zergatik ez? Une bateratzailea izan dela ezin ukatu». Argia da Txoria txori modu desberdinean sentituko duela herritar bakoitzak, Morauk dioenez. «Anoetako derbian kantuan ari zirenei galdetuz gero, askorentzat izango da beste euskal abesti bat. Baina gakoa erabilpena da: kanta bat asko zabaltzen denean, ereserki bihurtzen da, kasik automatikoki».

Joan den udazkenean, EITBren elkartasun maratoiak Itoizen Lau teilatu kantaren bertsioak bidaltzeko deia egin zuen. 1.500 bertsio inguru jaso zituzten. «Abesti naif bat da, ez du asmo berezirik, baina ereserki bihurtu da. Konturatu ziren jende guztia sentitu daitekeela eroso abesti horrekin», esan du Larrinagak. Morauren arabera, EITBren elkartasun kanpainan erabili izanak ematen dio kantuari une batean ereserki bilakatzeko dituen baldintzak: «Hitzek, gainera, ez dute inor kanpoan uzten. Txoria txori-ren hitzek ere ez».



Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak Hertzainak-en 564 kantaren bertsioak egiteko proposatu zuen abenduan. Larrinagak gaur egunerako kanta oso ona dela uste du: «Benetako ereserki bat da. Josu Zabalaren hitzek jarrera jakin bat zuten, eta profetikoa izan da, jendeak elkar topatzeko planteamendua egin daiteke. Ereserki integratzailea bilaka daiteke».



Torrealdaik gogorarazi du Lau teilatu eta 564 kantek bultzatzaile bat izan dutela. «Baina Txoria txori-ren bultzatzailea nor da? Zerbait behetik gorantz zabaltzen denean, hori da sanoa, eta bere bidea egiten du. Esango nuke Txoria txori kanta de facto badela ereserkia. Bere sinpletasunean indarra du, eta kito». Larrinagak ere egokitzat jo du Txoria txori Euskal Herriko ereserki gisa: «Demokratikoena litzateke».

BERRIAn argitaratua (2020/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA