astekaria 2020/02/28
arrowItzuli

iritzia

Lotsagabeak, sarraskijaleak, miserableak

Hedoi Etxarte

Lotsagabeak, sarraskijaleak, miserableak Hedoi Etxarte

2017tik munduko ideologo neoliberalek argi dute egungo kapitalismoak gutxiengo aberatsena ere arriskuan jarriko duela aurki: neurri erradikalak hartu behar dira ekozidioaren eta gizartearen ekitate faltaren kontra. Planetak eta jendetzak aberatsak jan ez ditzan. Kezka ez da Sabin Etxera, Errekaldeko Zumardira eta Ajuria Enera iritsi. Antza, ez dute ez prentsa konbentzionala, ez kritikoa, ez Financial Times, ezta The Economist ere klikatzen hango tabletetan. Jaurlaritza errealitatearen ukazioan dago: bere propaganda sinesten du. Goizean dena ongi dabil Debabarrena-Durangaldeko ingurumenean: arratsaldean haurdunentzat, haurrentzat eta eliteko kirolarientzat kutsadura jasanezina da.

Zaldibarko desastrea gertatu aurretik izan ditu EAJ-PSE-EEk tik autoritarioak. Asteon jaso zuen Ismael Manterolak BERRIAn Eneko Goiaren perla: protesta baketsuan tradizio luzea duen AHTaren kontrako Mugitu mugimendukoak «lotsagabe» eta «inposatzaile» deitu zituen berriki. Izpiritu demokratikoz eraiki dutelako Gaudiren porlanezko amaraun inutila.

Berrogei urtean ezagutu ez den hegemonia krisi batean dago EAEko klase politikoaren zuzendaritza. Gobernatzeko (feat. Gramsci) ez da nahikoa gizartea «dominatzea», behar da baita ere «intelektualki, moralki eta politikoki zuzentzea». Erkorekak, Egibarrek, Urkulluk, Arriolak eta propagandistek ez dakite zuzentzen: iraintzen dute kritikarik arinena egiten duena (De Miguel, Balentziaga, Osakidetza eta Bravoren ustelkeriarekin bezala). Eta zuzentzen ez dakien talde sozialak «bere arerioak likidatu nahi izaten ditu», zuzentzen jakin ez eta zapaldu.

Ez dirudi orain oposizio diren taldeek ere klase zuzendaria ordezkatzeko gaitasuna izango dutenik epe laburrean, eta, beraz, desintegrazio honetan «estutze» fase luze bat dator. Ilunabarrean oro da piztia.

BERRIAn argitaratua (2020/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA