astekaria 2020/02/21
arrowItzuli

gizartea

Estoldetatik dator inbaditzailea

Paulo Ostolaza

Estoldetatik dator inbaditzailea

Inor gutxik ditu gustuko arratoiak. Zabor artean bizitzera ohitutako animalia bat da, eta bat baino gehiago izutu egingo litzateke haietako bat ikuste hutsarekin. Gizakia bizi den leku guztietan, ordea, arratoia ere bizi da; ikusten ditugunak baino gehiago, gainera. Euskal Herria ez da salbuespena: Bilboko Udalaren kalkuluen arabera, 700.000 inguru daude hiriaren azpialdean, Bilbo Handian bizi den gizaki bakoitzeko bat. Datozen urteetan ugaritu egingo direla diote adituek, eta Bilbo ez da, gainera, arratoi asko dituen Euskal Herriko hiriburu bakarra.

Baina nolatan daude horrenbeste? Munduan, ipar eta hego poloak dira arratoi grisik edo estoldetako arratoirik gabeko bi toki bakarrak. Ia edozein testuingurutara moldatzeko gai den espezie inbaditzaile bat da; ia edozer jaten du, eta burutsua da; hanka ez du bi aldiz sartzen leku berean. Hiru urte bizi daiteke, baina hainbeste zabaltzea ahalbidetzen dion gaitasuna ugaltzekoa da: hogei egun inguruko ernarialdiaren ostean, sei eta hamalau kume bitarte izan ditzakete arratoi emeek, eta urtean bi eta zortzi ernarialdi artean izateko gaitasuna dute.

Udaletan arratoien izurritearen aurka lanean dabiltzan langileek diotenez, ezinezkoa da arratoiak desagerraraztea. Kontrolatzea da helburua: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ez da komeni pertsonako bi arratoiko kopurua gainditzea. Gaur egun, gizakia da arratoiak hirietan duen harrapari ia bakarra, eta udal gehienek dituzte arratoien aurka diharduten taldeak.

Aurreiritzi eta beldurrez gain, egia da arratoiak gaixotasunak eta bakterioak zabaltzen dituztela. Zientzialarien artean iritzi ezberdinak dauden arren, haiei egozten zaie Yersinia pestis bakterioa transmititzen zuten zorriak zabaldu izana, XIV. mendean munduko biztanleriaren %20 hil zuen izurri beltza eragin zuen bakterioa. Ez hori bakarrik; BBC-k zabaldutako ikerketa baten arabera, arratoiek jaten dute munduan ekoizten den janariaren bosten bat. Kalteak sortzen dituzte azpiegituretan ere: hormigoia zulatzeko gai dira, baita kableak jateko ere.

Arratoiak gizakiaren ondoan mendeak daramatzan arren, bi dira geroz eta gehiago egoteko arrazoi nagusiak. Batetik, tenperaturek gora egin izana —larrialdi klimatikoaren ondorioz—, horrek ugaltze prozesua eta arratoiek bizirik irautea errazten baitu; eta, bestetik, gizakiok ematen diegun janari kantitatea. Harraskatik behera botatzen den janaria, zaborrontzien kanpoan uzten dena eta lurrera botatzen dena arratoiak erakartzeko modurik eraginkorrena dira. Izurrite bat sortzen denean, haiek hiltzeko tranpak jartzea baino eraginkorragoa da haien janariaren jatorria identifikatu eta hura desagerraraztea. Jatekorik ez badute, arratoi kumeak ere hiltzeko gai dira.

Hirietan zenbat arratoi dauden zehatz-mehatz kontatzea ezinezkoa da oraingoz. Gasteizek, adibidez, 700 kilometroko saneamendu sarea du, eta, horregatik, jasotzen dituzten abisuen eta aurkitzen dituzten gorotzetan oinarrituta egin dituzte balioespenak. Abisuak ia bikoiztu egin dira azken lauzpabost urteetan, eta Arabako hiriburuan biztanleko 1,5 arratoi daudela uste du udalak.

Arratoien irudi txarrak berekin dakar gaiak herritarrengan halako gaitzespen bat sortzea, eta arazoak hainbat buruhauste sortu dizkie Euskal Herriko hiriburuetako alkateei azken urteetan. Gasteizko Salburuko auzokideek urteak eman zituzten gauero arratoiak ikusten, eta, 2016an, adibidez, Iñaki Prusilla udaleko ingurumen arduradunak «oposizioko alderdi politikoren bati» egotzi zion «gaiarekin polemika sortzeko» kanpaina egitea. Azkenean, Salburuan, joan den urteko apirilean hasi zituen udalak 23 zuhaixka kentzeko lanak, arratoiek habiak egiteko erabiltzen zituztelako. Gorka Urtaran alkateak hilabete gutxi lehenago esan zuen hori ez zela konponbidea, eta zaborra botatzen zuten bizilagun batzuen «jokabide desegokiak» sortzen zituela arazoak.

Arma politikoa

Eztabaida sortu izan du gaiak Donostian ere. Oposizioko taldeek, 2011-2015eko legegintzaldian, arma politiko gisa erabili zuten gaia; gaur egun Hirigintza eta Gune Publikoen arduradun den Marisol Garmendiak (PSE-EE), adibidez, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) buru zuen udalari egotzi zion «ezer ez egitea» udalaren kexen buzoira heltzen ziren mezuen aurrean. Datuek diotenez, ordea, Gipuzkoako hiriburuan salaketak 528tik 916ra handitu ziren 2014 eta 2018 artean. Orain, udalaren arabera, arazoaren jatorria dira arratoien «edozein egoeratara ohitzeko gaitasuna eta ugaltze tasa altua», eta gogorarazten dute «deuseztatzeko existitzen den izurriterik zailenetakoa» dela. Udalak 2019ko irailean onartu zuen arratoiei aurre egiteko aurrekontua handitzea.

Iruñean, udalbatzarrera eraman zuen gaia UPNk joan den legegintzaldian: «Gorantz doan arratoi kopuruari aurre egiteko» neurriak eskatu zituen egun alkatetza duen alderdiak —Navarra Suma koalizioan—, hiriko hainbat auzotan jasotako salaketak aurkezteaz gain. UPNko zinegotziek «legegintzaldian zehar kale garbiketak eta gune berdeen mantentze lanaren kalitateak izandako beherakadari» egotzi zioten arazoa, eta gogor kritikatu zuten bosgarren edukiontziaren zabor-bilketa sistema berria. Maite Esporrin PSNren udaleko bozeramaileak ere babestu zuen UPNren salaketa, eta «hiriaren benetako arazoez» ez kezkatzea aurpegiratu zion Joseba Asiron alkate zenari (EH Bildu).

Beraz, arratoiek ez dituzte lur azpian soilik sortzen arazoak. Gizakiek sortutako azpiegituretara ia gizakia bera baino hobeto moldatu dira, eta, arratoi koloniak neurriz kanpo hazi eta estoldetatik ateratzea nahi ez bada, komeni da inbaditzailearen aurkako setioa hastea.

BERRIAn argitaratua (2020/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA