iritzia
EHUn ere ariguneak sortzen
Mila Amurrio
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehen Euskaraldia. Edizio hartan Euskal Herriko txoko askotan ahobizi eta belarriprest moduan herritar asko aritu ziren hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz. Rol eta hizkuntza portaera horien gainean egindako ikerketek emaitza baliotsuak utzi dituzte epe luzekoa den gizarte aldaketa honi ekiteko. Horietako batzuk hurrengo lerroetara ekarriko ditut, herritar askoren egunerokotasunaren eremua den Euskal Herriko Unibertsitatea gizarte ariketa honetan eragile eraginkorra izan daitekeela erakutsi guran.
Hala, aipatu ikerketa horren atal kualitatiboan aurreko esperientziaren gaineko parte hartzaileen pertzepzioen berri ematen da. Herritar horien diskurtsoak aintzat harturik, ekimenaren indarguneak eta ahulguneak agerian utzi dituzte, eta azken horien artean kezka sortu didan batean jarriko dut arreta: unibertsitateari leporatzen zaion engaiamendu faltan, euskararen aldekotasuna erakusteaz arduratu zelako hizkuntza praktikak aldatzen baino gehiago.
Euskaraldiaren antolatzaileekin partekatzen dudan kezka delakoan nago, eta horrexegatik bereziki interesgarri iruditu zait aurtengo edizioan entitate handietan parte hartzeko proposatu dituzten bi moduak: batetik, aurrekoan bezala, norbanako moduan ahobizi edo belarriprest rolekin. Eta, bestetik, taldeetan hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartzeaz gain, talde moduan jarduteko ariguneak antolatuz, euskaraz aritzeko espazioak, alegia.
Lehen esan bezala, Euskal Herriko Unibertsitatea herritar askoren egunerokotasunaren eremua da: 40.000 ikasle, 5.000 irakasle eta ikertzaile baino gehiago, 2.000 inguru administrazio eta zerbitzuetako langile, horiek guztiak hiru campusetan eta 29 ikastegietan banaturik. Etxe handia gurea! Barne ariguneak eta kanpo ariguneak eratu daitezke. Herritar horiek guztiek unibertsitatearen komunitatea osatzen dute. Norbanako gisa, aurten ere ahobizi eta belarriprest asko izango direlakoan nago. Baina taldeetan jarduteko, estrategia ona izan daiteke dagoeneko denbora luze baterako eratutako taldeei begira jartzea. Horrelako taldeetan, batik bat, ikasleak topatuko ditugu. Badira bestelako taldeak ere, ikerketa taldeak, irakasle taldeak, administrazioan eta zerbitzuetan ari direnen lantaldeak, eta horietan ere ariguneak sortzeko aukera ederra dago, barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak ere bai. Baina nondik hasi?
Ikasleak, langileak, irakasleak eta ikertzaileak ikastegi guztietan aurkituko ditugu. Beraz, badirudi aurtengo ekimenaren berezitasuna martxan jartzeko ikastegietara jotzea ideia ona izan daitekeela: ikastegien dekanotzatan taldeak, ordutegiak, espazioak eta abar luze bat antolatzen eta kudeatzen dira. Baina, ikerkuntzan ikergaia zedarritzen dugun moduan ikerketa helburuak lortu ahal izateko, hemen ere, ekimena mugatzea komenigarria da. Zenbat barne-arigune? Zenbat kanpo-arigune? Kolektibo guztiekin jardungo da? Ala soilik batekin? Zeintzuk dira ikastegi horien indarrak? Giza baliabideak? Baliabide materialak? Antolaketarako denborak? Faktore horiek guztiak aintzat hartu behar ditugu, oraingo honetan hizkuntza praktiketan eragiten saiatzea helburua izan behar baita. Eta horretarako, unibertsitate komunitatekideen konpromisoa behar-beharrezkoa da. Erabaki horiek hartzeko irizpide egokiak izan daitezke Euskaraldiaren lehen edizioaren gaineko ikerketa kuantitatiboak utzitako zenbait emaitza, esaterako: adina, gazteen hizkuntza jokaera gehiago aldatu zen Euskaraldian zehar, baina baita atzera gehiago egin ere Euskaraldia bukatutakoan. Gazteak gauza izan ziren Euskaraldiaren 11 egunetan hizkuntza ohitura astindu eta jokaera berria probatzeko, baina ez zuten hori egonkortzeko aski denborarik izan; generoari dagokionez, aurreko edizioan emakumezkoen presentzia askoz handiago izan zen, %70ekoa; jokatutako rolari dagokionez, ahobiziak izan ziren gehien parte hartu zutenak, %84,3.
Beraz, adinari erreparatuta, gazteek izandako jokabidea aintzat hartuz, zergatik ez diogu ikasleen kolektiboari lehentasuna ematen aurtengo edizioan? Gazteekin osatu beharreko taldeen osaketari begira generoen zein rolen proportzioen arteko oreka bilatzea irizpide interesgarria izan daiteke ariguneetan jarduteko. Behin erabaki horiek hartuta, ikasleengana hurbildu beharra dago: ekimenaren berri eman eta parte hartzeko gonbidapena egin.
Eta non daude ahobiziak? Eta belarriprestak? Gela beretan? Euskal taldeetako geletan? Erdal taldeetako geletan? Nolakoa da egun haien arteko harremana? Badute harremanik? Hizkuntza muga al da? Ala gure balizko ahobiziak gazteleraz ari dira? Agian, elkarri bizkarra emanez bizi dira eskoletako egunerokotasun horretan, eta hala bada, elkarri begira jarriko bagenitu? Zertan? Ikasleek aukeratutako jarduerak antolatzen?
Zenbat barne-arigune antolatuko ditugu ikasleekin ikastegi bakoitzean? Gradu bakoitzeko bat? Bi gutxienez? Arigune horietan egin beharreko jarduna baino lehenago talde dinamizazioak egitea lagungarri izan zitekeen? Ariguneetan jardun aurretik, eta jakin nahi baldin badugu hizkuntza praktiketan nolabaiteko aldaketa gertatu den ala ez, aurreko edizioan bezala, erabilitako galdetegia egin beharko zaie, baita Euskaraldia amaitu eta ostean ere, eta handik hiru hilabetera. Ea aurtengo Euskaraldiaren 15 egunetan EHUko ikasleek lortzen duten hizkuntza ohitura gehiago aldatzea, baita ahobiziek zein belarriprestek denbora luzean praktika berri horiek egonkortzea ere.
Orain, azken galdera. EHUren komunitatea osatzen duen orori zuzendua: zuen eguneroko espazio horietan ariguneak sortzeko prest? Esan baietz!