astekaria 2020/02/21
arrowItzuli

bizigiro

Txapela alde batera utzita

Iker Tubia

Txapela alde batera utzita

Txikitatik erakusten zaie haurrei elkarren artean lehiatzen, eta ez bakarrik kiroletan. Berdin gertatzen da arteetan ere. Literatura lehiaketa, pintura lehiaketa, piano lehiaketa, kantu txapelketa, dantza txapelketa, bertso txapelketa... Txapela zeinek jantzi, hori da helburua. Baina, zentzurik badu arteetan lehiaketarik egiteak? Batzuen aburuz, estandarizazioa heldu da lehiarekin batera. Beste batzuek uste dute baliagarria izan daitekeela haurrak motibatzeko, baina hezkuntza balioei jarraikiz betiere.

Gehiegi pentsatu gabe antolatzen dira askotan lehiaketak. Herrietan, eskoletan, jai batzordeek, elkarteek... Eta haurrak ere lehiatzera bideratu. «Mendebaldeko kulturan oso erroturik dauden gaitasun eta meritu kontzeptuetan oinarritutako jarduera bat da lehiakortasuna. Talentuak eta maila ona bilatzen dira, heziketa eta ikasketa prozesuetatik harago». Hori da NUPeko Hezkuntzako doktore Olga Belletichek eman duen definizioa. Hortik tiraka, adituak arteetan lehiatzeari buruz mintzatu dira.

Belletichek uste du lehia motibatzeko estrategia gisa ulertu behar dela heziketa zentroetan, baina ez eskola helburu gisa: «Hezkuntza testuinguruetan, lehiaketek ez dute berdinen arteko lehiakortasuna izan behar helburu, nahiz eta bizitzan hezkuntzaren bidez lehiakortasun egoerei aurre egiteko gaitasunak lortuko dituzten». Hezkuntzako doktoreak txapelketaren bi aldeei erreparatu die: haurrei beren gaitasunak eta talentuak aurkitzen eta bultzatzen lagun diezaieketela uste du, baina lehiakorrak ez diren haurrei, nahiz eta talentua izan, antsietatea, segurtasunik eza, fobia soziala, autoestimu baxua, helburu pertsonalen mugatzea eta frustrazioa eragin diezaieketela dio. «Horregatik, garrantzitsua da lehiaketetako jarduerak heziketa helburuetara egokitzea, adinari egokituak izatea, motibatzeko estrategia bat gehiago izatea —eta ez bakarra— eta jardueraren gaitasuna lortzeko prozesu mailakatura egokituak izatea».

Lola Azparren Bidari formakuntza eta aholkularitza enpresako arte zuzendaria da. Argi mintzatu da: «Lehiaketak, egun egiten diren bezala, oro har, ez dira positiboak. Izan ere, pertsona bat nabarmentzen da besteen gainetik, hobea balitz bezala eta aukerak hobeto baliatuko balitu bezala. Baina garrantzitsuena da haur bakoitzak sormen inguru bat izatea eta haien sormena modu pertsonalean garatzea». Iñaki Zalba Kolore Heziketa Sortzailea proiektuko arduradunaren aburuz, lehiaketak «kalterako» dira : «Beharbada egingo da sorkuntza sustatzeko asmoz, baina kontrakoa lortzen dela uste dut: sormena oztopatzen du. Ez diot zentzurik ikusten».

Xedea argitu

Lehiaketen helburuari erreparatzeko beharra aipatu dute aditu batzuek, eta horiek betetzen direnetz ikusi. Iñaki Larrea Mondragon Unibertsitateko psikopedagogo eta irakasleak proposatu du horren inguruan hausnartzeko. Horrekin batera, gako batzuk eman ditu: lehiaketek azken emaitzari erreparatzen diote, eta garapena ez da aintzat hartzen. Gainera, konparazioan oinarritzen delakoan dago: «Hori ez da oso hezitzailea».

Lehiak motibatu dezakeela uste du Belletichek, baina ezin da hori izan bide bakarra: «Talentu artistiko asko ez dira garatzen edo ezkutuan geratzen dira, haur horien izaera ez delako egokia lehiarako ». Lehiak berak ez du jarduera bultzatzen, baina NUPeko doktoreak uste du lehiaketetako elementu batzuk lagungarri izan daitezkeela motibazioa eta sormena bultzatzean: «Sari estrategiek, lehiaren arauak argi izateak, ekitaldira joaten den jendeak, egin beharrekoak duen zailtasun mailak... kognizio-esperientzia mailan dinamika positiboak jartzen dituzte». Hala ere, argi du gaitasuna jarri behar dela lehiakortasunaren aurretik.

Saria izaten da lehiaketaren erdian. Irabazleak txapela lortzen du. «Sarian eta zigorrean oinarritutako motibazioa nahi dugu? Edo nahiago dugu barne motibaziorako aukerak ahalik eta gehien elikatu eta haurren interesei erantzuna eman?», bota du Larreak. Azparrenek uste du gizartean gaizki pentsatuta dagoela lehiakortasuna: «Lehiakortasunak pertsona batzuk nabarmentzen ditu besteen lepotik, baina gizarteek, aurrera egiteko, pertsona autonomoak behar dituzte, bizitzari erantzun ezberdinak emanen dizkiotenak».

Saria emateko, aldez aurretik epaiketa egin beharra dago, eta, hor ere, alde txarrak nagusitu dira adituen ahotan. Izan ere, epaiketak uniformizazioa ekar dezake, eta uniformizazioak mugatu edo geldiarazi egin dezake sormena. «Eredu bati jarraikiz ongi eta gaizki dagoena zer den esanda, eredu horretan sartzen ez den lanak ez du balio. Eredua finkatu ondoren, benetan norberarena denak ez du balio; beraz, sortzeko gaitasuna alde batera uzten dute», azaldu du Zalbak.

Bide horretan, Azparrenek kontatu du irakasleekin hitz egiterakoan aipatu izan diotena: dirudienez, plastikan haurren artean batak besteari begiratu ohi dio, eredu batzuk imitatzen saiatzen dira, eta zaila izaten da nork bere lana egitea. Haien tailerretan lan guziak erakutsi eta balioan jartzen dituzte. «Sentsazioa hau izaten da: nik nire obra egin dut, eta gainerakoena bezain baliagarria da. Izan ere, sormenaren alde garrantzitsu bat da pentsamendu dibergentea garatzea, ikuspuntua aldatzea, eta gauza guzietarako erantzun ezberdinak daudela ikastea», azaldu du.

Kolore zentroko arduradunaren arabera, pertsonak sortzaileak dira gizaki diren heinean. Berezko dute sormena; haien barnean dago. «Baldintza batzuek sustatu egiten dute hori, eta beste batzuek, eragotzi». Hortaz, sormena bultzatzeko beste bide batzuk hobetsi dituzte adituek. Larreak proposatu du parte hartzeari balioa ematea, ez sariari. «Partaidetza bultzatu, esperientzia gozagarriak sustatu eta eskaini, eta hortik sortu behar dira umeen ongizatea, kulturarekiko interesa, motibazioa eta gustua». Horrekin batera, prozesuari garrantzia ematea eta taldeka lan egitea aipatu du.

Jolasa da beste gakoetako bat haurren garapenerako. Azparrenek azaldu du: «Jokoaren bidez, modu pertsonalean ikasten da, eta emozioen bidez jasotzen den mundua horri batzen zaio. Adibidez, ume txikiek helduen mundutik jasotzen eta ikusten dutena haien joko bihurtzen dute, eta hortik abiatuta ikasten dute eta egiten dute hurrengo urratsa».

Zalbak ere jokoaren garrantzia nabarmendu du, eta aipatu du haurrak jakin behar duela jokoa beretzat dela, ez besteentzat. «Lehoiarena egin dezake jokoan. Antzerkia balitz, esango genioke lehoiak ez duela horrela egiten. Baina orduan jokoa apurtzen da. Hori gertatu da, adibidez, pinturarekin». Jokoa eta artea ez dira gauza bera, baina horretan ez du arazorik ikusten Kolore zentroko arduradunak: «Haurrek sortzen dute baldintzatuta ez badaude, baina hori ez da artea, jokoa da. Ez dago komunikatzeko nahi bat. Hori garatzen utzi beharko ligukete, nerabezaroan sortzen baita komunikatzeko beharra, eta hori artea litzateke».

Txapelik gabe

Lehiarik gabe erakar litezke haurrak artera? Sarako Biltzarraren esperientziari erreparatuta, baietz dirudi. Duela lau urte inguru, lehiaketa ez zen beste eredu bat proposatu zuten haurrak sortzera bultzatzeko. Inguruko ikastetxeetako haurrei idazlan edo artelan bat sortzeko eskatzen diete, baina ez dago irabazlerik. Irabazle bat bakarrik ez, behinik behin. Denak dira txapeldun: bildutako lan guziak biltzarreko gune batean agerian jartzen dituzte gero, eta idazlanak liburu batean bildu. Maddi Zubeldiak BERRIAn argitaratutako zutabean azaldu zuenez, ez da inoiz parte hartzailerik eskastu.

Azken finean, baliteke beste bide batzuk egokiagoak izatea haurren sormena bultzatzeko. Zalbaren arabera, talde pluraletan lan egitea garrantzitsua da, talde uniformeagoetan lehia eta konparazioa sortzen delakoan. Epaiketa alde batera uztea ere gomendatu du, eta helduek beren rola birpentsatzea, batzuetan epaile lanetan aritzen baitira. Eta sinetsirik dago horrela, baldintzarik gabe, nork bere sormena landu dezakeela. Eredu itxiak gainditu, eta aukera guziak zabalik utzi. Edozein lan baliagarria eta balioduna dela erakutsi. Txapel baten atzetik ibili baino, ibilbideaz gozatzea, azken finean.

BERRIAn argitaratua (2020/02/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA